Regueibertso ekimena euskaraz eta galegoz

Hizkuntzak egiten gaitu

  • Ezagunak dira Galiziako Costa da Morteko postalak, olagarroaren zaporea eta ardo zuriaren indarra. Ez genekiena zen, ordea, ahozkotasuna eta inprobisazioa izango zirela milaka erromesen jomuga den Obradoiro plazara eramango gintuztenak.

Iñaki Iturriotz
2017ko ekainaren 25a

Lagun on baten bidez jakin genuen Galiziako ikastetxeetan irakasle bi hasiak zirela regueifaren, Galiziako kopla tradizionalaren, transmisio lanetan, pentsatuaz regueifak gaur egungo hezkuntzan bazeukala lekua, eta zer esana.

Goiz batean, Igorreko Arratia BHIn agertu zen proiektu honetako sustatzaileetako bat. Familiarekin batera zazpiehun kilometro egin zituen, eta euskaldunok eta galegoek, bertsolariok eta regueifeiroek elkarrengandik ikasteko asko geneukala azaldu zigun. Konbentzitu gintuen. Abentura abiatu genuen. Eta baita asmatu ere.

Arratiako bertsolaritza ikasleen eta Vila de Cruces eta Zas herrietako regueifa ikasleen arteko elkartrukea izan zen emaitza. Hau da, ikasle euskaldunen eta galegoen arteko kultura eta esperientzia trukea. Hizkuntzaren erabilerari garrantzia emanez, hizkuntza gutxitu bitan bizi diren ikasleen arteko bizipenen elkartrukea. Iazkoa izan zen lehenengo esperientzia, eta aurten gogo biziz errepikatu dugu. Bai Arratia BHI, bai Arratiako Bertso Eskola eta baita Bizkaiko Bertsozale Elkartearentzat ere, apustu garrantzitsua izan da. Ikasleak, gurasoak, aisialdia, eskola orduetako bertsolaritza klaseak… uztartu eta ahozkotasuna oinarri hartuta egin dira elkartrukeak.

Bertsoaren eta regueifaren bidez, hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonal eta sozialak lantzen dituzte ikasleek. Proiektu konpartitu honen bitartez, galiziarrekin batera, funtzio komunikatzailean, funtzio sozialean, funtzio ludikoan eta estetikoan, funtzio integratzailean, eta funtzio kritikoan sakontzea nahi izan dugu. Euskal Herriko eta Galiziako kulturaren testuinguruetan kokatu, eta lekuan lekuko kulturaren ezaugarriak errespetatzea eta balioestea lehenetsi dugu. Horretarako, bi inprobisazio jardunen antzekotasunak izan dira abiapuntu: doinuak, neurriak eta errimak.

A regueifa esta en la mesa

Galizieraz egiten den kantu inprobisatua da regueifa. Ahozkotasunaren eremuan, neurrira ekarriz, regueifa zortzi silabako lau lerroko kopla da. Galiziako kantarien bertute nagusiak bat-batekotasuna eta abiadura bizian erantzuteko gaitasuna dira.

Regueifa hitzari ogiak eman zion, jatorrian, esanahia: antzina ezkontide berrien izenean festa bereziren bat antolatzen zenean ardoa eta regueifa deitutako ogia jaten ziren, eta “gudu poetikoak” egiten ziren. Gudu poetiko horien garaileek ogia eramaten zuten etxera, hortik dator bada galiziarren kantu inprobisatuaren izena eta izana. Denboraren joanean ohitura honen izaera aldatuz joan da. Baserri eta landa guneetako ohitura izatetik, taberna txokoko inprobisazio izatera pasatu zen, eta ez du jakin egungo errealitatera ondo egokitzen. Ondorioz, gainbehera etorri zen.

Elkarlanari eta konpromisoari esker, ordea, berriro gorantz datorren ohitura da regueifa, gazteen belarrietara gerturatuz lehenengo eta mihi puntetara gero. Izan ere, tradiziotik edan arren gaurkotasunetik elikatzea du amets regueifak. Musika, hizkuntza eta ahozkotasuna tresna eraginkor izan daitezkeela uste dute regueifa sustatzeko beharrean dihardutenek. Sinetsita daude, regueifaren jostagarritasunak lagunduta, berdintasuna, justizia soziala eta balore eraldatzaileak sustatuko dituen ahozkotasunaren kultura ondorengoei transmititzen ari direla.

Horregatik, gaztetxo eta nerabeei zuzendutako regueifa obradoiroak edo ahozkotasun tailerrak ematen hasi dira institutuetan, eta Euskal Herrian egiten den bertsolaritzaren transmisioari miresmenez begiratzen diote. Hemen, urteetako lanaren ondorioz, hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzen dute 25.000 ikasle inguruk, eta bat-bateko taldeak ere badaude institutu askotan, bertso eskoletarako zubi. Jomuga hori oraindik urrun badute ere, hasi dira beraien bidea eraikitzen, eta azkenengo urte bi hauetan egin duten garapena (irakasleen formazioan, materialgintzan…) interesgarria da oso. Sortzaile berriak plazaratzeak eta emakumezko regueifeirak egoteak, gainera, asko indartu eta gaurkotu dute regueifa.

“Nahiz gaita jotzen ez jakin sentitzen naiz galego...”

Elkartruke honetan, berehala bereganatu gintuen doinu galiziarren olatuak. Gure doinuak, bertsolaritzan erabiltzen ditugun melodiak, lasaiagoak dira orokorrean, narratiboagoak. Galiziarrenak, aldiz, zuzenak dira, eta lau lerrotan eraikitzen dute euren diskurtsoa, esan beharrekoa modu laburrean abesten dute. “ai la lai” doinua ez zen seguruenik euskaraz askotan erabilia izango, guk, ordea, ia Ribadeoko ibaira iritsi bezain laster egin genuen gure, eta bakardadean geratzen ginenetan ere melodia hori zebilen gure buruetan saltoka. Apustu, oraindik ere bidaian parte hartu duten irakasleak ondo gogoratu baietz!

Bertsolariok/bertsolaritza ikasleok Maite zaitut kanta ezaguna Quiero te mais dela ikasi dugu, guk txapela buruan eraman arren, beraiek boina daramatela, guk nerbio gisan tximeletak sabelean dantzan ditugunean, beraiek bolboretak dituztela…

Ikasi dugu komunikazioa hizkuntza jakin batetik harago doala. Ahozkotasuna, eta inprobisazioa ardatz, gure ikasleak bat-batean sortzen eta eskaintzen ikusi ditugu, eta kulturak, hizkuntzak, herriak elkar ulertzeko modua dagoela ikasi dugu.

Ikasi dugu ez dugula hirugarren hizkuntza baten beharrik emozioa sentitzeko. Beharrezko konplizitatea ahozkotasunak eman digu, bakoitza bere hizkuntzan inprobisatuz, neurri txikiko koplen izaerak zerbait handia egiten ari ginenaren irudipena eskaini digu. Jendaurreko ekimenetan, bat-bateko itzulpena erabili dugu, eta benetako zubi bat sortu da galegoa eta euskararen artean. Aurrez hitz emandako ekitaldietan Euskal Herriko bertso jardunaren lagin txiki bat erakustea zirraragarria izan bada ere, agendaz kanpo, afari ondorenetan abesteko aukerak are aberasgarriago egin du hasierako proiektua.

Ikasi dugu mugak gainditzeko bitartekoak geure baitan ditugula eta ekimen honen etorkizuneko gako nagusia hori izango dela, bakoitzak bere hizkuntzatik eta dakienetik ahozko inprobisazio jarduna loratzeko haziak ereiten jarraitzea. Baina hori, ondo dakigun bezala, ez da bidaiak irauten duen egunetan bakarrik ontzen. Euskararen unibertsotik eta bertsolaritzaren bidez emozioak eta ilusioak berba bihurtzea erabaki dugunok, ia bizitza osoa daramagu inprobisazioaren bidaia hau prestatzen, ekipajean hizkuntza eta askotariko kulturekiko errespetua daramatzagu. Ingurukoengandik ikasiz, baina baita norberarenari balioa emanez eta ingurukoena aberastuz ere.

Jarrai dezagun bada, urratsez urrats, Gorbeiapeko landetatik Finisterrako itsas labarretara bidea eginez. “No caminho da lingua, hizkuntzak egiten gaitu”.

Kanal hauetan artxibatua: Bertsolaritza  |  Galiziera  |  Arratia  |  Euskararen erabilera

Bertsolaritza kanaletik interesatuko zaizu...
2018-01-30 | Uztarria
Loiolako herri harresian atxilotutakoei laguntzeko bertso saioa ostiralean Azpeitiko Gaztetxean

Loiolako herri harresian atxilotu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarraren eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarraren kontrako epaiketak eta prozesuak eragin dituen gastuei aurre egiten laguntzeko bertso saioa izango da ostiralean, Azpeitiko Gaztetxean. Aitor Bizkarra, Aitor Salegi eta Nerea Ibarzabal ariko dira kantuan, eta afarirako txartelak Urola Expres eta Orkatz tabernetan izango dira eskuragarri.


2018-01-29 | Edurne Azkarate
Azken alabaren azken ekarpena

Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren saio bat jokatu zen Oionen, urtarrilaren 27an, Azkenak elkartean. Legutioko Tribitu taldea eta Araba Errioxako Txandrio lehiatu ziren. Txandrio sailkatu zen finalaurrekoetarako. Hauxe duzu kronika.


2018-01-29 | Uriola.eus
Bilboko Erronda kaleko tabernek bertso txapelketa antolatu dute

Erronda kalea 'Kale bat baino askoz gehiago' dela erakutsi nahi dute berriro Erronda kaleko lau tabernek eta 7Katu gaztetxeak, eta horretarako 25 bertsolari gazteren partaidetzarekin bertso txapelketa antolatu dute. Iaz egin zuten bezala, seinaka antolatuta (La Villan zazpi izango dira), lau kanporaketaren ostean, finala 7 Katu Gaztetxean jokatuko dute martxoaren 15ean.


2018-01-26 | ARGIA
Bertsolari Txapelketa Nagusiari jarraipena, Ikus-entzunezkoak saria
"Arriskuak hartu genituen emankizunean"


'Bardoak 2018' Nafarroako taldekako bertso egitasmoa, inoizko jendetsuena

16 talde eta 113 parte hartzaile izango ditu, eta horietatik 74 izango dira bertsolariak. Otsailaren 2an Beran hasi eta martxoaren 24an bukatuko da, Lekunberrin. Informazio gehiago hemen eskuratu daiteke.

2018-01-21 | Agin Rezola
Unai Agirre
"Bertsolaritza lotzea sagardotegi edo taberna munduarekin, ez da txarra"

Apaizak ardoarekin lotzen diren bezalaxe lotzen dira bertsoa eta sagardoa. Bi mundu ezberdin, baina elkarri oso lotuta daudenak. Hanka bat mundu banatan du Unai Agirrek. Batetik, Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzaile gerentea da eta bestetik, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritu da. Orbita horretatik irten gabe bildu gara hernaniarrarekin.


2018-01-21 | Dabi Piedra
Alexis Díaz Pimienta repentista kubatarra:
"Hemendik 20 urtera repentismoak izugarrizko loraldia izango du, hasi gara zantzuak igartzen"

Kubako inprobisazioaren, repentismoaren, bultzatzaile handienetako bat da Alexis Díaz Pimienta (Habana, 1966). Inprobisatzaile ez ezik, eragile ere bada, neska-mutilentzako repentismo eskolak sortu baititu uharte guztian. Kuba eta Espainia artean bizi denez, Andaluzian eta Murtzian ere ibilia da hango tradizioak sustatzen. Gainera, unibertsitatera eraman du repentismoa: Poesia Inprobisatuaren Katedra Esperimentalaren zuzendaria eta Dezimaren eta Bertso Inprobisatuaren Zentro... [+]


2018-01-15 | Arabako Alea
Arabako Bertso Kuadrilla txapelketa martxan dago

2018ko edizioak txapelketa formatua edukiko du, eta guztira, 320 parte hartzaile.


2018-01-11 | ARGIA
BIDEOA: Aitor Mendiluzeri ikasleek egindako omenaldi beroa

Aitor Mendiluze bertsolaria Donostiako Axular Lizeora lanera bueltatu denean, bere ikasleen omenaldia jaso du Euskal Herriko Bertsolarien txapelketan bigarren izan eta gero.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude