Utikan hormak ikasgeletatik

  • Ikasgela itxien ordez paretarik gabeko espazio irekiak bagenitu? Ikasmahai deserosoen ordez, aulki mugikorrak eta sofak? Giro hermetikoaren partez, kanpoko argia? Helburu hezitzaileek bultzatuta, gero eta ikastetxe gehiago ari dira arkitektonikoki eraldatzen. Maria Acaso irakasleak garbi du: ospitaleen antz gutxiago eta kafetegien antz handiagoa behar du eskolak.

Paretarik gabeko eremu irekiak, ludikoak eta koloretsuak aurkitu ditugu Arizmendi ikastolako Uribarri eraikinean, Arrasaten (arg: Dani Blanco)
Paretarik gabeko eremu irekiak, ludikoak eta koloretsuak aurkitu ditugu Arizmendi ikastolako Uribarri eraikinean, Arrasaten (arg: Dani Blanco)

Sartu eta berehala, benetako zuhaitzak ikusi ditugu ikastetxe barruan, eta ume bat adar gorenean. Ez al da eroriko? Gure kezka. Orain arte ez dutela ezbeharrik izan, haur bakoitzak neurtzen dituela bere ahalmen eta arriskuak eta goraino iritsi ezin daitekeenak ez duela goraino egingo, Izaskun Aranbarri irakasleak erantzun diguna. 0-6 urte arteko 150 ume eta hamar bat irakasle hartzen dituen Uribarri eraikinean gaude (Arizmendi ikastola, Arrasate). Bi solairu ditu eta espazioka dago antolatuta, baina espazio hauek ez dira gune isolatuak, eremu irekiak baizik, paretarik gabeak, ludikoak eta koloretsuak. Txoko ugari ikusi ditugu: eskulanak egiteko, material ezberdinekin esperimentatzeko, proiektuka aritzeko, jolasteko… eta lasai egoteko txokoa ere aurkitu dugu espazio guztietan, gortina gardenez babestua; barruan koltxonetak, kuxinak, liburuak, musika lasaia, proiektorea… “Haserre daudenean ere, hara joan ohi dira baretzera”, kontatu digu Aranbarrik.

Egiturek eta altzariek zailtasun maila ezberdinak dituzte, ikaslea bera joango baita probatzen, salto egiteko, igotzeko edo jaisteko duen abildadearen arabera. Areago, 0-2 urte artean daudenek arkitektonikoki egiten dute trantsizioa, nolabait: aldapatxoak banantzen ditu espazio lasaiagoa eta espazio konplexuagoa, eta aldapa igotzeko gai direnean, prest daude bigarren gunera joateko. Lasaitasuna bilatzen duen haurrak beheranzko bidea ere egin dezake. Labirintoak eta batik bat zuloak atzeman daitezke egitura asko eta askotan, espazio intimoak eskaintzeko asmoz: talde txikitan edo bakarka, zuloetan sartu eta euren kontura aritzea gustuko dute haurrek. Gurasoek ere badute beren eremua, seme-alabak uzten eta jasotzen dituztenerako, trantsizio modura. Beirate handiek eguzkiaren argia eta berotasuna sartzen uzten dute eta komun mistoak ere beiratez inguratuta daude, denon bistara. “Hemen ez dugu ezer ezkutatzeko”.

Txokoka antolatutako espazioak, lasai egoteko gunea, zailtasun maila ezberdineko azpiegiturak, intimitaterako zuloak nonahi... Arizmendin (arg: Dani Blanco)

Mistoak eta beiratez inguratuak, halakoxeak dira baita ere komunak Arizmendi ikastolako Arimazubi eraikinean. Beheko solairuan, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren maila daude. 88 ikasle eta lau irakasle finko dira eta solairu guztia da bat: beirate handiek bananduta, baina pasillo bakar batek elkartuta; irakasleen gela ere integratuta dago espazio berean. Eta anfiteatroa dute, harmailekin, talde osoa batzeko. Hurrengo erronka, akustika: sabaia jaitsi eta material bereziak erabiliz zarata zurrupatzea dute helburu.

Guztira 12 eraikin eta 3.000 bat ikasle ditu Arizmendik, Haur Hezkuntzatik Lanbide Heziketaraino. Duela zortzi urte hasi zituzten aldaketa arkitektonikoak eta gaur egun Haur Hezkuntzako sei eraikinak eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailak birmoldatu dituzte, konfiantzaren pedagogiarekin koherentea den espazioa antolatzeko saiakeraren barruan. Lehen Hezkuntza osoaren eta Batxilergoko espazioaren moldaketan murgilduta daude une honetan; adin horietarako zer nolako espazioak nahi dituzten ari dira eztabaidatzen eta udan egingo dituzte obrak zenbait eraikinetan. Bigarren Hezkuntzako espazioak eraldatzea etorriko da gero. Txikitan abiatutako pedagogiari jarraikortasuna eman nahi diote goragoko mailetan ere, izan ere zer zentzu du umeekin proposamen berritzaileak lantzea, gero bat-batean ohiko eskema zurrunetara itzularaziko bada ikaslea?

Lehen Hezkuntzako gunea, Arizmendi ikastolako Arimazubi eraikinean (arg: Dani Blanco)

Egitura zurrunetatik espazio gardenetara

“Ikasgelak ez daude irakasteko pentsatuak, kontrolatzeko baizik”; Stephen Heppell hezitzailearen hitzak dira. Arizmendiko pedagogia zuzendari Amaia Antero ez da hain gordina, baina garbi du: espazioaren kontzeptua ezin da isolatu planteamendu pedagogikotik, “eta eskolako espazioek, salbuespenak salbuespen, gizarte eredu bati erantzun diote, industrializazio garaiko mentalitateari: diziplina eta autoritatea. Horrek eskatzen du irakaslea erdigunean eta ikasleak ilaratan jartzea, irakasleari entzutea eta obeditzea helburu, norabide bakarreko irakaskuntza baten barruan. Egungo gure planteamenduan, irakasleak ikasleei informazioa emateko momentuak ez dira desagertzen, baina kontua da zein proportziotan egiten den hori, eta nola: taldeka aritu daitezke ikasleak, talde batean eurak autonomo, eta beste talde batean irakaslea lagun dutela. Norabide askotan eraikitzen baita ikaskuntza prozesua, ez irakaslearengandik bakarrik”. Hori guztia errazten eta ahalbidetzen du espazioa birmoldatzeak. “Gainera, orain arteko espazioak hotzak ziren, beste goxotasun bat bilatzen ari gara”.

Amaia Antero, irakaslea: "Ez daude gela itxiak, espazio irekiak baizik, ikasgela bat = irakasle bat dinamika puskatuz. Bilatu dugun gardentasuna lotuta dago denak gertu sentitzearekin eta elkarlanarekin"

Baita lortu ere: espazio diafanoak, zabalak dira Arizmendiko aldaketa arkitektonikoen emaitza: “Gelaren logika desagertzen da eta jada ez daude gelak, espazioak baizik; maila guztietan errepikatzen den eskema da –dio Anterok–. Horrek ikasgela bat = irakasle bat dinamika puskatu du, irakasle bat baino gehiago daude eremu berean, espazioetan bilatu dugun gardentasuna lotuta dagoelako hurbiltasunarekin, besteak gertu sentitzearekin, uneoro begi-bistan. Zailtasun bat sortzen den momentuan (konpetentziala, emozionala, fisikoa…), irakasleak presente daude eta garrantzitsua da, gure artean konfiantza harreman bat garatzeko”. Irakasleak elkarrekin lan egitera ere bultzatzen ditu antolaketa honek, “eta horrek dakar euren artean gehiago adostea, haurrenganako begiradak anitzagoak izatea, egoeraren ikuspegi bat baino gehiago bateratzea…”. Halaber, ikasleak taldeka eta txokoka aritzeko aukera ematen du espazio berriak, “egitura kooperatiboan jardutea delako gure oinarri nagusietako bat”.

A. Antero: "Espazioa irekitzeak ez du esan nahi dena libre denik. Kontua da espazio horretan zer egin, eta irakasleek ikas-prozesua gidatzen dute"

Jakin-mina eta motibazioa sustatzeko giroa funtsezkoa dela jakitun, “estimulatuko dituzten egiturak bilatu ditugu, baina aldi berean baita lasaitasuna transmititzen duten espazioak ere. Beirateak inportanteak dira, argi naturalak bizipozean eragiten duelako; arkitektoek beraiek hala berretsi digute, ikaskuntza aktibatzeko balio du kanpoko argiak”. Gainera, “ikasgela itxi batean karbono dioxido maila igotzen doa goizak aurrera egin ahala eta zaila da ikasleak kontzentratzea 2.000 partikulatik aurrera, eta 4.000ra ere iritsi daiteke”, irakurri diogu Stephen Heppelli. Horri aurre egiteko modua ere badira gune irekiak.

Anterok azpimarraturiko beste ezaugarri bat: malgutasuna. Aukera anitzeko eta egitura malguko espazioak dituzte helburu, proiektu/txoko/talde batetik bestera mugitzeko aproposak, eta altzarigileekin ere ari dira hartu-emanean, besteak beste gurpildun aulki eta mahaiak eskuratzeko, ergonomikoki egokiak.

Malgutasuna = kaosa?

Jolas librea, malgutasuna mugimenduetan, askatasuna uzten duten espazio zabalak… ez ote dira kaosaren aliatu? “Espazioa irekitzeak ez du esan nahi dena libre denik –zehaztu du Anterok–. Kontua da espazio horretan zer egiten den, eta kaosa egongo da ikas-prozesua gidatzen ez bada, baina gela itxian gauza bera gertatu daiteke. Gure joera da, ikasgaika bainoago, proiektuka lan egitea, proiektu beraren bueltan arlo eta diziplina ezberdinak jorratuz, eta prozesu hori gidatu egiten dute irakasleek. Une batzuetan irakaslearen azalpenak beharko dituzte ikasleek, eta beste batzuetan autonomoki arituko dira”.

A. Antero: "Denek aho batez diote gatazka kopurua jaitsi egin dela, ikasleak lasaiago dabiltzala espazio zabal hauetan"

Ondorioak harremanetan, psikomotrizitatean, autonomian…

Elkarrekintzan eta sozializazioan nabaritu dituzte emaitzak: “Haur, guraso eta irakasleek aho batez berresten dute gatazka kopurua jaitsi egin dela, ikasleak lasaiago dabiltzala espazio zabal hauetan”. Gainera, eskola txikietan bezala, adin ezberdinetakoak aiseago nahasten dira, txikiagoek zaharragoengandik ikasten dute, eta alderantziz. Testuinguru anitza eskaintzeaz gain, txoko eta proposamen didaktiko ugari aukeran dituzte ikasleek, euren interesak kontuan hartuta, eta horrek ere laguntzen du askatasuna eta autogestioa garatzen. Erronka fisikoen araberako egiturek berriz, autonomia bakarrik ez, psikomotrizitatea ere bizkortzen dute. Artikulu hasieran aipatu dugun aldapa adibide garbia da, Anteroren hitzetan: “Aldapa hori igotzea lortzen duenean, espazio berri bat, beste mundu bat, beste harreman sare bat irekitzen zaio umeari, eta hori guztia oso lotuta dago alderdi psikomotorearekin”.

Ondorengoa omen da galdera klabea: bueltatuko zinateke lehengo espazio antolaketara? “Eta inork, ez irakasleek, ez gurasoek, ez ikasleek, ez dute bueltatu nahi”.

Birmoldaketa arkitektoniko hutsa ez da nahikoa, atzean lanketa hezitzailerik ez badago. "Bota buruko paretak lehenengo, eta gero botako dituzu kanpokoak"

Batxilergoko gelak eraldatzea apustu

Sarri balirudike esperimentu eta berrikuntza pedagogikoak haurrentzat balio dutela, baina adinean aurrera egin ahala serio jartzea dagokigula eta eredu akademiko zurrunari heltzea dela alternatiba bakarra. Beharbada horregatik, Amaia Anterok onartu digu erronka eta poz handia litzatekeela Batxilergoan egin nahi duten espazioen aldaketak emaitza arrakastatsua izatea. Oraingoz, birpentsatze fasean daude eta udan etorriko dira obrak. “Goxotasuna bilatuko dugu, sofak jartzea eztabaidatu da adibidez, eta oro har, Haur eta Lehen Hezkuntzan daramagun filosofia mantentzea da asmoa: espazio zabalak, bizpahiru irakasle batera talde handi batekin lanean, dena begi-bistan…”. Gu, ezinbestean, Heppellekin gogoratu gara berriro: “Ikasmahaiak asmo txarrez diseinatu dituztela dirudi, irakurtzeko gauza deserosoagorik ez dago!”.

Elorrioko Txintxirri ikastolan, bioeraikina

Elorrioko Txintxirri ikastolan, 0-2 urteko haurrek bioeraikina dute jolas eta ikas-gune: egurrezko eraikina da (urtean behin olioztatzen dute, ez dute berniza erabiltzen), isolamendu naturala du (kare eta lastozkoa), hormetatik dator beroa eta ez lurretik (umeak katuka dabiltzala aintzat hartuz), sabai-zuloek eta kristalek dute lehentasuna eguzkiaren argia ahalik eta gehien aprobetxatzeko, leihoak diseinatuta daude umeen txoko izateko (lurraren mailan dauden borobil erdiak adibidez, haurrek jolasteko)… Darabiltzaten materialak ere, ahal den neurrian, naturalak direla kontatu digu Zuriñe Zorrozua ikastolako zuzendariak: artilezko panpinak dituzte (guraso eta irakasleek eginak), ikasleekin batera egindako plastilina eta tenperak, metalezko eta egurrezko jostailu apenas landuak… eta kolore neutroz dago margotuta ikastetxea, harea kolorez: “Horrek lasaitasun handia ematen du; ez dugu kanpo-estimuluan sinesten, haurra da bere garapen prozesuaren jabe”. 39 ume eta lau profesional hartzen ditu eraikinak.

Pedagogia aktiboa dute oinarri Txintxirrin, eta berau bideratzeko testuinguru ekologikoa bermatu nahi izan dute: “Testuinguru ekologikoa diogunean, gelarik eta paretarik gabeko espazio irekiez ari gara, gauzak eskura izateaz, mugimendu librean aritzeko umeak aske sentitzeaz, adin ezberdinen arteko elkarrekintzaz, espazio horretan familia integratzeaz… Eta hori guztia kontuan izanik diseinatu da eraikina”, azaldu digu Zorrozuak.

Beirate handiak aurrealdean duten berdegunearekin konektatzen du barruko espazioa, kanpoaldera irekitzen den ikastetxea izatea ere bilatzen dutelako. Hain juxtu, jolastokiak berak duen garrantzia aitortzen eta eskoletako kanpo-eremua eraldatzen ari dira gero eta ikastetxe gehiagotan, futbolari protagonismoa murriztuz eta jarduera mistoekin aberastuz, denentzako izango diren lekuak bermatuz, natura txertatuz…

Txintxirri ikastolan, 0-2 urteko haurrek bioeraikina dute jolas eta ikas-gune. Beirate handiak aurrealdeko berdegunearekin konektatzen du barruko espazioa (arg: Txintxirri)

Gasteizko alde zaharrean, espazio berrietara egokitzen

Gasteizko alde zaharra txukuntzeko Europako laguntzak iritsi zirenean, alde zaharrean bertan dagoen Ramon Bajo ikastetxe publikoko gurasoek presioa egin zuten eskola ere kontuan har zezaten, eraikina zahartuta zegoelako. Haur eta Lehen Hezkuntzako 200 ikasle baino gehiago eta 20 irakasle inguru hartzen ditu ikastetxeak, bi solairutan. Laguntzak lortu zituzten, eta behin arkitektonikoki egitura moldatzen hasita, bestelako eredu bat aurrera ateratzeko aprobetxatu zuten, konfiantzaren pedagogian oinarrituta. Dagoeneko ezagunak egingo zaizkizu ikastetxe berriaren ezaugarriak: zirkulazio librerako espazio zabalak, denak elkartzeko guneak, txoko anitzak… 2013an abiatu zuten berrantolaketa, eta irakasleak prestatzen jarri dituzte indarrak, espazioak ahalik eta modurik egokienean erabiltzeko. Ramon Bajoko zuzendari Iñaki Ibargutxik dio goiz dela emaitzak baloratzeko, baina dagoeneko ondorio baikorrak antzeman dituztela: giroan, autonomia mailan, guztien arteko harremanetan…

Oharra ere egin digute elkarrizketatuek. Tresna bat gehiago da espazioaren antolaketa, planteamendu pedagogikoaren osagarri, birmoldaketa arkitektoniko hutsa ez baita nahikoa, atzean lanketa hezitzailerik ez badago. “Aukera baldin badaukazu, aldatu espazioak, baina aurretik aldatu barruko espazioak; bota buruko paretak lehenengo, eta gero botako dituzu kanpokoak”, Amaia Anteroren gomendioa.

Ramon Bajo eskola publikoan 2013an abiatu zuten berrantolaketa: zirkulazio librerako espazio zabalak, elkarguneak, txoko anitzak... (arg: Dani Blanco)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: pedagogiak
2024-02-18 | Hiruki Larroxa
Zigorraren kultura eta pedagogia feministak

Gaur egungo hezkuntza-sisteman, eskola-paradigma birplanteatu behar dugu. Zigor-neurrietan oinarritutako ikuspegi tradizionala baztertu, eta denbora luzean ikasleen ordena eta diziplina mantentzeko tresna gisa erabilitako praktika batzuen eraginkortasuna eta etika zalantzan... [+]


Hiru ikastetxeren arteko trantsizio plana garatu dute Irunen, instituturako jauzian ikasleen beldurrak arintzeko

Lehen Hezkuntzatik DBHra igarotzeak ikasleengan hainbat beldur eta ezinegon sortzea oso ohikoa da, presio eta espektatiba ugari elkar gurutzatzen dira, zer esanik ez ikastetxe batetik besterako aldaketa baldin badago. “Zubiak eraikiz” programaren bidez, hiru... [+]


Etxeko errefortzua kontuan hartu gabe emango bagenu klasea?

"Eskolan ikasgaia azaldu, etxean eskolako lanak egin eta azterketa jarri" formula aldatzea erabaki du José Antonio Herranz irakasleak: irakaskuntza-ikaskuntza osoa eskola-orduetara mugatu du, etxeko errealitatearen erruz ez daitezen ikasle batzuk atzean geratu... [+]


Urte hasieran edo bukaeran jaiotzeak zein eragin du eskolan?

Pasa den abenduan eta urtarril honetan jaio diren bi haurren artean egun batzuetako aldea besterik ez dago, baina eragina izan dezake eskolan, antzeko garapen prozesua daramaten bi haurrak ikasturte ezberdinetan matrikulatuko baitituzte.


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


Eguneraketa berriak daude