Herritarren bizipenak argitara ateratzeko crowdfundinga

  • Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala kaleratzeko diru bilketa martxan jarri du ARGIAk Karena.eu plataforman. Ibai Trebiño eta Mikel Arregi kazetariek Ukraina, Krimea eta Donbassen jaso dituzten lehen eskuko testigantzetan oinarrituta dago lana.

Donbasseko gatazkaren ikur bihurtu da Donetskeko aireportua kontrolpean izateko borroka.
Donbasseko gatazkaren ikur bihurtu da Donetskeko aireportua kontrolpean izateko borroka.Ibai Trebiño

“Donbasseko gerra-frontera joateko asmoa daukagu Mendebaldeko masa komunikabide gehienek erakusten ez duten beste aldeari –ezkutatzen duten besteari– ahotsa emateko”. Oso argia izan zen Trebiñok eta Arregik ARGIAko lantaldeari egindako proposamena. Gogoz heldu zioten abenturari eta horren emaitza dira argitaratu ditugun erreportajeak, argazki-bildumak, bideoak eta iritzi artikulu ugariak. Ikuspegi kritikoz jorratutako lanak, Europako kazetari gutxik jaso duten lehen eskuko testigantzez lagunduta.

Lan oparo horren emaitza biribiltzera dator Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala. Euskal Herriko jendartearen gehiengoarentzat oraindik oso ezezaguna den gerra baten testuingurua eta ondorioak azaldu nahi dituzte ARGIAk sustatutako dokumentalaren bidez. Dozenaka orduko grabazioak editatzeak, euskaraz gain beste hainbat hizkuntzatara itzultzeak (ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, italieraz…) lanaren produkzioaren kostuak… lan handia dago dokumentalaren atzean. Beraz, lana baldintza egokietan egin ahal izateko eta egileek –freelance gisa– egin duten lanak ordainsari duina merezi duelako, diru-ekarpenak jasotzeko crowdfundinga abiatu dugu.

Jatorrizko dokumentalaren bertsioa euskaraz izango da, gaiak Euskal Herritik kanpo duen pisua ikusita, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak ere gehitu nahi dizkiogu. Crowdfundingaren bidez lortuko dugun diruaren arabera beste hizkuntza batzuetara itzuliko dugu (katalanera, frantsesera…).

Euskal Herrian sortua, euskaraz pentsatua eta baliabide gutxiagorekin eginik ere, munduko geopolitikaren lehen lerroko gai bati heldu nahi diogu. Jakitun garelako, komunikabide handietako jabeen interes ekonomikoek behartuta, ezkutatzen den ikuspegiaren zabalpena hedabide independenteen esku baino ez dagoela.

“Donetskeko zenbait auzo erabat suntsituta daude. Zutik iraun duen ia ezer ez da. Asko hunkitu ninduen sotoetan sartuta bizi zirenen bizimoduak. Zenbait familiak hilabeteak daramatza aire erasoen aurkako babeslekuetatik atera gabe, oso egoera tamalgarrian bizirauten. Hori bezalako gerraren eragin zuzenak jaso ditugu”, dio Mikel Arregik.

2014ko otsailean Kieven izandako gertaeren ondotik aldaketa politiko sakona bizi izan du Ukrainak. Maidan izenarekin ezagun egin ziren protesten ondoren, estatu kolpea eman zuten. Ukrainako egoera politiko, ekonomiko eta sozialean aldaketa sakonak gertatu dira harrezkero.

Apirilean, Kieveko agintari berriak onartzen ez zituzten Luhansk eta Donetskeko herritarrak altxatu egin ziren, eta erantzun moduan, Ukrainako presidente Poroxenkok Donbasseko Gerra abiatu zuen. Europan aspaldi ikusi gabeko anabasa humanitarioari hasiera eman zion gerrak –1.500.000 errefuxiatu eragin ditu– eta hara joatea erabaki zuten dokumentala egitera; Krimean eta Donbassen bizitakoa, entzundakoa eta ikusitakoa dokumentu historiko bezala jasota gera dadin.
 

Ibai Trebiño

33 urteko gasteiztarra. argiako kolaboratzailea. 2014an Donbassera lehen aldiz bidaiatu zuenetik, hiru aldiz izan da gatazka gunean. Denbora tarte horretan gatazka horri buruzko erreferente bihurtu da. Pasa den maiatzean Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean Donbassi buruzko hitzaldia ematera gonbidatu zuten.

Mikel Arregi

29 urteko arrasatearra kazetaritzan dabil aspalditik. Lehen pausoak irratian eman zituen Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Onda Vascan esatari moduan. Arrasateko Mondraberri egunkari digitalean aritu da kazetari eta kamerari. Egun EiTBko berriemailea da Madrilen.

Ekarpena egiteko aukerak

10, 15 eta 20 euroko laguntzak sortu ditugu, trukean izena kredituetan, dokumentala DVD formatuan eta argiaren kamiseta jasoko dute ekarpena egiten dutenek. 50 euroko ekarpen berezia ere prestatu dugu, dokumentalaren emanaldia eta egileekin solasaldia antolatuko genuke ordainetan. Ondorengo helbidean dago ekarpena emateko aukera:  www.karena.eu/proiektua/donbass-gerra-europaren-bihotzean


ASTEKARIA
2015eko azaroaren 08a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donbass gerran
2022-09-21 | ARGIA
Errusian sartzea galdeginez erreferendumak egingo dituzte Donbass, Kherson eta Zaporizhiak

Irailaren 23tik 27ra egingo dituzte erreferendumak, herritarrei galdetzeko ea sartuko liratekeen Errusiako Federazioan. Ukrainak Errusiaren xantaiatzat jo du ekimena. Putinek erreferendumak babestuko dituela adierazi du, eta horrekin batera, asteazkenean 300.000 militar ohi... [+]


Errusiako Armadak su-etena iragarri du Mariupolen

Korridore humanitarioetatik barrena zibilak ateratzeko hartu du erabakia Moskuk. Hala ere, Ukrainako ordezkariak mesfidati agertu dira, ez diote sinesgarritasun osoa bideratu Errusiak plazaraturiko erabakiari.


2022-03-01 | ARGIA
Errusiaren eta Ukrainaren arteko guda, geroz eta gordinago

Ukrainako gerra egunetik egunera aldatzen doa. 2014an independentzia aldarrikatu baina linboan geratu ziren Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliken independentziak onartu eta guda hasi zuen Errusiak. Mendebaldeak zigor ekonomikoen bidez erantzun du Ukraina ekialdeko... [+]


Eguneraketa berriak daude