Epailea defentsa abokatu bihurtzen denean

  • Espainiako Auzitegi Nazionalak 2002/35 sumarioaren epaia eman zuen iragan uztailaren 30ean, abuztuaren atarian, opor giroan. Bere larritasuna eta gogortasuna zela eta, izan zuen oihartzun eta erantzunik, baina ez urtearen beste edozein sasoitan izango zukeena. Zigor gogorrak dira epaiaren ezaugarrietakoa, baina epaile batek boto partikularra eman du: absoluzioa eskatzen du eta merezi du bere argudioak argi azpimarratzea.

Ezkerretik eskuinera, auziko epaimahaikideak: Julio de Diego Lopez, Angel Hurtado Adrián (ponentea) eta Clara Bayarri Garcia.
Ezkerretik eskuinera, auziko epaimahaikideak: Julio de Diego Lopez, Angel Hurtado Adrián (ponentea) eta Clara Bayarri Garcia.Argazki Press / Chema Moya

Clara Eugenia Bayarri Garcia izan zen epaiarekiko desadostasuna agertu zuena, eta Ángel Hurtado Adrián (ponentea) eta Julio de Diego López izan ditu epaimahaikide. Herriko tabernen auzia moduan ezagutu dena bi zati handitan banatu da: bata “ETAren fronte instituzionala” deiturikoa eta, bestea, “finantza egiturarena”. 20 pertsonei espetxe zigorrak ezarri zaizkie  –denera 19 urte eta erdi– (ikusi artikuluaren amaierako laukian) ETAko kide edo kolaboratzaile izatea leporatuta. Funtsean, epaiak ebatzi du HB, EH eta Batasuna ETAren egiturako alderdi eta erakundeak zirela  eta, beraz, haietan jardundako auziperatuak ETAkoak edo haren kolaboratzaile. Bigarren alorrean,  103 herriko tabernen ondasunen konfiskazioa agindu da, hauek ETAren finantza egituraren parte direlako.

Epaiarekiko desadostasunak argi eta oso tinko azaltzen ditu Bayarrik. Bat, auziperatuen jardunean ez dago terroristatzat har daitekeen deliturik, epaitu den auziperatuen jarduna ez delako sartzen Kode Penalean delitutzat jotzen diren jarduera moldeetan. Bi, ez dago beste epairik ez froga nahikorik HB, EH eta Batasunak jarduera terrorista izan dutela ondorioztatzeko eta, beraz, ETAkoak direla esateko; alderdion aktibitate politikoa Konstituzioaren aurkakoa izan arren, Konstituzioak babesten duen moldez egin zen. Ez da, halaber, nahiko froga auzipetuak ETAkoak direla esateko, eta oinarri gabeko sekulako jauzia ematen da: HB, EH eta Batasunakoak direnez,  ETAkoak dira. Hiru, herriko tabernei dagokienez, frogatutzat ematen da hauek HBrenak zirela, baina horrek ez du esan nahi horregatik ETAren finantzazio tresnak direnik, edo epaian behintzat ez da horren frogarik agertu.

Epaiaren bost ondorioak

Bayarriren desadostasunak sendo oinarrituta daude eta bere ondorio nagusiak irakurrita, askok pentsa dezake magistratua epaimahaikoa den edo auzipetuen abokatu:

    1.    “HB eta bere ondorengoak ezin daitezke prozedura honetan epaitu, bere legezko ordezkariak ez baitira honetara deituak izan, hauek defenditu ahal izateko (…) Erakundeen jarduna erabat politikoa izan zen, espazio publikoan eta soilik bitarteko politikoekin (…) ETAk bai izan zuen hauek zurrupatzeko eta kontrolatzeko interesa, baina –helburuetan bat etortzeaz gain– ez da frogatu ETArekin lotura organiko zehatzik izatea”.

    2.    “‘Militantzia bikoitza’ren tesian oinarrituz, gehiengoaren epaiak terrorismoa eta erakunde terrorista kontzeptuen oso erabilera hedakorra egiten du, hau da, ezker abertzale osoa ETA dela edo haren sukurtsal edo hark kontrolatua (…) Horretarako erabiltzen diren inferentziak ez dira inondik inora erabakigarriak”.

    3.    “HB eta bere ondorengoen jarduera ez da egokia ez ordena konstituzionala iraultzeko ez bake publikoan eragiteko (…). Kasu honetan Konstituzioak onartutako eskubide politikoen adierazpenez ari gara”.

    4.    “Gehiengoaren epaiak egiten duen parekatzearekin, oso modu larrian jartzen da arriskuan erantzun penalaren proportzionaltasun printzipioa”.

Epaiak kontuan hartu gabekoak

Bayarrik absoluzioa eskatu eta frogarik ez dagoela esateaz gain, 100 orrialdeko boto partikularrean zehazten du epaimahaiaren gehiengoak ez dituela kontuan hartzen auzipetuak errugabetu eta ahozko saioan oso argi agertu diren hainbat datu eta agiri. Hainbat adibide jartzen ditu:

– Auzipetuen izenak. 19242 zenbakia duen polizia funtzionarioak bere aditu txostenaz  emandako lekukotasunaz: “Haren hitzek argi  uzten dute ETAri bere aparato politikoaz atzemandako dokumentazioan ez dela topatu auzipetutako inoren gaitzizenik edo haien izenen erreferentziarik”.

– Ez dago agiririk. Bai Ertzaintzaren zein UCIren (espainiar poliziaren inteligentzia zerbitzuak) 2006ko abuztuaren 7ko txostenek ezeztatu egiten dute HBk ETArekin loturarik zuenik. UCIkoak dioena: “Ez da ezagutzen Mahai Nazionala eta ETA lotzen dituen agiririk”).

– Hipotesiak dira. 2002ko azaroaren 18an UCIk egindako txostena 19242 poliziak eman zuen haren lekukotasuna eta epaiketan esan zuen hura “lan hipotesi bat besterik ez zela, baina ondoren ez zirela hipotesi horiek frogatu, txostena orokorra zela eta ez zuela aditu izaerarik”. Datu zehatzak egon izan balira, auziaren prozeduran izango zirela dagoeneko, baina ez zeudela.

– Anoetako Belodromoko ekitaldia.  “Epaiak aintzat hartzen ditu han gertatukoak, baina kontuan hartu behar da gaur akusatuak direnak absolbituak izan zirela [erakunde armatuei] gorazarre egin izanaz”.

– Ezker abertzalearen jarduera politikoa. “Instrukzio epaileak lau auto argitaratu zituen  (2007ko urtarrilean, otsailean, apirilean eta ekainean ) eta haietan argi utzi zuen ezker abertzaleareari ez zitzaiola suspenditu inongo aktibitaterik. Azpimarragarria da otsailekoan dioena: ‘Auzi honetan ez da frogatu ETAk ezker abertzale osoa gidatzen duenik.... hainbat egiturek ez dute ETAren agindurik jarraitzen’”.

– Herriko tabernak. 2008ko apirilaren 3ko polizi txostenaren lekukotasuna eman zuten poliziek, azaltzeko taberna bakoitzak ETA-KAS egiturekin zuen harremana. “Haiek erantzun zuten ezin zela hori egiaztatu tabernak ‘ez dituztelako bakarka ikertu’”. Oro har,  epaileak dio ez dagoela agiri bakar bat ere herriko tabernak ETA-KASekin lotzen dutena, ez Udaletxe proiektua dokumentuan ezta ere Herrikoak, behearrezkoa den eztabaida-n; areago, Bayarriren ustez,  azken honek kontrakoa frogatzen du.

Harribitxiak

Bayarriren botoak hasieratik amaierara suntsitzen du bere bi kideen epaia, era berean Estatu espainiarrak zigor tresna bihurtu duen “dena da ETA” ikuspegi juridiko politikoa deseginez. Hemen bere argudioen beste hainbat adibide:

– HB, EH eta Batasuna ETAren aginduetara egoteaz. “Auzian parte hartutako akusazio bakarrak ere ez du eskatu hiru alderdi horiek elkarte terrorista izendatzea (...) defentsako abokatu batek azaldu zuen hori ahozko auzian eta ados ez nagoen epai honek sekulako argudiatze ahalegina egiten du aurre baldintza eza horren gainetik egiteko, besterik gabe esanez Herri Batasunak onartu zuela ETAren tresna bilakatzea”.

- Karmelo Landa. Epaiak erabiltzen du Portu izeneko agiria, eta bertan eskatzen zaie ETAko arduradunei “Landari konpromiso handiagoa eskatzea”. Hortik zera ondorioztatzen du epaiak, konpromiso handiago eskatzen bazen, horrek esan nahi duela konpromiso txikiagoa bazegoela. Bayarrik aldiz zera dio, “ezin da halakorik egin, batez ere akusatuak ukatu egiten duelako inoiz ETAn parte hartu izana (...) areago, ez da aintzat hartzen agiri horrek erakusten duen beste ikuspegia, Karmelo Landak ez zuela inongo konpromisorik ETArekin (...) bai, HBn baziren ETAren infiltratuak, eta horiei bai eskatzen zitzaizkien ardurak (...) Portu agiriak erakusten duena zera da, Landa ez dela HBren kontrol ahaleginaren parte, izatekotan, berak ETAren kontrol hori pairatu zuela”.

– Batasuna legez kanpo jarri ondoren Joseba Permachen jarduera politikoa aztertuz (berdin esan liteke beste auzipetuez): “Ez da posible esatea hainbat pertsonentzat jarduera batzuk elkartze, bilera edo manifestazio eta adierazpen askatasun eskubideen erabilera direla, eta beste batzuentzat, hori bera talde terroristako kide izatearen zantzu bihurtzea”. Eta honakoa dio Permachen kasuan erabilitako bi partehartze-zantzuri buruz. Bat, Batasunaren ilegalizazioaren aurkako manifestazio batean egon zela, 2004ko abuztuaren 27an: “Ez da posible beretzat hau delitu zantzua izatea, antolatzaileentzat hala ez denean, eta hauek ez dira auzipetuak izan”. Beste bat, 1999an Bilboko Euskalduna Jauregian Udalbiltzako sorrera ekitaldian parte hartu zuela. Bayarri: “Han esandako ezer ezin da ETAren sostengutzat hartu, hango gertaerak epaituak eta absolbituak daudelako”.

Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki beharko du orain epaiari jarriko zaion helegiteaz eta, berriz ere, bultzada politikoa giltzarri izango da horretan. Hiru epailetik batek tamainako boto partikularra eman izana, halaber, Gorenak aintzat hartzeko modukoa izan daiteke. Hala behar luke.

Zigorrak

Talde armatuko kidea izateagatik, 3 urteko kartzela zigorra eta 6 urteko gaitasungabetzea: Joseba Permach, Rufino Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Albarez eta Karmelo Landa.
. Talde armatuko kidea izateagatik, urtebeteko kartzela zigorra eta 4 urteko gaitasungabetzea: Jon Gorrotxategi, Floren Aoiz eta Antton Morcillo.        
. Talde armatuarekin kolaboratzeagatik, urtebeteko kartzela zigorra, sei hilabeteko isuna (3 euro eguneko) eta 4 urteko gaitasungetzea: Vicente Enekotegi, Jose Luis Franco, Enrike Alaña, Maite Amezaga, Juan Ignacio Lizaso, Jon Martinez, Patxi Jagoba, Idoia Arbelaitz, Jaione Intxaurraga, Agustin Rodriguez, Izaskun Barbarias eta Ruben Andres.
. ETAren finantzazio egitura osatzeagatik, 111 herriko tabernen konfiskazioa agintzen da.
. Absolbituak: Isabel Mandiola, Santi Hernando, Adolfo Araiz, Mikel Arregi, Juan Carlos Rodriguez, Kepa Gordejuela, Esther Agirre, Jasone Manterola, Xanti Kiroga, Juanpe Plaza, Txekun Lopez de Aberasturi, Sabin del Bado, Felix Morales eta Andres Larrea.
. Luzamendu bidegabea. Zigorren aringarri gisa, epaiak kontuan hartzen du auzia behar baino luzeagoa izan dela, horrek auziperatuen aurka egiten duela eta, zigorrak txikitzea onartzen du guztientzat. Talde armatuko kide gisa zigortu dituenak bi multzotan bereizten ditu: haien aurkako ekinbide judiziala indarrean jartzen denetik jarduera politikoarekin jarraitzen dutenak eta jarraitzen ez dutenak. Lehenengo taldekoei (3 urteko zigorra) gradu bat arintzen die zigorra eta bigarren taldekoei bi gradu, hortik delitu beragatik auzi berean zigor desberdinak izatea.
. Helegitea: Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea jarriko da eta honek ebatzi arte zigorrak ez dira indarrean jarriko. Erraz joan  liteke urte batetik gora.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Epaiketak
Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Gorka Torre epaituko dute Izpurun eta Donibane Garazin euskararen aldeko ekintza batzuengatik

HerriBiltzako militantea den Gorka Torre konbokatu du martxoaren 26an Baionako auzitegiak UNESCOren izenean egindako margoketengatik.


2024-02-06 | Gedar
14.000 euroko zigor eskaera gazte batentzat, Palestinarekin elkartasunez Donostian egindako protesta bat dela-eta

Asteazken honetan deklaratu beharko du, eta elkarretaratzera deitu du GKSk: 11:30ean bilduko dira epaitegi aurrean. Iazko azaroaren 3an egindako protesta baten harira auzipetu dute gaztea; PSOEren egoitza aurrean mobilizatu ziren egun horretan, sionistak Palestinan egiten ari... [+]


Eguneraketa berriak daude