Eskola errusiar onena

  • Kontzertu Handien Zikloa, Berlingo Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Dimitri Kitajenko. Bakarlaria: Elisabeth Leonskaja (pianoa). Egitaraua: Prokofiev eta Rakhmaninov-en lanak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: martxoaren 4a.

Benetan miretsi egiten dut musika eskola errusiar klasikoa. Talentu apartak oparitu dizkigute etengabe, bai interpretazioan, bai konposaketan, bai zuzendaritzan. Eta guzti horren “mix” bat disfrutatu dugu Gasteizko Kontzertu Handien Zikloaren hirugarren emanaldian. Ziklo honetako lehenengo saioan Daniil Trifonov pianista gaztea izan genuen, azkenetako izar errusiarren ordezkari, eta aldi honetan Errusiako piano eskolako dama handi bat, Elisabeth Leonskaja, benetako maisua. Hirurogeita bederatzi urterekin lezio ikaragarria eman zuen taula gainean: musikaltasuna, dotorezia eta indarra, topean.

Ez zuen Leonskajak aukeratu obra erraz bat. Prokofiev-en 2. Piano eta Orkestrarako Kontzertua lan exijentea da, oso, ez du atsedenik hasieratik bukaeraraino bakarlarientzat. Eta piano joleak maisutasunez gainditu zituen zailtasun guztiak, frogatuz teknika soberan duela aisetasunez jotzeko, baita musikaltasuna ere guztiaren gainetik azpimarratzeko; nahiz eta arazo larriak izan eserlekuarekin –lehenengo mugimendua amaitu arte hala edo nola moldatu zen eta ez zitzaion ezer nabaritu bere jokoan, hori da profesionaltasuna!–. Dimitri Kitajenko zuzendariak, bere aldetik, jakin zuen lan berezi honi irakurketa erromantikoa ematen, Prokofiev-en alde zorrotzak leunduz eta pasarte ameslariak nabarmenduz. Leonskajak, txalo zaparradak bultzatuta, Rakhmaninov-en Preludio delikatu bat eskaini zuen bis gisa, aurrekoa bezala ederra.

Saioaren bigarren zatian, lan potolo bat entzun genuen, Rakhmaninov-en 2. Sinfonia hain zuzen ere. San Petersburgon 1908an estreinatutako sinfonia  luze hau errusiar tradizio sinfonikoaren adibide garbia da, zeinean imajinazio melodikoa garrantzitsua baiten eta obraren garapena hotsandikoa eta berebizikoa. Kitajenkok oso bertsio erromantiko eta zentzu onean tradizionala eman zuen, Mariinsky antzokian egongo bagina bezala. Ederra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika klasikoa
Distira musikan, zakarkeria ekoizpenean

Zer: OLBEk antolatutako Verdiren 'Rigoletto' opera.
Nork: Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Otsailaren 23an.

------------------------------------------------

Spoiler: Euskaldunan entzun genuen... [+]


Gorabeheratsua

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Mozarten Serralloko bahiketa (Die Entführung aus dem Serail) opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Urtarrilaren 20an.

[+]


Fantasia bat haurrei, musika klasikoaren ardatzean

Haendel, Bach, Mozart, Vivaldi... haurrentzat ere izan daitezke, zergatik ez? Publiko espezifikoa izan ohi du musika klasikoak, baina ate gehiago ireki ditzake antzezlan edo ikuskizun berezi bihurtuta. Euskadiko Orkestraren Musika Gela egitasmoa Pantomima ikuskizuna eskaintzen... [+]


Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun

Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.


Eguneraketa berriak daude