Kurdua eta emakumezkoa Iranen, errefuxiatua Europan. Hiru zama horiei kontrajarri die Maryam Fathik kontzientziaduna eta aktibista izatea… Eta gailendu da. Bere sorterrian jazarpenari eta matxismoari aurre egin zien eta, iheslarien odisea gainditu zuen. Bilbon bizi da egun, erizain laguntzaile lanean, eta kurduen aldeko ekimen ugaritan esku hartzen du.
Nolakoa da zure sorterria, Rojalat eskualdea?
Irango Kurdistanen zati bat da, hamahiru edo hamabost milioi biztanle daude. Sorani eta kurmanji mintzatzen dira, hurrenez hurren, kurdueraren bi dialekto nagusiak. Nire hiria, Marivan, Irakeko mugatik lau kilometrora dago eta militarizatutako gunea da. Bertan Kurdistango mugimendu asko sortu dira historian. Pixka bat iparrerago, Mahabad-en, Kurdistango errepublika sortu zen 1946an, hamaika hilabete iraun zuena. Preso politiko asko daude eta jende asko exekutatu dute. Kurdistanen bihotzean sentitzen zara han, denak kurdueraz mintzo dira Marivanen eta Mahabaden, eta janzkera kurdua daramate.
Administrazioa guztiz arrotza da ordea.
Bai, ekintzaile asko daude baina administrazioa erabat estatuaren esku dago, inoiz ez da bertan gobernadore kurdurik egon. Irandarrak edo Irango Gobernuaren aldeko kurduak dira hango agintariak. Hauteskundeak egiten dira, baina gobernuak aldez aurretik onartu behar ditu hautagaiak eta ez dago legeztatutako alderdi politikorik. Giza eskubideen aldeko elkarteko presidente Mohammad Sadiq Kabudvand-ek bederatzi urte daramatza kartzelan… Atera kontuak. Irango preso politiko gehienak kurduak dira eta iragan urtean mila preso baino gehiago exekutatu dituzte.
Plazan, jendaurrean?
Eskualdearen arabera, kurduen gunean ezin dute hori egin, kartzela barruan egiten dute. Iaz estreinakoz preso sozial bat exekutatzen saiatu ziren Sanandaj-en, kalean, baina jendetzak eragotzi zuen, presoa salbatu zuten. Jada ez dira ausartzen, herritarrak bizi daudelako eta kalean eginez gero matxinada arriskua dagoelako. Irango parte batzuetan, ordea, bai egiten dute hori.
Zerk bultzatu zintuen Irandik alde egitera?
Iran estatu islamiko xiita erradikala da, eta han emakumea ez da gizakia. Kartzela handia da emakumeontzat, are gehiago kurdua bazara. Emakumeen ezkutuko antolakunde batean ari ginen eta gobernuak gure aurkako sarekada egin eta kide batzuk atxilotu zituen. Harrapatua izanez gero, abokaturik gabeko bost minutuko epaiketa batean heriotza zigorra edo kartzela zigor luzea duzu zain. Beraz, egun batetik bestera alde egitea besterik ez zitzaidan geratu.
Kurduekiko zer jarrera du oposizioak?
Irango oposizioak oraindik ez du onartzen kurduen autodeterminazio eskubidea, herrialdea apurtu nahi dugula diote. Bilera asko egin dituzte kurduekin erbestean, baina ez dute ezta federalismoa ere onartzen. Gehienekin ez ditugu harreman onak, gutxi batzuekin bai. Denetarik dago, baita errege izandakoaren semea ere, egunen batean agintera heltzekoa asmoa duena, baina hori ezinezkoa izango da.
Estatu kurdurik izango da noizbait?
Irakeko aldean asko hitz egiten ari dira estatu independentea sortzeaz, baina eskubide falta handia dago Irakeko Kurdistanen. Nik nahi dut gizarte justiziaren, ekologismoaren eta feminismoaren alde borrokatuko den Kurdistan bat, eta gizartea arlo horietan antolatu daiteke estatua izan gabe ere. Abdullah Ocalanek esana da: “Kurdistan ez da inoiz libre izango emakumeak libre ez badira”.
Mendebaldean, bitartean, gerrillari gazte eder baten irudia nabarmendu da.
Begirada sexista da hori. Kurdistango gerrillarien benetako irudia, guretzat emakume ederra dena, ez da begi handiak eta Angelina Jolieren antza duen 19 urteko gazte batena. Mendebaldeko ikuspegia da hori, errespetu falta handia. Zergatik ez dute emakume horren ideologiari buruz hitz egiten? Badakitelako ideologia horren arabera itxura fisikoak ez duela garrantzirik. Borroka honetan milaka emakume prestu galdu ditugu azken 45 urteotan. Parisen hildako Sakine Cansiz buruzagia, Iranen urkatutako Shirin Alam Holi edo Rojavan hildako Arin Mirkan komandantea, Estatu Islamikoari Kobane gaineko mendia hartzea eragozteko bere burua leherrarazi zuena. Milaka emakumek bizia eman duten borroka hori sexismoaren aurkakoa da. Emakumeak panpina baten moduan erabiltzen dituen sistema kapitalista honen aurka ari gara borrokan.
Matxismo handia dago gizarte kurdu tradizionalean?
Emakume kurduen lanaren %70 gure gizartearen barruko matxismoaren kontrakoa izan da, populazioaren ikuspegia aldarazteko. Matxismoa sakon errotuta dago gizartean, gizon kurdu bakoitza erregetxoa da bere etxean.
Askatutako guneetan, aldiz, Siriako Rojavan kasu, gizartea asko aldatu da azken urteotan.
Sakonki aldatu da, bai, eta antolakuntza maila are interesgarriagoa da borroka armatuaren garaipenak baino. Turkiako Kurdistanen badira herritarren kontrolpeko komuna batzuk, diruzaintza batzordea, justizia batzordea dago, herriko jendeak dira delituen gainean erabakiak hartzen dituztenak. Rojavan ari dira emaitzak jasotzen, baina Turkiako Kurdistanen urte asko daramate hau guztia prestatzen. Rojavan dabiltzan borrokalari gehienak Turkiako kurduak dira eta heren bat Irangoak dira, ez dituzte mugak onartzen eta borrokarako bat egiten dute. Sinjarreko gudua izan zenean, Rojavako gerrillariak Irakeko Kurdistanera joan ziren eta mendian zeuden yazidi herriko milaka lagun salbatu zituzten Estatu Islamikoaren setiotik.
“Egun batetik bestera irten behar izanez gero, derrigorrez modu ilegalean irten behar duzu, mafien bidez, paper faltsuekin, eta mafia horiek larritasuna baliatzen dute dirua irabazteko. Airez atera nintzen, Teherango aireportutik, pasaporte faltsuarekin, semearekin. Frantziara bidaliko nindutela esan zidaten, gehiago ordaindu behar da Frantziara bidaiatzeko, baina Bulgariara eraman gintuzten, engainatuta. Han giltzapean eduki gintuzten, diru gehiago eskatzen zuten... Errumania eta Hungaria arteko mugan atxilotu gintuzten, gaitz erdi. Hamaika heldu eta zazpi haur ginen eta poliziak atxilotzea izan zen gure salbazioa, kilometro bat aurrerago ibai batera helduko ginen, guk ez genekien baina mafiakoek bai, eta ibai horretan gehienak itoko ginen segur aski”.
Abdulllah Öcalan PKK-ko buruak berriz ere eskatu du armak uzteko, Imrali espetxe barruan egindako bideo batean. Gerrillaren "oinarrizko" helburua egintzat eman du, eta ziurtatu du Turkia prest dela herri kurdua aitortzeko.
Egungo kurduerazko idazle esanguratsuenetakoa da Mizgin Ronak. Zortzi liburu ditu idatzita, bost eleberri eta hiru olerki liburu. 16 urte zituenean ihesera jo zuen, eta urte eta erdiren ondoren haren jaioterrian atxilotu zuten, Diyarbakirren. 1992an, 18 urte besterik ez zituela,... [+]
Antolakunde armatu kurduak bere 12. kongresuan hartu du erabakia, Abdullah Öcalan buruzagi historikoak otsailean eginiko eskaerari jarraituta. 1984an abiatu zuen PKK-k Turkiaren aurkako borroka armatua, eta Nazio Batuen Erakundearen arabera 45.000 hildako inguru eragin ditu... [+]
Lurrikara geopolitiko bat astintzen ari da Ekialde Hurbileko mapa. Anabasaren erdian, Abdullah Öcalanen bakerako azken deiak mahai gainean jarri du eskualdeko gatazka armatu zaharrena. Ez, aurrekariek ez diote bide ematen itxaropenari, eta historiaren trena inoiz baino... [+]
SDF kurduek gidatutako koalizioak eta Siriako Gobernuak su-etena adostu dute. SDFk Siria ekialdeko eta ipar-ekialdeko eremu zabala kontrolatzen du egun, eta hitzarmenak jaso duenez, gobernuaren esku geratuko da orain.
Abdullah Öcalan buruzagiak PKKri otsailaren 27an eskatu zion armak uzteko. Taldeak egin duen adierazpenean babes osoa agertu dio buruzagiari eta Öcalanek eskatutakoa betetzeko konpromisoa adierazi du.
Urteak iragan dira bere azken argazkia ikusi zenetik. 26 urte daramatza preso Abdullah Öçalanek Turkiako Imrali uhartean, "erakunde terroristako" buruzagitza egotzita. Ostegun eguerdian bere bideo bat ez, baina argazki berri bat zabaltzeko baimena eman du... [+]
Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.
Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]
2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]
Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]
Bi kazetari, Hêro Bahadîn eta Gulistan Tara, eta haien txofer zihoan Rêbîn Bekir lankidea, Hewraman eskualde kurduan dokumental bat egitera zihoazen. Beren autoa misil batek jo zuen. Bekir zorteduna izan zen, autoa sutan lehertu baino lehen, inpaktuak... [+]
Sebahat Tuncel Kurdistango politikaria da, Turkiaren menpeko lurretan. Hainbatetan egon da kartzelan kurduen askapen mugimenduaren parte izateagatik, eta Turkiako Parlamenturako diputatu gisa hautatu zuten lehen presoa izan zen, 2007an. 2016an espetxeratu zuten azkenengoz eta... [+]
Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde... [+]
Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.