Irailaren 20an Maria 5. kategoriako urakanak astindu zituen Antillak, kategoria bereko Irma-k jipoitu eta hamabost egunera. Txikiziorik handienak jasandakoen artean dago Puerto Rico, teorian AEBen probintzia baina benetan konpainia yanki handien kolonia dena. Zor publiko erraldoi baten atzaparretan harrapatuta, zikloiak eragindako kalteei aurre egiteko ahalmenik gabe bizirautera kondenatuta daude puertorricarrak.
Maria urakanak Puerto Rico uhartea hondoa jota utzi duela esatea ez dirudi exajerazioa. Nafarroaren tamainako lurraldean lau milioi biztanle –Gipuzkoaren jende dentsitate berdintsuarekin– biltzen dituen Karibeko uharteari zikloiak 8.000 milioi dolarreko kalteak eragin dizkio, 43 hildako, nekazarien uzta guztien %80 birrindu, biztanleen lautik hiru argindarrik gabe utzi, herritarrak hilabete luzez oinarrizko zerbitzurik gabe bizirautera kondenatu...
AEBetako agintariek presa handia dute independentistak zanpatzerakoan, 36 urte espetxean pasata maiatzean etxeratu den Oscar Perez Riverak ondo dakienez, baina uharteko jendeari laguntzea dagokienean patxadaz jokatzen dute: aste bete behar izan zuen Donald Trumpek Puerto Ricoz okupatzeko... eta nola okupatu! Munduari bira eman dioten argazki lotsagarrietan ageri da oligarka harroputza jende kaltetuei komuneko paper zorroak jaurtitzen.
Puerto Rico, ordea, Irma eta Maria iritsi baino askoz lehenagotik zegoen krisian amilduta, zorrek preso hartua, 74.000 milioi dolarreko zor publikoa batetik, zaharren pentsioak bermatzeko 49.000 milioi gehiago bestetik. Urakanaren ostean, The Intercept hedabide aurrerazaleak zor publikooi etekina ateratzen dieten banku eta finantza erakundeetara jo du, ea Puerto Ricori laguntzeko prest dauden galdezka. 51 konpainietatik hiruk bakarrik eman dute laguntzaren bat kaltetuentzako, hiruren artean 1,25 milioi dolar.
Egun gutxiren buruan, ordea, hartzekodun taldeak Puerto Ricoko agintariei jakinarazi die prest zeudela zorra osatzen duten 74.000 milioietatik 150 barkatu eta gainerakoetatik batzuk birfinantzatzeko... zor berri gehiagorekin. Agintariek ezetz erantzun diete, ez duintasunagatik, baizik eta beren erakundeek mailegu gehiago beren gain hartzeko ahalmenik ez dutelako.
Zerbaitetarako balio izan badute zikloiok puertorricarrentzako izan da berriro munduan zenbait jendek oroitu dezan AEBek Karibean daukan kolonia honen drama, hurbiletik ezagututakoan zirrara eragiten duena. Ehun urteko morrontza kolonialaren azken emaitza baita, historiari erreparatzea komeni da.
Espainiak 1898an Kuba galdu zuenean –120 urte geroago espainiarren subkontzientean oraindik odola isurtzen duen zauria–, galdu zituen ere Filipinak, Guam eta Puerto Rico. Azken biok gaur ere AEBen eskuetan segitzen dute. Puerto Ricori 1952an eman zioten autonomia partzial bat, estatus bitxi batekin: sekula ez da independente izatera iritsi baina sekula ez da bihurtu erabateko AEBen osagai.
Puertoricarrek AEBetako nazionalitatea daukaten arren, ez dute parte hartzen lehendakariaren bozketan, bai ordea bizia arriskatu behar dute beraiek bozkatu gabeko lehendakarien gerretan. Hori bezain garrantzitsua da 1920an Washingtonek ezarritako Merchant Marine Act legea, arau kolonial bat Puerto Ricoko portuetan lehorreratzea debekatzen diena yankiak ez diren munduko itsasontzi guztiei. Uhartearen sal-erosketa guztiek AEBetako banderako ontzietan irten eta sartu behar dute, derrigorrean kontinenteko kairen batetik pasatuz. Berrikitan proposatu zenean debekua ezabatzea, itsas-konpainien lobbyak kanpaina gogorrez moztu zien bidea, horrek terrorismoaren aurkako gerraren garaiotan AEBen segurtasuna kolokan jarriko omen lukeela eta.
Puerto Ricon “Junta” batek agintzen du
CADTM zor publiko ez legitimoen auditoriarako elkartearen kalkuluetan, Puerto Ricoren zorra AEBetako beste estatu guztien bataz bestekoaren halako 10ekoa da. Zorpetze harrigarri horren oinarrian uhartearen izate koloniala datza. Alde batetik, itsas garraioa yankien esku uzteak ekonomia osoan duen eraginaren ondorioa.
Beste faktore bat da lekuko gobernuaren sarreren murrizketa, paradisu fiskal izatearen kalteak. Washingtonek erabaki zuenetik Puerto Rico erabiltzea finantz konpainientzako paradisu fiskaltzat, beren sosak bertara dakartzatenei zerga gabetze hirukoitza oparitzen die: ez diote zergarik pagatzen ez AEBetako gobernuari, ez Puerto Ricokoari eta ez udalei. Desoreka horien errematea ekarri dute 2008ko krisiak, turismoaren ahultzeak eta azken bi urteotan eskuineko agintariek herritarrei ezarritako austeritate neurriek.
CADTM erakundetik Pierre Gottiniauxek honela laburbildu zituen 2016an Puerto Ricoren kiebraren ondorioak: “Populazioak benetako krisi humanitarioa bizi du, txirotzearen eta berdintasun ezaren larritzearekin. Zientoka eskola kendu dituzte, ospitaleak itxi langile edo diru faltaz, AEB kontinentalera doazen gazteen kopurua laukoiztu egin da eta segurantza soziala lehertzeko zorian dago: jornalen jaitsierak kotizazioen jaitsiera ekarri du, honek diru-laguntzen murriztea... Puerto Ricon gaur haurren erdiak baino gehiago txirotasunaren mugaz behetik bizi dira”.
Zor ez legezko hori nola pilatu den ikusteak erakusten du mugarik ez dutela bankuen eta finantza erakundeen ez diru-goseak eta ez diru publikoen lapurretarako sistema berriak asmatzeko ahalmenak. Puerto Ricok azken urteotan bere gain hartu duen zorraren erdia CAB Capital Appreciation Bonds deituetan kolokatuta dago. Bonoongatik administrazioak bankuei hasieran ez die ordaintzen interesik, hauek urtero kapitalean pilatzen doaz interes berriak gehituz... Amaierarako gertatzen da Puerto Ricok CABetan emititutako 4.300 milioi dolarrak denborarekin bihurtu direla 37.800 milioiko pagakizun... %785 interesetan!
Gaur ezin ordainduzko zorra biharko zor handiagoz estaltzeko teknika erabili da enpresa publikoekin ere. Hauek, San Joseko gobernuak daukan aipatu zor itzelaz gain, beste 134.000 milioi dolar gehiago zor dizkiete banku eta funtsei, eta horietatik 61,5 dagozkie aurreko zorren berfinantziazioei.
Pagatu ezinen eltzea lehertzeko zorian zegoela eta, 2016an Washingtongo agintariek kontrol kabinete bat sortu zuten, ofizialki Fiscal Control Board izendatu arren jendeak La Junta deitzen duena: Promesa izen probokagarria hartu duen legearekin, herritarrentzako murrizketa gehiago, administrazioaren argaltzea eta pribatizazioen ugaritzea ekarri ditu. Errezeta bera mundu osoan.
XXI. mendean kolonia izatea zer den jakin nahi duenak, begiratzea besterik ez dauka Puerto Ricoko ordena ekonomian agintzen duen Junta nork osatzen duen. Ahotsa bai baina botorik ez daukan Puerto Ricoko gobernadorearen ondoan, Banco Santanderreko bi buru, konpainien kiebretan berezitako aholkulariak, korporazioen abokatuak... Maria-k egindako hondamendia ez dute alferrik galduko esklaboak are gehiago zukutzeko.
Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]
Elkarrekin-Podemos taldeak informazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Lemoako Bistibietako zabortegian egon daitekeen hondakinen inguruan. Ekologistek sarritan salatu dute bertan gorde zituztela 2002an hondoratutako Prestige petroliontziak askatu eta euskal arrantzaleek itsaso... [+]
Astelehenean Japoniako mendebaldeko kosta kolpatu duen lurrikararen ondorioz dozenaka pertsona zaurituta eta etxebizitza ugari suntsituta daude. Gutxienez 48 hildako eragin ditu, baina hondakinen azpian harrapatutakoak “lehenbailehen” erreskatatzeko beharra... [+]
Azken hamarkadetan Afganistanen izandako “lurrikara suntsitzaileenetarikoak” izan dira. 2.530 pertsonal hil eta 9.240 zauritu dira EITBk argitara eman duenez.
Kalteturiko lurraldea hondamendi eremu izendatu dute. Gehien kaltetutako hiria Derna izan da, eta erreskate taldeek zailtasunak dituzte hara iristeko.
Alerta laranjaren iragarpena bete eta txingor ekaitza bota du Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait herritan, eta kalte material ugari eragin ditu; Igorren emakume bat artatu dute, zaurituta. Igandean Nafarroa hegoaldea kolpatu zuen kazkabarrak, eta Fitero, Cintruenigo eta Corella... [+]
Ostiral gauean izan zen lurrikara, eta azken datuaren arabera 2.000 pertsona baino gehiago hil eta beste hainbeste zauritu dira, gehienak oso larri. Erreskate lanetan dihardute “larrialdietako zerbitzu guztiek”, eta astelehena erabakigarria izango dela gogorarazi... [+]
Elkarlan Uholdea kanpainaren ekitaldi nagusia egin dute larunbatean. Elkarlanari eustera deitu dute, Lurraren beroketaren ondorioz ugaritu litezkeen muturreko klima gertakarien aurrean.
Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]
Vesuvio, duela 3.800 urte. Sumendiak eztanda egin zuen enegarren aldiz, eta mendi magaleko Brontze Aroko Afragola herrixka errautsek estali zuten, K.o. 79an Ponpeia eta Herkulanorekin gertatu bezala.
Urnietako eta Hernaniko alkateek eta Ereñotzuko ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera bat egiteko eskatu dute. Bestalde, Bera, Lesaka eta Arano ere hondamendi eremu izendatzeko eskaria onartuko du asteazkenean Nafarroako Gobernuak.
Vesuvioren erupzioak ez zuen Herkulano hiriko biztanleen arrastorik utzi. Baina zergatik? Zientzialariek sumendiaren fluxuaren berotasunean aurkitu dute arrazoia.
Hilabete igaro da Turkian lehen lurrikara gertatu zenetik, eta gutxienez 51.000 hildako zenbatu dituzte. Milioika herritarrek beren etxeak utzi behar izan dituzte.