Festak, jendartearen adierazpen diren heinean, egunerokoan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazio sexisten isla ere badira. Eraso fisikoak, oharkabean geratzen diren beste hainbat egoeraren muturreko adierazpenak dira. Festen eraldaketak, premiazkoa izanagatik, badu aurrean oztopo bat: tradizioaren pisua.
Honezkero itzaliko ziren San Joango suen errautsak. Piztu dira suziriak han-hemenka, eta hasiak dira lepo inguruan zapiak janzten euskal herritarrak. Festak dagoeneko hartu ditu gure geografiaren hainbat bazter, eta aurki hartuko ditu beste asko. Bat-batean, jaietan gaudela, mezu batek bortxaketa baten berri emanen du. Eta “jaietan sexismorik ez” pankarten atzean batuko da herritar andana. Baina aurretik, bitartean eta gerora ere izan da jaia sexista.
Eraso fisikoak beste hamaika zapalkuntzen alerik agerikoenak, eta latzenak, dira. Antzera gertatzen da bereziki diskriminatzaileak diren festa hainbatekin, Irun eta Hondarribiko alardeak edo Baztango mutil-dantza kasu. Arreta erakarri dute, eta erantzuna eragin, baina ez dira bakarrak. Parekidetasuna, oro har, jai eremuaren osotasunean errotu gabeko kontua da oraindik. Hain zuzen ere, aipatutakoak “icebergaren punta” dira Maggie Bullen EHUko gizarte antropologiako irakaslearen ustez; “horien azpian sistemaren oinarria dago”.
Sistema hori eguneroko jardunean agintzen duen genero-sistema bera da, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak bermatu eta betikotzen dituena. Eta jendartean ematen dena, festa eremuan ere ematen da, Bullenen esanetan festa eremua jendartearen isla delako. Antzerako iritzia du Saioa Iraola Bilgune Feministako kideak ere: “Festak errealitatearen adierazle kondentsatuak dira. Herriaren nortasuna eta jendartearen egitura islatzen dute”. Beraz, egunerokoan bezainbeste eraso eta zapalkuntza ematen dira. Festek, ordea, are gehiago ikustarazten dute egoera. Eta ukimenduak, komentario sexistak eta antzekoak agerian geratzen dira.
Baina jaiek badute beste berezitasun bat. Aldarrikapenerako erakusleihoa izan ohi dira Euskal Herrian. Hala, herritarrek festa probestu izan dute agintea kritikatu edota bestelako ordenak irudikatzeko, horretarako parodia edo mozorroa erabiliz. Horregatik, Bullenen ustez, festak jendartearen isla ematen du, baina “isla distortsionatua”. Izan ere, festan “ezarritako ordena irauli egiten da, gure eguneroko bizitzaren errutina aztoratzen dugu”. Paradoxikoena zera da: unean uneko aginteak kritikatu dira, baina distortsio hori ez da baliatu genero-sistema ere iraultzeko. Genero ordena urratu zitekeen, baina aldiz, erreproduzitua izan da. Ezberdintasunak bere horretan mantendu dira, jendartearen gainerako eremuak imitatuz.
Aldi berean, ezarritako ordenari aurre egin eta festetan apurtzeko joera “denak balio du” mitoarekin nahasi izan da hainbat kasutan. Akaso Iruñeko Sanferminak dira horren adibiderik garbiena. Festa edozer egiteko aukera eskaintzen duen marko gisa aurkeztu izan da. Horrek, genero-sistema gehituta, koktel arriskutsua dakar. Koktel horren ondorio dira iaz egunkaritako azalak bete zituzten irudiak, gizon taldeak emakumeak ukitzen eta arropa kentzen erakusten zutenak. Iruñeko alkate Enrique Maiak “eraso” gisa kalifikatu nahi izan ez zituen horiek beraiek.
Egun, emakume eta gizonezkoek ez dute festaz gozatzeko aukera berdintasunik izaten. Iraolak irudi bat darabil egoera deskribatzeko: “Garbigailuak ez dabiltza euren kabuz, ezta lapikoak ere”. Alegia, “festen sostengu diren ekintzak” emakumeen esku geratzen dira.
Ez da hori bakarrik. Plazetara begiratzea besterik ez dago, festen erdigunea nork okupatzen duen ikusteko. Zerrenda luzea du Iraolak: “Plazetan harri-jasotzaileak, aizkolariak, pilotariak, dultzaineroak, txarangak, kontzertuak, zezenak... izaten dira. Gizonak dira ekimen horien guztien protagonista, baita ikusleen gehiengoa ere”.
Halako diskriminazioak, ordea, bigarren maila batean geratu dira. Jendarteak naturalizatu ditu, nonbait. Ez gaitu harritzen kontzertu sorta batean, bata bestearen atzetik, gizonezko hutsez osatutako taldeak eszenatokian ikusteak. Ikusezin bihurtu diren egoerak dira; iceberga, berriro. Eguneroko adibideak ekarrita azaltzen du Bullenek egoera: “Ohituta gaudenez, ez dugu zapalkuntza egoerarik. ‘Normala’ iruditzen zaigu neskek gona janztea eta mutilek, berriz, ez. ‘Naturala’ ikusten dugu mutilak gihartsuak izatea eta neskak, aldiz, argalak. Telebistan ez digu arreta deitzen emakumeak diren aurkezleak begiak margotuta izateak eta gizonak ez. Eta ez dugu arraroa ikusten Munduko Kopak gizonez betetzea gure pantailak, egunkariak eta elkarrizketak, egunak joan eta egunak etorri”.
Baina aurreko adibideetan bezala, festetan ematen diren diskriminazio egoerak ez dira normalak, eraikitako genero-sistemaren ondorio baizik. Iraolak dioenez, festek “jendarte ordena erreproduzitzen dute, eta hegemonikoak diren gizon eta emakumeen irudiak indartzen dituzte”.
Dena dela, ez da guztia horrelako panorama beltza. Iraolak jakinarazi duenez, mugimendu feminista hainbat jai batzorde eta antolatzailerekin lanean dabil jaiak errotik aldatzeko. Berak dioenez, “jaiak parte-hartzaileago eta parekideago egiteko saiakera ez baita soilik feministon ardura, festen antolatzaile eta herritar ororena baizik”.
Iruñean, bide bertsutik, autodefentsa feministarako tailerrak antolatu dituzte Gora Iruñea! jai herrikoien aldeko plataformak eta Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeon Plataformak, emakumeek euren burua defenda dezaten balizko erasoen aurrean. Hiru tailer antolatu zituzten hasiera batean, baina bost eskaini behar izan dituzte azkenean, eskaera ikusita. Orotara ehun emakumek baino gehiagok parte hartu dute. Kopuruak emakumeen kezka eta beldurra adierazten du, baina Idoia Arraiza autodefentsa feministan aditu eta tailer emailearen ustez, badu bere alde positiboa: “Emakume hauek euren etxeetan gera zitezkeen, kalera irtetera ausartu gabe beldurraren menpe. Baina ezetz erabaki dute, eta pauso bat eman, ausardiaz betetako pausoa gainera”. Tailerretan, kontzientziazioan, erasoen identifikazioan eta batez ere, emakumeen autoestimuan jarri dute indarra.
Edonola, Arraizak, Iraolaren gisara, emakumeengandik haragoko inplikazioa behar dela uste du, “guztion ardura baita” jaiak eraldatzea. Baina jaia eraldatzeak tradizioa eraldatzea dakar. Eta gaur egun, oraindik ere, pisutsua da tradizioaren zama.
Bullenek onartzen du “zaila dela maite ditugun gauzak aldatzea”. Izan ere, bere ustez tradizioak “gure bizipenetan sartuta daude, emozioekin lotuta eta oroitzapenekin uztartuta”. Bide beretik, “aldaketen beldur” garela” uste du Iraolak.
Edonola ere, biek dute argi tradizio oro aldagarria dela. Are gehiago, aldaketa tradizioaren berezko elementua dela uste dute. Bullenen hitzetan, “tradizioek aldagarriak direlako irauten dute. Bestela desagertu egingo lirateke eta museoan geratu”. Eta horretaz kontziente izatea berebizikotzat jotzen du, jaiak aldatu nahi badira: “Tradizioak gizakiok asmatutakoak dira”.
Era berean, Iraolak dio “tradizioa zerbait monolitiko gisa ulertzen badugu ere, tradizioa une jakin batean sortutako ekintza dela”, eta beraz, testuinguru eta garai jakin bateko balore eta sinesmenen arabera sortutakoa. Tradizioa, hortaz, eraikia da, eta eraikia den oro deseraiki daiteke, eta beste era batera berreraiki.
Bullenentzat bada arestian aipatutakoa erakusten duen adibide bat: “Antzuolako Mairuaren Alardeko elkartea kezkatuta zegoen, gazteen erreleborik ez zegoelako eta desagertzeko arriskuan ikusten zutelako. Horrez gain, Mairuaren papera desfasatua zegoen eta kritika batzuk jasotzen hasi ziren. Egoera horri aurre egiteko diagnostiko bat enkargatu zuten, eta horren emaitza nagusietakoa izan zen antzezten ari zen historia ez zela batere egiazkoa, asmatua baizik. Herritarrek egiazkoa ez zela ulertu zutenean, aldaketak egiteko aske sentitu ziren, arbasoek asmatutako historia hori gaur egungo errealitatera egokitzeko.” Hala, alardea berrituta, bere biziraupena bermatu zuten.
Jaiek ere, biziraupena berma dadin, eta parte diren guztien erosotasuna eta berdintasunezko parte-hartzea eduki dezaten, aldatu behar izanen dute. Antolatzaileetatik hasita azken herritarreraino, “festen prestaketa eta garapena bera prozesu kontziente bilakatu behar da”, Iraolaren hitzetan. Egitarauak tentuz aukeratu, lan banaketa ziurtatu eta erasoak saihestea premiazko kontuak izanen dira, jai parekideak lortzeko bidean.
Izan ere, jaiak badu berezko potentzial handi bat, urrezko balioa: “Jendarte kohesioarekin lotuta daude”, Bullenen hitzetan. Eta jendartearen benetako kohesioa ezinezkoa da biztanleriaren erdia baztertuta. Bestetik, “festek identitate kolektiboa birsortzen dute, kanpora ‘horrelakoak gara gu’ esanez”. Eta hortaz, jendarte osoa eta festak aldatzen ez diren heinean, “jendarte sexista gara” esaten jarraituko dugu. Kanpokoei eta bertakoei.
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
Bizi-biziak dira oraindik musikan dabiltzan emakume eta genero disidenteen azalean bizi izandako indarkeriaren orbainak. Ugaritu dira, halaber, orbain horiei buruzko ahotsak komunikabideetan, ikerketetan zein hainbat ekimenetan. “Asko dago egiteko oraindik”, diote... [+]
Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]
Langabezian geratu nintzen 24 urterekin, eta ezagun batek lan xelebrea eskaini zidan: ezkondu aurreko despedidak antolatzea. Logroñoko bere enpresa hedatu nahi zuen beste hiriburuetara, tartean Bilbora. Ezkongaien lagunen deiak jasotzen nituen, eta askotariko jarduerak... [+]
Motorrez gainezka dago Iñaki Mujikak Altsasun duen tailerra. Ilaran daude denak, baina bada barreneko gelaxka batean aparte gordetako bat. Mujikak beretzat egokitu nahi duen motorra da. 2021ean igo zen azkenekoz motor gainera; istripu larria izan zuen moto-kros zirkuitu... [+]
Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]
Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]
30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.
Euskal Herrian zein munduan, gero eta ugariagoak dira lurraren defentsan sortzen diren mugimenduak, bizitzari eusteko ezinbestekoa den lurraren balioa aldarrikatzen dutenak. Borroka hauek ez dira soilik erresistentzia; itxaropenaren eta konplizitatearen oinarri ere bihurtu dira... [+]
“Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela... [+]
1925. urtea izango balitz, akaso emakume erraketistak izango lirateke Zeruko Argiako aktualitate orrialdeetako protagonistak. Agian haien kirolari merituak goraipatzeko, agian feminitate arauak desobeditzeagatik seinalatzeko. Nire buruari agindu diot haien izenak memorizatzeko... [+]
Emakundek babestutako Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa ikerketak ondorioztatu du hizkuntza inklusiboa erabiltzea garrantzitsua dela genero ezberdintasunak ez areagotzeko.
Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten... [+]
Sanferminak ate joka direla, Iruñerriko feministek Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte, eraso sexisten aurkako aldarria zabalduz.