Claude Vaillancourt, Attac-Quebec elkarteko presidentea

"Zerbitzuen pribatizazioari irekitzen dio bidea CETAk"

  • Badu hogei urte pasa merkataritza askeen aldeko akordioak izenpetzen dabilela Kanada, eta Vaillancourtek dioenez, herritarrek amore emanik, Ekonomia eta Merkataritza Hitzarmen Osoaren (CETA) aurkako mobilizazioa ez dabil azkar. Alta, ondorio konkretu latzak pairatzen dabiltza merkataritza logika horren ondorioz. CETAk ekarriko luke merkatu publikoek ateak konkurrentziari irekitzea. Hor du kaltearen itzala ikusten. Akordio horrek herrien eta herritarren botere galtzea dakar, multinazionalen onuran.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B
2016ko maiatzaren 29a

Merkataritza trukaketak erraztu eta ekonomia bultzatuko duela diote akordioaren aldekoek. 

Kanada eta Europar Batasunaren arteko merkatuak oso irekiak dira; aduana zergak oso apalak izanki, errazki egin daitezke trukaketak. Preziozkoak ez diren hesiak dituzte traban merkataritza askeen aldekoek, hots, herritarrak babesteko finkaturiko neurriak. Mugatze edota kontrol horiek dituzte jomugan. 

Aduana zerga nahiko altuak dituen sektore bakarrenetakoa da laborantza. Babes horren bukaera ere badakar akordioak. 

Herri batek bere laborantza babestu ahal izateko dira aduana zergak finkaturik. Maleruski, prezioen bidezko hesi horien kentzea ohikoa da merkataritza askeen aldeko akordioetan. Idi eta zerri ekoizle potoloen alde doa erabakia. Bertako agro-industriakoek esportatzen ahalko dutela aurreikusten du Kanadak, baina ez zaie erraza izanen, europar araubideak zorrotzagoak direlako. CETAk ez du ezer onik ekarriko: esportazioan oinarrituriko agro-industriaren sustapena dakar, eta gainera, trabak jartzen dizkiete kalitatezko ekoizpenean dabiltzan laborari txikiei. 

Gobernu federalak ez ezik, probintziek ere parte hartu dute negoziaketetan.

Merkatu publikoak ireki nahi izan dituzte akordio honekin. Gobernu federalak, probintziek zein herriek egindako eskaintza deialdiei erantzuten ahalko diete Europako konpainiek ere. Horretarako probintzien oniritzia beharrezkoa ukanki, negoziaketetara gomitatu zituzten; baina dena dela, Kanadako Gobernuak du azken hitza.

Merkatu publikoen irekitzea ez da ondoriorik gabekoa izanen.

CETAren alde larrienetarikoa da merkatu publikoen irekitze hori. Tokiko ekonomia edota garapena bultzatzeko erabili ohi dituzte instituzioek merkatu publikoak. CETArekin ordea, lehiakorrak diren multinazional handiek dituzte eskaintza deialdi gehienak eskuratuko. Gobernuen kontrola galtzea dakar akordioak.

Nekez iraunen dute tokiko enpresa txikiek.

Tokiko enpresa txikiaren eta multinazional erraldoiaren artean argi da zeinek duen merkatua lortuko. Hautu horrek ondorioak ukan ditzake eskainitakoaren kalitatean, baina inbertsioetan ere bai, tokiko konpainiek askoz gehiago inbertitzen dutelako tokiko ekonomian. Atzerriko enpresek obratu bai, baina egindako etekinak atzerrira joango dira berdin-berdin. 

Diskriminazio ezaren printzipioa dela eta, bertakoa lehenestea ezinezkoa izango zaie erakunde publikoei.

Zenbateko zehatz batez goragoko merkatu publikoak dira nazioarteko konkurrentziari ireki beharko; baina azken finean, gehienak dira irekiak izanen, zenbateko hori nahiko apala izanki. Diskriminazio ezaren printzipioaren izenean ezingo da tokiko enplegurik edota ingurumen-praktika berezirik lehenetsi. Proposamen merkeena eginen duenak du merkatua lortuko.

“CETArekin, lehiakorrak diren multinazional handiek dituzte eskaintza deialdi gehienak eskuratuko. Gobernuen kontrola galtzea dakar akordioak”

Elektrizitate zerbitzua publikoa duzue Quebecen. Sektorearen pribatizazioaz beldur ote zara?

Hydro-Quebec konpainia publikoaren zati bat konkurrentziari irekiko dio CETAk. Zirrikitu bat da zerbitzuaren sail batzuen irekitze hori, eskaintza deialdien biderkatze arriskua hor dagoelako. Puskaka etor litekeen zerbitzuen pribatizazioari irekitzen dio bidea akordioak.

Uraren zerbitzua akordiotik kanpo gelditu omen da.

Akordiotik baztertua omen da uraren kudeaketa. Baina, hiri batek erabakitzen badu kudeaketa publikoa uztea eta eskaintza dei bat egitea, inolako trabarik gabe egiten ahalko du.

Enpresek gobernuak auziperatzen ahalko dituzte, konkurrentzia trabatzea leporaturik.

Inbertsiogile eta Estatuen arteko desadostasunen konponbiderako mekanismoa deitzen zaio horri. Oso-oso larria da.

Gehien gaitzetsiriko aspektua da, batez ere Europan, baina hemen ere bai. Etekinak egiteko bidean oztopo baldin badu, enpresak erakunde publikoa auziperatzen ahalko du. Aurreikusiriko etekinentzat ere balioko du, hau da, proiektu bat egiteak ekarriko lukeen etekinei begiraturik, auzitegi horien bidez kalte-ordainak exijitzen ahalko dituzte. Mekanismo horri esker, araubideetan esku hartzen ahalko dute enpresek. Lobbygintza tresna indartsu bat ere izango da, lege ala araubide bat prestatzerakoan mehatxatzen ahalko dituztelako.

Ipar Amerikako Merkataritza Askerako Elkartea (NAFTA) akordioak ere ahalbidetzen du mekanismo hori. Behin baino gehiagotan erabili izan dute.

Bi etsenplu gertatu berri ditugu. Batetik, Quebeceko Gobernuari 250 milioi dolarreko kalte ordaina exijitzen dio Lone Pine Resources estatubatuar konpainiak, moratoria baten ondorioz petrolio ez-konbentzionala ustiatzea debekatua zaielako San Laurendi ibaian. Bestetik, Transcanada kanadar konpainiak 15.000 milioi dolar eskatzen dizkio AEBetako Gobernuari, KeystoneXL oliobidearen eraikuntza debekatzeko erabakia hartu zuelako. Alta, bi erabaki politiko horiek demokratikoki hartu zituzten, herri mugimendu baten ondorioz, ingurumenerako kaltegarri zirelako.

“Diskriminazio ezaren printzipioaren izenean ezingo da tokiko enplegurik edota ingurumen-praktika berezirik ezarri. Proposamen merkeena eginen duenak du merkatua lortuko”

Kanadan petrolioaren ustiapena gehiegizkoa eta konpainien lobbya ere ikaragarria da. Arlo horretan dira mehatxu gehienak egongo.

Hori horrela da, bai. Haatik, mekanismo hori erreformatzea lortu dugu eta normalki ez ditu ingurumenari buruzko jaukimenduak hunkiko. Aitzinamendu bat da, baina oso eszeptiko gelditzen gara, jaukimendu bat modu anitzetara adieraz daitekeelako eta ingurumena zuzenki eta zehazki jomugan baldin bada ere, jukutrien bidez jaukimenduan saihesten ahalko dutelako.

Kultura akordiotik at geldituko dea?

UNESCOren kulturaren aniztasunaren aldeko hitzarmenari segi, kultura akordiotik ateratzea eskatua izan zen. Alta, kultura negoziatu dute, negoziaketen parte egon da eta kapituluz kapitulu saihestu nahi izan dute. Egin-molde horri begira bi ikuspuntu daude: batzuek diote egin beharrekoa egin dela eta kultura ongi babesturik dela, eta beste batzuek, aldiz, ez dela hain ongi babesturik, baztertze sistema hori arriskutsua izan daitekeelako eta negoziatzaileen jokoan sartu garelako, hitzarmenaren izpiritua errespetatu gabe.

Zuk zer diozu?

Nire eta Attac-Quebec erakundearen ustez, kultura ez da behar zukeen heinean babestu eta arriskua hor dago. Negoziaketetatik kanpo gelditu behar zuen.

Merkataritza askeen aldeko beste akordio bat izenpetzekotan da, beraz, Kanada. 1994an izenpetu zuen NAFTA, AEB eta Mexikorekin. Inoiz ez dute akordioaren balorapenik egin.

Balorapen ofizialik ez da egon. Benetako azterketa neutro eta globalik egin gabe, beste akordio batean abiatu izana deitoratzen diogu Kanadari.

Zein da zuen balorapena?

Aurreikusiriko emaitzak ez dira agertu. NAFTAk manufakturaren sektorea ahultzea ekarri digu. Baliabide naturalak esportatzen gabiltza, baina manufakturak baino enplegu gutxiago dakartza sektore horrek. Gainera, aldakortasun ekonomiko handia dakar, baliabide naturalen trukaneurriak erabat kanbiakorrak direlako. Ekonomikoki ahuldu gaitu NAFTAk. Izugarrizko ondorio txarrak eragin ditu Mexikoko laborarien artean ere. AEBetako artoen esportazioa dela-eta, sekulako sarraskia eragin du hango laborantzan. Erran gabe doa inbertsiogile eta estatuen arteko desadostasunen konponbiderako mekanismoa arazo larri bat dela.

Sustatzaileen argumentuari so eginda, merkataritza trukaketak emendatu al ditu NAFTAk?

Bai, emendatu dira. Baina 1994az geroztik AEB mundu mailako kontsumitzaile bilakatu da, eta merkataritza askeen aldeko akordiorik izenpetu gabe ere, AEBetara egin esportazioak anitz emendatu dira herri anitzentzat. Beraz, lasterbide eztabaidagarria iruditzen zait erratea gure esportazioak NAFTAri esker emendatu direla. Helbide errazago bat ukaiteko asmoz zuen Kanadak akordioa izenpetu, baina ohartzen gara, proportzionalki, helbide hobea genuela  akordioa izenpetu aitzin.

Nolaz?

Txinak eta beste herri esportatzaile batzuek kopuru alimalean esportatzen dituztelako produktu merkeak. Ezin dugunez horrelakorik egin, ez ditugu gehiago produktu horiek hainbeste ekoizten.

Ondorio sozialak ere ukango zituen NAFTAk.

Langabezia-aseguruaren hiru erreforma gertatu ziren NAFTArekin batera. Nahiz eta loturarik ez dela zehaztu gobernuak, zalantzak ditut. Arrazoi-ondorio lotura begi-bistakoa izan ez arren, erran dezakegu laguntza sozialak ahulduz joan direla eta AEBetako geriza sistemara hurbildu garela.

Zertan da CETAren aurkako mobilizazioa?

Atsekabetzen nau, Europan askoz gehiago sendi da. Herritarrak sentsibilizatzeko zailtasunak ditugu, badirudi amore eman genuela eta merkataritza askea onarturik dugula.

NAFTAren negoziaketen garaian azkarragoa izan zen?

Bai, baina hogei urte pasa dira geroztik. Garaian eztabaida publiko bat egon zen, alderdi politikoen aurkakotasuna azkarragoa zen. Gaur egun ia alderdi guztiak dira edo alde edo neutro. Quebec Solidaire eta PV Kanadako Alderdi Berdea izan ezik, inor ez da aurka mintzo. Arazoa da bi alderdi horiek aulki gutxi dituztela Parlamentuan.

Kanal honetan artxibatua: CETA

CETA kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-21 | Unai Brea
CETA hitzarmenaren zatirik handiena indarrean da, europar parlamentu guztiek oraindik berretsi ez badute ere

Eurolegebiltzarrak joan den otsailean eman zion onespena Kanada eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko itunari (CETA). Hitzarmena mistoa denez, erabat indarrean sartzeko EBko estatu kide guztietako parlamentuek bozkatu behar dute haren alde. Hala ere, hitzarmenaren zati handiena –teorian estatuen burujabetzari eragiten ez diona– indarrean da irailaren 21etik.


2017-06-29 | Unai Brea
CETA hitzarmena berretsi du Espainiako Diputatuen Kongresuak

Espainiako Parlamentuak berretsi egin du Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza askeko ituna (CETA), PP, Ciudadanos, PDeCAT eta EAJren aldeko botoekin. PSOEk jarrera aldatu du Pedro Sanchez idazkari nagusia hautatzeaz geroztik; oraintsu arte hitzarmenaren alde agertu da, baina ekainaren 29ko bozketan abstenitu egin da, aurreko egunetan iragarri legez. Gainerako alderdiek aurka bozkatu dute.


2017-06-02 | ARGIA
CETA hitzarmenaren aurkako ekintzak egingo dituzte asteburuan

Kanada eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko hitzarmenaren (CETA) aurkako mobilizazioak egingo dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan asteburuan hasita eta astelehenera bitarte. Modu horretan, CETAren aurkariek protesta egin nahi dute datozen asteetan Espainiako Legebiltzarrak itunari emango dion berrespenagatik.


CETA: Zer diote kanadarrek?

CETA pil-pilean eskuartean dugun Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko Ekonomia eta Merkataritza Askeko Hitzarmena dugu eta entzunagoa den TTIP hitzarmenaren atzeko ate bezala definitu izan da. TTIP (Europar Batasuna eta AEBen arteko hitzarmena) izoztua dagoela helarazi digute komunikabideen gehiengoak eta hori aprobetxatuz, TTIPk eginiko gardentasunik gabeko bidea baino gardentasun eskasagoa izan duen CETA ari zaizkigu inposatzen.


2017-02-26 | Unai Brea
CETAren zati handi bat indarrean sar liteke jada

Ez zen ustekabekorik izan eta Europako Legebiltzarrak Kanada eta EBren arteko CETA hitzarmenaren alde bozkatu zuen otsailaren 15ean, Estrasburgon egindako saioan. 408 diputatuk eman zuten aldeko botoa, 254k aurkakoa, eta 33 abstentzio izan ziren.


2017-02-15 | ARGIA
CETA akordioa onartu du Europako Legebiltzarrak, kanpoko aldean aurkako ekintzak

Euskal Herriko parlamentuetan ordezkaritza duten alderdietatik, CETAren alde bozkatu dute ondorengo alderdiek bozkatu dute: EAJ, PP eta PSOE. Eta aurka: EH Bildu, Podemos eta Equo. Goizean 150 ekintzailek Europako Parlamentuko sarrera blokatu dute Estrasburgon. TTIP Game Over Facebookeko orrian azaldu dutenez, lortu nahi zuten eurodiputatuak autoetatik jaitsi eta CETAren alde bozkatzea herritarrak zapaltzea zela irudikatzea.


CETAren aurkako elkarretaratzeak EAJ, PSE eta PPren egoitzen aurrean

TTIP/CETA Ez-ek eta Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzeak egin dituzte astearte goizean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon. CETAk “herritarron bizitzak pobretuko dituela” adierazi dute antolatzaileek. Sortu, Ezker Anitza eta Podemos alderdiak deialdira batu dira, besteak beste.


2016-11-23 | Unai Brea
CETA akordioa Europako Auzitegian aztertzeari ezetz esan dio Europarlamentuak

Europako Legebiltzarraren gehiengoak ezetz esan dio Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza eta inbertsio ituna (CETA) Europako Justizia Auzitegiak azter zezala eskatzeko aurkeztutako mozioari. 258 parlamentarik bozkatu dute proposamenaren alde, eta 419k aurka. Otsailean erabaki beharko du Europako Legebiltzarrak CETAri onespena ematen dion ala ez.


2016-11-21 | Hamaika Telebista
Nekazaritza: nekazaririk gabeko eredurantz?
MULTIMEDIA - Ertzak

Nekazaritzari buruz hitz egiten dugunean, nolako etorkizuna ikusten diogu lehen sektoreari? Nekazaririk gabeko nekazaritza posible da? Nola eragingo dute TTIP eta CETA bezalako akordioek lehen sektorean? Galderen erantzunen bila, EHNE sindikatuko Imanol Ibero eta Gari Nazabalengana jo dugu.


2016-11-10 | Unai Brea
"Valoniak erakutsi du merkataritza askeko akordioei aurre egitea posible dela"

“TTIP eta CETA ezartzearren herritarrek aukeratutako parlamentu eta gobernuen aurka joko dutela frogatu du Valoniarekin gertatutakoak”, diosku Júlia Martík, Euskal Herrian TTIPari Ez! kanpainako bozeramaileetako batek. Azaroaren 5ean merkataritza askeko akordioen aurka mobilizatu ostean, presio egiten jarraitzeko unea dela dio Martík. Mugarri hurbilena urtarrilean du akordioon aurkako mugimenduak: orduan erabakiko du Europako Legebiltzarrak EB eta Kanadaren... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude