Eztenak kendutakoa, eztenaz osatu

  • Coupvray (Frantzia), 1809ko urtarrilaren 4a. Louis Braille jaio zen Paris inguruko herrixkan. Hiru urte zituela, aitaren lantegian jolasean, larrua lantzeko ezten edo puntzoi batekin begi bat zauritu zuen. Zauria gaiztotu eta infekzioak beste begia hartu zion handik aste batzuetara. Azkenean, haurrak infekzioa gainditu zuen, baina ikusmena betiko galdu zuen bi begietan.

Louis Braillek itsuek idazteko eta irakurtzeko sistema bat asmatu zuen, soldaduek erabili ohi zuten kode batean oinarrituta. Baina sistema ez zen Braille hil eta gero arte zabalduko.
Louis Braillek itsuek idazteko eta irakurtzeko sistema bat asmatu zuen, soldaduek erabili ohi zuten kode batean oinarrituta. Baina sistema ez zen Braille hil eta gero arte zabalduko.

Mutikoaren jakinminak eta gurasoen jarrera egokiak bultzatuta, Louis Braille Parisko Gazte Itsuentzako Institutu Nazionalean onartu zuten hamar urterekin. Eskola aitzindaria izanagatik, metodoak ez ziren oso berritzaileak eta, nagusiki, irakasleak ahoz komunikatzen ziren ikasleekin. Valentin Haüy eskolaren sortzaileak asmatutako sistemaren bidez irakurtzen ere irakasten zieten. Haüyren liburuak latindar alfabetoan eta erliebean zeuden idatzita. Garestiak, astunak, urriak eta irakurtzen zailak ziren eta, halabeharrez, informazio gutxi jasotzen zuten. Sistemaren muga nagusia zen begien hizkuntza erabiltzen zuela hatzentzat.

Eskolan zeuden hamalau liburuak behin eta berriro irakurri ondoren, Braillek ukimenaren bidez irakurtzeko –eta, zergatik ez, idazteko– sistema berria nahi zuen. Hala, hamabi urte zituela Charles Barbier kapitainaren berri izan zuen. Batzuek diote lagun batek irakurri zion artikulu batean izan zuela haren berri; beste batzuen arabera, Barbier bera hurbildu zen eskolara, gerran ilunpean komunikatzeko erabiltzen zuten sistema azaltzera. Hamabi puntuz eta marratxoz osatutako kodea erabiltzen omen zuten, Paper lodian markatzen zituzten zeinuak eta soldaduek, gudu-zelaian, hatzez irakur zitzaketen mezuak, ilunpean eta isil-isilik.

Hamabost urte betetzerako, Braillek soldaduen sistema egokitua eta hobetua zeukan. Irakurtzen zailak ziren marratxoak kendu zituen, kodea sei erliebedun puntutara mugatu zuen eta letrak zuzen eta bereiz idazteko eta irakurtzeko eredua sortu zuen. Idazteko eztena erabiltzen zuen, haurtzaroan itsutu zuen tresna bera.

1852an hil artean, Louis Braille Itsuentzako Institutuan aritu zen irakasle. Baina sekula ez zioten aukerarik eman bere sistema erabiltzeko.


ASTEKARIA
2017ko apirilaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude