Milioi erdi pertsonarengana iritsiko dira herrietako galdeketak

Erabakitzeko eskubidearen jauzi erraldoia

  • Datorren maiatzaren 7an 50 herritako 285.000 herritarrek Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko aukera izango dute. Edo zehatzago esanda, zer nahi duten bozkatzeko aukera: euskal errepublika, independentzia, Espainian jarraitzea…Erabakitzeko eskubideaz egin den inoizko kontsulta handienaren aurrean gaude.

Xabier Letona @xletona
2017ko maiatzak 07

Orain arteko galdeketetan 301.245 lagunek izan dute beren botoa emateko aukera eta horietatik ia %28k eman du berea, 83.350 pertsonak (%95ek) Espainiatik bereiztea bozkatu dute eta %3k bertan jarraitzea. Datorren igandeko galdeketekin, beraz, ia milioi erdi herritarrek erabaki eskubideaz bozkatu ahal izango dute Gure Esku Dagok (GED) antolatutako kontsultetan. Ez dira ofizialak, jakina denez, baina borondate politikoa adierazten dute, eta hori da edozelako izaera konstituziogileren oinarria.

2013an sortutako erakunde honek argi du gaur gaurkoz euskal instituzioek ezin badute halakorik galdetu, beraiek egingo dutela lan hori, noizbait instituzioek egin dezaten, hori baita GEDen benetako helburua. Edozein modutan, ohiko hauteskunde prozesuak alde batera utzita, euskal gizartean izan den mobilizazio jarraitu handienetako baten aurrean gaude, eta hori oso kontuan hartu beharko dute erabaki eskubidearen aldeko zein kontrakoek. Are gehiago Katalunian bizitzen ari den egoerarekin.

Autogobernu lantaldea

Autodeterminazioa, independentzia edo euskal herritarrek erabakitzeari buruzko hainbat ekimen abiatu dira azken hamarkadatan euskal gizartean eta bidean geratu ere bai. Batek ere ez du lortu oraingoaren adinako herritarren inplikaziorik.

Eta hala ere, Gure Esku Dago ez da garaiotako ezaugarri indartsuenetakoa den ziurgabetasunetik libratzen: Zertarako? Unea ote da? Ba al da behar adinako indarrik? Nortzuk? Nola? Giltzarri diren uneetako ohiko galderak dira.

Besteak beste, GEDek lortu du 2.000 pertsona lanean jartzea bere taldeetan, hainbat joera politikoetako pertsonak biltzea ere bai, elkartearen esanetan. Asko da. 2016ko giza kate arrakastatsuaren muinean aldarrikapena festa giroan egin zen, ildo beretik jarraitu nahi izan zen estadioetako ekitaldiarekin, baina ez zen guztiz asmatu eta ez zuen horren zapore onik utzi. Galdeketen olatuek bestelako arrastoa uzten ari dira, besteak beste aldarrikatzetik gauzatzera egin delako.

Ekainaren 10ean GEDek giltzarritzat jotzen duen Herritarren Ituna aurkeztuko du, indar subiranisten gizarte proiekzioan jauzi garrantzitsu bat eman asmoz. Datorren urtean olatuekin jarraituko da eta ura hiriburuetara iritsiko da lehenbiziz. Guztiarekin, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean jorratzen ari den autogobernu batzordearen edukian eragin nahi du modu erabakigarrian: onartzen den testuak bildu dezala bere baitan erabaki eskubidea.

Eta ez da zalantzarik une klabea bizi daitekeela autogobernuaren esparruan, Eusko Legebiltzarra Gernikako Estatutuaren erreformaz ari delako eta hori Madrilera eraman dezakeelako gutxieneko adostasunak erdiesten badira. Gutxieneko adostasunak noren artean eta zertarako? Horra hor zalantzaren muinak. Besteak beste, EAJk aukeren artean aipatu du Madrilera eraman aurretik testua EAEn kontsultara eramatea, horrela Madrilek euskal gizarteak zer nahi duen jakingo lukeelako.

Konfiantza eza

EAEko esparru instituzionalean gertatzen ari denarekin, alabaina, euskal gizarteko hainbat sektore sozial eta subiranista uzkur ageri da jeltzaleen jarrerarekin. Azken asteetako ELAren eta EAJren arteko hika-mika gogorrak dira horren erakusgarri. Joxe Elorrieta sindikatuko idazkari nagusi ohiak ere argi adierazi du bere azken liburuan: EAJk orain ez badu prozesu subiranistarik nahi, zergatik tematzen dira besteak horretan? ELAk ez du indar harremanik ikusten horretarako eta ezkerreko indar subiranisten aliantza proposatzen du erabaki eskubidea eta eguneroko borroka sozialak aurrera ateratzeko, aurrera begira uneren batean indar kontserbadoreagoak behartuko dituelakoan, batez ere EAJ.

Lasarte-Orian erabakitzeko eskubidearen alde egindako mobilizazioa. (Arg.: Gure Esku Dago)

Jeltzaleak eraso sozialean eta Madrilekiko bilateraltasunaren eskeman ikusita, ELAri gaitza iruditzen zaio baldintza horietan burujabetza metaketarik egitea. Funtsean, Eusko Legebiltzarreko 75-57 erabaki eskubidearen aldeko gehiengo teorikoa espejismo bat iruditzen zaio, are gehiago Eusko Jaurlaritzako legealdiko lehen aurrekontuei begira EAJk, PSEk eta PPk lortutako akordioaren ondoren. 2016ko azaroan jada, Manu Robles Arangiz ELAren fundazioko lehendakari Xabi Anzak galdera zorrotzak jaurti zituen bere blogean: “Nork emango dio albiste txarra unibertso abertzaleari? ¿Nork esango dio behingoz batuketa abertzalea ezin dela izan estrategia subiranistaren abiapuntu?”.

GEDek zailtasun gehiago ere baditu, EAJren sektorerik subiranistena samurrago hurbiltzen zaio, baina alderdian nagusi dena erakartzea gehiago kostatzen zaio, eta horretan sakondu behar du Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkulluren erabakietan eragin ahal izateko. Bistan da, zenbat eta herritar gehiago –tartean jeltzaleak–, eragina handiagoa izango da.

Antolaketarako indarra sumatzen da euskal gizartean, zeresanik ez prozesu subiranistari eragiten dion halako gai batean. Baina bistan da konfiantzarik ez den lekuan gaitza dela konplizitateak eraikitzea, edozelako indar metaketan ezinbestekoa den osagaia, izan nazio eraikuntzaren alorrean, izan burujabetza sozialaren esparruan.

ARGIAren zenbaki honetan doa, eta artikulu honekin batera, EHUko irakasle eta Gure Esku Dagoko idazkaritzako kide den Mario Zubiagaren elkarrizketa


Erabakitzeko eskubidea kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-18 | Xalba Ramirez
Barne eztabaida abian jarri du ETAk, erabakitze eskubidearen aldeko indar metaketa errazteko asmoz

Atzera begira jarriko da ETA, aurrera begirako “erabakitzeko eskubidea egikaritzea ekarriko duen indar metaketa errazteko”.


2017-09-16 | Dani Blanco
ARGAZKIAK: Milaka lagun Bilbon Gure Esku Dagok deituta

Milaka lagun bildu dira Bilbon Gure Esku Dagok deituta, Kataluniako erreferendumari babesa adierazteko eta antzeko prozesu bat Euskal Herrian abiatzeko eskatuz. “Denon bultzadarekin, urriaren 1ean demokraziak irabazi behar du!”, adierazi du Anjel Oiarbidek kataluniarrekiko elkartasunez amaierako hitzartzean. Dani Blancoren argazkiak.


2017-09-16 | Lander Arbelaitz
Kataluniako erreferenduma babestu eta Euskal Herrian ere pausoak emateko eskatu dute Bilbon

Milaka lagun bildu dira Bilbon Gure Esku Dagok deituta, Kataluniako erreferendumari babesa adierazteko eta antzeko prozesu bat Euskal Herrian abiatzeko eskatuz. “Denon bultzadarekin, urriaren 1ean demokraziak irabazi behar du!”, adierazi du Anjel Oiarbidek kataluniarrekiko elkartasunez amaierako hitzartzean. Manifestazioan nagusi izan dira “independentzia” eta “votarem” aldarriak.


2017-09-15 | Xabier Letona
155. artikulua indarrean da

Pasatu dugu hainbat hilabete miatzen ea Madrilek nola jarriko zuen indarrean 155. artikulua eta errepresioaren dantza hasi denerako, ohartu gara indarrean dela.


2017-09-13 | ARGIA
Gure Esku Dagoren bideoa larunbateko manifestaziora dei eginez

Larunbatean Kataluniako galdeketari babes emanez manifestazioa antolatu du Gure Esku Dago plataformak. Bideoa argitaratu dute deialdia indartu asmoz.


2017-09-08 | Xalba Ramirez
Aske izateko baimenik ez dela eskatu behar aldarrikatuko du Ernaik, Kataluniaren alde

“Baimenik ez aske izateko” leloa erabiliko du Ernaik irailaren 28ra bitarteko kanpainan Kataluniako autodeterminazio prozesuarekin elkartasunean. Gure Esku Dagok ere babesa adieraziko die katalanei irailaren 16an Bilbon.


2017-08-30 | Hiruka .eus
Kataluniako erreferenduma babesteko sinadurak biltzen ari dira EHUko hainbat irakasle

EHUko irakasle talde bat eta euskal gehiengo sindikala urriaren 1ean Katalunian egitekoa den erreferendumarekiko elkartasun-adierazpena bultzatzen dabiltza.


2017-07-26 | Lander Arbelaitz
Kataluniako erreferenduma babesteko manifestazioa deitu du Gure Esku Dagok

Manifestazioa deitu du Gure Esku Dago mugimenduak irailaren 16rako Bilbon, asteazkenean egindako prentsaurrekoan jakitera eman dutenez. Beren hitzetan, "katalanen ahaleginak merezi du une honetan euskal herritarron babesa, bultzada eta beroa; orain, inoiz baino gehiago".


2017-06-22 | Gure Esku Dago
Erabakitzeko prest gaude
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

Gure Esku Dagok ekainaren 10ean Bilbon antolatu zuen ekimenaren laburpena.


2017-06-19 | Xalba Ramirez
Nafarroako 24 herritan %28,73k bozkatu du Gure Esku Dagoren galdeketetan

Igandean Bortziriak, Imotz-Basaburua, Sakana eta Mendialdeko 24 herritan 27.095 herritarrek izan dute botoa emateko aukera, eta horietatik 7.781ek eman dute.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude