850.000 haurrek utzi behar izan dute beren etxea Kurdistanen, Turkian eta Sirian

  • Hilabete igaro da Turkian lehen lurrikara gertatu zenetik, eta gutxienez 51.000 hildako zenbatu dituzte. Milioika herritarrek beren etxeak utzi behar izan dituzte.


2023ko martxoaren 7an - 09:48
Azken eguneraketa: 13:27
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

850.000 ume baino gehiagok desplazatuta jarraitzen dute Turkian eta Sirian lurrikaren ondorioz, Unicef-ek jakinarazi duenez. Duela hilabete hasi ziren lurrikarak Turkian, eta gutxienez 51.000 hildako eta 108.000 zauritu eragiteaz gain, milaka eraikin eraitsi zituzten. Ordutik, milioika dira beren etxeak utzi eta beste leku batzuetan ostatu hartu behar izan dutenak.

Turkian, 1,9 milioi pertsona baino gehiago dira aldi baterako aterpetxeetan ostatu hartu dutenak. Unicefek azaldu duenez, aterpetxe horietan ez dute oinarrizko beharrak asetzeko baliabiderik; besteak beste, ura, saneamendua eta osasun zerbitzuak falta zaizkie. Erakundeak azpimarratu du herrialdean 2,5 milioi umek laguntza humanitario "urgentea" behar dutela.

Siria, munduan barne-desplazatu gehien dituen herrialdea

Sirian, berriz, 500.000 pertsona baino gehiagok utzi behar izan dituzte beren etxeak azken hilabetean. Horri gehitu behar zaio herrialdean hondamendiaren aurretik desplazatutako pertsonak 6,8 milioi zirela, horietatik ia 3 milioi haurrak. Munduan barne-desplazatu gehien duen herrialdea da Siria. Adele Khodr Ekialde Ertaineko eta Afrika Iparraldeko Unicefeko zuzendariak nabarmendu du lurrikaren aurretik Sirian zeuden behar humanitarioak "inoiz baino handiagoak" zirela.

Etxebizitzaren auzia, agerian

Turkian hainbeste eraikin behera erortzearen arrazoietako bat hirigintza merkearen auziarena da. Orain, gobernuak iragarri du 30.000 etxe eraikitzen hasi dela eta urtebeteren bueltan amaituta egongo direla. Hala ere, herritarrak ez dira asko fio Erdogan presidentearen promesez. Gainera, askok etxebizitzak alokatu behar izan dituzte beren etxeetatik alde egin ostean, eta ondorioz, alokairuen prezioak %45 igo dira zenbait hiritan, Istanbulgo TSKB etxe enpresak adierazi duenez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondamendiak
2025eko urriaren 29
Ezeztatu

2025eko urtarrilaren 22
Esa-ko urtegiaren handitzea
Apurketaren mamua beti hor

2024ko azaroaren 20
Lurraldea eta arkitektura
Datuak lurraldera

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!