Argitaletxeak

Behinola elkargune, orain zer?

  • Euskal literatur sistemaren osasuna epaitzeko ekoizpenari erreparatu ohi zaio: liburu kopurua, aniztasuna, kalitatea, salmentak…  Beste bide bat hautatu dugu guk diagnostikoa egiteko. Uztan baino, landareetan jarri dugu arreta: zein bilakaera izan dute behinola idazle taldeek martxan jarritako argitaletxeek? Zergatik sortu dira berriagoak? Bada gehiagoren beharrik? Lagin murritz baina adierazkorra hautatu dugu erantzunak aurkitzeko.

Lander Arretxea @larretxea
2015eko maiatzaren 24a
Edo! argitaletxea modu asanblearioan kudeatzen dute. 2012an martxan jarri zen egitasmoa da azken urteotan sortu den editorial berrietako bat, Denon artean, Gaumin eta Pasazaiterekin batera.

“Iruditzen zitzaigun lan interesgarri asko kanpoan geratzen zirela argitaletxe gehienek merkatu ikuspegiarekin funtzionatzen dutelako. Alor ekonomikoa ekuaziotik ezabatzeak lan horiek argitaratzeko aukera eman digu”. Hala laburbiltzen du Iratxe Retolaza literatur kritikariak Edo! argitaletxearen sorreraren zergatia. Mahai beraren bueltan ditu, duela hiru urte sortutako argitaletxea euren borondatezko lanarekin elikatzen duten beste bi kide ere: Ibon Egaña kritikaria eta Oier Guillan idazlea. Bat datoz euskal argitalpenetan oso toki gutxi duten generoak zerrendatzerakoan: pentsamendua, saiakera, artea, antzerkia eta itzulpena. Hain justu ere, Edo!-k orain arte kaleratu dituenak alor horietako lanak dira.

Guillanek ez du atsegin, ordea, hutsunea betetzen dutela esatea. Ezinezkoa dela dio, hamar liburu soilik argitaratu dituztelako. “Esperimentu honek balio izan du hutsune horiek ikusarazteko eta frogatzeko beste kultur eredu batzuk ere badaudela: gauzak beste modu batera eginez gero, egon daitekeela hori baloratu eta irakurriko duen publiko bat”. Harpidedunen ekarpenak eta borondatezko lanak sostengatzen dute Edo!, eta argitara eman dituzten liburu gehienak agortu zaizkie dagoeneko. Azken urteotan sortu den argitaletxe txikietako bat da, Denon artean, Gaumin eta Pasazaite-rekin batera.

Edizioa editorearen gainetik

Edo! modu asanblearioan kudeatzen dute, eta editore lana ere ez dute pertsona bakarraren esku uzten. Bi edo hiru laguneko taldeek hartzen dute edizioaren ardura, ondoren zuzentzaile batek azken errepasoa eman aurretik. Liburu bakoitzak eskatzen duenaren araberako taldea hautatzen dute gainera. Bere alde on eta txarrekin, eragin positiboa duela dio Ibon Egañak: “Prozesua beste bide batzuen aldean mantsoagoa gertatzen da, baina lana mimoz egitea lehenetsi dugu. Ohituta ez dagoen sortzailearentzat luzeegia izan daitekeen arren, emaitzan aldea igartzen da.”

Edizioan jartzen dute arreta, ez editorearen figuran, Egañaren arabera: “Badira dena erabakitzeko boterea duten izen handiko editoreak, beste literatur sistemetan batez ere. Guk prozesuari ematen diogu garrantzia”.

Euskal editoreei begira jarrita, profil aniztasun falta aipatzen da maiz. Iratxe Retolazak ere bere egiten du analisi hori: “Bakoitza bere joerekin baina antzeko profila dute askok, eta sortzailearekin duten harremanetan, jokabideak ere antzekoak dira. Gizonezkoak dira, gipuzkoarrak gehienak, klase sozial bertsukoak, belaunaldi berekoak, eta literatura ulertzeko modu jakin bati erantzuten diotenak”. Arrazoi historiko bati egozten dio antzekotasun hori: “Euskal argitaletxe gehienak garai berean sortu ziren, eta orduan lan horretan aritu zirenak dira orain editore. Haien ahaleginari esker egin dute aurrera”.

Aldizkarien eboluziotik industriara

Arrazoi historiko horiek ongi baino hobeto ezagutzen ditu Josu Landa idazleak, Susa argitaletxean baitabil sorreratik bertatik. 1983an abiatu zen, Maiatz eta Pamielaren garai berean eta ibilbide bertsua egin ondoren. Aldizkarien anparoan eta eboluzio natural gisa sortu zirela dio Landak. “Jada enpresa ikuspegia bazuten Elkarrek eta Ereinek izan ezik, garai hartan sortutako argitaletxeek aldizkari gisa ibilbidea egina zuten aurretik”. Horri esker, testuak maketatu eta papereratzeko gaitasuna zuten idazle talde mordoa ziren urte haietan. “Azken finean lehengai bertsua da aldizkari bat edo liburu bat egiteko behar dena. Testua, maketazioa, inprenta, papera…”.

Susaren kasuan, Luis Haranburu Altunak Xabier Montoiaren Anfetamiña poema liburuari emandako ezezkoak piztu zuen zigilu propioa sortzeko grina. “Zertan ibili behar dugu ate joka gure motibazio edo nahien antipodetan dauden argitaletxeetan? Bultzada edo gogo hori zegoen orduan. Ikuspegi ideologiko batetik ere garrantzitsua zen guretzat produkzio bideen jabe izatea”. Gaur egunera etorrita, aldizkarien dinamikarik ez izateak argitaletxe berrien faltarekin zerikusia baduela uste du Landak.

80ko hamarkadan sortutako argitaletxeek profesionalizaziorako bidea egin zuten apurka, Susan soldatapeko bakarra Gorka Arrese editorea bada ere. “Euskarazko produkzioak ofizialtasuna lortzeak eta horren inguruan eman zen instituzionalizatzeak, lanpostu mordoa sortu zituen. Horrek frankismo osteko aparraldia baretzearekin batera, pultsio eraldatzaile horren apaltzea eta ia-ia desagertzea ekarri zuen”.

Landaren arabera, liburu industriaren aldeko aldarria ere egin da urte askoan. “Ematen zuen zenbat eta lanpostu eta egitura gehiago izan, orduan eta indartsuagoa izango zela euskal kultura”. Dioenez, azken urteotan apaldu egin da diskurtso hori, baina garai hartan esan eta idatzitakoak ondo gogoratzen ditu: “Bazirudien argitaletxe txikiak soberan zirela; hobe zutela desagertzea”.

Argitaletxeak jada ez dira elkargune

Josu Landak berak aitortzen du lehenengo urteetan Susa argitaletxearen argitalpenak idazle talde jakin baten lanak zirela. Gaur egun ordea, lehen “pentsaezina” zen idazleek ere Susan argitaratzen dituzte euren lanak. Iratxe Retolazak orokortzat jotzen du transformazio hori. “Duela hogei edo hogeita hamar urte idazleak eurak ziren argitaletxeak sortu zituztenak, eta lotura estetikoa zein ideologikoa nahiko markatua zen. Orain idazleek erabiltzen dituzten plataformak dira, atxikimendua izan edo ez”.

Ildo beretik, argitaletxeak enpresa bilakatu diren heinean, elkargune izateari utzi diotela dio Guillanek. “Idazleek badituzte foroak, baina ez dira enpresa egitura duten argitaletxeak. Nahiko bilakaera naturala eta logikoa iruditzen zait”. Argitaletxeen ezinbestekotasuna zalantzan jartzen du 2012an Damutzen ez direnak lehen eleberria kaleratu zuen Itxaso Araque idazleak ere. Argitaletxe kontzeptua errotik aldatzen ari dela dio:  “Behar-beharrezkoak dira argitaletxe berriak, literatura kudeatzeko modu ezberdinak praktikan jartzeko eta eztabaida publikoa aberasteko. Baina, sortzaile talde batek ezinbestekoa al du argitaletxe bat ideiak gorpuztu eta lanak argitaratzeko? Edo nahikoa du kafetegi edo liburu-denda batean euren lanak plazaratzea?”.

Idazle gazteek ez dute argitaletxerik behar?

Itxaso Araquek 24 urte zituela plazaratu zuen bere lehen eleberria. Salbuespena da berea neurri batean: bi eskurekin –eta akaso bakarrarekin ere bai– zenba daitezke dagoeneko liburua argitaratu duten 30 urtetik beherako idazleak. Gehientsuenek Elkar argitaletxeak sustatutako Igartza eta Augustin Zubikarai bekei esker papereratu dute euren lehen lana. Araqueri halako deialdiak pozgarri egiten zaizkio: “Augustin Zubikarai beka irabazi ez banu, segur aski ez nuen eleberririk plazaratu ahal izango”. Izan ere, ez zaio sekula argitaletxe batengana hurbiltzea bururatu, leku hermetikoak iruditu baitzaizkio beti. Barne dinamikak ezagutzean ulertu du ez dela hala, baina euren profil publikoa hobetzeko ahalegina egin behar luketela uste du.

Ba al dute aipatu bekek loturarik egungo gazteek argitaletxe propioak ez sortzearekin? Baietz uste du Josu Landak: “Idazle gazteek ez dute liburuak argitaratzeko plataforma propioak sortzeko beharrizana sentitzen. Itzali egin da inpultso hori. Alde batetik, pozgarria da. Esan nahi du orain dela hogeita hamar urte baino dezente hobeto gaudela, eta aukera gehiago dagoela argitaratu ahal izateko”. Araquek ordea ez du uste indar hori galdu egin denik, transformatu eta dibertsifikatu egin dela baizik. “Idazlegai gazteek aukera ugari dituzte euren lana online argitaratu eta promozionatzeko eta agian horregatik ez dute argitaletxe bat sortzeko beharrik ikusten”. Retolazak ere ez du uste gazteek argitaletxeak behar dituztenik: “Belaunaldi berrietan beharbada ahotsa hartzeko bidea jada ez da argitaletxea, ez dio erantzuten gaur egungo kultur ereduari. Iruditzen zait gazte asko dagoela kulturgintzan bere tokia egin duena libururik argitaratu gabe”.

Kanal honetan artxibatua: Euskal literatura

Euskal literatura kanaletik interesatuko zaizu...
2017-11-21 | Mikel Asurmendi
Konplexua eta sotila, jendearen erraietatik erauzia

Emakumea bat da protagonista. Inboluziorik inboluzio, gure herrian eman den inboluzioa ez dela guztiz atzeranzkoan eman, ez dela erregresio soila izan, esan dezaket neronek. Nagore Vargas bere buruarena ez ezik, bere gorputzaren jabe izan nahi duen belaunaldi sendo baten partaidea baita. 


2017-11-19 | Mikel Asurmendi
"Gatazkaren alde batera edo bestera lerratu ginen, eta gure kontraesanak eta ahultasunak irentsi genituen"

Jenisjoplin nobela plazaratu berri du Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984). Iragan hiru hamarkadetan garatuta dago, gatazka politikoaren zurrunbiloan. 30 urteko aldea duten bi belaunaldiren bizipenak eta talkak jasotzen ditu, besteak beste. Idazleak trebeki uztartu ditu bi garaiko gorabeherak eta pertsonen jiteak; taberna zuloko giro hitsa hala nola gaztetxeetako giro lehergarria. Idazlea eta bertsolaria da Alberdi. 2013ko Txapelketa Nagusiaren finalaren pasarte batek badu munta istorioan, doi-doi... [+]


Euskadi Sariak: hamar urtez linboan

Saridunak ezagutzera eman baino lehen izan dira albiste Euskadi Sariak aurten, zenbait idazlek parte hartzeari uko egin diotelako. Aurreko esaldia ezaguna egiten bazaizu, normala da. 2007tik Eusko Jaurlaritzak urteko literatur uztatik ale batzuk nabarmentzeko ematen dituen sariak zalantzan daude, zenbait idazlek ez diolako sinesgarritasunik aitortzen. Hamarkada oso bat pasa ondoren egoera zertan den jaso dugu.


Nire juaneteak (Miel A. Elustondori erantzunez)

Eskertzen diot Miel A. Elustondori azaroaren 5eko ARGIAn publikatu nuen zutabeari erantzun izana jende guztiak irakurri dezakeen artikulu baten bidez eta ez, demagun, telefonoz edo bestelako mezu pribaturen bat erabiliz. Eta ez dut hau debalde esaten, sarritan topo egin izan baitut antzeko egoeraren bat argirik eta takigraforik gabe “arreglatu” nahi izan duen jendearekin. Ezkutuan ibili ordez artikulu bidez erantzutea, beraz, denek edukitzen ez duten detailea da.


Kirmen Uribe bakean!

Gorka Bereziartua Mitxelenaren sinadura darama ARGIAren Fauna Publikoa atalean azaroaren 5ean irakurri dugun testuak. “Hitz egin zure izenean” du izenburu, eta goiburua ere badu, gorrian guztiz markaturik: “Erritmo kontua da: ez dugu independentzia nahi une honetan” (Kirmen Uribe, idazlea. The New York Times). Kirmen Uriberi New York Times-en elkarrizketa egin diotela ere pentsatu dut lehen kolpean. Huts egin dut. Ez da horrelakorik.


2017-11-08 | Mikel Asurmendi
Balea Zuria: poesia eta saio argitaletxe sortu berria

Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategik osatzen dute Balea Zuria argitaletxea. Bosgarren kide bat ere badago taldean, Imanol Larrinaga margolaria. Orain arteko jardunaldietako irudien egilea.


Edo! argitaletxeak agur esan du harpidedunei azken argitalpena bidalita

Bost urteko ibilbidearen ondoren, Edo! argitaletxeak agur esatea erabaki du. Eta hasi bezala amaitu dute: liburu bat argitaratuz. Edotafioa izeneko argitalpena jaso dute argitaletxeko harpidedunek.


2017-11-05 | Dabi Piedra
Bilbo Arestirekin zorretan

Gabriel Aresti adiskideen begietan mahai inguruaren kronika. Urriaren 16an, Bilboko Bidebarrieta liburutegian aritu ziren Karmelo Landa, Josu Torre eta Anjel Zelaieta.


Joseba Sarrionandiari buruzko dokumentala estreinatuko dute larunbatean Iurretan

Joseba Sarrionandia, hemen eta han idazleari buruzko dokumentala estreinatuko dute larunbat honetan Iurretan. Askondon izango da, 18:30ean.


2017-10-20 | Anboto
"Autoreak baino gehiago, irakurleak imajinatzen duena da liburua"

Duela urte bi eskainitako elkarrizketan kontatu zigun idazmakina zahar bat duela etxean, tekletako letrak borratuta dituena. Baina, irakurle sentitzen dela idazle baino gehiago. Bide horretatik, jardunaldiek eragindako sentsazioez gainera, literaturaz gogoeta egin du hurrengo lerrootan, eta gomendio batzuk ere badakartza. Habanatik (Kuba) izkiriatu eta bidali ditu erantzunak sorterrira, limoi ura erabiltzeko beharrik barik, 2016ko azaroaz geroztik publikoki jarduten baitu jendaurrean... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude