Nola bultzatu turismoa herri nortasuna eta euskara kaltetu gabe

  • Azpeitiko Udalak www.azpeitibizi.eus webgunea zabaldu berri du. Herrira turismoa erakartzeko tresna da, luzea izan nahi duen prozesuaren abiapuntua baino ez. Ondoko gogoeta egin du Udalak: lehentasuna ekonomia sustatzea da, eta turismoa horretarako bideetako bat. Turismoa indartzeak ordea, nola eragingo du udalerri euskaldunean? Nola ekarri bisitariak herri nortasuna galdu gabe?

Argazkian, Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun makina. Museo hori eta Loiolako santutegia dira herriko gune bisitatuenak. Uztarria.eus atariko datuen arabera, 2017ko Aste Santuan, %31 bisitari gehiago hurbildu da Loiolako Turismo Bulegora, 1.200 turista.
Argazkian, Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun makina. Museo hori eta Loiolako santutegia dira herriko gune bisitatuenak. Uztarria.eus atariko datuen arabera, 2017ko Aste Santuan, %31 bisitari gehiago hurbildu da Loiolako Turismo Bulegora, 1.200 turista. Horietatik, %32,5 Euskal Herrikoak, %53,35 Espainiako Estatukoak eta gainerakoak %15,16. Argazkia: Burdinbidearen Euskal Museoa.

Azpeitian krisi ekonomikoak gogor jo zuen, langabezia %17koa zen 2013an. Gaur egun %10ekoa da. Langabe gutxiago daude Urola bailarako herrian, baina egoera gehiago hobetzeko asmotan da Udala. Lehentasuna ekonomia sustatzea da, eta besteak beste, turismoa bizitu nahi dute. Gaur egun bi gune turistiko garrantzitsu ditu herriak, Loiolako santutegia eta Burdinbidearen Euskal Museoa. Bisitari gehiago erakarri nahi dituzte, baina ez nolanahi. Azpeitia udalerri euskalduna da. 10.000 biztanletik gorako herrien artean munduko euskaldunena da. 2016ko kale erabilera neurketak dio %81,9k euskaraz egiten duela. 2009an, herritarren %86 ari zen euskaraz. Ahul baino ahulago dagoen hitanoa gehien hitz egingo den herrietakoa izango da Azpeitia. Lehen aldiz egin den kale neurketaren arabera %18,1ak egiten du hika. Alegia, euskara oso indartsu dago, baina horrek ez du esan nahi halako herri euskaldunek hauskortasunik ez dutenik. Azken urteetan, Euskal Herriko udalerri euskaldunenetan euskararen ezagutzak eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Turismoak atzerakada azkartu dezake.

Josu Labaka Azpeitiko Udaleko kultura zinegotzia da eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria. Honela azaldu digu turismoaren eta udalerri euskaldunaren arteko harremana: “Udalaren hausnarketa kezka edo arrisku horretatik abiatzen da. Eta galdera da ea horren aurrean zer egiten dugun edo zer egingo dugun. Ezin gara ezkutatu, turismoak arriskuak ditu, baina aukerak ere bai, onurak ditu, onura ekonomikoak. Gaur egun turismoa satanizatzeko arriskua dago, baina turismo masifikatua deitzen den horretatik harago, bestelako turismo bat eginez gero, herriaren garapen sozioekonomikoan eragin positiboa du”.

Azpeitiko Udalak argi dauka ez duela herri nortasuna galdu nahi, eta herri nortasuna dioenean erdigunean jartzen ditu azpeitiarrak beraiek, euskara, euskal kultura, herri bizia. Alde batetik, nortasuna babesteko gogoeta egiten ari dira, baina era berean nortasun hori bera bisitarientzat amu dela sinetsita daude: “Ez daukagu zertan gurea ezkutatu eta kanpoan beste nolabait azaldu”. Herri euskalduna jarri nahi dute erakusleihoan, atzerritarrentzat, eta euskaraz bizi nahi dutenentzat ere bai. Euskaldunek jakin dezatela Azpeitia euskaraz bisitatzeko eta bizitzeko aukera izango dutela.

www.azpeitibizi.eus

Webgunea da Azpeitibizi egitasmoaren abiaburua. Besteak beste Zatoz onera, zatoz Azpeitira atala dauka. Azpeitiarrak dira protagonista atal horretan eta hainbat bideotan haien testigantzak agertzen dira. Azpeiti gogoangarria atalean berriz, herriko leku, pertsona eta gertakari historiko ezagunei buruzko edukiak bildu dituzte. Horrez gain, Azpeitia inguruan egiteko ibilbideak jaso dituzte, baita lo, jan eta edateko ostatuen zerrenda, eta oinarrizko zerbitzuak ere. Webgunea euskaraz baino ez dago. Bistan da lehen kolpean euskaldunak erakarri nahi dituztela. Gerorako utzi dute beste hizkuntzetara itzultzea.

‘Turismoa eta hizkuntza’ lantaldea

Bi gaiak uztartuta ez da gogoeta asko egin izan. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, duela hilabete batzuk, turismoa eta hizkuntza lotzen dituen lantaldea lanean hasi da eta Azpeitiko Udalak hausnarketa horretatik edan du.  Esan daiteke Azpeitikoa lehen esperientzia dela, UEMAren asmoa gaia lantzen jarraitu eta hainbat proposamen Mankomunitateko udalerrietara zabaltzea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismoa
25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua Donostian

Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.


Lau donostiarretatik hiruk uste dute turismoak kalte “handia” egiten diela

Turismoari buruzko pertzepzioaz galdetu die EHUk donostiarrei, eta ondorioztatu du herritarren erdiak baino gehiagok “frustrazioa” sentitzen duela. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa.


2024-03-01 | Uriola.eus
Hotel bihurtuko da Bilboko Olabarri Jauregia

Bericato enpresak erosi du duela 70 urte baino gehiagoz Bilboko Portuko Agintaritzaren egoitza izan den eraikina.


Alde Zahar auzo ekimena
"Iruñeko apartamentu turistikoen erdia Alde Zaharrean daude"

Iruñeko Alde Zaharreko Alde Zahar ekimenak turismo masiboaren aurkako eta auzoaren defentsarako kanpaina abiatu du ostegun honetan.


Bizilagunek etxebizitza turistikoak debekatzea baimendu du gorenak, berriz ere

Bizilagunek legez kanpo utzi dute Donostiako Zubieta kaleko etxebizitza turistiko bat, euren estatutuetan erabilera hori debekatuta zegoelako aurretik.


Eguneraketa berriak daude