Europa hegoaldean turistifikazioaren aurrean dauden hirien SET sareak topaketa egin du Bartzelonan, apirilaren 25etik 27ra. Turistifikazioak lurralde eta bizitzetan duen eraginaren tamainaz ohartarazi dute: “Ez da turismo handia jasotzen duten guneen arazoa soilik; sistema ekonomiko baten agerpen bortitza da”. Euskal Herriko hainbat talde eta pertsonak parte hartu dute eta, tartean, Donostiako Bizilagunekin plataformako kideak ere bertan izan gara. Topaketan bizitakoa eta hausnartutakoa jaso dugu lerro hauetan.
Apirilaren hondarrean Europa hegoaldeko hamabost hiri eta lurraldetatik heldu ziren Bartzelonara ehun bat lagun, tartean hamabost bat euskaldun. Ez ziren Airbnb-etan ez hoteletan geratu; lagunen, ezagunen eta lagun ezezagunen etxeetan baizik. Ez ziren jaialdi baterako, ezkongai baten despedidarako edo norberaren mapamundian ixa bat marrazteko joan. Hartzera eta ematera joan ziren, euren sorlekuetan pairatzen dituzten egoerak hobetzeko ideiak, ezagutzak eta indarrak elkartrukatzera. Europa hegoaldean turistifikazioaren aurrean dauden lurraldeen topaketan parte hartzera joan ziren.
Jardunaldia hasi aurreko goizean, SET sareko kideek prentsaurrekoa eskaini zuten Sants auzoko La Comunal espazioan, topaketaren zergatiak eta parte hartzaileen aldarrikapen komunak jendaurrean helarazteko; manifestu bateratua irakurri zuten katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez. SETeko kideek salatu zuten turismoaren hazkunde mugagabeak eguneroko bizitzan ondorio larriak dituela, eta “jendea pobretzen duen erauzketa-industria” dela. Ohartarazi zuten hirien turistifikazioaren ondorioz auzo askotan etxebizitzak, eta bereziki alokairuak, garestitu direla eta bizilagunak kanporatzen ari direla. Turismoa ingurumenarentzat ere kaltegarri dela azaldu zuten: “Planetaren berotzearen erantzule diren isurketen %9 eragiten ditu, eta energia eta baliabide naturalei dagokienez, lurraren gaitasun biofisikoa agortzen du”. Egoera horrek desberdintasun sozialak areagotzen dituela nabarmendu zuten: “Turistifikazioaren esplotazioa nabarmenagoa da arrazakeriaren, generoaren, sexu-orientazioaren edo kapazitismoaren ondoriozko diskriminazioak jasaten dituztenengan”.
Amaitzeko, ekainaren 15ean mobilizazio koordinaturako deia egin zuen SETek. “Europa hegoaldeak turistifikazioaren aurka duen ahotsa kontinente osoan eta haratago entzungo da, planeta suntsitzen duen su turistikoa desagerrarazteko, eta ustiatzen dituen lurraldeen ezinbesteko eraldaketa sozioekonomikoa behingoz hasteko”. Lurralde turistifikatuetako komunitateek beren eskubideak aldarrikatzeko eta bizitzaren pribatizazioari aurre egiteko manifestazioak eta protesta ekintzak egingo dituztela iragarri zuen sareak.
Harrera mediatikoa ez zen makala izan. Prentsako langile ugarik jarraitu zuten zuzenean agerraldia. Deigarriena, agian, Erresuma Batuko prentsa sentsazionalistaren presentzia izan zen. Hain zuzen, azken hilabeteetan Espainiako Estatuko turistifikazioaren aurkako mugimenduen kriminalizazioa lantzen aritu dira, eta Bartzelonako topaketa baliatu zuten hori elikatzeko.
Topaketa ez zen izan zientzialarien, administratzaileen edo adituen kongresu bat; aktibisten elkartze bat izan zen. Baina, hiru egunetan nabarmen ikusi zen bezala, urtetako borrokan zaildutako ekintzaileek, esperientziaz gain hausnarketa eta ezagutza esanguratsua pilatu dituzte. Ez zen datuen aurkezpen eta kontraste gune bezala baliatu; eztabaida, hausnarketa eta elkartruke gune bezala baizik. Ez zen turismo jardueraren inguruko azterketa bat izan, turistifikazioaren aurka borrokatzeko eta gizartean alternatibak sustatzeko bilaketa bat baizik: “Turistifikazioaren aurkako borroka ez da kontrakotasunaren adierazpena soilik; bizitza hobearen aldeko apustu aktiboa da”, berretsi zuten hainbat lurraldetatik joandako eragileek.
Topaketetako lehen gogoeta kolektiboa mahai-inguru batean egin zen: turistifikazioaren ondorioak ardatz hartuta, sei lurraldetako aktibistek euren ikuspegia partekatu zuten: Lisboa, Palermo, Euskal Herria, Napoli, Kanariak eta Bartzelona. Askotariko ikuspegien esperientzia eta kezkek ehundu zuten elkarrizketa. Aztertu zen nola azpiegitura turistikoek –Airbnb eta hotelak, itsas portuak, aireportuak…– herritarren bizimoduan eragin zuzena duten, hirien eta lurraldeen antolamendua baldintzatzen dutelako. Eta biztanleek pairatzen dituzten kalteetan arreta jarri zen: bazterketa ekonomikoa, arrozte kulturala, osasun kalteak, kanporatze espaziala eta gehiago.
Ez da masifikazioari lotutako arazoa soilik; turismoak lurralde baten gobernantza, ekonomia, ingurumena, kultura, hizkuntza, hirigintza eta bertako biztanleen bizitza gehiegi baldintzatzeaz ari gara
Turistifikazioaren ezaugarriak turismo-eredu bakoitzaren arabera desberdinak direla ere ikusi ahal izan zen. Hiri-turismoa, uharteetako baldintzapenak, eguzki eta hondartza eredua, luxuzkoa, gurutzaontzi bidaiak, gastronomikoa, gau giroari lotutakoa, kirol eta kultur ekitaldien erakarmenaz baliatzen dena… Eta turismoaren sustapenean engaiatutako botere ekonomiko eta politikoek lurraldeak eredu horien arabera antzaldatzen dituztela agerian jarri zen.
Turistifikazioa eta gainturismo egoera (overtourism) marko egokian kokatu zituzten: ez da turismo handia jasotzen duten guneetako arazoa soilik; sistema ekonomiko baten agerpen bortitza da, eta horrek logika bera errepikatzen du leku askotan. Ez da masifikazioari edo jende pilaketari lotutako arazoa soilik; turismoari lotutako negozioek lurralde baten gobernantza, ekonomia, ingurumena, kultura, hizkuntza, hirigintza eta bertako biztanleen bizitza gehiegi baldintzatzeaz ari gara. Zentzu horretan, turismoaren inguruko eztabaida eredu ekonomiko eta sozial zabalago baten auzi bihurtu zen.
Hitzaldi eta mahai-inguruez gain, interesgarriak izan ziren tailerrak ere: talde txikiagoetan, gai zehatzen inguruan lan-saio praktikoago eta sortzaileagoak egiteko aukera izan zen. Tailerren azken helburua borroka ildoak proposatzea zen. Besteak beste, desazkunde turistikoaren aldeko mugimenduak baliatu ditzakeen diskurtsoak eta antolatu ditzakeen ekimenak elkarrekin irudikatzen jardun zuten.
Kezka iturri nagusietako bati heldu zitzaion batean: etxebizitzaren auziari. Garraio-ereduari erreparatu zitzaion beste batean, lurreko, aireko eta itsasoko garraio turistikoari, hain zuzen. Klima-larrialdia eta turismoa lotzen zituen tailerrean, bi norabidetan landu zen gaia: turismoak klima larrialdian duen eragina eta berotze globalak turismoaren fluxuetan eta moldeetan duena. Beste tailer batean, espresuki landu zituzten turismo industriak azken urteetan hazten jarraitzeko edo bere jarduera zilegi egiteko baliatzen dituen estrategiak: nomada digitalen promozioa, elitizazioa, turismo jasangarriaren mantra, ekonomia urdina, zilarrezko ekonomia, turismo adimentsua eta abar luzea. Azken tailerra turismo sektorean nagusi den enplegu prekario eta feminizatuaren ingurukoa izan zen; azpimarratu zuten turistifikazioaren aurkako borrokan bizilagunen eta langileen arteko aliantzaren potentziala garatzea ezinbestekoa dela.
Turistifikazioari aurre egiteko sortu zen SET sarea –Sud d'Europa contra la Turistificació– 2018ko apirilean. 2017an Europa osoan turismoaren eragin negatiboengatiko protestak eta aldarrikapenak areagotu ziren, eta turismoak dakarren guztia ona denaren dogma pitzatu egin zen. Donostian, besteak beste, garai hartan piztu zen egun zabalik dirauen eztabaida; eta orduan sortu zen Bizilagunekin plataforma, hasieratik SET sarearen parte aktibo izan dena.
SET sare ireki eta transnazionala da. Sarearen filosofia ez da zentralizazioaren aldekoa, baina bai elkarrekintzarena: hiri bakoitzak bere bidea du, baina guztiak ari dira arazo berari bueltaka; bizilekuak suntsitzen dituen eredu turistikoari eta, are garrantzitsuagoa, konponbideen sorkuntzari. Sorreratik hona hiru edo lau topaketa presentzial antolatu dira, eta hamaika ekintza, komunikatu eta aldarrikapen sustatu.
Bereziki aktibo agertu zen COVID-19aren pandemian, mundu mailako geldialdia turismo eredua birpentsatzeko aukeratzat aldarrikatu baitzuen. Pandemiaren osteko errebote turistikoak, ordea, agerian utzi zuen aldaketa ez dela berez etorriko, gutxiengo boteretsuaren etekinak hazten jarraitzen duen bitartean. Turistifikazioaren aurkako kexek eta bestelako ereduen aldarrikapenek pizten eta indartzen jarraitu dute urteotan. Eta 2024an inoiz ez bezalako mobilizazio gaitasuna erakutsi zuten lurralde askotan.
Topaketa osoan, gai zehatzen inguruko eztabaidak hausnarketa orokorragoekin bustita egon ziren. Adibidez, etengabe egin zitzaizkien erreferentziak kapitalismoaren berezko ezaugarriei edo desazkunde turistikoranzko bideari. Baina era horretako ideiak bereziki azken solasaldian trukatu eta aberastu ziren. Puntua jarri zuten Bartzelonako Desazkunde Turistikoaren Aldeko Auzoen Asanbladako kideek eta Balear Uharteetako Unibertsitateko ikerlari Macià Blazquezek eta, hortik aurrera, eztabaida zabala egin zen topaketako jatorri anitzeko kideen artean. Zalantzak eta ideia kontrajarriak egon baziren ere, parte hartzaile guztiak mugimendu bakarreko kide zirela ikus zitekeen, ardatz batzuen inguruko adostasunean.
Besteak beste, argitu zen nolako desazkundea defendatzen duten: “Desazkunde turistikoa ez da turismoaren bolumena murrizteko estrategia bat soilik, baizik eta egungo turismoaren oinarri kapitalistak kolokan jartzen dituen ikuspegia”. Hitzaldietan behin eta berriz azpimarratu zen turismoaren hazkunde mugagabeak baliabide komunak pribatizatzen dituela: itsasoa, airea, hiri-espazioa, bizitegi-parkea edo kultura, adibidez. Komunaren ustiaketa pribatu horrek lan prekarioa, desplazamendu soziala eta ingurumen kalteak eragiten ditu. Horren aurrean, desazkunde turistikoak proposatzen du bizilagunen oinarrizko beharrak eta bizi-baldintzak erdigunean jartzen dituen aldaketa sakona. Eredu zehatzak aipatu ziren: Amsterdamgo aireportuan hegaldiak %10 murrizteko estrategia judiziala edo Alemanian pertsona bakoitzari hegaldien muga jartzeko proposamena. Horrelako adibideek erakusten dute desazkunde turistikoa ez dela utopia teorikoa, neurri zehatz eta aplikagarrietan gauzatu daitekeen proposamen errealista baizik.
Solasaldian azaleratu ziren turistifikazioari egindako kritikak gizarteari planteatzen dizkion galdera sakonetako batzuk: zer da hazkundea? Norentzat eta zertarako ari gara hazten? Nolako harremanak ditugu lanarekin, aisialdiarekin eta kontsumoarekin? Eta naturarekin? Zenbateraino da berezkoa edo eragindakoa bidaiatzeko beharra edo desioa? Zenbat eta nola egin dezakegu? Noiz izango litzateke bateragarria bidezko bizi- eta gizarte-eredu batekin?
Parte hartzaileek berretsi zuten ez dela nahikoa turismoaren erregulazio partziala; benetako eraldaketa behar da, sistema kapitalistaren oinarriak kolokan jarriko dituena. Izan ere, justizia sozialaren ikuspegitik, Jason Hickel bezalako autoreen ildotik, desazkundea ez da atzeraldi ekonomiko bat. Baliabideen erabilera neurtua, kontsumoaren murrizketa eta, horren bitartez, erabaki demokratikoak hartzeko gaitasun handiagoa lortzea da.
Zer da hazkundea? Zertarako hazi? Nolako harremanak ditugu lanarekin, aisialdiarekin eta kontsumoarekin? Zenbateraino da berezkoa edo eragindakoa bidaiatzeko beharra edo desioa?
Amaia Perez Orozco ekonomialari feministak egiten duen proposamena oinarri hartuta, aipatu zen estrategiak presazko neurri, palanka eta itsasargietan antolatzeko eta sailkatzeko ideia: turistifikazioari muga jartzeko larrialdiko neurriak aldarrikatu; ate berriak zabaltzen lagunduko diguten politikak sustatu; eta norabidea argituko digun eszenatoki utopiko bat presente izan. Desazkunde turistikoaren aldeko mugimenduak hiru mota horietako elementuz osatutako estrategia partekatu behar duela azpimarratu zuen Mallorcatik heldutako ekintzaile batek.
Argi geratu zen turistifikazioa ez dela jarduera ekonomiko soila, kapitalismoak lurraldeetan eta gorputzetan duen eraginaren adierazle argia baizik. Solasaldiko parte-hartzaileek turistifikazioaren aurkako borroka ulertzen zuten borroka sozial, ekologista eta feminista gisa; bizitzaren berreskurapenaren aldeko borroka gisa: lan prekarioari aurre egitea, etxebizitza eskuragarria izatea, zaintza kolektiboak lehenestea eta komunitatean ongi bizitzeko baldintzak orokortzea. Mahai gainean jarritako alternatiben artean azpimarratu ziren oinarrizko errenta unibertsala, baliabideen sozializazioa, zaintza kolektiborako egiturak, tokiko ekoizpena eta elikadura burujabetza.
Erronkaren tamainagatik beldurra, nekea eta ezkortasuna ere azaleratu ziren elkarrizketaren uneren batean. Baina emozio baikorrak eta motibazioa agertzea eragin zuen horrek. Borrokatzearen poza sentitu eta, horren bidez, gure bizitzari zentzua emateko deia kutsatu eta gailendu zen giroan: “Ez diezaiogun utzi etorkizun hobea irudikatzeari, kezkak gainezka eginda”. Horretarako, irudimen kolektiboa eta alternatiba errealak lantzea funtsezko ikusten da.
Desazkunde turistikoaren aldeko mugimendua ez da “turismoaren aurkako mugimendua”, bizi dugun sistema ekonomiko, sozial eta ekologikoaren diagnostiko zorrotza eta alternatiba eraikitzaile baten aldeko apustua baizik. Solasaldian azaldutako ideiek erakusten dute beharrezkoa dela hainbat galdera potolori erantzutea: zer bizitza nahi dugu? Zer ekonomia? Zer hiri? Zer denbora? Azken batean, hau ez da diskurtso teoriko hutsa: norbanakoaren, komunitatearen eta planetaren biziraupenerako funtsezko hautuak dira.
Topaketari amaiera emateko, ekintza deigarria egin zen Bartzelonako Sagrada Família katedralaren inguruan, hiriko eremu turistifikatuenetako batean. Ekintza igande eguerdian izan zen, eta helburu zuen ekainaren 15erako Europa Hegoalde osoan deituta dagoen mobilizazio eguna iragartzea. Bi solairuko autobus turistiko bat igarotzen ari zen katedral paretik, eta aktibista talde batek geldiarazi egin zuen: batzuk lurrean eseri ziren, pankarta handi batekin aurrealdea estaliz, eta urezko pistolekin ibilgailua busti zuten. Ekintza sinbolikoa izan zen: iaz Bartzelonan egindako manifestazio erraldoian pertsona batzuek turista batzuk bustitzea kriminalizatu eta irmoki gaitzetsi baitzuen prentsak. Oraingoan, ikurra berreskuratu nahi izan zuten, umorez eta irudimenez, herri mugimenduak bere borroka moldeak eta narratiba definitzeko saiakera gisa.
Bertan engaiatuta dauden ekintzaileentzat, turistifikazioaren aurkako borroka ez da turismoaren aurkakoa, ez da bisitariak gaitzesteko kanpaina, ezta hirien iraganarekiko nostalgiaren espresioa ere. Beste gizarte eredu eta beste bizimodu baten aldeko lana da: espazio partekatuen aldekoa, bizilagunengan oinarritutako hiri eta lurralde ereduen aldekoa. Horregatik, ez da leku bakanetan gertatzen, Europa Hegoaldeko lurraldeetan eta munduko beste hamaika gunetan hedatzen ari den mugimendu sarea da, estutzen doana, elkarrengandik ikasten duena, eta aldi berean, nork bere tokian eragiten duena.
Bartzelonako topaketan bildutakoek argi utzi zuten: hiriak ez dira produktuak; ez dira inbertsiogileen jabetzak; ez dira esperientzia turistikoen atrezzoa. Hiriak eta herriak komunitateek eraikitzen dituzte, fisikoki eta sinbolikoki. Komunitateen eskubidea da bizitoki egokia izatea eta horregatik dihardute lurraldeak turistifikazio basatitik defendatzen, eta horri lotuta, inposatzen zaizkien bizi eredu jasangaitzak zalantzan jartzen. Ez da auzi sektoriala. Ez da hirigintza soilik, ez da etxebizitza soilik, ez da ingurumena soilik. Guztiez ari da, eta eredu osoa jartzen du auzitan. Kontsumoaren kultura, kapitalaren metaketa, irabazi pribatuaren logika eta abar dira gure hiri eta bizitzen desorekaren eragile.
Turismoaren hazkunde mugagabeak baliabide komunak pribatizatzen ditu, eta horrek lan prekarioa, desplazamendu soziala eta ingurumen kalteak eragiten ditu
Konbentzimendu orokor bat ere agerikoa zen bildutakoen artean: badaude alternatibak. Ez sinpleak, ez beti argiak, ez beti errazak. Beste turismo eredu batzuk posible diren? Ikusi beharko da, asmatu beharko dira, probak egin beharko dira. Baina beste bizi eredu batzuk posible direla sinesten duten pertsonak, kolektiboak eta mugimenduak badirela ziurra da. Eta horiek dira sare hau osatzen dutenak. Ausardia kolektiboa sumatzen zen topaketako giroan, eta topaketak berretsi zuen oinarri-oinarrizkoa dela elkarrekin aritzea, isolamendua gainditzea.
Ekainaren 15ean, Europa Hegoaldeko hiri eta lurraldeetan mobilizazioak izango dira berriz, baita Euskal Herrian ere. Auzi unibertsal baten tokiko adierazpena izatearen kontzientzia inoiz baino handiagoa izango da, ziurrenik. Deialdi horiek interpelatuta senti gaitezen, ez da beharrezkoa Airbnb batek etxetik kanporatu izana, girien tabernak lo egiten ez uztea edo zin egitea gure herritik ez garela irtengo. Gure hiriak, gure lurraldea eta gure bizimoduak defendatzeko deialdiak dira, baina baita zintzotasunez eta itxaropenetik bestelako ereduak pentsatzeko gonbidapenak ere.
Topaketa Can Batllóko Bloc4 gunean egin zen, Bartzelonako La Bordeta auzoko espazio komunitario eta autogestionatuan. Can Batlló, 2011tik auzotarren ekimenez berreskuratutako antzinako oihalgintza lantegia, auzolanaren adibide da, eta gaur egun hainbat proiektu sozial eta kultural eraldatzaile hartzen ditu bere barnean. Bloc4 eraikina elkarlanean kudeatzen dute Bartzelonako Udalak, Kataluniako Generalitateak eta ekonomia sozial eraldatzailearen mugimenduak. 60 proiektu baino gehiago garatzen dira bertan: agroekologia, zaintza, energia berriztagarriak eta kultura arlokoak, besteak beste. Espazioa erosoa, argitsua eta koloretsua zen, eta bere egitura malguari esker, jarduera ezberdinetara egokitzeko aukera ematen zuen. Hormetan turistifikazioaren aurkako pankartak ikus zitezkeen, tartean euskarazkoak, baita Palestinako bandera bat ere. Saioen arteko atsedenaldietan, kolektiboek beren argitalpen eta materialekin osatutako azoka txikian lasai kuxkuxeatzeko aukera zuten parte hartzaileek.
SET sarea osatzen duten lurralde eta eragile asko elkartu ziren bertan: Bilbo (Bilbo Bihotzean eta SOS Alde Zaharra), Kanariak (Asamblea por el Reparto de la Riqueza), Kantabria (Cantabria No Se Vende), Donostia (Bizilagunekin), Eivissa (Canviem el Rumb Eivissa i Formentera), Genova, Iruñea (AZ Sare Komunitarioa), Lisboa (Movimento Referendo pela Habitação), Mallorca (Menys Turisme Més Vida), Marseilla (Stop Croisières Marseille), Napoli (SET Napoli), Palermo (APRO), Venezia (OCIO), Pirinioak (Pirineu viu), Tarragona (Stop Creuers) eta Bartzelona (ABDT), besteak beste.
Hizkuntza aniztasunak kolorea ematen zion giroari. Harreman informalak etengabeko hizkuntza-kudeaketa ariketak ziren. Eta ez-hitzezko komunikazioak denetariko formak hartzen zituen. Gune formalei dagokienez, gaztelania eta italierak jokatu zuten lingua franca gisa. Antolakuntzak bi hizkuntza horietatik eta horietara aldibereko interpretazioa bermatu zuen.
Giroa topaketaren arrakastaren seinale izan zen hasieratik: elkarrenganako interesa eta topo egiteagatiko ilusioa nabarmenak ziren. Batzuk aspaldiko ezagunak ziren, urtetan online harremanetan ibili ostean elkar agurtu zutenak; beste batzuek beren burua eta ingurukoak aurkeztuz hasi zituzten elkarrizketak. Talde handiak, txikiak eta diskrezioz eta isilean zebiltzan pertsonak nahasten ziren. Bartzelonako Desazkunde Turistikoaren Aldeko Auzoen Asanbladako (ABDT) antolatzaileek ardura eta lan-karga handienak hartu zituzten, eta kanpotik joandakoek, ahal zuten heinean lagunduz, babesa emanez eta parte-hartuz egin zuten ekarpena.
Ekimen honekin tonu alai eta ironikoan salatu nahi dute aldaketa klimatikoa eta turistifikazioa elkar elikatzen ari direla, eta horrek "gure hiria eta lurraldea merkatuaren logikaren esku uzten" dituela.
Espainiako Gizarte Eskubide eta Kontsumo Sailak enpresari eskatu zion Espainiako Estatu osoan 65.935 etxebizitzaren iragarkiak webgunetik kentzeko, araudia betetzen ez zutela egotzita. Airbnbk helegitea aurkeztu zuen, Madrilgo Auzitegi nagusiak arrazoia eman dio gobernuari,... [+]
Kapitalismoaren lekuan lekuko eta garaian garaiko egoerara moldatzeko gaitasuna harrigarria egiten zait batzuetan. Espero ez duzun tokian azaltzen dira antzekotasunak, eta hara non, bat-batean konturatzen zara munstroak Mallorcan hartzen duen itxura ez dagoela etxean bertan bizi... [+]
Uztailean argitaratuko da behin betiko Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta Hego Euskal Herriko lehen hiriburua da izendapena lortzen.
Duela urtebete eskas Espainiako aireportuen sarea kudeatzen duen AENA enpresa publikoak iragarri zuen Loiuko aireportuko terminala handitu nahi duela. 2024an 7 milioi bidaiariren langatik gertu gelditu zen eta, handitzeak aurrera eginez gero, 2030. urtetik aurrera 13-14 milioi... [+]
Manifestazioaren iragarpena Turistifikazioaren aurkako Europa Hegoaldeko sareak (SET) Bartzelonan antolatutako topaketen harira egin dute. "Turismo-monolaborantzaren aurka" deitu dute eta Europa Hegoaldeko hamabost eragile inguru batu zaizkie.
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.
Abenduan ezagutarazi ziren Espainia, Maroko eta Portugalen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketako egoitzak. Donostia eta Bilbo zerrendan ageri ziren. Donostiako sei auzo elkartek, gutun bidez, FIFAri eskatu diote atzera botatzeko hiriaren egoitza izendapena; FIFA bera ere... [+]
2020. urteko udaberrian lorategigintzak eta ortugintzak hartutako balioa gogoan, aisialdi aktibitate eta ingurune naturalarekin lotura gisa. Terraza eta etxeko loreontzietan hasitako ekintzak hiriko ortuen nekazaritzan jarraitu du, behin itxialdia bareturik. Historian zehar... [+]
Tasa edo zerga turistikoaren eztabaida urtetan luzatzen ari da, erakunde publikoetan ordezkaritza duten indar politikoen artean zabala den arren ezarri beharraren gaineko adostasuna. Eztabaidetako bat da zerga hori zein erakundek kobratuko duen: zenbait udalek (tartean... [+]
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]
Plan berriak Baztango bailara lau zonalde historikoetan bereiztea proposatzen du. Ostatu turistiko berriak irekitzeko araudia ere hartuko du bere gain, definitutako hiri iraunkortasun adierazleen araberakoa izango dena.
EHGAMek Axel hotelaren irregulartasunei jarritako helegitearen inguruko isiltasun administratiboaren ondoren, hotelaren itxiera eskatzen du eta hainbat eragileekin batera prentsaurrekoa eman dute.