Bake giro eskasa oraindik ere

  • Iraganeko bizipenen aitortza garaian bizi gara, edo halaxe nahi behintzat. Antxeta irratiak eta Lokarrik antolatutako Bidasoako jardunaldiak horren lekuko. Lehen ekitaldia Hondarribian izan da, hil honen 5ean. Bizikidetza sendoa izanen bada, jendarteak –klase politikoa buruan buru– ikaskizun dezente gainditu beharko duela adierazi zuten hizlariek.


2015eko otsailaren 22an
Ezkerretik eskuinera: Aitziber Blanco (moderatzailea), Cristina Sagarzazu, Belen Zabala, Fermin Urtizberea eta Jose Miguel Gómez Elosegui.
Ezkerretik eskuinera: Aitziber Blanco (moderatzailea), Cristina Sagarzazu, Belen Zabala, Fermin Urtizberea eta Jose Miguel Gómez Elosegui.Jon Urbe/Argazki Press

Elkarbizitza sustatu aldeko hiru ekimen izan dira otsailean, Hondarribia, Hendaia eta Irunen. Cristina Sagarzazu, Belen Zabala, Fermin Urtizberea eta Jose Miguel Gómez Elosegui, Lokarriko Aitziber Blanco moderatzailearen alboan eseri ziren Hondarribiko Itsas Etxean. Haien parean 200 lagun inguru, adi-adi eta isilean. Hona moderatzailearen zenbait hitz: “Bizikidetzaren bidea ez da samurra, baina gizartearen esku dago. Elkar ‘entzutea’ eta ‘ezagutzea’, horiexek gakoetako batzuk”.   

Jose Miguel Gómez Elosegui

J. M. Gomez Eloseguik hartu zuen hitza abiaburuan, ETAk 1997an hil zuen Francisco Javier Gómezen anaiak: “42 urte nituen anaia hil zutenean. Bi hilabete pasa arte ez nuen nire barne amorrua libratzerik izan, ondoren, zazpi hilabeteko terapia bati esker nire burua altxatu nuen. Hilketak areago bakezaleagoa izaten lagundu zidan”.

F. J. Gómez Elosegui Martutene espetxeko psikologoa zen. ELAko kidea, euskal nazionalismoaren ingurukoa. Anaia nola hil zuten kontatu zuen, hunkitua baina lasai. Hiltzailearen datuak eman zituen, baita familiak nola bizi zuen kontatu ere, euren amaren esaldi hau barne: “Herri honek ez du konponbiderik”. Jose Miguel baikorra da izatez, baina biolentziaren efektuak oso kutsakorrak direla azpimarratu zuen. Gizartea ez du inork tutelatu behar, eta are gutxiago ETAk. Bizikidetza sendotzeko denbora luzea beharko da, alde bateko zein besteko atentatu guztien argipena. “Ez dago indarkeria justifika dezakeen  xede politikorik”, gehitu zuen.

Fermin Urtizberea

Fermin Urtizberea hiru egunez bahitua izan zuen GANE talde parapoliziak 1988an (Grupo Antiterrorista Nacional Español). Guardia Zibilak 1976an atxilotu zuen lehen aldiz. Poliziaren eta talde parapolizialen aldetik –hamabost urtez– jasandako jazarpen lazgarriak kontatu zituen, lehen aldiz publikoki kontatu ere. Ezker abertzaleko zinegotzia izan zen Hondarribian. Atxilotua eta jipoitua izateaz gain, isunak ordainarazi zizkioten bi bider: 20.000 eta 15.000 pezetakoak. Baserrian bizi zen, eta jazarpen bortitzek kalera bizitzera behartu zuten. Lagunen etxeetan bizi izan zen, aldian-aldian tokiz aldatuz. Bidasoa aldean ETAren atentatu bat zenean, Urtizberea poliziaren jomuga izaten zen. Kartzela ezagutu arren –hiru hilabete pasa zituen Martutenen–, une latzenak aldian aldiko bahiketak eta jazarpenak izan omen ziren. Ezagutu du ustezko poliziaren pistola parean izatea eta bala bat albotik pasatzen sentitzea: “Ez dut hiltzeko beldurrik izan. Akusatu zizkidaten ekintza guztien errugabea naiz. Gatazkan biktima asko dago, baina nire ideologiaren aldeko kasuei ez zaie besteei bezala begiratu, areago, ni iraindua izan naiz, niri gertatuak neronek asmatuak izatea aurpegiratu didate”, esan zuen.  

Belen Zabala

Josu Zabala hondarribiarraren iloba da Belen Zabala. Etxean Jesus Mari deitzen omen diote osabari. Sei anaia-arrebetako gazteena zen. 1976ko irailaren 8an hil zuen Guardia Zibilak, herriko jaietan, amnistiaren aldeko aste gogoangarrietako batean. Hil zutenean Adolfo Suarez zen Espainiako presidentea. Alkateak senperrenak egin zituen Estatuko indar armatuak herritik kanpo gera zitezen, tokiko agintariekin nahiz Madrilgo instantzietako nagusiekin saiatu ere. Alferrik, halere. Guardia Zibilak herria hartu zuen eta haietako batek bi tiroz hil zuen Zabala, inolako “begiespenik” gabe. Autopsiak baieztatu zuenez, tiroak bertatik bertara eginak izan ziren. Mobilizazio ugari eta protesta gogorrak izan ziren biharamunean: apezpikuek, enpresariek, lantegietako nagusiek, herritarrek eta langileek egundoko erantzuna eman zuten. Josu Zabala Laminaciones de Lesaca enpresako langilea zen, delineante ofizioz. Belen Zabalak honela kontatu zuen: “Bertako egunkari batek osaba Jesus Mari ‘Un joven de Irún de 22 años y de profesión delincuente’ idatzi zuen. Orduko erregimena nolakoa prentsa halakoa. Familiak urteak eta urteak eman zituen tamainako iraina ezabatzen. Ahalegin hura ere alferrikakoa. Belenek dioenez, herriaren eta herri elkarteen atxikimendua handia izan da, botereen eta instituzioen aldetikoa, berriz, “existitu ere ez”. Belenek osabaren aita-ama gogoratu zituen, zeharo jota hil ziren, penaz biak ala biak. Alde bateko biktima batzuek egia fermuki exijitzen dutela gogoratu zuen, baina bere iritziz, biktima guztiak ez dira berdin gogoratuak ez lagunduak. Josu Zabala hil zuen guardia zibilak ez zuen kartzela zapaldu ere egin, urte hartako amnistiari esker.

Cristina Sagarzazu

ETAk 1996ko martxoaren 4an hil zuen Montxo Doral ertzaina. Haren alarguna Cristina Sagarzazu ez da inoiz bizitza publikotik at bizi izan: “Nik ez dut Montxori buruz hitz egiten, eta gaur ere ez dut egingo”, esan zuen hizketan hastean. Jardun laburrena berea izan zen, sendoa horregatik. 36 urte zituen senarra hil zutenean, baita bi seme-alaba ere. “Nire etxean ez da gorrotoa sartuko”. Horra bere maximetako bat. Ez da hori jendaurrean adierazi duen lehen aldia, ezta bere senarra –bera bezala– abertzalea eta independentista zela. Sagarzazuk hedabideak salatu zituen: “Hildakoen bizkarretik egin ohi duten maneiua doilorra da”. Hori larrutan jasan izan zuen berak. Senarraren hilotza artean bero zegola hedabide baten deia jaso zuen, zuzeneko irratsaio batean sartzeko gonbidatuz: “Ezetz esan nien. Haatik, telefonoaren bestaldetik hitz hauek entzun behar izan nituen: ‘Sabin Etxeko aginduen zain al zaude hitz egin ahal izateko?’”. Berarekin eseri ziren gainerako solaskideen antzera, Sagarzazuk “biktima” hitza ez du gustuko: “Montxo ETAk hil zuen, modu doilorrez hil ere. Ez dut inoiz ahaztuko, baina ez dut ahazten ere hildakoen lepotik hainbatek atera duten probetxua, probetxu ankerra. Sentsibilitatea oso eskasa da alde guztietatik. Errespetu hitza ahoan bai, baina ‘mordaza’ ezarri digute. Eta hori erraz onartu du gizarteak”, adierazi zuen Sagarzazuk.

Egia, justizia eta erreparazioa

Horratx hiru hitz potolo. Zein baina zein maiseatuagoak, “biktima” hitza ere halaxe izaki, solaskide bakoitzarentzat. Norberak hitzari bere ñabardurak egin zizkion, halere. Aretoan zeudenen galderei erantzun zieten lau hizlariek azkenik. Galdera anitz, eta erantzunak ere bai. Laurek bat egiten dute diagnostiko zenbaitetan. Adibidez: “Isiltasuna da gizarte honen gaitza, gaitz handia. Zauriak sendatu behar dira, baina horretarako asko hitz egin behar da. Elkar aditzen eta hizketan egoki jarduten ikasi behar dugu denok”.

Pasadizoek ondo baino hobeto islatu zuten pertsona hauek bizi izan dituzten une latzak. Horiek baina ez dira kontuak edo ipuinak bailiran ulertu behar. Baldin eta egia, justizia eta erreparazioa guztiontzat izanen bada, hitzak edukiz bete behar dira. Eta artean, denbora luzea beharko da. Hitzak hitz, honako aburu hauetan laurek bat egiten dute: hiru hamarkadetan gertatutako bortxa lazgarriaren ondoren, ikaskizun eta eginkizun handiak ditu jendarteak. Egindako mina, alde guztietan egindako mina, egileek beraiek onartu behar dute, batzuek zuzenean egindakoa eta bestetzuek zeharka. Higiene demokratikoa oso eskasa da, zeharo eskasa oraindik ere. Eta, zeregin horretan, lehenik eta behin, alderdi politikoek erakutsi behar dute kultura demokratikoa. Agintariek, alegia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal gatazka
2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Jon Anzaren desagerpenetik hamabost urtera, galderek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute

Duela hamabost urte desagertu zen euskal militantea. Baionan Tolosarako (Okzitania) trena hartu eta ez zen berriz agertu. Hortik hamaika hilabeteetara atzeman zuten bere gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian. "Egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu dute Anza zenaren... [+]


Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


Eguneraketa berriak daude