Naturalistak nola, hala arduratzen da Haboud Hego Amerikako hizkuntzez. Jakin-minak elikatzen du, ikerlari senak gidatzen du eta aniztasunarekiko konpromisoak lotzen du. Ekuadortarra Europa aldean zebilela, Garabide elkarteak Euskal Herrira gonbidatu du. Euskararen herriko oihartzunarekin itzuli da, elkarlan haziak ereitera.
Haboud irakaslea, ikerketa soziolinguistikoan aditua zaren aldetik, deskriba gaitzazu. Zer kontatuko diezu ingurukoei itzultzean?
Oso ongi pasa dudala esango diet aurrenik. Interesgarria izan da zuekin hitz egitea eta gure herrian ditugun hainbat egoeraren oihartzuna entzutea. Kontatuko diet zuek egiten diharduzuen hizkuntz normalizazio lana iraunkorra eta sakona dela, eta arrakastatsua dela jendeari barrutik ateratzen zaiolako, hizkuntza maitatzetik hasten delako. Eleaniztasun egoerak ditugun herrietan, hizkuntzak galtzen ari direla ikusten dugula, berreskuratu egin behar dugu indar hori, hizkuntzaren esanahia bera eta gutako bakoitza hizkuntzaren bitartez garena.
Arretagune asko izan dituzu: hizkuntzalaritzan doktore, Andeetako antropologian aditu, soziolinguistikan eta etnolinguistikan aritu zara. Zein seme-alaba maite duzu gehien?
Zaila da esaten. Nik uste dut seme-alaba bat baino gehiago dituzunean denak maite dituzula, baina arrazoi ezberdinengatik. Dena lotuta dago. Esate baterako, soziolinguistika arloan ari zarela ezin zara identitate- zein kultura-kontuez ahaztu. Denak maite dituzu. Une jakin batean batengana hurbiltzen zara gehiago, seme-alabekin bezala. Batzuetan buru-belarri aritu izan naiz ukipen egoeran dauden hizkuntzen analisi morfosintaktikoak egiten. Kanpotik begiratuta, irudi luke ikerketa hotza dela, soilik linguistikoa, baina benetan oinarrian hizkuntzen negoziazio-moduak ikertzen zabiltza, hiztunen arteko elkarreraginak. Itxuraz gordina den bidea hartuta ere, ukipen egoeren errealitatera iristen zara, hizkuntzen, kulturen eta identitateen arteko harremanetara. Eta baita alderantziz ere, orain komunitate indigenetako pertsonekin ikerlan soziolinguistikoa egiten dihardudala, pertsonak elkarrizketatzen ari naizela, hizkuntz forma txundigarriak aurkitzen dituzu. Dena lotuta dago.
Indigenismoa bazterketaren sinonimoa da? Zein balorazio egiten duzu terminoaz?
Uste dut perspektiba eta ikuspuntuaren baitakoa dela balorazioa. Gaur egun indigenismoa berezko komunitateak ikertu eta sustatu nahi dituen kanpo eragileen tendentziarekin lotzen dugu, ikuspegi paternalista duten eragileekin. Baina uste dut bere garaian bazterketa-egoerak kanpotik ikusi eta ikusarazteko balio izan zuela. Ni, paternalismoa hor badago ere, bere garaian izan zenarekin geratzen naiz, bere ondorio positiboekin, balio izan baitzuen indigenen ahotsa entzuteko.
Nola bizi dute beraiek terminoa?
Esparru intelektualean arbuiatu egiten da, baina esango nuke azken aldian etapa hari bere garrantzia aitortzen hasiak direla, susperraldi bat ekarri zien komunitateei eta populazio dominatzailea ohartarazteko balio izan zuen ere.
Zure lanen artean badira soziolinguistika eta generoa lotzen dituztenak, soziolinguistika arloa emakumeen lidergoarekin lotu izan duzu. Zein da emakumeen rola?
Emakumearen rola oso garrantzitsua izan da komunitateetan. Batzuetan ez dugu hori kanpotik behar bezala ikusi. Kanpoko begiz, itxuraz gizonak dira komunitatearen pisua daramatenak, baina barruko begiz ikus liteke emakumeak direla familietan erabakitzen dutenak gero gizonak esparru formaletan antzezten dutena. Komunitateen orekak emakumeek gordetzen dituzte egiaz.
Marleen, zure ekarpena kanpokoa da baina, aldi berean, barrukoa da. Gaiak maitemindu egin zaitu.
Berezko hizkuntzen alde borrokatu dut, ez ikerketa-gai soil bezala, nire bizitza gidatzen du gaiak. Ez dakit zein den benetan nire ekarpena baina egiten saiatu naizena, nire ikasleei transmititzen saiatu naizena bene-benetan egin dut. Benetan sentitu egin nahi dut hizkuntzekin, hiztunekin gertatzen ari dena. Batzuetan esaten dut: “Guk hau eta bestea”… “Nola gu?”, esaten didate, “zu ez zara indigena!” Ez eta bai! Nik prozesu hau barrutik bizi izan dut. Ezin dut irudikatu nire bizitza prozesu honetatik kanpo, nire bizitzaren parte da. Nik hizkuntzalaritza egiten dut, edo hezkuntzan dihardut edota hausnarketa hutsean aritzen naiz, baina hor nago! Pentsatzen dut nire familiak eragina izan duela horretan. Familia kulturanitza, eleanitza, identitateanitza izan nuen. Hizkuntza ezberdinen hotsak entzuten, gozatzen ikasi nuen. Egiten dudan ikerketa jendearengana itzultzea nahi nuke, beraientzat baliagarria izatea.
Hizkuntzen galera dokumentatzen diharduzu, hilzorian dauden hizkuntzen gaineko kanpo lana egiten duzu. Nola bizi duzu emozionalki prozesu hori?
Emozio handiz. Izan ere, hitz bat galtzerakoan, ez da hitz soila galtzen. Demagun landare izen bat galtzen dela, horrekin galtzen da landareari buruzko ezagutza, haren historia, eta jendearen landarearekiko harreman modua, haren mundu ikuskera. Beharbada, hizkuntza bat galtzean, beste hizkuntza batera iragazten dira ezagutza batzuk, baina ez denak. Gogorrena da ezin duzula ezer egin; bildu eta artxibatu museologikoki. Batzuetan gogorragoa da kanpotik, ikuspegi orokor batetik ikusten duenarentzat. Hala ere, egia da bidean gauza interesgarriak aurkitzen dituzula, bizi-biziak. Gaztelaniazko hainbat termino nola “kitxuatu” diren aurkitu dut, nola birsortu diren hainbat hitz. Mundu berriak aurkitzen dituzu, gozamen hutsa da hori! Hitz baten atzean negoziazio identitarioak daude, ukipen egoeren mugimendua. Gizakiok ere horretan dihardugu, ukipenetara egokitzen etengabe.
Euskaldunok hizkuntza jartzen dugun lekuan zuok kultura jarri ohi duzue. Ados zaude?
Beno, kultura hizkuntzaren bitartez transmititzen dela esaten dugu, baina ez soilik. Kulturaren transmisioan jarrerek, keinuek, ekintzek, bizitzeko moduek, hiltzeko moduek, bizitza ulertzeko manerek eragiten dute. Hizkuntza izanik ere transmisio-biderik garrantzitsuena, hizkuntza galtzean ez da den-dena galtzen. Badira hizkuntza aldatuz bizirauten jarraitu duten kulturak.
Kitxua (kichwa) eta shuar hizkuntzak, gaztelaniarekin batera, ofizialak dira Ekuadorren. Zeintzuk dira beren aukera eta mehatxu nagusiak?
Gaztelania da hizkuntza nagusia, komunikazio-testuinguru guztietan erabiltzen dena. Beste bi hizkuntzen ofizialtasunak esparru eta aukerak ekar ditzake, baina ekitea da garrantzitsuena. Horretan kitxuak gehiago aurreratu du, Sierra inguruan (Andeetan) kitxua izan da hizkuntza indigena nagusia. Ofizialtasunarekin bizi mantendu nahiko genituzke baina hori, eragin ezean, ez da lortuko. Horren adibide dugu Peruko kitxuarekin gertatutakoa: 70eko hamarkadatik ofiziala izanik ere, bere bizi-indarra ez da handiagoa. Horretarako beharrezkoa da hezkuntzan, komunikabideetan, esparru publikoan inplementatzea eta, batez ere, belaunaldien arteko ondorengoetaratzea ziurtatzea. Bestela, burua moztuko genioke hizkuntzari.
Amazoniako hizkuntza batzuen “kitxuatzeaz” hitz egin izan duzu. Zer dago horren azpian?
Ohikoa da minorizatutako hizkuntzen artean. Hizkuntzek rol eta posizionamendu ezberdinak dituzte. Kitxua hizkuntza minorizatua da Ekuadorren, baina hizkuntza indigenen artean, indartsuena da. Tipologikoki oso hizkuntza ezberdinak dira kitxuatzen ari direnak, baina nazionalitate batzuk, andoak edota sáparak, hizkuntzaz kitxuatzen ari dira. Hizkuntzak tipologikoki, genetikoki ezberdinak badira ere, beren historia sozialei dagokienez, kulturalki gaztelaniatik baino hurbilago daude. Gaztelania badakite, noski, baina beren identitate ezberdina mantentzeko kitxua hizkuntza aukeratzen dute, beren hizkuntza propioak hilzorian baitaude. Liluragarria da, baietz!
Kritikoa zara Ekuadorreko hezkuntza eredu elebidunekiko. Zergatik?
Uste dut oraindik ez dutela ekarpen handirik egin. Uste bat dago horren atzean, alegia, hezkuntza formala hizkuntza nagusian eman behar dela, arriskutsua dela bestelako apustua egitea. Bizitzan aurrera egiteko aukerekin lotuta dago. Jarrerak gehiago landu behar ditugu. Esate baterako, komunitate askotan ez dakite beren hizkuntzak idatz daitezkeenik; harrituta geratzen dira idatzita ikusten dituztenean. Hori da abiapuntua.
Hiztun gaztelaniadun elebakarren jokaerak batzen gaituzte. Sordera visual (gorreri bisuala) kontzeptua erabiltzen duzu zuk. Zer esan nahi duzu?
Hizkuntzalaritza ikasten ari ziren 5. mailako unibertsitateko ikasleei galdetu nien behin ea zenbat hizkuntza hitz egiten ziren Ekuadorren. “Gaztelania!”, erantzun zidaten aho batez. Bakarrik? Galdegin nien nik. Beno, batzuek ingelesa hitz egiten dutela erantzun zidaten eta bakarren batek kitxua ere hitz egiten dela erantzun zuen. Ekuadorren hamahiru hizkuntza hitz egiten dira. Nik jarrera horri gorreri bisuala deitzen diot. Alegia, ikusi nahi ez dugunaren aurrean itsu eta gor bihurtzen gara. Minorizazio egoeran bizi garen guztion gaitza da hau.
Mundu guztiak kulturartekotasunaz hitz egiten du, ordea…
Modaren eraginez hitz egiten dugu, baina ez dugu adiera ulertzen eta batez ere ez dugu praktikatzen. Desberdindu egin behar ditugu kulturaniztasuna, kultura ezberdin asko egotea, eta kulturartekotasuna. Bigarrenak, beste kulturak ezagutzea, ulertzen saiatzea eta errespetatzeko konpromisoa dakar ezinbestez. Urruti gaude horretatik. Eztabaida intelektualetan geratzen gara, batetik, eta bestetik, minorizatuok soilik ikasi beharreko lezioa bihurtu da. Hor dago gakoa! Gorreri bisuala!
Kitxua eta shuar hiztunen lekukotzak:
Kitxua: vimeo.com/8326992 eta vimeo.com/8715164
Shuar: http://vimeo.com/8757859
Ekuadorreko hizkuntzak: www.puce.edu.ec/oralidadmodernidad
Haritzalde eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa elkarte ekologistek salaketa aurkeztu dute Gipuzkoako Fiskaltzan. "Prebarikazioa" eta "Ondasun publikoen usurpazioa" leporatzen dizkiete txaleta eraiki zuen Tavaro XXI enpresari eta Donostiako Udalari, etxearen... [+]
Astelehenetik ostiralera bitarte, 18 eta 35 urte arteko 80 gaztek mundu osoko hizkuntza gutxituen arteko harremanak sendotuko dituzte hitzaldi, mahai inguru eta mintegien gisako jarduerekin. Guztira 68 hizkuntza gutxituk izango dute presentzia topaketan, inoizko kopuru handiena.
Zerbitzu minimoek eragin handia izan dute Iruñerrian jaietan. Negoziazioan aritu dira, baina ez dute akordiorik erdietsi. Normaltasunez jardungo dute udan, eta irailean berrartuko dituzte lanuzteak.
Euskal Herrian euskara "hainbatetan ukatua edo bigarren hizkuntza bezala tratatua" dela salatu du EHEk, eta egoera hobetzeko hizkuntza politiketan jauziak egitea ezinbestekoa dela adierazi du. Hori dela eta, elkarretaratzeak egingo ditu Maulen, Donapaleun eta Baionan,... [+]
Etxe Zuriko maizterrak larunbatean iragarri zuen EB Europako Batasunaren esportazioei %30eko muga zergak ezarriko dizkiela abuztuaren 1etik aurrera, biak merkataritza akordio batera ez iritsiz gero. Horren aurrean, AEBei muga zergak igotzeko prest dagoela adierazi du EBk... [+]
Espainiako Gobernuaren estrategia politikoaren barruan mugitu du fitxa PSOEk: protagonista handirik gabeko irudi batekin jakinarazi dute akordioa, baina detaile gutxi emanda eta datarik ipini gabe.
Gutxienez hamahiru sexu eraso salatu dituzte hainbat emakumek, horietatik bi "intentsitate handikoak", eta besteak "arinagoak". Mugimendu Feministak gogorarazi du salatutakoez gain "sexu eraso gehiago" egon daitezkeela, eta lanean jarraituko duela... [+]
Eskarmentu ikaragarria –hitzaren adiera etimologikoan, besteak beste– dugu europarrok arma-lehiaketetan. Eta, paradigmatzat hartu ohi denetik, XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hastapeneko hartatik, mende eta laurden igaro denean arma-lehiaketa kartsuenera itzuli... [+]
Eskualdeko ospitaleko zerbitzua ixtearen ondoren, ez dira Donostiako Ospitalean ere artatzen. Haurren larrialdietako arreta gabezia ere dirau. Lehen mailako arretako pediatria kolapsatuta dago eta ez dago haur-psikiatrarik.
Etxeko langileek jasaten duten "prekaritateari" aurre egiteko, "neurri zehatzak" biltzen dituen dekalogo bat aurkeztu du sindikatuak, Bilbon. Auzia lehenbizi Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuela jakinarazi du LABek, baina auzitegi horrek ez diola... [+]
Egoerak bere horretan segituz gero, Euskal Hirigune Elkargoak ez du izenpetuko EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzeko hitzarmen berria. Orain artekoa urte hondarrean bukatuko denez, baliteke 2026an ofizialtasunik gabe izateaz gain, hizkuntza politika bideratzeko egitura... [+]
Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]
Europako Batzordeak, Batasunaren barne-segurtasuna indartzeko promesarekin, aspaldi lantzen ari den bide-orri bat aurkeztu du segurtasun-indarrek herritarron datuetarako sarbide eraginkor eta zilegia izan dezaten. Krimen antolatua, terrorismoa, haurren abusua eta antzeko... [+]
Hori da Munduko Osasun Erakundeak iragarri berri duen zenbaki ikaragarria. Horregatik, osasun arloko profesionalen CPTS taldeak prebentzio kanpaina berria plazatu berri du, publiko handia asaldatzeko.