Gehiegizko etxerako lan desegokiei planto

  • Guraso talde baten proposamena iritsi berri da Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartera: haurrei irakasleek agintzen dizkieten etxerako lanez gogoeta egitea beharrezkoa dela eta horretarako guraso, irakasle eta ikasleak bilduko dituzten foroak eratu behar direla ikastetxeka. Eztabaidari serio heltzeko ordua da: etxerako lanak bai ala ez? Adin guztietan? Denentzat? Eta denentzat berdinak? Zenbat?

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Argi du Iñaki Larrea Mondragon Unibertsitateko irakasleak: eskolako lanik ez etxean, ez behintzat gaur egun ulertzen ditugun moduan. Izan ere, hezkuntza sistemaren porrota estaltzeko saiakera direla dio: “Ikasleek ordu asko sartzen dituzte ikastetxean, eta horrekin ez da nahikoa? Orduan zerbait ez gara ongi egiten ari. Gainera, eskolan lantzen dutena ikasleen interesekoa bada, eurek bilatuko dituzte loturak errealitatearekin, euren kabuz jarraituko dute eskolaz kanpo galdetzen, arakatzen, informazioa eskuratzen…”.

Etxerako lanen aldekoek diote diziplina, ardura, autonomia edota ikasketa-ohiturak berenganatzeko lagungarri direla, baina etxeak duen potentzialtasuna aintzat ez hartzea da hori, Larrearen iritziz: “Atzean dagoen logika da hezkuntza arautuak ikasteko balio duela eta hezkuntza ez-arautuak edo bizitzako egoerek ez dutela balio. Baina konpetentzietan edo gaitasunetan gehiago zentratuko bagina eta ez hainbeste edukietan, ikusiko genuke ‘etxeko’ bizitzak, bizitza errealak, ikasteko aukera asko ematen dituela: matematikak lantzeko adibidez, modu artifizialean ikastetik harago (ariketak eginez, formulak memorizatuz), ez al da baliagarria umea dendara erosketak egitera joatea? Zertarako landu matematikak ikasgelan, gero ez bada aukerarik ematen errealitatean aplikatzeko?”. Heziketa integrala oinarri hartuta, etxerako lanek ez al lukete izan behar esperimentatzea, gustuko dutena irakurtzea, naturara txangoak egitea edota ikuskizunak gomendatzea? Eta jakina, haurrek denbora eskaini behar diote atsedenari, aisiari, senideekin eta lagunekin aritzeari, jolasteari... Jolas librearen garrantzia aditu guztiek azpimarratzen baitute, haurraren motrizitatea, sormena, autonomia, autokontrola, norberaren trebezia eta potentzialtasunak, mugak eta interesak modu naturalean garatzeko.

Horretarako, ordea, eskolako lanak eskolan egin behar dira, ez etxean, baina maiz ez du denborarik ematen, eta horregatik agintzen dizkiete irakasleek etxerako ariketak. Curriculumean materia gehiegi sartzen dela eta eskuak lotuta dituztela, irakasleen ohiko kexa. Eta sarri gurpil-zoroa da emaitza: eskola-orduetan etxean egindako lanak zuzentzen aritzen dira, eta gehiagorako denborarik ez dagoenez, eskolako lanak etxean bukatzen. Curriculum zabalari konponbidea ikusten dio Iñaki Larreak: edukiei lotu ordez, konpetentziei lotu; helburua testuliburuko ariketa guztiak egitea izan beharrean, ikuspegi globalagotik landu gaitasunak; proiektuka, egoera errealetan oinarrituta, eta egungo curriculum zatiketa alboratuz (orain euskara, orain fisika, orain historia…).

Hainbat gurasoren kezka ulertzen du: “Semea edo alaba gai jakin batean besteak baino atzeratuago badabil, joera beti izango da etxerako lanen bidez orekatzen saiatzea, baina ikastetxeak aniztasun orori erantzun behar dio, bertan dauden ikasle guztiei. Denok une berean gauza bera egite hori apurtu beharko genuke, haurrak robotak bailiran: ‘Orain hau egin behar duzue, modu honetan eta iraupen honekin’. Haur bakoitzaren bereizgarriei erreparatu eta bakoitzari erantzungo dion hezkuntza sistema eskaintzen saiatu beharko ginateke, nahiz eta badakidan ez dela erraza, ratioak ere handiak direlako. Baina materiaka joan ordez gauzak ikuspegi globalagotik jorratuz gero, errazagoa da haurrak bidean ez galtzea”. Izan ere, irakasleak ezin du espero ikasgelan “iristen ez denari” konponbidea etxeak ematea, eskolaren ardura baita gutxiengoak bermatzea eta ikasleak zailtasuna duen horretan indarra jartzea, eskola-orduetan.

Errepikakorrak eta memoristikoak, gutxi dute pedagogikotik

Curriculuma eskolan eman behar dela eta etxeak ezin duela eskolaren jarraipena izan, Lurdes Imaz Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko (EHIGE) bozeramaileak adierazi diguna. Etxerako lanak ezabatzea baino, kopurua eta denbora orekatzea eta eredua aldatzea ikusten du beharrezko. Imazek eredua kritikatu du, normalean ariketa errepikakorrak izan ohi direlako eta guztiei berdina planteatzen zaielako. “Horrek ez du zentzurik, etxerako lanak ikasle bakoitzaren beharretara egokitu beharko lirateke, eta eskolan landutakoarekiko osagarriak eta praktikoak izan beharko lukete: gai jakin bati buruz eguneroko bizitzarako ikasleari balioko dion ariketa planteatzea, proiekturen bat taldeka proposatzea, gurasoekin batera interneten gaiaren inguruan arakatzea… baina ez fitxak betetzen jardutea”. Azken finean, testuliburua zehatz-mehatz jarraitzeak ez dirudi oso aberasgarria.

Kopurua ere ohiko eztabaida da, jakinik gainera hainbat ikerketaren arabera ez dagoela loturarik eskolako lanei eskainitako denboraren eta emaitza akademikoen artean. Normalean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleen artean ez dago etxerako lanen gaineko koordinaziorik (Lehenengo Hezkuntzan bakarra da irakaslea), eta ikasgai bakoitzetik agintzen dizkieten etxerako lanak pilatu egiten zaizkie ikasleei. Frantziako Estatuan, 15 urteko gazteak 5,1 ordu eskaintzen dizkio astean eskolako lanei, Espainiakoan 6,5 ordu (ikusi beheko infograma). Nafarroako Eskola Kontseiluak 2011n emandako datuen arabera, egunero ordubete eta 48 minutu baliatzen ditu 15 urteko gazteak etxerako lanetan. 2014an Joxe Amiama irakasleak EHUrako egindako ikerketaren arabera berriz, DBHko ikasleen %55ak estutasunez bizi ditu etxerako lanak eta %65ak dio gehiegi agintzen dizkietela. Etxerako lanek gain hartuta, nekatuta eta frustratuta bukatzen duen ikasleak eskolarekiko eta azken batean ikas-prozesuarekiko jarrera ezkorra garatu dezake eta haurraren jakin-mina amatatzeko arrazoi bilaka daitezke eskolako lanak, aditu ugariren ustez. Beste kezka bat ere azpimarratu digu Lurdes Imazek: “Gurasoen kexak jaso izan ditugu, ez dutelako ulertzen zergatik eman behar duen seme-alabak hainbeste denbora eskolako lanak egiten, denbora bestelakoetara eta elkarrekin egotera eskaini beharrean. Tentsio sortzaile dira eskolako lanak, ariketa gehiegi direnean edota gurasoek ezin dutenean seme-alaba lagundu”.

Zein da gurasoen funtzioa?

TNS Demoscopia ikerketa-enpresaren datuei erreparatuta (2013), Lehen Hezkuntzako haurren %80ak eta Bigarren Hezkuntzako %45ak gurasoen laguntza jasotzen du Espainiako Estatuan. Lurdes Imazen iritziz, gurasoek ez lukete eskolako lanetan eskua sartu behar, gainbegiratu baizik: “Gurasoek ez dute zertan jakin zein den matematikak edo zernahi gai irakasteko metodologia, irakaslea da eta ez gurasoa horretarako prestatuta dagoena, eta haurrak autonomo izan behar du”. Areago, kalterako izan daiteke gurasoen laguntza, gaizki irakatsi dezakeelako edo dependentzia sor diezaiokeelako seme-alabari. Azken finean, haur edo gaztea ez bada gai eskolako lanak bere kabuz egiteko, ez al luke irakaslea –eta ez gurasoa– behar ondoan? Eta ez badu laguntzarik behar, ez al daude soberan etxerako lanak? Francesco Tonucci pedagogo italiarraren hitzetan, “etxerako lanek inoiz ez dute lortzen eskolak uste duen emaitza: ahulenentzako laguntza izan beharko lukete, baina hauek ez dira hain kapaz lan horiek egiteko eta maiz etxean ez dute laguntzarik aurkitzen, maila sozial eta kultural baxuko familietakoak baldin badira. Hala, etxerako lanei etekin gehien ateratzen diotenak dira gutxien behar dituztenak”.

Sarri familiaren egoera sozioekonomikoak baldintzatuta, desoreka sortzen da laguntzen duten eta ez dutenen haurren artean. Etxetik ikasgelara eramaten da seme-alabek gauza ahalik eta gehien eta ahalik eta azkarren jakiteko lehia, eskua sartzen duten gurasoek eta eskola partikularrek gelako erritmoa ezartzeraino, halako laguntzarik ez duten ikasleak atzean utziz. Baina etxerako lanak perfektu entregatzea da helburua, ala norberak egiten ikastea, bideko akatsak zuzentzen joatea? Zer espero dute irakasleek gurasoengandik? Eta gurasoek irakasleengandik? Komunikazio handiagoa, horra gakoa.

“Etxerako lanek ezin dute derrigorrezkoak eta puntuagarriak izan –gaineratu du Imazek–, ala nota altuagoa jarriko diozu egoera ekonomiko hobea duelako partikularrera joan daitekeenari?”. Amiamaren azterketak dio hamar ikasletik lau doazela eskola partikularretara, etxerako lanak egiten laguntzeko. Baina soluzio pribatu honek beste behin ere irakaskuntza sistemaren porrota islatzen duela nabarmendu du Iñaki Larreak eta hainbat lekutan martxan duten irtenbidea proposatu du Imazek: ikastetxe barruan espazioak egokitzea, zailtasuna duten ikasleek aukera izan dezaten bertan aritzeko, irakasle baten laguntzaz.

Alabari ariketak egiten zizkion aita eta Urnietako eta Usurbilgo esperientziak

Etxerako lanen alde eta kontra, gurasoen artean denetik dagoela kontatu digu EHIGEko bozeramaileak, ikasleak eta erritmoak ere ez direla denak berdinak. Baina egungo ereduaren egokitasuna zalantzan jartzen dute gehienek. Frantziako Estatuko guraso elkarte handienak (FCPE) etxerako lanei planto egitera deitu izan du (berdin beste hainbat herrialdetan), eta CEAPA konfederazioak, Espainiako eskola publikoetako 12.000 guraso elkarteren ordezkari denak, etxerako lan derrigorrezkoak ezabatzea eskatu du, ez izatea puntuagarriak, desoreka handiak sortzen dituztelako.

10 urteko semea ia denbora librerik gabe estresatuta egunero bi-hiru orduz etxean eskolako lanak egiten ikusita, kopurua txikitzeko sinadura bilketa abiatu du Eva Bailén madrildarrak eta 130.000 babesetik gora jaso ditu Change.org plataforma birtualean. Kasu bitxia da baita ere Alfonso González irakasle eta guraso espainiarrarena: alaba Lehen Hezkuntzan zegoenean, eskolatik bidaltzen zizkioten ariketa asko eta asko berak egin zizkion. Adibidez, etxera hamar zatiketa ekartzen bazituen egiteko, lehenengoa neskatoak egiten zuen, eta behin ziurtatuta ondo moldatzen zela, gainerakoak aitak bukatzen zituen. “Horri esker, nire alabak gitarra jo du, piraguismoan aritu da, kalera atera da jolastera, zoriontsu izan da… Orain Bigarren Hezkuntzan dago eta Bikain ateratzen jarraitzen du”.

Gurera etorrita, Urnietako Egape ikastolako Aitor Regillaga gurasoak bere esperientzia kontatu digu. 2014-2015 ikasturtea abiatu aurretik, eskolako ama bat eta biak gaiaz gogoetatzen hasi ziren, 6 urteko semeak hastear zirelako etxerako lanekin. Gainerako gurasoei azaldu zieten kezka lehenik, ikastetxean planteatu zuten ondoren, inkestak ere egin zituzten egoera erreala ezagutzeko (etxerako lanen helburuak betetzen al ziren, zein zailtasun maila zuten, nola egiten ziren…). Horren ondorioz, Egapeko irakasleek hausnarketa abiatu zuten, ikastaroa jaso zuten Joxe Amiama irakaslearen eskutik eta ikasturte honetan murriztu egin dute etxerako lanen kopurua, denbora gutxiago eskatzen duten bestelako lanak agintzen dituzte. Prozesuan gurasoek, ikasleek eta gainerako eragileek ere parte hartzea nahiko zukeen Regillagak, baina sisteman esku hartzea lortu dutelako kontent da: “Irakasleen ahalegina baloratzen dugu, inertzia puskatzea ez da gutxi eta seme-alabak ere pozik daude emaitzarekin”.

Urnietakoa ez da esperientzia bakarra. Usurbilgo Udarregi ikastolan esaterako, irakasle eta gurasoengandik sortutako kezkari tiraka gaiaren diagnosia abiatu zuten 2013-2014 ikasturtean (etxerako lanen inguruko galdeketa egin zieten ikasle eta gurasoei batetik, eta indargune eta ahulguneez datu bilketa eta eztabaida izan zuten irakasleek bestetik); ondoren, Joxe Amiamarekin klaustroa jaso zuten irakasleek, eta ikasturte berri honetan aldaketak egin dituzte Lehen Hezkuntzan, bereziki etxerako lanen tipologian. Hala, etxerako lanen xedea da irakurketa sustatzea eta gelarako esanguratsuak diren zereginak aukeratzea: “Etxerako lan esanguratsu bat izan daiteke, adibidez, matematiketan neurri aldaketak ikasten ari bagara etxeko kideen neurriak ekartzea, ondoren gelan neurri aldaketak balio horiekin egiteko”, zehaztu digu Elixabete Goikoetxea Udarregiko irakasleak. Aldaketaren ondorioak eta emaitzak ebaluatzen joango dira ikasturte honetan zehar, eta Bigarren Hezkuntzan etxerako lanen diagnosia hasi dute baita ere.

Beste ikastetxe batzuetan, astebeterako ikasleek egin beharrekoak adosten dituzte, eta lan horiek eskola-orduetan burutu ahal izateko egiten da plangintza –ordu horietan ariketak egin ez dituenak, horrek bai, etxean amaitu behar–. Gero eta leku gehiagotan mahaigaineratu dute gaia, inplikatu guztien artean bidea erabakitzea helburu. “Planteamendu irekia izan da gurea –azaldu digu Aitor Regillagak–, asmoa ez baita izan etxerako lanei baietz edo ezetz esatea, baizik eta gogoeta egitea, ea baliagarriak eta eraginkorrak diren. Zein helburu dituzte etxerako lanek? Betetzen al dituzte helburu horiek? Eta asmo horiek lortzeko tresna ala azken helburu dira etxerako lanak? Nolakoak dira? Kontuan hartzen al dute ikaslearen errealitatea? Gurasoena?...”.

Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartera iritsi den proposamena abiapuntu, lantaldea sortuko dute EHIGEn, eta nondik joko duten aurreratu digu Lurdes Imazek: “Planteatu beharko litzateke ikastetxeka gaiaz sakon eztabaidatzeko bildu daitezela ikasle, guraso eta irakasleak, eta akordioak adostu ditzatela; eta bigarren urratsa izan daiteke gaia Hezkuntza Sailera eramatea, bertatik bideratu dezaten etxerako lanen inguruan ikastetxeka akordioak lortzeko beharra”. Iñaki Larreak nabarmendu du, gurasoek zeresana duten arren, hezkuntzako adituak eta ikerketak hartu behar direla oinarri, eta gogoratu du adar asko ukitzen dituela gaiak: hezkuntza politiketatik hasi eta familia eta lana uztartzeko politiketaraino. “Haurrei eta nerabeei zer eskaini nahi diegun erabakitzeak eskatzen du eskolaz gogoetatzea, baina baita eskolaz kanpo dagoen guztiaz ere”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Unibertsitatera sartzeko Historia azterketan datorren ikasturterako iragarri berri dituzten aldaketek kezka eta haserrea piztu dute

Unibertsitatera sartzeko azterketa eredu berria estreinatu eta gutxira, datorren ikasturterako azterketa berriz ere “goitik behera” aldatuko dietela eta probak eskakizun maila altua izango duela salatu du EAEko Historiako irakasle talde batek. Azterketa eredua... [+]


Seaskak bigarren lizeo bat irekiko du 2027ko irailean, Donapaleun

Kanbon egin duten urteko biltzar nagusian ontzat jo dute lizeo berriaren garapenari buruzko txostena. Donapaleuko ikastolaren ondoan egongo da, eta hasiera batean 180 ikasle hartu ahal izango ditu, Seaskako arduradunen arabera. Lizeo berriaz gain, urteko biltzarrean azken... [+]


Ekaineko zurrunbilotik

Kooperatibismo bat komunitateari begira UEUko topaketek, komunitatea ahaldundu eta lurraldeetako beharrei erantzuteko tresna direla gogorarazi ziguten. Halaxe da, bai, baina ekaina ez da kooperatibetan idealizaziorako garai egokiena, ez behintzat kooperatibetako kudeaketa... [+]


EHUn kitxuaz, komunitate indigenen erresistentzia aldarrikatzeko

María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]


Lanbide Heziketa euskalduna, noizko?

Zergatik eskaintzen dira Lanbide Heziketako hainbeste ziklo erdara hutsean EAEn? Zergatik jarraitu behar dituzte ikasketak gaztelaniaz ordura arte D ereduan euskaraz aritu diren ikasle andanak? Lanbide Heziketa euskalduntzeko behingoz plan estrategiko bat gauzatu dezala eskatu... [+]


2025-06-24 | Euskal Irratiak
Laida Mugika
“Espero dugu datorren urtean halakorik egin beharrik ez izatea, eta errektoretzak neurriak hartzea”

Errektoretzaren erantzun ezan, ehun bat irakaslek berriz eskainiko diete ikasleei ahozko froga euskaraz pasatzeko aukera. Guraso elkarteek ere bat egin dute ekimenarekin, errektoretzaren inplikazioa eskatuz.


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Umandi ikastolak 50 urte
Euskara, bizikidetza eta berrikuntza pedagogikoa ardatz

Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere... [+]


Begoña Pedrosa
“Berrikuntza egiteak prozesuan gorabehera asko dakar batzuetan, eta hala behar du”

Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]


Lanbide Heziketa Duala inplementatzeko modua “anabasa” eta “alegala” izaten ari dela salatu du hainbat irakaslek

“Lehenengo mailako ikasleek enpresetan egin dituzten praktikak existitu ez balira bezala jokatzeko eta notak aurreko sistemaren arabera jartzeko eskatu digute”, adierazi dio ARGIAri irakasle talde batek. Hori eta beste hainbat adibide eman dizkigute, azaltzeko modu... [+]


“Momenturen batean lortuko dugu antiespezismoa ofizialki hezkuntzako curriculumean txertatzea”

Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.


Inguma datu-base berritua aurkeztuta ekin die UEUk aurtengo ikastaroei

Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketari bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu-base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia 50.000... [+]


Lanbide Heziketa Dualaren “gezurra” salatu eta egoera aldatzeko eskatu du irakasle talde batek

Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin... [+]


Ikastetxeek sukalde propioa izatetik harago, funtsa eskola-jantokien kudeaketa eredua dela adierazi du EHIGEk

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri duelarik hainbat ikastetxe eta zonaldetan sukaldeak jarriko dituztela, EHIGE gurasoen federazioak dio gaur egun catering-enpresen esku dauden eskola-jantokietako eredua bera aztertzea eta bestelako kudeaketa bat bultzatzea dela... [+]


Eguneraketa berriak daude