Karlos Zurutuza

"Enpatiarik gabe nekez transmititu ahalko duzu inoren sufrimendua"

  • Afganistan, 2010. Helmand herrian, ospitale batean sartu da Karlos Zurutuza. Haurren negarra: besamotz, eskumotz, aurpegiak erreak… Piztu du pilotu automatikoa. Honen hitzak bildu ditu, haren argazkiak. Osagaiak ditu, erreportajea idatzi du. Etxera itzuli da, igaro da denbora eta, halakoan, krak egin du haren barruak negarrez. Afganistango garrasi mina Donostiaraino dakar gerrako kazetariak.

Miel Anjel Elustondo
2012ko otsailaren 26a
Dani Blanco

Noiz hemen, noiz han. Zein duzu agenda?

Azken ordu arte ezin jakin. Gutxi gorabehera jarduten dut, zenbait aurreikuspenen arabera. A plana egiten dut batetik, eta B plana bestetik. Bisatuak direla, hedabideek erreportajeak nahi dituzten ez dituzten… Bi plan izan behar! Nahi gabe hasi nintzen lan honetan, erreportajeak idazten. Ez nuen hori buruan. Bidaia bat egin nuen, eta testu bat idatzi, lehenengo erreportajea. Gerora egin dut bidea, gerra lekuetako kazetaritzan espezializatu arte. Bidaiari amorratua izan naiz beti. Irakasle nintzen garaian, bidaian nintzen oporrak nituenetan. Bidaiak ogibidea ekarri du, eta azkenean, baita adikzioa ere.

Adikzioa?

Bai. Etengabe ikasten ibili nahia. Kanpoan zabiltzala, dena duzu berria. Ez zara nekatzen. Egunak ematen dituzu behar bezala lorik egin gabe, edo gaizki janez. Baina dena berri izate horrek zutik mantentzen zaitu. Erreportari izateak horixe dakar, beti ikasten ibiltzea, alde guztietan ere. Etengabe ikasten jarduteak eragiten dit adikzioa.

Arestian aipatu duzu: lehenengo erreportaje hura…

2005ean argitaratu nuen, Argia honetan bertan, Armeniako kurduen inguruan. Oso gauza bitxia. Nire urtebetetzearekin batera argitaratu zen, ekainaren 5ean. Ez zen hutsetik sortu erreportaje hura. 1998an izan nuen lehenengo lotura kurduekin, Turkian. Berebiziko interesa izan dut beti kultur gutxituekiko, edota erlijio eta sekta gutxituekiko. Harrigarria gertatu zitzaidan Armenian ere kurduak izatea. Gainera, jatorriko erlijioari eusten zioten kurdu haiek. Gutxi landutako gaia iruditu zitzaidan, eta Armeniara joan nintzen. Ez nuen deus idazteko asmorik, hura ikusteko gogoa besterik.

Armeniara joan zinen, kurdutara, armeniarrak berak bazter utzirik?

Izan zitekeen armeniarren gainean idaztea ere, baina zerbaitek gutxiengo eta gutxituetara jartzera bultzatu nau beti. Bakartuetara, isolaturik bizi direnengana. Errusian banengo, armeniarren bila nenbilke. Armenian egonik, kurdu artean izan nintzen. Batetik, neure jakin-mina dabil hor. Bestetik, gai horietan oso informazio urria dugula, nekez izaten dugu haien berri.

Erreportajeek balio dute informazio urritasun hori berdintzeko?

Balio? Hutsunea betetzen dute, hutsune bat, hutsune erraldoi hori betetzerik pentsatu gabe. Megalomania litzateke hori uste izatea. Norberak ahal duena egiten du, eta kasu honetan, euskaraz argitaratutakoa hor zehar jasota dago, dela Argian bertan, dela Berrian, edo dena delakoan. Ni, azken finean, erreportaria naiz. Euskal Herrian izan, nahiz Afganistanen, gure moduko jendearekin egoten naiz. Munduaren beste puntan ditudan haiengana jotzen dut, bai, baina funtsean, gizaki xumeekin ari naiz harremanetan. Distantzia geografikoak ez du lana markatzen. Jantzi bai, markatu ez: ez du ogibidea nire helburutik desbiderarazten. Pertsonengana jotzen dut, jakin-mina dut, ni bezalakoak nola bizi duen gerra egoera, muturreko egoera, jakin nahi dut. Eta kontatu.

Kamuflatu behar izaten zarela irakurri dut han edo hemen.

Ez da kamuflatzea… Atentzioa ez deitzen saiatzen naiz, baina, gai horren inguruan nik “biktimen demonizazioa” deitzen dudan horrekin egiten dugu topo. Ohiko hedabideek zer transmititzen digute? Iraken dena txarra dela, denak dira gaiztoak. Eta aldiz, hara joan eta ikaragarri adeitsua da jendea. Jakina, inoiz ez dut erakutsiko kanpotarra naizela, baina gainerakoan, normal ibili ohi naiz, hemen bezala jantzita, nahi baduzu, baina han bertakoa izaten saiatuta.

Zertan da kazetariaren ekipoa? Grabagailua, kamera eta abarra.

Idatzi egiten dut, oroz gain. Argazkiak ere egiten ditut, ez oso onak. Reflex kamera bat eramaten dut baina, askotan, nahikoa dut kamera txiki bat, sakelan sartuta. Grabagailua, digitala, txikia, eta koadernoa, hura ere txikia [aurreko orrialdean, bidaietako koaderno artean egin diogu argazkia]. Ekipo handia ez, beraz. Hango ordena ez desordenatzen saiatzen naiz, hango desordena ez ordenatzen.

Agintariek mugak jartzen dizkizuetela irakurri dut.

Ez dakit, bada. Askotan, hemen baino errazago egiten dugu lan. Askoz errazago iristen gara Iraken, edo Afganistanen, hango ministro batengana, hemengo batengana baino. Oso gauza arina da askotan. Sarri nahikoa duzu telefono zenbaki bat lortu, deia egin, eta handik bi ordura baten batekin ari zara hizketan. Egia da zenbait lekutan komisarioak jartzen dizkigutela, “hona bai, hara ez!” agintzen digutenak… Sirian izan nintzen azkeneko aldian, 2008an, turista bisatua nuela joan nintzen, eta Pakistanera ere berdin. Herrialde horietara kazetari bisatua duzula joaten baldin bazara, guztiz mugatuta egongo zara, denbora guztian zaintzapean, zurekin elkartzen den jendea bera ere arriskuan jarriko duzu. Libian, esaterako, azkeneko gerra honetan, Tripolira joan nahi nuen zuzen, baina luxuzko hotel batean egon behar nuela kontuan hartuz, zaintzapean, lan independentea egiteko batere aukerarik gabe –ez kaleko jendearekin hitz egin, beti izango bainituen alboan komisarioak–, matxinoen aldean ibiltzea erabaki nuen, handik egitea erreportajeak. Haiekin ibili eta Tripolira iritsi nintzenean, ordu arte ikusi ez nuena ikusten eta kontatzen saiatu nintzen, erreportajeak idazten… Komisario politikoak saihesten saiatzen naiz, turista bisaren jabe eginez, edo matxinoen alderditik idatziz.

Nola jarri harremanetan matxinoekin? Zein hizkuntzatan komunikatu?

Libiako matxinoak guztiz eratuta zeuden. Erraza zen haiekin harremanetan sartzea. Tunisiara joan, muga zeharkatu eta, inolako bisaturik gabe, hantxe izango zenuen norbait atzerriko kazetariez arduratuko zena, ingelesez zekiena. Nora joan nahi nuen, zer egin nahi nuen galdetu zidaten, eta –bitxia bada ere, ez urik ez jakirik dutelako egunero–, beti zuten Internet eskura. Baten batek jakinarazi zien, edo beraiek jabetu ziren, kazetariek egiteko handia izango zutela gerra horretan. Eta halaxe izan da. Nire ustez, horixe izan da Gaddafiren akatsik handienetakoa: kazetariei bozal hori jartzea.

Kalean gertatzen zaizun oinezkoak libre hitz egiten dizu, aho-bilorik gabe?

Azkeneko honetan, Libian, iritsi nintzenean ez zegoen emakumerik ez umerik, haiek denak errefuxiatu guneetan baitzeuden, Tunisian. Libian gelditu zirenak borroka besterik ez zuten, eta kontatzeko irrikatan zeuden. Hamarkadak zeramatzaten Gaddafiren erregimenaren azpian, eta betiko historia gogorrak kontatzen zituzten: torturak, espetxeratzeak, sarraskiak… Baina, jakina, alde batean nengoen, ez nekien beste aldeko berri. Koheteak eta misilak ikusten dituzu, nondik abiatzen diren. Ez dakizu zein duten jomuga, edo zer kalte egiten duten muga jotzen dutenean.

Alde batetik bestera misilak, handik hona eta hemendik hara, jomugak jomuga, biktima bat bera da beti: gizarte zibila.

Gerra bera zer den definitu beharko genuke. Zer dugun gerra, bi bando horiek, alde batekoak eta bestekoak, baina, beti, hiltzaileak eta biktimak, eta biktimetan %90, zibilak. Afganistango gerra, gerra modernoaren akabua omen. Bada, hamar biktimetan bederatzi, zibilak dituzu.

Biktimak, zibilak. Eta zer zara zu, zibila ez besterik. Arriskuan ikusi duzu inoiz zeure bizia?

Argazkilariek ez bezala, ez daukat zertan “fronte-frontean” egon beharrik. Nire historiak ospitalean daude, etxe barruetan, ireki berri den eskola batean... Jakina noiz edo noiz ezusteren bat egon dela baina informazioak batetik, eta beldurrak bestetik, onik jarraitzen laguntzen didate beti. Beldurra nirekin dator beti, ezinbestekoa baitzait. Beldurrik ez duela dioena gezurtia edo axolagabe hutsa da. Arrisku maila zorrotz eta estu baloratu behar da inolako pausorik eman aurretik. Espero ez bezala, Libian, esaterako, oso erraza zen lan egitea. Bagenekien non zegoen frontea. Hara joan nahi izanez gero, matxinoekin joan besterik ez zenuen. Herrian geratu nahi izanez gero, toki segurua zen, inork ez zintuen bahituko. Bertako jendea zuri laguntzeko prest zegoen. Nahiz eta gerra irekia izan, hobe da arriskua non dagoen jakin.

Non edo non “handik” idazten diguzue, non edo non “hango” berri, beste mundu bateko gerra…

Bi mundu dira, bai, pobreak, batean, aberatsak, bestean. Funtsean, horixe. Zer kontatzen dugun, zer kontatu behar dugun? Pobreei gertatzen zaiena, haiek sufritzen ari direna. Gure erruz, askotan. Pobreak eta aberatsak, justizia eta injustiziak, gure mundu honetan ere egunerokoak dira.

Zergatik Libia, Siria, Afganistan, Tunisia… eta zergatik ez Kolonbia, Ekuador, Nikaragua, El Salvador...?

Erantzuten zaila zait galdera hori. Ekialdearekiko lotura izan dut beti. Konturatu gabe ere, Ekialdera bidaiatu izan dut beti. Ez naiz inoiz Atlantikoaren bestaldean izan. Joan nahi nuke, baina ez dut lehentasuna. Nire lanaren helburua ez da, besterik gabe, gerra egoera bat ikuskatzea, kultura bat ezagutzea baizik. Herri horiekiko berebiziko interes pertsonala dut, kultur interesa. Mesopotamiako erlijio gutxituekiko interesa dut, Afganistan edota Kaukasoko hainbat ibarretako taldeekiko jakin-mina. Horixe da gustatzen zaidana. Nire lana, berriz, leku horietara joateko aitzakia dut, askotan.

Zeure barrua erretratatzen ari zara interes horietan. Non piztu zaizu herri eta kultura gutxitu horiekiko garra?

Askotan pentsatu dut horretaz, baina orain arte ez naiz erantzuna hitzez adierazteko gauza izan. Nork bere filiak eta fobiak ditu, eta nik neureak. Badakit Kolonbia, Honduras eta El Salvadorren injustizia latzak gertatzen direla, hemendik ere askoz gehiago begiratu dugulako hara, Ekialdera baino. Nahiko hurrekoa dugu Erdialdeko Amerika. Aldiz, Afganistan, edota, are, Balutxistan, non diren ere ez dakigu. Txantxetan ari nintzela uste izaten dute batzuek. Esaten dut Balutxistan, esaten dut Osetia, esaten dut Kurdistan… Asmatzen ari naizela uste dute. Askotan gertatu izan zait hori Balutxistanen kasuan, adibidez.

Injustizia aipatu duzu arestian. Zer zaitugu, kausa galduen defendatzailea, deabruaren abokatua, GKE ibiltari bat, menturaz?

… Sekretu bat kontatuko dizut.

Faborez.

Argazki bilduma oso berezi bat dut. Gerra tokietan naizela, kanposantura joateko ohitura dut. Eta beti dut ni jaio nintzen urteko norbaiten hilobiaren argazkia. Askotan, beste alfabeto batean idatzitako izena da, baina latinezkoak dira zenbakiak. 1971 beti. Sekulako zirrara eragiten dit: hura ni izan nintekeela pentsatzen dut beti, urte berean jaioak. Nahiz eta urte berekoa izatea anekdota hutsa den kasu honetan. Baina, hala ere, ni izan nintekeen hura. Zori handia izan dut, Europan jaioa, mundu aberatsean, aberatsen munduan. Horrelako hilobi bat ikusi nuen lehenengoan, Karabaj Garaian izan zen, oroitzen naiz, egonezin handia eragin zidan. Hein batean, sentipen horren atzean erru sentimendua dagoela esango nuke. Hemen jaio nintzen, ezin dut mundua aldatu, baina bai hura kontatu, hau da, nire urte berean jaio zen hari gertatu zaiona. Sentimendu hutsa da. Sentitu ezean alferrik ari zara lan honetan. Enpatiarik ez baduzu, nekez transmititu ahalko duzu inoren sufrimendua.

2005ekoa duzu lehen erreportaje hura. Orduko Karlos Zurutuza eta oraingoa, bat bera dira?

Ez. 2007an hasi nintzen erabat kazetari. Joan deneko bost urtean bizi izan dudan samina betiko izango dut. Asko ikasi dut, baina samin hori inork ez dit kenduko. Kontzientzia berezia ematen dizu horrek. Tripolin nintzela, han ari ziren hedabideak, Gaddafi gora eta Gaddafi behera. Baina ez zuten esaten jendeak urik ba ote zuen, umeak eskolara ote zihoazen, jendeak zer egiten zuen, zer pentsatzen zuen… Eta justu, hori jakin nahi izaten dut nik.

Nortasun agiria

Karlos Zurutuza (Tenerife, Donostia, 1971). “Bizia eta osasuna jokatzen ditu. Bitartekoak urri ditu baina ez da, haatik, urritasun hori haizatzen ibili zale. Estereotipoak ez ditu aski, ezta bertsio ofizialak ere, nahiz eta haiek kronika minak idazteko materiala eskaini. Auzorik txiroenetan besterik ez da sartzen, hantxe kokatzen da. Europarrek albiste-iturritzat ez dauzkaten herrialdeetan barna abiatzen da, indigenak baino ibiltzen ez dituzten bideetan zehar. Pertsonarik umilenak ditu helburu, eta ikusten duena kontatzen du. Giza begirada darabil, laguna ulertzeko eta hari laguntzeko gogoa…”. Ryszard Kapuscinskiren gainean inoiz idatziak dira, baina, gurean, Karlos Zurutuzari buruz esateko modukoak dira. Ingeles Filologia egina, irakasle izana, bidaiari handia… Kazetari lanetan ibili da gerra egoeran diren hainbat herrialdetan. Aurten Argia Saria jaso du, idatziak dituen erreportaje bikainen ordainetan.

Azken Hitza
Ezezagutza

“Ez dakit mundu hau konponduko duenik ba ote den. Aurrena, nork bere burua txukundu beharko luke. Askotan pentsatzen dut: Mendebaldean edonork izango balu aukera nik Ekialdean bizi izan dudana bizitzeko, egun bakar batean besterik ez bada ere, mundua ezberdina izango litzateke. Ez daukat zalantzarik. Baina ez dugu hura ezagutzen, eta ez ezagutzeak beldurra dakar, eta beldurrez bizi garen bitartean nekez ulertuko dugu elkar”.

Kanal hauetan artxibatua: Kurdistan  |  Kurdistan

Kurdistan kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-13 | Andoni Mikelarena
Hego Kurdistango erreferendumaren antolatzaileak atxilotzeko eskatu du Irakek

Erreferenduma egin eta bi astera hartu du erabakia Bagdad-eko auzitegiak. Irakeko Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak egindako eskaerari erantzunez eman du atxiloketa agindua Auzitegi Gorenak.


2017-10-08 | Axier Lopez
Beste erreferenduma

Ekialde Hurbila aldatzen ari da. Ohi bezala, odolez, eta kanpoko interes ekonomiko eta geo-politikoen menetara. Arabiar udaberriekin hasitako aroak, gerra eta eskuhartze inperialisten garaiari utzi zion lekua –Siriako guda ikurrik mingarriena izanik–. Aktore politiko berriak eratu dira, aliantzak apurtu eta berriak sortu, baita mapan, de facto, aldaketak eragin ere.


2017-09-29 | Xalba Ramirez
Irakeko Parlamentuak Kurdistanen kontrako neurri militarrak hartu ditu, erreferendumeko %92ko baiezkoa zigortzeko

Irakeko Parlamentuaren arabera, “konstituzioaren kontrakoa eta baliogabea da” astelehenean Hego Kurdistanek egindako independentzia erreferenduma. Hainbat indarrezko neurri hartzeko eskatu diote lehen ministroari, Kirkuk-eko eskualdearen kontrola bereganatzea barne.


2017-09-26 | Xalba Ramirez
Hegoaldeko kurduen %83k hartu du parte independentzia erreferendumean

Hego Kurdistango Hauteskunde Batzordearen datuen arabera, erroldatutako 3.985.120 lagunetatik 3.305.925k hartu dute parte. Behin betiko datuak asteazkenean emango dituzte, baina baiezkoak irabaziko duenaren zalantzarik ez dago, ezezkoaren aldekoek ez baitute erreferenduma babestu. %10 baino gutxiago zenbatuta, %93 da baiezkoaren aldekoa.


2017-08-25 | Xalba Ramirez
PKK-k ez du babestuko Hego Kurdistaneko independentzia erreferenduma

Iraketik banandu eta estatu propioa sortzeko Hego Kurdistanek egingo duen erreferendumaren kontra azaldu da Kurdistango Langileen Alderdia (PKK), “kurduek ez dutelako estaturik behar”.


2017-06-15 | Xalba Ramirez
Irakeko lehen ministroak kurduekin independentzia erreferenduma negoziatzea onartu du

Irakeko lehen ministro Haider al-Abadi-k alderdi kurduak erreferendumari buruz hitz egitera gonbidatu ditu. “Erreferenduma gauzatzea zaila izango den arren”,  esan du kurduen erabakitzeko eskubidea errespetatuko duela.  


2017-06-09 | Xalba Ramirez
Hego Kurdistanek independentzia erreferenduma egingo du irailaren 25ean

Hego Kurdistango alderdi politiko gehienek irailaren 25eko data eta galdera adostu dituzte: “Kurdistan independente bat nahi al duzu?”


Kurduerazko egunkari bakarraren webgunea itxi du Turkiak: Rojeva Medya

Kurdistanen aurkako politikan pauso bat gehiago eman du Turkiako Gobernuak: Rojeva Medya-ren webgunerako sarbidea debekatu du, herrialdean kurdueraz dagoen egunkari bakarra, ANF News-ek jaso duenez.


Erdogani erabateko boterea emateko erreferenduma ez dela demokratikoki egin salatu dute

Turkian demokrazia parlamentariotik sistema presidentzialistara igarotzeko galdeketan baiezkoak irabazi du, bozen %51,2rekin. Oposizioak iruzurra salatu du eta begiraleek esan dute prozesua ez dela demokratikoa izan. Erdogan presidenteak, ordea, historikotzat jo du garaipena.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude