Moha Gerehou

"Arrazakeria jasan dugunok lideratu behar dugu borroka hau, ez ezkerreko zuriek"

  • Unibertsitatera bidean zihoala beltza izateagatik poliziak identifikatuarazi zuenean erabaki zuen aktibista bihurtzea. Garai nahasiotan, faxistak txoriburutzat hartu eta gutxietsi izana akatsa dela uste du, eta eskuinaren zartakoei erantzuten aritzea baino, herritarrak benetan kontzientziatzea lortuko duen diskurtso propioa garatzea dela bidea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2017ko otsailaren 26a
"Gizartean onartzen ez dena ez litzateke futbol-zelaian onartu behar". Argazkiak: Dani Blanco

24 urterekin, Madrilgo SOS Arrazakeria elkarteak inoiz izan duen presidente gazteena da. 80ko hamarkadan Gambiatik Aragoira migratu zuten bere gurasoek, Huescan jaio zen bera eta Madrilen bizi da egun. Eldiario.es-en dabil kazetari eta egunkariko aurkezpen orrian dioenez, “berdin dio zein gai jorratzen duzun, pertsonen ikuspegia da inportanteena, gero dator gainerako guztia”.

"Ematen den mezua da hutsaren truk ateratzen dela norbaiti bere azal koloreagatik denetik esatea, eta inpunitate horrek diskurtso arrazista legitimatzen du"

Esklabo gisa enkantean jarri zaituzte eta heriotza mehatxuak ere jaso dituzu sare sozialetan.

Kasurik larrienak dira horiek, baina nire egunerokoan etengabe iraintzen naute: “Itzuli zure herrialdera”, “isildu zaitez, beltz puta”… Azkenean ohitu egiten zara eta jada erantzun ere ez diet egiten. Mehatxuak bai, salatu egin nituen, baina justizia ez dago arrazakeriari aurre egiteko prestatuta. Indarkeria matxistari aurre egiteko epaitegi espezializatuak, araudi espezifikoa edota telefono zuzenak dauden moduan, arrazakeriaren kasuan ere abiapuntu hori beharko genuke. Arrazakeriaren biktimak sarri ez daki gorroto delituen fiskaltza dagoenik ere, oso erakunde marjinala da, eta askotan epailearen kontzientziazio mailaren esku geratzen da zigortzea edo ez, baina ez luke horrela izan behar: araudi garbia behar genuke, ekintza jakinek automatikoki epai zehatza izan dezaten. Irain eta mehatxu arrazistak sistematikoak dira eta gehientsuenak artxibatu egiten dira: gizarteari ematen zaion mezua da hutsaren truk ateratzen dela norbaiti bere azal koloreagatik denetik esatea, eta inpunitate horrek diskurtso arrazista legitimatzea dakar.

Zuk zeuk artikulu batean zure buruari egiten diozun galdera egingo dizut: “Nola pertsegitu modu eraginkorrean gorroto delituak, adierazpen askatasuna mugatu gabe?”.

Dilema hori ziurrenik sare sozialetan islatzen da ongien: jendeak komentario arrazista, matxista, homofoboak idazten ditu eta gero adierazpen askatasuna dela dio. Baina zein punturaino da adierazpen askatasuna eta zein punturaino gorroto delitua? Gaizki aplikatu izanaren bi muturrak ditugu: César Strawberry Def con Dos taldeko abeslaria terrorismoaren biktimak iraintzea leporatuta epaitu zutenean, araudiaren gehiegizko aplikazioa egin zela uste dut, eta aldiz, gorroto delitu oso argiak adierazpen askatasuntzat hartu ditu justiziak. Inportantea da justiziak muga garbia zehaztea, hona arte adierazpen askatasuna da eta hemendik aurrera gorroto delitua, ez dadin egon epailearen kontzientziazio mailaren esku.

Arazoa da muga horren irizpideak zeinek eta zeren arabera jartzen dituen, ezta?

Hala da, arrisku handia dago interes jakinen arabera egiteko eta politizatzeko. Horregatik da garrantzitsua lege hauek egitea elkarte sozialen parte-hartzearekin. Esaterako, Diskriminazioaren Aurkako Legea horrela egin zen eta gutxieneko mekanismo batzuk bermatzeko balio izan zuen. Kontua da gero PP gobernura iritsi eta bertan behera utzi zuela legea.

Arrazakeria estrukturala dela irakurri dizut.

Ijitoa bazara poliziak zuri bati baino hamar aldiz gehiago geldituko zaitu kalean Espainiako Estatuan, beltza bazara zortzi aldiz gehiago, arabiarra bazara zazpi aldiz gehiago… Lagunak ditut poliziak 10-11 urterekin gelditu dituztenak dokumentazioa eskatzeko! Diskotekan sartzea ere debekatu izan didate; makina bat adibide jar ditzaket. Hedabideetan, erabiltzen ditugun espresioetan… arrazakeria asko dago, kontziente eta inkontzienteki. Baloreetan eta dibertsitatean formatu behar dugu jendea.

"Jendeak dio eskoletan aniztasuna dagoenez ez dela arrazakeriarik emango, baina elkarrekin egotea ez da nahikoa, atzean dibertsitate politikak ez badaude. Ama, arreba... ere baditugu, eta gure gizartea oso matxista da"

Justizia eraginkorraz gain, formazioa da orduan soluzioa?

Soluzioaren bi hanka funtsezko dira behintzat. Jendeak dio eskoletan gaur egun jatorri eta azal kolore anitzeko ikasleak daudela eta elkarrekin hezten badira ez dela arrazakeriarik emango, baina elkarrekin egote hutsa ez da nahikoa, atzean dibertsitate politikak ez badaude. Ama, arreba… ere baditugu, eta gure gizartea oso matxista da. Eskolan, kulturaniztasuna lantzeko ohiko jarduera bat da bakoitzak bere herrialdeko janariren bat eramatea, baina horrela ezberdintasunak azpimarratzen ari zara, eta interesgarriagoa litzateke Senegalgo jatorria duen ikasleak Bilboko janaria eramatea, Argentinakoak Errumaniakoa eta abar. Adibide txiki bat baino ez da, arlo honetan apenas egiten delako ezer ikastetxeetan. Ikasleei esaten zaie arrazakeria gaizki dagoela, baina kontzeptualki hitz egiten da, ez da azaltzen arrazakeria horren errealitatea.

Errefuxiatuen krisiak eta populismo xenofoboak hauspotuta, lotsagabeagoa bihurtu al da jarrera arrazista?

Aurreiritziak hor zeuden eta hor daude, baina azken boladan diskurtso horiek legitimatzeko modua aurkitu du jende batek. Migratzaileak bortxatzaileak dira, diru-laguntzetatik bizitzera datoz, guri lana kentzera zu langabezian zauden bitartean… Dena komeni bezala nahasten duten diskurtso horiek onarpena dutela ikusi dute politikariek, hortik etekina atera dezaketela, hein handi batean krisi ekonomikoak eraginda eta beste hein batean gizartearen aniztasuna handitu egin delako eta hainbatek mehatxutzat ikusten duelako aniztasun hori. Arazoa da areagotzen ari diren diskurtso horien aurrean ez dugula jakin alternatiba sendorik eraikitzen, tolerantzian, aniztasunean eta inklusioan oinarritua. Sarri, haien diskurtsoei erantzutea da erreakzioa, eta duela gutxi ikusi dugu nola Donald Trumpen erabakien aurrean lelo nagusietakoa Resist izan den, baina haiek zerbait egiten duten aldiro gu mobilizatzea daukagunari eusteko ez da bidea. Arrazakeria, homofobia, matxismoa… sufritzen duen jendea bilduko duen diskurtso alternatiboa eraikitzea falta zaigu. Borroka bakoitzak bere berezitasunak dituen arren, gauza asko partekatzen ditugu, eta denen artean gehiengo sozialari iritsiko zaion mezua garatu beharko genuke, ultraeskuineko mugimenduek ez ditzaten jarraitzaile gehiago lortu.

Artikulu batean diozunez, politikariek bakarrik ez, herritarrek ere erabiltzen dituzte antzeko diskurtsoak, politikoki ez-zuzena izateko eskubidea aldarrikatuz.

Bai, jende bat kexatzen entzuten duzu, gaur egun ezin dela politikoki ez-zuzena izan, bestela kolektibo kulturanitzak, feministak edota LGTB komunitatea gainera botatzen zaizkizula. Baina nik ulertzen dut gehiengoak duen iritziarekin bat ez datorren iritzia dela politikoki ez-zuzena, aldiz esatea emakumeek heriotza merezi dutela edo beltzak gaizkileak direla ez da politikoki ez-zuzena izatea, baizik matxista eta arrazista izatea. Ez da kasualitatea ez-zuzentasun politiko hori zapaltzaileek aldarrikatzea eta gainera euren burua biktimizatzea, maila berean jarriz halakoak botatzeko daukaten askatasuna eta kolektibo irainduek egiten duten tolerantziaren defentsa. Gai izan behar dugu horri buelta emateko, ikusarazteko ez direla biktimak, zapaltzaileak baizik.

Ohitu gara pentsatzera nazi ergel batzuk direla eta gure nagusitasun moraletik begiratzera, gure diskurtsoa hobea dela eta azaldu beharra ez dagoela sinetsita; ezkerreko jende batek duen arazoa da. Bitartean, diskurtso ultraeskuindarra hazten doa eta azkenean legitimatuta geratzen da gizartearen zati handi batentzat. Hor dugu Madrilgo Hogar Social [migratzaileen aurka gogor egiten duen mugimendu faxista]: “Hitlerren garaiko ideiak dituzten lau katu burugabe dira”, genioen, baina pixkanaka hazten joan dira, enplegu poltsa sortu dute, hedabideetan oihartzuna daukate, hurrengo urratsa izango da alderdi politiko bat sortzea… Prozesu hori guztia ikusten joan gara, eta ez dugu ezer egin, ez gara gai izan kontrako diskurtsoa eraikitzeko, akatsa izan da jende hori gutxiestea. Hogar Socialen azken manifestazioa ikustera joan nintzen eta bertan zeudenak nire dendaria edo gimnasioko monitorea izan zitezkeen, diskurtso hori sektore ultratik gizartearen esparru zabalagoetara iritsi delako.

"Ohitu gara pentsatzera nazi ergel batzuk direla, baina areagotzen ari diren mezu ultraeskuindarren aurrean ez dugu jakin alternatiba sendorik eraikitzen. Arrazakeria, homofobia, matxismoa... sufritzen duen jendea bilduko duen diskurtsoa eraikitzea falta zaigu"

Kritikoa zara zure buruarekin...

Geu gara errealitate hau askoz gehiago ikusarazteko lan egin behar dugunak. “Erru guztia PPrena da” esan nezake, baina zer egin dut nik errealitatea aldatzeko? Zer egin dut, PPk bereganatu duen espazio hori neureganatzeko? Gaizki dagoena identifikatzen badakigu, baina autokritikarik gabe, beti izango gara resist, beti izango gara boterean dagoenaren kontrapuntua.

Ezkerrarekin ere kritikoa zara eta hala islatu duzu Ezkerraren autokonplazentzia arrazakeriaren aurrean artikuluan.

Errefuxiatu eta migratzaileei buruzko hitzaldi sorta batera joan eta agian ez dago errefuxiaturik ez migratzailerik hizlarien artean. Parte hartuko dute arrazakeriaren inguruan ikerketaren bat egin duenak, gaiok jorratu dituen epaileren batek… eta arrazakeria sufritu duen jendeari espazio hauetan uzten zaion rol bakarra biktimarena da: jasan duen arrazakeriaren lekukotasuna emango du eta segidan hitza hartuko dute inguruko aditu zuriek, horri buruzko iritzia emateko eta soluzioak proposatzeko. Zergatik ez eskatu arrazakeria jasan eta errealitate hori bertatik bertara ezagutzen dutenei soluzioak proposatu ditzatela?

Historikoki, ezkerrak bere egin du nire ustez ez dagokion lidergoa, zuriek lideratu dute arrazakeriaren aurkako borroka, eta garai batean aitzakia izan zitekeen beltz gutxi zegoela, baina orain oso prestatuta dauden eta aktibistak diren latinoak, arabiarrak… soberan daude. Eta jende honi hitz egiteko eta proposamenak egiteko aukera ematen badiozu eta dituen trebeziak bistaratzen baditu, pixkanaka ikusgarritasuna irabazten joango da eta errazagoa izango du aldaketak eragiteko gaitasuna duten erakundeetara eta botereguneetara iritsi ahal izatea. Aldiz, pertsona horrek duen aukera bakarra baldin bada behin eta berriz biktima bezala bere kasua kontatzea, soilik biktima gisa irudikatzeaz gain, zein aldaketa eragin dezake?

Kuriosoa da, gogoan dut Madrilgo CIEko gertakarietan [Atzerritarrak Barneratzeko Zentroan zeuden hainbat migratzaile teilatura igo ziren, bertan jasaten duten tratu bidegabea salatzera] Podemoseko agintariek nola errepikatzen zuten aspalditik ari zirela CIEak ixteko borrokan. Gezurra, inoiz ez ditut CIEi buruz hitz egiten entzun, hori gertatu zen arte. Aukera ona zuten CIEa gertutik ezagutzen dutenekin talde bat sortzeko, barruan egon den jendearekin… parlamentura hitz egitera joan zitezen, soluzioak planteatzera. Horren ordez, eurak hartu zuten protagonismo guztia.

Funtzionatzeko modu horren ondorioz ere pisu handia izan du alde instituzionalak eta pisu txikia alde sozialak. Aldarrikapen asko erakundeei egiten zaizkie, Europar Batasunari, Espainiako Gobernuari… baina erakundeetan ditugun ordezkariek ez dute gaiarekiko sentsibilitaterik. Aldiz, instituzioetara hainbeste begiratu ordez daukagun errealitate sozial anitzari erreparatu beharko genioke, borroka kalean egin eta indarrak bateratu, zenbat eta jende gehiago kontzientziatu orduan eta handiagoa izango baita instituzioei egin ahalko zaien presioa, behetik gora.

"Uzten zaigun rol bakarra biktimarena da: jasandako arrazakeriaren lekukotasuna eman eta segidan hitza hartuko dute aditu zuriek, iritzia eta soluzioak emateko"

Borroka honetan, zein da zurion lekua? Nafarroan, Elhadi Ndya senegaldarra poliziaren esku zegoen bitartean hil zela-eta, kasua argitzeko manifestazioa egin zuten eta apenas zegoen zuririk parte-hartzaileen artean…

Beste era batera ere ikus daiteke: ikusgarritasuna eta kalea beltzek hartu zuten, zuzenean eragiten dien egoera bat salatzeko. Adibide bat jarriko dizut: Madrilen Afro Espazioa dago, eta bertan pertsona afroek hitz egiten dugu, guri eragiten diguten kontuez. Indarkeria matxistaren kalteez hitz egiteko espazio bat baldin badago, logikoa iruditzen zait emakumeek hitza hartzea eta nire ekarpena, gizon bezala, entzutea izatea. Nafarroan bat-batean migratuek hartu dute lidergoa eta beharbada zuri batzuk baztertuak sentitu dira, baina borroka birpentsatzea da gakoa, kolektiboari babesa ematea da orain dagokiena.

Futbolean dagoen arrazakeriaz ere idatzi izan duzu, jokalari beltzak iraintzeko tximuarena egiteko ohitura tarteko. Jarrera matxista eta homofobo ugari ere ikusten da harmailetan. Bereziki matxitoa eta atzerakoia al da futbol mundua? Gizartearen isla okerrena?

Duela gutxi emakume arbitro bat iraindu du ikusle batek eta ondoren eman duen arrazoia izan da etxean ezin duela emaztea iraindu. Badirudi futbol estadioan legitimatuta zaudela egunerokoan eta bestelako eremuetan esan eta egingo ez zenukeena egiteko. Publikoak ateratako kartel matxista eta arrazisten adibideak asko dira, baina ez da neurririk hartzen. Eta kirolariekin ere kritikoa naiz, ematen duelako ezin dutela ideia politikorik eduki. Harmailetatik zelaira platano bat bota zutenean, Neymarrek salaketa modukoa abiatu zuen sare sozialetan, platano bat jaten, baina urte hauetan guztietan ez dugu arrazakeriaren kontrako jarrera tinkoagorik ezagutu futbolarien artean eta lotsagarria iruditzen zait; NBAn jokalariek segituan egiten dituzte adierazpen kritikoak, arrazakeri kutsu txikiena ematen bada, edo aho bilorik gabe hitz egiten dute Trumpen migrazio politikaren aurka. Hemen aldiz, jokoaren parte balitz bezala tratatzen dute dena, baina ez da gauza bera jokalariari publikotik “herrena” deitzea edo “beltz puta” deitzea. Halako zerbait gertatzen den bakoitzean zelaitik aterako dela esan dezake jokalariak; ezer egiten ez badu, idolotzat duten haurrek pentsatuko dute futbola horrelakoa dela. Eta ez, gizartean onartzen ez dena ez litzateke futbol-zelaian onartu behar.

Zapalduak diren kolektiboek diskurtso bateratua behar dutela diozu. Borroken arteko aliantza gehiago behar dira?

Diskriminazioak kaltetutako kolektiboak oinarri batzuen inguruan elkartu eta indarrak batuz aurrerapausoak lor ditzakegu, eta gero mugimendu bakoitzak bere berezitasunetatik egin dezake borroka. Arrazoi bategatik edo besteagatik asko gara diskriminatuak eta ongi antolatuta gehiengo soziala lor dezakegu. Trumpen kontrako Emakumeen Martxetan, borrokaren ardatza emakumeak izan arren homofobia, xenofobia eta bestelako zapalkuntzak salatzera ere atera zen jendea, kolektibo ezberdinek elkar babestu zuten eta Trumpen aurkako borrokak lortu du borroka asko bakarrean artikulatzea. Intersekzionalitatea bideratzeko eta mugimenduak elkartzeko gaitasuna badagoela ikusi dugu.

AZKEN HITZA: Hedabideak

“Gizartean beltz profil jakin bat zabaltzen lagundu dute hedabideek: albisteetan, migrazioari, kirolari, musikari edota delinkuentziari lotuta aurkituko dituzu beti. Eta azkenean jendeak ikusten zaitu eta pentsatzen du edo saskibaloian jokatzen dakizula, edo pateran etorri zarela, edo poltsa ondo heltzen du lapurtuko diozulakoan. Non daude hedabideetan mediku beltzak edo beste edozein arloko aditu beltzak, arlo horri buruz hitz egiten?”.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Arrazakeria kanaletik interesatuko zaizu...
Migratzaileen Mbolo proiektua Bilbon
"Ez gaituztenez kontratatzen, kooperatiba sortzera goaz"

Duela hiru hilabete ezagutu genituen Khadim, Baba eta Bouba. Eskakizun guztiak betez Bilbon kale-saltzaile aritu arren, administrazioak legea gogortu eta berriro paperik gabe utzi nahi zituela kontatu ziguten. Hiru hilabete geroago, Khadim Frantziara joana da, etorkizun hobearen bila, eta Baba eta Bouba garbitzaile kooperatiba ari dira antolatzen beste hainbat migratzailerekin batera, kale salmenta uzteko asmoz. Bitarte horretan, “Inor ez da ilegala” kamiseta ere sortu dugu... [+]


2018-06-21 | Arabako Alea
Gasteizko Alde Zaharreko lagun baten atxiloketa salatu dute

Agiririk ez zuelako, Gasteizko Alde Zaharreko auzokide bat atxilotu zuten udaltzainek ekainaren 10ean.


2018-06-19 | Nahia Ibarzabal
Italiako ijitoen errolda egin nahi du Salvinik, bertan jaio ez direnak botatzeko

Matteo Salvini Italiako barne ministroak, herrialdeko ijitoak erroldatzea proposatu du bertan jaio gabeak kanporatzeko, eldiario.es-en irakur daitekeenez.


2018-06-14 | ARGIA
Eraso arrazista Italiako etorkinen harrera zentro batean

Armak zeramatzaten bi italiarrek burutu dute erasoa Sulmonako Asp Casa Santa dell’Anunziata harrera zentroan. Zaurituak eragin dituzte.


Elaine Brown
"Presoek eta preso ohiek dute potentzialik handiena iraultzaren abangoardia izateko"

Elaine Brown elkarrizketatu dugu Bartzelonan, Literal Liburu eta Ideia Erradikalen Azokan. 1974-77 bitartean Pantera Beltzen Alderdiko presidente izandakoak gaztetan bezain irmo jarraitzen du, hitzak ez baizik ekintzak behar direla aldarrikatzen.


2018-05-22 | Amaia Lekunberri
Adin txikiko migratuen babesgabetasuna diskurtso arrazisten abiapuntu

Astelehenean publiko egin duen “Bakarretan bakarrak” txostenaren bitartez adineko inoren laguntza barik migratzea erabakitzen duten adin txikikoen egoeraren berri eman du  Save The Children-ek. “Europar ametsa” bilatu asmoz, zeharo zaurgarri egiten dituen babesgabetasun egoeran ekiten diote hainbat eta hainbat adin txikikok sarri urteak irauten dituen baldintza gogorreko ibilbideari.


Kolore bizia, faxismoa ezkutatzeko?

Gauza batek arreta deitu dit ETBk gazteentzako saio batean egin duen Negu Gorriaken Kolore bizia kantaren bertsioan: abestiaren letra zikiratu dutela, Lucrecia Pérez eta haren hiltzaileak aipatzen dituena, hain zuzen.


"Amets erradikal bat dut"

Washington (AEB), 1963ko abuztuaren 28a. Martin Luther Kingek Amets bat dut hitzaldi ezaguna bota zuen. Hitzaldi horretan oinarritzen da edo, hobe esanda, hitzaldi horretara mugatzen dute gehienek hark utzitako ondarea.


Bilboko kale-saltzaileak
"Proiektu sendoa daukagu, ongi ari gara, eta zergatik eskatzen digute bete ezin duguna?"

Baldintza guztiak bete dituzu herritar legal bihurtzeko (kontzeptua bera gogorra da), autonomo gisa kotizatzen zabiltza kale-saltzaile, eta bat-batean administrazioak esaten dizu irabazi dezakezuna baino gehiago kotizatzen ez baduzu, berriz ere paperik gabe utziko zaituela, berriz ere poliziaren aurrean ihes egitera kondenatuko, Afrikara itzularaziko. Horixe egin berri dute Senegaletik migratu zuten kale-saltzaileekin. Bilbon bizi diren horietako hirurekin hitz egin dugu.


2018-04-04 | ARGIA
Arrazakeriaren kontrako mezuak jarri dituzte ume beltz batek erasoa jasan zuen Bilboko parkean

Sarean asko zabaldu da Bilboko parke batean gertatutako eraso arrazistaren bideoa. Gertaera horren aurkako mezuak jarri dituzte erasoa gertatu zen parkean.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude