"Donejakue bidera, jendea bezala, espekulatzaileak ere heldu dira"

  • Fermin Paularena iruindarra oso ezaguna da bere asmakizunengatik eta abian jartzen dituen negozioengatik. Duela zazpi urte Erro mendatean oasi txiki bat zabaldu zuen Donejakue bideko erromesentzat eta txirrindularientzat, hemendik aurrera trikuharri itxura izanen duena.

Autoan iragarkia: “El misterio del ultramarinos”. Paularenaren azken asmakizuna da, ihes joko edo “escape room” hezitzailea. Argazkia: Dani Blanco.
Autoan iragarkia: “El misterio del ultramarinos”. Paularenaren azken asmakizuna da, ihes joko edo “escape room” hezitzailea. Argazkia: Dani Blanco.

Erro mendatean, Donejakue bidean, taberna mugikor arrakastatsua zabaldu zuen Paularenak orain dela zazpi urte erromesei eta txirrindulariei zerbitzua emateko. Bideko zigilua, kafea, jateko zerbait… eskaintzen dizkie. Hori bezala, beste proiektu bitxi asko abiarazi ditu iruindarrak bere bizitzan: elur gainean ibiltzeko bizikleta, sanferminetako bideo-joko hezitzailea, goitibeheren nazioarteko topaketak, egur sintetikoa material birziklatuekin, Madelman panpinen bertsio anitzak… eta orain ihes gelak edo escape room motako jokoak jite hezigarriarekin.

Ikusgarria nola erromesak saldoka etortzen diren astegun soil batez, ezta?

Txantxetan esaten dut sinetsita nagoela hor mendiaren erdian semaforoa dagoela, eta berdea jarritakoan jendea trumilka iristen dela. Egia esanda, bidearena mundu mailako fenomenoa da, gero eta jende gehiago erakartzen du, eta faktore askoren eragina suma daiteke. 2016an 278.041 pelegrinek osatu zuten bidea, eta haietatik %55 Espainiako Estatutik kanpokoak ziren, gehienbat Italia, Alemania, Amerikako Estatu Batuak eta Portugaletik iritsiak. Turismo operatzaileek egiten dituzten eskaintzek eta liburu eta filmek izugarrizko eragina izaten dute, horregatik aurreikuspenik ezin da egin. 2011n, adibidez, Kim Hyo Sun korearrak liburu bat idatzi eta reality show bat egin zuen bideaz eta harrez geroztik bisitari korearren kopurua izugarri handitu da. Aurten urtarrilean eta otsailean bidean izaniko atzerritarren %26 korearrak izan dira. 

Bestalde, Paulo Coelhok bidea aipatzen zuen 1987an argitaratutako bere liburu batean eta horrek brasildar pila erakartzen ditu. Era berean, Alemanian duela urte bat pasatxo Hape Kerkeling umoregileak film bat egin zuen, berak duela hamaika urte gai beraren inguruan idatzitako liburu arrakastatsua oinarritzat hartuta.

Nola etorri zitzaizun hemen taberna jartzeko ideia?

Duela zazpi urte zabaldu nuen. Asko ibili naiz bizikletan eta jakin banekien bazter hauetan ez dagoela iturririk inon. Erromesek ere ez zuten batere zerbitzurik bazter hauetan, 10 kilometroan. Lintzoainetik zazpi kilometrora eta Zubirira iristeko hiru kilometroren faltan, Erroko gaina toki egokia da horretarako. Erroko Udalaren eta Erro-Zilbetiko kontzejuaren baimenak ditut, tasa bat ordaintzen diet eta oso ongi moldatzen gara.

Aldatu da giroa hasi zinenetik?

Bai. Gero eta jende gehiago dator, baina haiekin batera espekulatzaileak ere heldu dira. Fenomeno turistikoa da, baina bisitari horien profila desberdina dela ere kontuan hartu behar da. Jende asko bere buruarekin egoteko etortzen da, arrazoi erlijiosoengatik edo aldaketa bat nahi dutelako bere bizitzan. Beste batzuek negozio aukera ikusten dute, Mediterraneoko kosta balitz bezala. Errespetua galtzen diete erromesei, askotan. Azken bizpahiru urtetan ikusten da nola erromesei bide erdira ateratzen zaizkien, besotik heldu eta haien etxeetara lotara joateko eskaini, edo bide seinaleak norabidez aldatzen dituzte erromesak nahi duten tokietara bideratzeko. Galizian askotan egiten dute. Nik uste dut hemen beste jokamolde bat izan behar dugula, beste aldarte bat, mendi aterpeko zaindariek bezala. Lagundu behar diogu jendeari, baina ez ahalik eta diru gehien ateratzeko helburu hutsarekin. Turistak dira, baina naturazaleak ere bai, beste filosofia bat da eta bestelako beharrak dituzte.

Donejakue bidearen araudian argi eta garbi esaten da erromesak babestu eta bakean utzi behar direla, baina praktika erasokorrak, lapurretak eta eraso sexistak ere maiz ikusten dira. Erakundeen nolabaiteko axolagabekeria eta babes falta sumatzen da.

Ziklisten topagune ere bada hau.

Bai. Hemen bizikletak konpontzeko erremintak ditugu, eta txirrindulari-bonua eskaintzen diegu. Denboraldiaren hasieran hartzen dute eta etortzen diren bakoitzean hartzen dutena bonutik kentzen diegu, horrela ez dute dirurik ekarri behar aldiro. Horretaz gain, irailaren bukaera aldera lehiaketa eta festatxoa egiten dugu haiekin: lasterketa, txistor jatea eta musika pixka bat.

Eta zer da tabernaren ondoan duzun barruko arropez beteriko kutxa?

Erromesek motxilan zeramatzaten gehiegizko pisuko gauzak uzteko jarri nuen hor, hau da, liburuak, soberako arropa eta abar, baina neska batek Facebooken argitara eman zuen berak bularretakoa kaxan utzi ondoren senargaia aurkitu eta Santiagon ezkondu zirela. Harrez geroztik jendeak barruko arropa uzten du zorte bila.

Egunero dago zabalik taberna?

Apiriletik urrira arte bai. Gainera, aldian behin hainbat topaketa edo festatan catering zerbitzuak egitera deitzen gaituzte. Oso gogorra izan da, orain arte bakarrik egon naizelako. 5 urteko semetxoa ikusteko apenas denborarik dudan, baina orain bazkide bat daukat eta horri esker niretzat eta beste proiektu batzuk abian jartzeko denbora daukat.

Eta laster taberna berritua ikusiko dugu?

Berehala. Trikuharri itxurako taberna izanen da eta ia erabat prest dugu. Mikrouhin labea izanen du janari beroa emateko, hozkailua eta izozkailua. Gainera, “zero emisio eta zero zabor” zigilu berri eta berezia lortu dugu. Sei eguzki plaka izanen ditu argindarra lortzeko eta orain bezala, hondakin guzti-guztiak birziklatzen jarraituko dugu. Adibidez, kafe hondarrekin egur sintetikoa egiten dugu. Beste bost osagairekin nahasita ore biodegradagarria lortzen da, oso konpaktua, baina oso arina aldi berean, eta altzariak edo nahi duzuna egiteko erabil dezakezu. Nik adibidez, nire Bigarren Mundu Gerrako maketarako bunkerrak egiteko erabiltzen dut. Bestaldetik, plastikoarekin eko-adreiluak egiten ditugu. Horretarako botila batean sartzen dira plastikozko beste ontziak ongi prentsatuta, erabat trinkotuta gelditu arte. Egun oso bateko plastikoak sartzen dira eko-adreilu batean. Hau dena Pazko Uharteko erromes batek erakutsi zidan. Haiek han izugarrizko arazoa dute zaborrekin. Plastikoarekin eta poliespanarekin plastiko sintetikoa hotzean egitea lortu nuen eta eserleku batzuk egin ditut proba moduan.  

Argazkia: Dani Blanco.

Duela gutxi gaur egun boladan dagoen moduko abenturazko jokorako gunea prestatu duzu Iruñean. Nolakoa da zuk atondutako escape room-a?

“Janari-dendako misterioa” deitzen da eta horrekin aldatu egin dut ihes gela edo escape room motako jokoen kontzeptua. Nire gelan ez duzu giltza bilatu behar handik ateratzeko, baizik eta pentsatu eta ikerkuntza lana egin. Ez dago denbora mugarik. Halako presiorik ez dago. Jolasten ari zara, baina aldi berean, ikasten. Istorio erreal batetik abiatzen da misterioa, kasu honetan janari-denda bateko nagusiaren desagerpena. Dendan dauden gauzak errealak dira, duela 60 urteko denda batenak, eta horiek guztiek eramaten zaituzte garai hartara. Ez da dekoratu hutsa, museoetan izaten diren aurkikuntza gelen antzeko zerbait baizik. Bezeroek esaten dute gurean besteetan baino dezente gehiago pentsatu behar dela eta oso gomendagarria dela haur eta gaztetxoekin etortzeko. Turismoari begira ere interesgarria izan daiteke, bertako istorioak ezagutzera emateko, baina jolasen bidez.

Nire bizitzan hamaika gauza asmatu ditut eta hau da poz handiena eman didana. Askotan gauzak goizegi asmatu izanaren sentsazioa izan dut, jendartea oraindik horretarako prest ez balego bezala. Oraingo honetan, aldiz, badirudi bere garaian asmatu dudala bete-betean.

Eta laster beste bat?

“Biltegi 44” izena izanen du eta frantses erresistentziaren ezkutalekua izanen da. Bigarren Mundu Gerran Mezkiritz herritxoan hegazkin amerikar bat erori zen, 1944ko ekainaren 25ean zehazki. Herritarrek babesa eman zieten paraxutean salto zuten pilotu amerikarrei, eta horrela abiatzen da jokoa. Ekainaren amaieran zabaltzeko asmoa dugu eta orain hegazkin horren metal zatiak eta garai hartako gauzak biltzen ari naiz.

Hasieran, jokalariak simulagailu batean sartuko dira bi minutuz, hegazkinaren barruan zer sentitzen zen jakin dezaten, eta ondoren jolasean hasiko dira naziak atzetik edukiko balituzte bezala. Denbora guztian erantzunak bilatu beharko dituzte, baina teknologia berririk erabili gabe. Horretan datza, hain zuzen ere, jokoaren zailtasuna. Kobazuloetara itzultzea bezala izanen da.

Gerraren aurkako mezua du honek?

Sentimendu hori zerorrek aterako duzu jokoaren bukaeran.

Zer gehiago duzu eskuartean?

Festimanen hamargarren urteurrena beteko da aurten. Hau da, Madelman panpina ezaguna eredu hartuta egin nuen sanferminetako bertsioa. Oso zalea naiz, bilduma handia daukat eta gustatzen zait beste bildumagileentzako panpinak egitea. Inauterietako pertsonaia pila egin dut, besteak beste, Luzaideko bolantak. Orain beste zenbait karakterizazio lantzen ari naiz: artzaina, txistularia eta peñetako kidea. Artisau lan hutsa da. Orain josteko makina industriala erosi dut eta gehiago egin nahi nuke, agian hezkuntza sisteman historia pasarte batzuk azaltzeko, adibidez, euskal piraten nondik norakoak, baina dena egiteko 36 orduko egunak beharko nituzke.

Fermin Paularena Erro mendatean, bere kamioi-dendan Reyes Ilintxeta elkarrizketatzailearekin. Paularenaren ustez, batzuk negozio aukera ikusten dute Donejakue bidean, Mediterraneoko kosta balitz bezala. Argazkia: Dani Blanco

Nondik datorkizu etengabe proiektu berriak abiarazteko gogoa?

Nire desgrazia da. Txikitan auzoan “inventos” deitzen zidaten. Arrotxapeako amonaren baratzean neukan nire ikerlanak egiteko txokoa. Txikitatik oso mugitua izan naiz eta horregatik konplexuz beteta sentitu izan naiz beti. Jendeak errespetatzen ninduen, baina ez ninduen ulertzen. Gauza asko egiten ditut, baina nire erritmoan, hau da, oso azkar, eta ohartu gabe jendea asko estutzen dut nire erritmoan gauzak egin ditzan. Horretaz oso berandu konturatu naiz, tamalez. Besteekin lan egiterakoan arazoa ni naizela berriki ohartu naiz.

Orain asko hitz egiten da pertsona multipotentzialei buruz. Lagun batek gaiaz artikulu bat bidali zidan eta izugarrizko arindua sentitu nuen, hori baita, hain zuzen ere, niri gertatzen zaidana.

Beti sentitu dut maite nauen jendeari huts egin diodala, dena bukatu gabe uztean. Orain, zorionez, badakit multipotentzialak garenon helburua ez dela gauzak bukatzea edo egitea, baizik eta gauza berriak ikastea. Behin gauza bat ikasita, horrekiko interesa galtzen dugu. Horregatik, adibidez, lan batean hiru urte igarota aldatzeko beharra sentitzen dut. Erroko taberna salbuespena da, jendea beti desberdina delako eta denbora uzten dizulako gauza askotan pentsatzeko. Gurea ikasteko egarri ase ezina da. Orain patologia dela jakinda, pozik nago eta oso harro, nire semea ere multipotentziala dela ikusita.

Proiektuak abiarazteko bikainak zarete, beraz?

Enpresa handietan multipotentzialak bilatzen dituzte, proiektuen ikuspuntu integrala izaten dugulako. Nire urrezko garaia izan zen gaztetan Zarata irrati librean nenbilenean edo Donibane auzoko elkartean. Jende gazte asko ginen eta izugarrizko gogoa genuen gauzak egiteko. Zaratan, adibidez, beta motako bi bideo irakurgailu zaharrekin lehen txirrista fabrikatu genuen, zortzi orduz musika emititzeko etengabe. Unitate mugikorra ere egin genuen eta beste traste bat telefono deiak mahaira pasatzeko. Irratiarekin batera dantza taldea, herri kirolena, Ostruka kale animazioarena eta auzoko inauteriak abiarazi genituen.

Gure gazte garaian oso bestelako giroa zegoen. Nahiz eta garai zailak izan eta ezer ez eduki, askatasun handiagoa genuen gaurko gazteek baino. Guk herentzian hartu genuen 70eko hamarkadako kultura asanblearioa. Gaurko gazteak, aldiz, indibidualistagoak dira oro har. Pena ematen dit. Eta tristea da ikustea nola zuk bultzatu dituzun ekimen polit batzuek ez duten jarraipenik. Urtetan aritu nintzen goitibeheren nazioarteko lasterketak antolatzen Euskal Herrian eta nik utzi ondoren amaitu zen kontua.  

Zeintzuk dira proiektu berrietarako aurkitzen dituzun trabarik handienak?

Administrazioan oso motela da dena. Amerikako Estatu Batuetan negozio bat abian jar dezakezu eta handik hilabetera ikuskatzailea etorriko zaizu esatera zer moldatu behar duzun, baina hasieratik ari zara lanean. Hemen ez. Hemen baimena eskuratu arte ezin zara hasi eta agian urtebete egon beharko duzu zain. Ekintzaileentzat erakundeak dira amesgaiztorik txarrenak.

Orain egin dudan kamioi berria, adibidez. Erromesek esaten didate hori Berlinen eginez gero sari bat irabaziko nukeela, baina hemen trabak besterik ez dizkizute jartzen. Kamioi isotermo baten kaxa moldatu dut. Poliesterrekin kanpoaldea estali dut trikuharri itxura emateko. Urte osoa eman dut lanean eta ez didate homologatzen. Aldiz, eta begira zeinen tontakeria, kamioi bezala aurkeztu beharrean, kabina askatu eta gero atoi batean zama bezala jartzen badut, orduan bai. Orain, beraz, desmuntatu behar dut dena, kamioia saldu eta trikuharria atoi baten gainean jarri. Eguzkiaren iraultza-zerga da oztopoen beste adibide argi bat. Zergatik ordaindu behar dugu eguzki energia hartzeagatik?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismoa
25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua Donostian

Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.


Lau donostiarretatik hiruk uste dute turismoak kalte “handia” egiten diela

Turismoari buruzko pertzepzioaz galdetu die EHUk donostiarrei, eta ondorioztatu du herritarren erdiak baino gehiagok “frustrazioa” sentitzen duela. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa.


2024-03-01 | Uriola.eus
Hotel bihurtuko da Bilboko Olabarri Jauregia

Bericato enpresak erosi du duela 70 urte baino gehiagoz Bilboko Portuko Agintaritzaren egoitza izan den eraikina.


Alde Zahar auzo ekimena
"Iruñeko apartamentu turistikoen erdia Alde Zaharrean daude"

Iruñeko Alde Zaharreko Alde Zahar ekimenak turismo masiboaren aurkako eta auzoaren defentsarako kanpaina abiatu du ostegun honetan.


Bizilagunek etxebizitza turistikoak debekatzea baimendu du gorenak, berriz ere

Bizilagunek legez kanpo utzi dute Donostiako Zubieta kaleko etxebizitza turistiko bat, euren estatutuetan erabilera hori debekatuta zegoelako aurretik.


Eguneraketa berriak daude