Lemoako Bistibieta zabortegian egon liteke 'Prestige' hondamendian euskal kostaldean bildutako galipotaren %37

  • Elkarrekin-Podemos taldeak informazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Lemoako Bistibietako zabortegian egon daitekeen hondakinen inguruan. Ekologistek sarritan salatu dute bertan gorde zituztela 2002an hondoratutako Prestige petroliontziak askatu eta euskal arrantzaleek itsaso zabalean eta Gipuzkoa zein Bizkaiko hondartzetan bildutako galipot arrastoen zati handi bat. Eusko Jaurlaritzak ukatu egin du halakorik, baina emandako datu kontraesankorrek susmoak areagotu dituzte.


2024ko urtarrilaren 18an - 07:00
Azken eguneraketa: 13:18

Prestige ontziaren hondamendia gertatu zenean, euskal arrantzaleek 21.000 tona fuel-olio edo txapapote bildu zuten itsasoan. Marea beltzak hilabete askotan jarraitu zuen eramaten kutsadura Galiziatik Euskal Herriko labar eta hondartzetara – 2002ko uztaila eta abuztu artean soilik, 333 tonatik gora galipot bildu zen lurrean, El País-ek jaso zuenez–. Nora eraman zen material hori guztia?

Eusko Jaurlaritzak hondakinak tratatzeko behin behineko planta bat sortu zuen Bilboko portuan, Punta Sollana kaian, eta berreskuratutako fuel-olioaren zati handi bat Petronorrera eraman zuen ondoren, konpainia pribatuak aprobetxatu zezan. Baina gainerako galipotarekin zer egin zen oraindik ez da erabat argitu.

Lemoan eta inguruko herrietan talde ekologistek urteak daramatzate salatzen Bistibieta zabortegian fuel-olio hondakin kutsagarriak egon daitezkeela, handik sorturiko sufre eta hidrokarburo hatsa dela eta. 2017. urtean Lezama Bizirik herri aldizkariak zioen “ebidentziak” daudela Prestige-ren hondamendian jasotako hondakinen zati bat bertan biltegiratu zela, “inolako tratamendu berezirik gabe, eta are gehiago, hainbat urtetan, sortzen ziren lixibiatuak berriro ponpatzen zirela biltegiaren gainaldera”.

Bistibietako zabortegiko sarrera. Duela hamarkada batetik gutxienez arazo ugari salatu dituzte inguruko herritarrek, lixibiatuengatik eta isurtzen duen sufre eta disolbatzaile usainagatik.

Azurreka talde ekologistaren salaketa

Azurreka talde ekologistak zabortegian ustez dagoen galipotaren inguruko gaia eta herritarren kezka berriz mahairatu du orain. Duela hiru hilabete inguru Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendari Javier Agirrerekin bildu ziren, Cronica Vasca-k  zabaldu zuenez –Pedro J. Ramirezen El Español hedabidearekin aliantza duen atari digitala da–.

“Ez dakit horren inguruko ezer (...) ez dut ideiarik. Ingurumen Sailera jo beharko duzu”, erantzun zion kazetariaren itaunari Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak, urriaren 24ko Gobernu Kontseiluaren prentsaurrekoan.

Bistibietan “ez dira gainditzen hidrokarburoen parametroak”, eta hortaz, “ez du zentzurik existitzen ez den zerbaiten inguruko presentzia ikertzea”, Ingurumen Sailaren arabera

Salaketa horien ondoren, Elkarrekin-Podemos taldeko Miren Gorrotxategik galdera sorta aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean. Arantxa Tapia Ingurumen sailburuaren erantzuna ezezko irmoa izan da: “Ez dira gainditzen hidrokarburoen parametroak”, eta hortaz, “ez du zentzurik existitzen ez den zerbaiten inguruko presentzia ikertzea”.

Tapiak ziurtatu duenez, inertizaturiko hondakinak pilatzeko putzutik datoz zabortegiko usainak, eta beharrezko neurriak hartu dira usain hori gutxitzeko.

Petronorrera bideratu ez zen zatia, galipotarekin zikindutako garbiketako arropa eta materiala zela argitu du sailburuak, eta Saber enpresa espezializatuak “inertizatu” zituela, ondoren hondakin ez-arriskutsu bezala zabortegian isuri zitezen. Baina Ingurumen Sailak ez dauka inertizazio prozesu horren kontraturik, ez zelako kontratazio arrunta izan, “kontuan izanik larrialdi egoera bat zela”.

Materialak zabortegiaren zein tokitan dauden ere ez dakite, hori “titularraren esplotazio planaren parte” delako. 2002an Bistietako zabortegia Cespa Content enpresarena zen eta 2008an pasa zen FCC Ambito enpresaren eskuetara, gaur egungo emakidaduna.

Galipotaren %37 zabortegian?

Jaurlaritzatik Elkarrekin-Podemosi bidalitako dokumentazioaren artean Ihobek 2016an Prestige-ren hondamendiaren inguruan argitaraturiko txostena dago.

Hor azaltzen denez, 2002an itsasoan 21.100 tona fuel emultsionatu bildu zituzten euskal arrantzaleek –itsasontzian 77.000 tona zeuden–, horietatik %60 “birziklatu” egin zirela dio txostenak. Gainera, Gipuzkoa eta Bizkaiko hondartzetan beste 3.047 tona galipot bildu ziren.

Baina beste datu bat ere ematen du ingurumen sozietate publikoak. Bilboko portuko tratamendu plantan galipotarekin zikindutako itsasoko hondakin solidoak, plastikoak, algak eta landare adarrak bereizi ziren, eta bildutako guztiaren %37 suposatzen zuen horrek: “Kudeatzaile baimendu bati bidaltzen zitzaion. Hark, egonkortze eta solidotze-prozesu baten ondoren, mota horretako hondakinetarako zabortegi baimendu batean uzten zuen”.

Sollana lurmuturreko kaian 15.000 metro koadroko "tratamendu planta" bat eraiki zen. Hortik bideratzen zen galipota Petronorrera. Baina material solidoekin nahasita zegoen zatia zabortegira eramaten zen, "egonkortze- eta solidotze-prozesu baten ondoren".

Milaka tona hondakin "zabortegi batera" bideratu ziren, beraz. Elkarrekin Podemoseko Energia Trantsizio eta Klima eta Ingurumen Larrialdiko Legebiltzarreko aholkulari Xabi Marrerok, X sarean nabarmendu du zerbaiti "usaina dariola" Bistibietan, eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuek eta egindako adierazpenek ez dutela bat egiten.

Hori dela eta, "existitzen diren zantzu argien aurrean", Gorrotxategik beste galdera sorta bat erregistratu berri du pasa den ostiralean, Eusko Jaurlaritzak erantzun dezan: “Zein zabortegitan utzi ziren Ihoberen txostenean aipatzen diren eta Petronorrera joan ez ziren fuel-olio hondakinen %37 horiek? Eta Bistibietakoa balitz, ba al zuen baimenik fuel-olio hondakinentzako?”.

"Zantzu argiak daude fuel-olioarekin nahasitako hondakinak, ehunka edo milaka tona, Lemoako Bistibietako zabortegian utzita egon litezkeela", dio Elkarrekin-Podemosen dokumentuak.

Horrez gain, Gorrotxategik galdetu du hondakin horiek “garbiketako materialak” soilik ote ziren eta zenbat tonari buruz ari garen. Azkenik, parlamentariak jakin nahi du Jaurlaritzak neurririk hartuko ote duen argitzeko Petronorrera joan ez zen txapapote hori guztia non utzi zen.

Bistibietako zabortegia handitzeko asmoak

Lemoako lurretan, kortederran gonagatik, Zornotza, Galdakao eta Bediako udalerriei ere eragiten die Bistibietako zabortegiak. Hango udaletan gaiaz hitz egiteko eskaera egin du Azurrekak, besteak beste usaimen azterketa bat egin dadin. Izan ere, zabortegia eztabaidagai izan da azken urteetan, eman dituen arazo ugariengatik.

Hain justu, Zaldibarko hondamendiaren ondorioz Eusko Jaurlaritzak handitzeko asmoa duen zabortegietako bat da Lemoakoa

Hain justu, Zaldibarko hondamendiaren ondorioz Eusko Jaurlaritzak handitzeko asmoa duen zabortegietako bat da Lemoakoa –eta fibrozementu edo amianto hondakinak jasotzeko baimena omen duen EAEko bakarra ere bai–. Horretarako, FCCk eskatu du Ingurumen Baimen Bateratua moldatzeko, eta tramitazio horretan dabiltza orain.

Ikusteke dago Prestige-ko galipot kutsagarriaren ustezko presentziak nola eragiten dien asmo horiei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
Aixa Barbarin López, urpeko arkeologoa
"Portuak zabortegiak dira"

Aixa Barbarin López urpeko arkeologoa da, eta, aitortu duenez, txiki-txikitatik izan nahi izan zuen arkeologoa. Hortaz, unibertsitatera joateko garaia iritsi zitzaionean, historia ikastea hautatu zuen, EHUn, eta arkeologian murgildu zen. Urpeko arkeologian aritzea, ordea,... [+]


2024-05-08 | ARGIA
Zubietako erraustegi inguruetan kutsaduraren "igoera kezkagarria" aurkitu eta martxara deitu dute

Zubietako erraustegi inguruan laginak biltzen bost urte daramatza ToxicoWatch fundazioak, metal astunen, dioxinen, PCBen eta PFASen bila. Horiek guztiak ageri dira laginetan eta gainera kutsaduraren “igoera kezkagarria” aurkitu dutela jakinarazi du Errausketaren... [+]


Eskola inguruetako kutsadura maila neurtu dute, eta emaitzak oso kezkagarriak dira

Euskal Herrian 28 ikastetxe-ingurune aztertu dituzte: 28ek Osasunaren Mundu Erakundeak segurutzat duen kutsadura maila baino kutsadura handiagoa dute eta %75ak ez du lortzen Europako Batzordeak berak onargarritzat duen kutsadura maila. Maiatzaren 10ean kalera aterako dira... [+]


Mikroplastikoak ondare arkeologikoan

York (Ingalaterra), K.o. II. mendea. Eboracum erromatar hirian hainbat egitura eta etxe eraiki zituzten. Besteak beste, egungo Wellington Rowen harrizko eraikin bat egin zuten eta Queen’s Hotela dagoen tokitik igarotzen zen harresian arku bat jarri zuten. Bi aztarnategiak... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Eguneraketa berriak daude