EAJ

"EAJk herri honen independentzian sinesten du"

  • Bilbo, 1967. Igorre herrian bizi zela hasi zen politikan, EGIn. EAJko BBBko presidentea da. Euskal filologia ikasia. 3Koma ekoiztetxean jardun du orain gutxi arte. Kazetaritzan ere aritu da. ETBko programazio zuzendaria izana da. Sabin Etxeko bulegoan hartu gaitu. Itxaso Atutxak bizkaieraz egiten du berba. Zeberion bizi da.
     


2013ko apirilaren 21an
Dani Blanco

Komunikazio arloan aritzetik politikaren lehen lerroan aritzera iragan da EAJko BBBko presidente berria. Itxaso Atutxarekin izan dugun elkarrizketaren sarrerako berbak dituzue hauek: “Niretzat errazagoa da kazetariaren aldean egotea. Politikariaren lanak pazientzia eskatzen du. Ez dut politikariaren estereotipoa ematen oraindik, baina horretan ere jausiko naiz. Neure estiloa landu nahi dut horregatik”. EAJko egituretan presidente kargua hartu duen lehen emakumea denez, genero gaia ere ipini diogu mahai gainean: “20 urte nituela genero gaia lantzen genuen alderdiaren batzarretan. Orduko emakumeen kezkak egun gaindituak izango zirela pentsatzen nuen. Haien adina daukat orain, gauzak aldatu dira, baina geldo doaz, geldoegi”.

Kazetariak –hedabide handietakoak behintzat– boterearen mesedetan ari ei dira. Bat al zatoz?

Hedabide handiak, zoritxarrez, diruaren menpe ari dira. Horregatik beharrezkoak ditugu hedabide publikoak. Eta pribatuak ere, ugazaba berberen esku ez daitezen izan saiatu behar dugu, sentsibilitate ezberdinek leku izan dezaten. Nik beti defendatu dut hedabide publiko sendoak izatea.

ETB ezagutu duzu iragan urteetan. ETBko zein eredu nahiko zenuke?

ETB1k indartsua eta kate erreferentea izan behar du. ETBk Euskal Herrian zentzurik izango badu, eredu hori behar dugu. Azken belaunaldiek ETB euren aukeraz kanpo laga dute honezkero. ETB ez da euren erreferentzia: ez aurkezleei begira, ez berri-emankizunak, ez telesailak orobat. ETB1 indartsua izateko kalitateko telebista egin behar da. Generalista izan behar du, denetarikoa, jende askoren erreferentzia izan dadin. Euskal geografia ere kontuan hartu behar du.

Geografia...

Esaterako, Bilbon sekula izan ez den euskaldun kopurua dago, eta telebistan ez daukagu horren islarik. Ez Bilborena, ez Donostiarena ez euskaldunon bizitza urbanoarena, oro har. ETBk hori eskaini behar du. Euskal hiriburuen eta orobat herri urbano handietako euskal gizartearen bizitza eskainiko lukeen telebista behar dugu.

Bizkai Buru Batzarra (BBB) ei da EAJn pisu gehien duena. Zein neurrian ez du Bizkaiko eredu sozialak baldintzatzen EAJren norabidea? Bilbo hiri “espainoldua” dela eta, diot.

Egia da, gu gara erakunderik indartsuena alderdian, 30.000 bazkideetatik 24.000 bizkaitarrak dira. Eta horrek pisua dauka. Baina, zuk hiri hau ikusteko duzun modua ez da horrenbeste islatzen alderdi barruan. Esan dezagun –zuk aipatu duzun espainoldua adjektiboa kendu arren– bizkaitar erdalduna dela. Bizkaia ere herriak dira guretzat, eta alderdian herriek ikaragarrizko indarra daukate, hau da, herri bizitzak eta ohiturak, herriko feelling horrek. Bilbok berak baino askoz pisu gehiago dute sarritan herriek. Herriak oso indartsuak dira gure antolaketan. Ez nuke horrenbestekotzat joko zuk aipatutako inpresio hori.

Zazpiak Bat lema gogoan, EAJ alderdi bizkaitarra bihurtze bidean dagoela entzuten da noiz edo noiz.

Bai, niri ere esan didate hori: Euskadiko lehendakaria bizkaitarra da, EBBkoa ere bai. Bizkaitar bi dira alderdiaren eta euskal gobernuaren buruak. Nik herri bat daukat buruan eta herri horrek zazpi lurralde dauzka. Guk nazio konfigurazio hori daukagu helburu, eta benetan sinesten dugu horretan.

Espainiako Estatuarekiko autonomiaren markoa ez ote da subirano zaletasunaren kaltetan, neurri batean?

Bizkaiko EAJk, eta Eusko Alderdi Jeltzaleak osotara, abertzalea dela erakutsi du, ez autonomiazalea. Guk herri honen independentzian sinesten dugu. Hori eztabaidaezina da.

Bizkaiaren pisu ekonomikoak (Petronor enpresa, berbarako) Estatuarekiko harremana estutzen edo lotzen du. Ekonomiak ez ote du baldintzatzen burujabetasuna?

Mundu osoko harreman ekonomikoek baldintzatzen dituzte gure loturak eta mugak egun: Espainiarekikoak nahiz Europarekikoak. Zuk aipatu enpresa horretaz gain, Iberdrola edota BBVA ere aipatu daitezke. Baina guk gure nortasunaren alde egin behar dugu. Herri hau ekonomikoki kudeatzeko eta aurrera ateratzeko gai garela erakutsi dugu. Beraz, enpresa horiekin daukagun harremanak ez luke gure eredua aldatu beharko. Esaterako, gu Europan egonda, enpresa horiei berdin zaie guk Madrilekin edo Bruselarekin harremanak izatea. Enpresa horiek hemen giro egokia izatea nahi dute euren negozioetarako, guri ere onurak emango dizkigutenak. Besteak beste, lanpostuak sortuko ditugulako Bizkaian, Gipuzkoan edota Nafarroan. Guk harremanak berdintasunetan manatendu nahi ditugu. Beti argi utzi dugu, ez garela bakarrik ari Madrilera begira politikan.

Artean baina, EAJren eta ezker abertzalearen politika bideak oso urrun daude elkarrengandik, antza denez.

Nik ere urrun ikusten ditut, eta nahi nuke askoz hurbilagoak ikusi. Gainera, Eusko Legebiltzarrean nolako gehiengoak ematen diren ikusita, askoz hurbilagoak izatea nahi nuke. Baina, hemen urruntasuna biok markatzen dugu. Gu azken hauteskundeen ostean EH Bildurengana hurbiltzen ahalegindu gara. Proposamen zehatzak mahai-gainean jarri arren, ez zituen onartu. Areago, gu beste alderdi batzuengana hurbiltzen garen neurrian, EH Bildu, esaterako, PSErengana hurbiltzen da inongo arazorik gabe. Gurekikoan arazo gehiago sortzen zaio, antza denez.

Zerk eragozten du abertzaletasunaren bi espresio nagusiak elkarrengandik hurbilago ez egotea?

EH Bilduren bitartez instituzioetan sartu izana eragozpena bihurtu zaio ezker abertzaleari. Alegia, iraganean ez bezala, orain liskar politikoa instituzioetako lehian dago, botoen lehian. Egoera larria pasa ostean [legez kanpoko aldiaren ondoren] EH Bildu gure alternatiba izatea nahi dute. Zilegi dena, noski.

Ajuria Eneko maizterra izatea xede dutela egozten ei diezue zuek. Eurek lehia pentsamendu hegemonikoan kokatu nahi dute, beste barik.

Gure irizpideetan lehia ez da pentsamendu hegemonikoa delakoan sartzen. Legebiltzarrean, Gipuzkoako Foru Aldundian, edo dena delakoetan partida bera jokatzen ari gara eta eguneroko politikan eragozpenak sortzen dira elkar ulertzeko. Baina, hara, haiek alderdi sozialistarekin akordio bat sinatzen dutenean aurrerapausoa da, ezkertiarrak dira. Gu berriz, akordioa lortuz gero espainolistak gara.

EAEko aurrekontuak lantzen ari dira egunotan Legebiltzarrean. Beste alderdien nahietatik urrun dago EAJren egitasmoa. Gizarte ordezkariak diren sindikatuen nahietatik ere oso urrun. ELArekiko urruntasuna gero eta handiagoa, adibidez.

ELA EAJrengandik aldendu izana gauza historikoa da. ELAk EAJrekiko hartu duen jarrera hori presenteago dago gaur egun, hurbil zebilen urteetako jarrera hura baino. Ordea, ELAko kide asko EAJko kide dira, bazkidetza bikoitza dute. Besteak beste, EBBko presidenteak berak [Andoni Ortuzar]. Nik LAB bera baino gogorrago ikusi dut ELA azken hilabetetan. Bai Iñigo Urkullu lehendakariak bai Juan Mari Aburto kontseilariak hartutako erabakiekin, adibidez. ELAren jarrera eta adierazpenak oso gogorrak dira.

Horiek gizartearen egoera larria adierazten dute nolabait. ELAk ez du baztertzen berriz ere grebara deitzea .

Nik ELAko jendearekin hitz egiten dut, gu ere gizartetik hurbil gaude. Gu ere gizartea gara, eta ez dugu ikusten gizartea grebaren beharrean, ezta nahia duenik ere. Nahi nuke jakin nork ordezkatzen duen nor, eta zenbat ordezkatzen duen bakoitzak. Niri ez zait heldu herritarren grebarako nahi edo behar hori. Areago, grebara deitzeko beharra aipatu du ELAk, ez nahia bakarrik, beharra. Greba egiteko beharra al dago?

Edonola ere, ekonomiaren kudeaketan EAJ PPrekin moldatzen da hobekien. Bizkaiko eta Arabako aldundietan hitzarmenak sinatu dituzue.

PPrekin akordioak ditugu, baina aldi berean, EITBren gaian, PSErekin ere akordioa lortu dugu zuzendaritza izendatzeko, baita Kontu Auzitegiaren eta Arartekoaren kasuetan ere. Gu, hala edo nola, batekin eta bestekin ahalegintzen gara, besteak ez bezala. Gu pragmatismo politikoan oinarritzen gara, ez daukagu hori adierazteko lotsarik, politika pragmatismoan datza.

PSEk Jaime Otamendiri betoa jarri dio EITBko zuzendari nagusia izateko. Pragmatismoaren izenean onartu egiten da betoa.

Jaime Otamendi ezagutzen dut pertsonalki, profesionaltasuna erakutsi du ETBn lehen, eta orain Euskadi Irratian. Pertsona eta profesional ona da. Kudeaketan ere ongi aritu da. Noski, harreman politikoetan akordioetara iritsi behar duzunean, alde batekoen eta bestekoen urradurak ageri dira. Nik Otamendiren profesionaltasuna goian gelditu dadila nahi dut, inor hori zapuzten ahalegindu delako eta horrek ez dauka hitzik.

Baina betoa onartzen da, hori “ordainsaria” da politikan.

Akordio politiko guztietan ordaindu egiten da, sozialistek ere Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bildurekin akordioa lortzeko ordainduko zuten legez.

Urtebete da Ertzaintzak Iñigo Cabacas hil zuela. Ardurak ez dira argitu. Eskatu daiteke gehiago, ezta?

Bai. Lehenengo txarto jokatu zelako, eta hildakoaren familia argipenak eskatzen ari delako. Lehenik eta behin, zelako mina, ezta? Hala ere, horrelako prozesuak luzeak direla esaten digute adituek. Urtebete pasa da, diotenez izapideak luzeak dira, jende asko joaten delako deklaratzera, eta abar. Artean, gauza asko gertatu da, egia da. Beharbada erantzukizun politikoa azaldu behar zen, ez hainbeste tiroa egin zuen pertsona agertzeko, baina bai Herrizaingo Sailak berak zeukan erantzukizuna argitzeko. Hori da nik eskatzen dudana. Herrizaingo sailburu Estefania Beltrán de Herediak oso barnetik hartu du gaia. Azkenengo erantzulearenganaino joan behar dugu, Herrizaingo Sailak hartuko du erantzukizuna, gertatua argitu behar da.

Indarkeriaren beste espresioak daudenean, botereko instantzietatik gertaerak beste modu batez lantzen direla ematen du.

Egia da, beste kasuetan indarkeria erabiltzen dutenean erantzukizuna eskatzen zaie, eta beraz, horrelakoak gertatzen direnean instituzioetatik inoiz baino gardenagoak izan behar dugu, inongo zalantzarik geratu ez dadin, eta erantzukizunak ere zuritu ez daitezen.

Hilketa istriputzat jo izan da. Boterearen mekanismoak bere interesak babesten al ditu?

Pertsonen bizitza tartean delarik, boterean bat izan edo bestea izan, gobernu karguetan gaudenoi eskatu behar zaigu erantzukizuna. EAJk Legebiltzarrean horrelako kasuetarako komisio iraunkorra sortzea eskatu du –ez daitezen gerta hobe– gertaerak arinago argitzeko.

Xabier Lopez Peña ETAko kidearen heriotzaren inguruan, Radio Euskadin zuk egindako adierazpenak gaizki hartuak izan dira sektore batzuetan.

Bai, Twitteretik egurra eman didate. Agian txarto azaldu nuen esan nahi nuena. Nik berriro diot, kasu horretan edo beste ezeinean, familia ezin da informatu gabe egon hainbeste orduz. Familiak eskubide guztia dauka argibideak eskatzeko, eta gertatu guztia argitu behar da. Presoak ere eskubideak ditu. Ni horren alde agertu naiz beti. Ulertzen ez dudana da Espainiako eta Frantziako espetxe politikari egoztea heriotza. Hori ez dut erraz nire eskeman ikusten.

ETAk jardun armatua behin betirako lagata ere, ez dirudi oinarrizko eskubideak errespetatzen direnik.

Oraingo egoeran gobernuek legeen aldaketak eman beharko lituzkete beste egoera bat ahalbidetzeko. Salbuespeneko legeak aldatu behar dira, eta orain dauden zigorrak bete behar dira oraingo legearen arabera. Diotenez, beste bake prozesuetan ere arazoak sortu dira legeak aldatu behar izan direnean. Baina, egia da, esaterako, Espainiako Gobernuak ez du nahi presoen hurreratzea eman dadin.

Aietetik gaur egunera pauso asko eman du ETAk eta ezker abertzaleak oro har, Espainiako Gobernuak bat bera ere ez.

PPren une honetako jarrera ote den? Ez dakit. Espainiako Gobernuak badu pausoak ematea, baina Barne ministroak ez dauka gogo handirik, antza. Barne ministroak pausorik eman nahi ez arren, ETAk eman lezake gehiago. Gobernuaren pausoak itxaron beharrean, Nazioarteko Egiaztapen Taldea deitu lezake armak entregatzeko, esaterako.

Posible al da hori egitea, horrela? Beste partea egon gabe?

Nik uste dut beste parteak egon behar duela, baina ETAk bere kabuz egin lezake zerbait gehiago, eta beharbada, Gobernua bortxa dezake mugitzera. ETAk modu horretara azaldu lezake berak segitzen duela pausoak ematen. Agian, ondoren, Gobernuak eman dezake pausoren bat, adibidez, presoen hurbilketa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAJ
EAJk Mundakako bere alkatea presionatzen zuen, udaleko idazkariaren gainetik aritzeko

Mundakako alkatea Mikel Bilbao zen gertaerak deskribatzen diren garaian, 2019 eta 2020an, eta EAJko herriko Uri Buru Batzarrak presioa egin zion aurreko udalak kontratatutako zerbitzu juridikoak berriz kontratatzeko. Udaleko idazkariak kontratazio horren aurkako txostena egin... [+]


Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Alonsotegi auziko absoluzioak etsigarriak dira EH Bildurentzat

Joan den asteazkenean ezagutu zen Alonsotegiko ustezko ustelkeria kasuengatik izandako lehen epaiketaren epaia: akusatu guztiak absolbitu ditu Bizkaiko Auzitegiak. EH Bildu aritu da akusazio partikular moduan auzian eta ebazpena "etsigarria" eta... [+]


Beste emakume batek salaketa jarri du, Ertzaintzak Donostian egindako kargetan zauritu zutelako

Buruan foam jaurtigai batekin kolpea jasotako emakumeaz gain, bigarren pertsona bat zauritu zen Donostian asteartean ertzainek Realeko zaleen aurka egindako oldarraldietan. Ertzaintzak jakinarazi du kasu hau ere ikertzen ari dela.


Erkoreka Xuhar “erruduntzat” hartzeko “kanpaina” egiten ari dela salatu du herri plataformak

Tolosako inauterietan poliziak begian zauritutako gaztea indarkeria polizialaren biktima gisa aitortzeko eskatu du Xuhar herri plataformak. Mobilizazio batera deitu du martxoaren 16rako, Tolosan.


Eguneraketa berriak daude