"Egun badirudi ez dugula gauzak aldatzeko konfiantzarik"

  • Auzoetan eta fabriketan garatutako langile-klase nortasunak mundua zertxobait aldatzeko indarra bildu zueneko garaiaz mintzo zaigu ikerlaria. 

Nerea Pérez Ibarrola (1984, Iruñea). Historian lizentziaduna EHUn. Aurten doktoretza lortu du NUPen "Langileria berri baten eraketa. Iruñerria 1956-1976" tesiarekin. NUPeko Historia eta Ekonomia ikerketa taldeko partaidea eta Gerónimo de Uztáriz Historia Ekonomiko eta Sozialaren Institutuko idazkaria eta zuzendaritza batzordeko kidea da. NUPen ikerlari eta irakasle aritzeaz batera, Iruñeko Udalak zabaldutako Frankismoaren errepresioari buruzko Oroimen Historikoaren informazio bulegoko lan taldeko kidea da. Argazkia: Dani Blanco.

Langileen mugimendua aztertu duzu Iruñerrian. Zergatik sakondu duzu gero emakumeen egitekoan?

Nire tesian ez nion gai horri bereziki erreparatu eta gero pentsatu nuen zergatik ez nuen hori egin. 50 elkarrizketa egin nituen tesirako eta horietarik soilik bost emakumeei. Etxetik kanpo lanean ari ziren emakumeak orain baino askoz ere gutxiago zirela eta langile mugimendu antolatuetan oso gutxi zeudela egia da, baina ulertu behar da langileen borrokan emakumeek parte hartzeko modu desberdinak izan zituztela. Halako mugimenduetan parte hartzeko ez da beharrezkoa Comisiones Obreraseko lider nabarmendua izatea. Hari horri tiraka hasi nintzen ikertzen eta ikusi nuen emakumeen egitekoa oso garrantzitsua izan zela auzoetan. Langileen mugimenduetan baino gehiago auzoko aldarrikapenetan eta mugimenduetan aritzen ziren emakumeak. Zergatik pentsatzen dugu askoz ere garrantzitsuagoa dela greban dagoen gizona, berak kobratzen ez duen bitartean familia bere gain hartzen duen emakumea baino? Edo meategiaren aho zulora bazkaria eramaten duen emakumea baino? Zergatik ematen diegu protagonismo gehiago parte-hartze modu batzuei besteak ere funtsezkoak badira? Emakumeen lana ezinbestekoa zen langileak hor egoteko eta grebak iraunarazteko. Eta beste galdera bat, funtzio hori horren garrantzitsua baldin bada, zergatik egin dute beti emakumeek?

Nola sortu zen langile nortasuna Iruñerrian?

50eko hamarkadan jende asko etorri zen Nafarroako herrietatik Iruñera. Hiria industrializatu ahala, Txantrea eta Arrotxapea bezalako kanpo-auzoak hazten hasi ziren. Langile gehienak metalaren industrian eta automobilgintzan aritzen ziren. Auzoa ez ezik, errealitate sozioekonomiko berbera partekatzen zuten, baita bizimodua ere, eta horrek denak lagundu zuen gizarte-sare batzuk eta langile-nortasun bat sor zitezen.

Harreman sareak sortu ziren hainbat esparrutan eta ideia trukeak izan ziren haien artean. Horri gehitu behar diogu 60ko hamarkadan Andaluziatik eta beste toki batzuetatik etorritako emigranteek egindako ekarpena. Horietako asko errepresio latza jasandakoak ziren eta bazekarten langile erakundeekiko nolabaiteko lotura. Frankismoaren aurkako garai eferbeszenteetan langile talde horiek beren nortasuna definitzen joan ziren.

Zu txantrearra zara. Auzo komunitateen sorrera aztertzerakoan Txantrea hautatu zenuen adibidetzat, zergatik?

Txantrea oso eredu ona delako. Langileek egindako esparru bat da. Oso interesgarria da aztertzea bertako bizimodua, bertako harremanak nola sortu ziren. Nekazaritza mundutik zetorren jendeak bizimodu komunitarioa sortu zuen. Auzolana edo elkartasuna bezalako baloreak oso barneratuta zeuzkaten.

Auzoaren eraikuntza prozesua oso berezia izan zen. Hemen biziko ziren langileak beraiek hasi ziren etxeak altxatzen, 50eko hamarkadan. Haiek eraiki zuten auzoa eta auzo bizitza. Hor ikusten da nola hasi ziren sortzen harremanak eta nola zabaldu ziren auzo bizitzako esparru guztietara. Elkartasuna mantendu zen eta hurrengo belaunaldiei hori transmititu zieten balore positibo bezala. Harro sentitzen ziren haiek sortutako auzoaz. Etxeaz gain harreman esparruak eta sareak eraiki zituzten. Ez da kasualitatea auzoa sortu eta denbora gutxira peña bat irekitzea, Iruñeko Alde Zaharretik kanpo sortu zen lehen peña, hain zuzen ere.

Francisco Franco patronatuak Iruñeko hainbat eraikuntza enpresarekin hitzarmenak zituen haien langileek haien etxeak eraiki zitzaten. Lan jarduna bukatutakoan ordu batzuk gehiago aritzen ziren egunero haien etxeak egiteko. Patronatuak materialak, tresnak, planoak eta lan teknikoa jartzen zuen eta langileek eskulana. Enpresaka eta taldeka banatu ziren kaleak. Etxe guztiak denen artean egiten zituzten eta gero parte-hartzaileen artean zozkatu. Horrela ziurtatzen zuten etxe guztiak berdinak izango zirela. Gerora, eraikuntzako langileak ez zirenek ere aukera izan zuten sistema horretan parte hartzeko. Geroago etorri ziren patronatuak berak eginiko etxeak, egungo babes ofizialekoen parekoak. Oso esperientzia kolektibo interesgarria da. Horrela sortu ziren populazio homogeneoko guneak, langile auzoak.

Hortik datorkio Txantreari gaur egungo fama?

Nik esango nuke baietz. Oso iragan polita eta erromantikoa da. Garai horretatik datoz harremanak egiteko moduak eta baloreak. Gehienek lantegi beretan egiten zuten lan, eta fabrikaren eta auzoaren artean norabide biko harremanak zeuden.

Nolakoa izan zen Iruñerriko langileen mugimendua frankismoaren garaian?

Oso aktiboa. 1958ko hitzarmen kolektiboaren legeak ahalbidetu zuen langileak elkartzea haien lan baldintzak hobetzeko. 60ko hamarkadan, langile mugimendu asko sortu ziren. Haien artean jite kristaukoek garrantzi handia izan zuten. Justizia soziala bezalako kontzeptuak zirkulazioan jarri zituzten. Behetik sortutako mugimenduak izan ziren Comisiones Obreras eta bestelako langileen antolamendu handien sorrera.

Frankismo amaieran mugimendua oso garrantzitsua izan zen Iruñerrian. 1973ko Motor Ibéricako langileekiko elkartasuna edo 1974ko abenduaren 11ko greba izugarriak izan ziren. 1975ean Potasaseko meatzarien itxialdia ere mugarria izan zen. Greba ikaragarri luzeak egin ziren: Eaton 47 egunez egon ziren greban eta Imenasan 45, adibidez. Kontuan hartuta zein populazio txikia zuen Nafarroak eta zein berandu hasi zen hemen industrializazioa, oso interesgarria suertatzen da fenomeno hori.  

Zergatik zen horren aktiboa?

Hasieran auzoak giltzarri izan ziren langileria trinko bat finkatzeko Iruñerrian. Ondoren, 70eko hamarkadan, aurrez gertatu ziren langile-mugimenduen segida fabrikak izan ziren. Protesten eta aldarrikapenen egiazko motorra. Fabriketan batzordeak sortzeak, hitzarmen kolektiboak negoziatzeak, Sindikatu Bertikalaren egituren barrutik hainbat langilek egin zuten lanak eta gatazkek berek aukerak eman zituzten, eta langileek aukera horiek baliatu zituzten elkarrekin lan egiteko eta aritzeko.

Iruñeko fabriken barruan, antolamendu-eredu berri eta nabarmen bat sortu zen, gero Nafarroa osora zabaldu eta diktaduraren azken urteetako gertakaririk esanguratsuenetako batzuetan gauzatu zena.

Langile gehienak antifrankistak ziren?

Antifrankismoa izan zen langile-nortasunaren osagai bat. Langileen ustea zen haien aldarrikapen sozioekonomikoek ez zeukatela etorkizunik diktadurak irauten zuen bitartean. Klase-nortasuna eta izaera antifrankista bat zen. Kapitalismoari zilegitasuna kendu eta alde batean zein bestean alternatibak bultzatu nahi zituzten. Identitatea sortzeko prozesu hartan, langileak jabetu ziren beren gaitasun eraldatzaileaz, eta horregatik diktaduraren azken urteak eta trantsizioa gizartea eraldatzeko aukera handi moduan bizi izan zituzten.

Gaur egungo errealitatearekin alderatuta zer ondorioetara iritsi zara?

Garai historiko desberdinak dira. Pentsatu behar dugu urte haietako langileak gai izan zirela diktaduran, errepresio bortitza jasan ondoren, esparruak bereganatzeko eta sortzeko, eta ekintzak sustatzeko. Egun badirudi ez dugula gauzak aldatzeko konfiantzarik. Orduan bazegoen. Ikusi beharko genuke nolako borroka motak abiatzen ahal ditugun, nahiz eta ez den erraza. Baina lehen posible izan bazen, zergatik ez orain? Borroka gogor egin zelako lortu ziren gauzak.

Frankismoko testigantzak jasotzeko Iruñean zabaldu duten bulegoan ari zara lanean. Zein da helburua?

Udalak Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari talde baten laguntzarekin abiatu du ekimena. Helburua da Iruñean errepresaliatuak izan zirenei buruzko ahalik eta datu gehien biltzea, eta Argentinan jarria dagoen Frankismoaren delituen aurkako kereilan parte hartzeko erabiltzea.

Maiatzetik informazioa, testigantzak eta dokumentazioa biltzen aritu gara. Jendearentzako erreferentzia puntu bat izatea nahi genuen, informazioa emateko, kezkak adierazteko eta barrenak askatzeko toki bat. Jende asko etorri da informazioa eskatzera eta ematera.

Terapeutikoa, bide batez?

Nik uste dut baietz. Jende askok entzuna izateko beharra dauka. Isiltasun handia izan da urte askoan eta memoria berreskuratzearen aldeko taldeek lan izugarria egin duten arren, oraindik behar hori dago. Erakunde batek babestutako proiektu batean beren familiaren historia kontatzeko aukera izatea eskertzen du jendeak.

Hala ere, batzuek ez dute bere burua errepresaliatutzat jotzen, oso barneratuta daukatelako garaia horrelakoa zela eta horrela zela bizitza. Baina fusilamenduez eta kartzelaratzeez gain errepresio forma asko daude, oso sotilak, errepresiotzat maiz hartzen ez direnak.

Adibidez?

Errepresio sozioekonomikoa. Langileak kaleratzea greba egiteagatik edo lanik ez aurkitzea errepublikazale edo errepresaliatu baten seme edo alaba izateagatik. Datuak hildakoen kopuruetan gelditzen dira askotan, baina hildakoen familiek aurrera jarraitu zuten eta oso bizimodu gogorrak izan zituzten. Jende asko miserian gelditu zen. Guri, adibidez, jende askok esan digu ez dutela inoiz ikusi haien amona irribarrez edo ama beti triste gogoratzen dutela. Historia batzuk aditzea oso gogorra da.

Gerraondoko errepresioa lehen lerroan bizi izan zutenak hiltzen ari dira, horregatik oso garrantzitsua da lan hau lehenbailehen egitea.

Ereinotz koroa kentzen ari dira Diputaziotik, Mola eta Sanjurjo laster aterako dituzte hobietatik… pil-pilean dago gaia.

Ikustekoa da nola gaiak hautsak harrotzen dituen oraindik. Horrek esan nahi du gauzak aldatzen ari direla, baina jarrera batzuk ez horrenbeste. Gaia ez dago oraindik normalizatuta.

Zergatik horren borrokalari

“Tesian ez nuen egin nahi langileen mugimenduen datu bilketa hutsa. Lan oso onak eginak zeuden aldez aurretik. Nik jakin nahi nuen zergatik iristen diren Nafarroako langileak horren borrokalari izatera, zerk eraman zituen horren gatazka gogorrak burutzera frankismo amaieran. Nola sortu zen klase kontzientzia zuen langileria”.

 

Auzoetako baloreak

“Auzoetan sortu ziren gizarte-sareek (kirol elkarteek, gizarte guneek eta aisialdirako guneek) eta mugimendu apostoliko laikoek langile nortasun komun bat sortzen lagundu zuten. Besteak beste, elkartasuna, senidetasuna, kolektibotasuna, berdintasuna, injustiziaren aurkako matxinatzea eta antikapitalismoa ziren oinarria”.


ASTEKARIA
2016ko urriaren 16a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
2024-04-18 | Gedar
Lanuzteei ekin diete berriz Trapagarango Amazonen

Aste honetan egiten ari dira lanuzteak, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Aurreko hiru hilabeteetan ere izan dituzte grebak.


Mecanerreko langileakaz batera mobilizatu dira Bizkaiko 60 enpresa inguru industria-politikan jarrera aldaketa bat eskatzeko

Gaur, apirilak 16, Eusko Jaurlaritzari eta Industria Sailari beren industria-politikan jarrera aldaketa bat exijitzeko manifestazioa egin dute Bizkaiko 60 industria-enpresa inguruk Mecaner enpresako langileakaz batera, Bilbon. Adierazi dute "hitzetatik ekintzetara"... [+]


Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


50.000 afiliatuko langa gainditu du LABek, mende erdia bete berri

Langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera eraman, eta aldaketa soziopolitikoa lortzeko "eragile aktibo" izanen dela nabarmendu du LABek 50. urteurreneko ospakizunean.


Eguneraketa berriak daude