Guggenheim bete maisulan

Solomon Guggenheim Fundazioaren Bildumetako harribitxiek osatzen dute urtarrilaren 25era arte ikusgai egongo den Gure garaiko artea. Guggenheim Bildumen maisulanak erakusketa, XX. mendeko artearen gaineko ikuspegi zabala eskaintzen duena. Fundazioaren eta Bilboko museoaren arteko hitzarmenaren 20. urteurrena ospatzeko jaioa, toki berezia eskaintzen die Oteizari eta Chillidari.

Erakusketaren lehen atalak 65 obra dakartza, eta Bilboko museoko hirugarren solairuan daude paratuta. Bigarren atala urriaren 23an inauguratuko da, eta gainontzeko bi solairuak beteko ditu.

AEBetako Fundazioaren eta Guggenheim-Bilbao museoaren arteko lankidetza nabarmentzeko asmoz, 1997an museoaren irekierako erakustaldia  ekarri nahi du gogora egungoak, eta erakustaldi hartan jarritako margo ezagunak berriro ikusteko aukera zabalduko digu. Hala ere, bildumetako lan klasikoak ez ezik, azken hogei urteotan funtsak sendotu eta aberastu dituzten artelan berriak ere izango dira ikusgai, Richard Long artista ingelesak arbelaz eginiko Bilboko zirkulua (2000) kasu.

Orden kronologikoari segituz, XX. mendearen hasierako abangoardia historikoak (kubismoa, surrealismoa,  fauvismoa, Alemaniako eta Austriako espresionismoa, besteak beste) ditu abiapuntu erakustaldiak. Bertan, egun klasiko diren hainbat margolan ikusiko ditugu 305 eta 306 aretoetan. Erakusketaren komisario Lucia Agirrek hedabideen aurrean esan zuenez, “behin etorkizuneko artea izan zena, 1929an Solomon Guggenheimek Vasili Kandinskiren 8 konposaketa –Bilbon ikusgai– erosita biltzen hasi zena, gure garaiko artea bilakatu da”. Amedeo Modiglianiren Biluzia (1917), Marc Chagallen Paris leihotik (1913), Franz Marcen Zezen zuria (1911) edota Pablo Picassoren Pitxarra eta fruta-ontzia (1911) dira, esaterako, horietako batzuk. Joan den mendeko artearen garapena ulertzeko ezinbestekoak diren beste izen batzuk ere aurkituko ditugu, hala nola, Piet Mondrian, Paul Klee, Georges Braque, Juan Gris, Joan Miró, Paul Delaunay… Paris modernitatearen ikurra bihurtu zuten horiek guztiak.

Jarraian, II. Mundu Gerraren osteko arte joera berriei esker, New Yorkeraino egingo dugu jauzi eta Jackson Pollock eta Max Rothko aitzindari dituen Espresionismo abstraktuarekin egingo dugu topo. Aurrekoek, Europan, errealitatea irudikatzeko modu berriak jorratu zituzten. Gerraosteko margolariek, berriz, teknikari eta koloreen erabilpenari eman zioten garrantzia. Emozioa eta egoera espiritualak sorkuntzan agertzeko, pintura aplikatzeko prozedura berriak erabili zituzten (Pollockek, adibidez, lurrean ipini ohi zituen mihiseak pintura bertan jaurtitzeko, pintzela erabili gabe), baita kolore-plano zabalak ere (azken hau dugu Rothkok aukeratutako bidea).

304 eta 301 dira, hurrenez hurren, Chillida eta Oteizari eskainitako aretoak, bakoitzak bosna eskultura hartzen dituela: Oriotarraren kutxa metafisikoak eta esferaren inguruko saiakerak (guztiak 1957-58koak, Sao Pauloko Bienalekoak) zein donostiarraren neurri handiko lanak.

Azken bi aretoetan (302, 303) abangoardia berrienetako batzuk –informalismoa, minimalismoa, kontzeptualismoa– dira nagusi. Bertan, Bilbon dagoeneko ikusiak diren Longen Bilboko zirkulua edota Jannis Kounellisek ikatz zorroekin egindako instalazioa daude, esaterako, baina bestela kokatuta daude, komisarioaren esanetan, ikusleek lan horiek berraurkitzeko parada izan dezaten.


Gure garaiko artea. Guggenheim Bildumen maisulanak
Noiz: irailaren 23tik urtarrilaren 25era (astelehenetan itxita).
Non: Guggenheim museoa, Bilbo.
Sarrera: helduek 10 euro, 12 urtetik beherakoek doan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude