Munduko BPGren herena biltzen duten hamabost herrialdek merkataritza blokea osatu dute

  • Munduko merkataritza blokerik handiena osatu dute hamabost herrialde hauek: Asiako hego-ekialdeko hamar herrialde, Hego Korea, Txina, Japonia, Australia eta Zeelanda Berria. Azaroaren 15ean izenpetu dute RCEP merkatu libreko hitzarmen hau.


2020ko azaroaren 16an - 09:09

BBC hedabideak eman ditu hitzarmen honen hainbat zertzelada artikulu honetan. Honen arabera, ez ditu arantzelak beste hitzarmen batzuek bezainbeste gutxituko, baina bloke honetan dauden herrialde kopuruak eta hauen pisuak hitzarmena oso esanguratsu egiten dutela dio. Munduko biztanleen ia herena dute eta munduko Barne Produktu Gordinaren %29 biltzen dute. Merkataritza askerako hitzarmen hau handiagoa da AEB, Mexiko eta Kanadak Europar Batasunarekin osatutakoa baino (kanal honetan irakur daitezke CETAri buruzko albisteak).

Zortzi urte eman dituzte hitzarmen hau negoziatzen. Txinak lehendik baditu hainbat akordio bilateral, baina lehen aldia da lurraldeko hitzarmen komertzial alde-anitzekoa egiten duena. AEBek uko egin zioten bertan parte hartzeari, Trumpek agintea eskuratu orduko. India ere iaz atera zen negoziaketetatik, beldur baitzen arantzelak jaisteak bere produktuak kaltetuko zituen. Baina akordioaren sinatzaileek atea irekita utzi diote Indiari, etorkizunean nahi badu batu dadin.

Zer adostu dute?

20 urte barru inportazioei ezarritako hainbat arantzel ezabatuko dituzte. Baina eraginik handiena produktuen jatorria izendatzeko moduan izan dezake. Gaur egun, multinazionalek arantzelak ordaindu behar izan ditzakete, ekoizten dituen produktuaren zati batzuk beste herrialde batean egindakoak badira. Badirudi hitzarmen berri honek sustatu dezakeela bertako multinazionalek hornitzaileak hitzarmen honen barruko herrialdeetan bilatu nahi izatera, arantzel hauek arintzeko.

Orain herrialde bakoitzak hitzarmen hau berretsi beharko du bere parlamentuan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: RCEP
Eguneraketa berriak daude