"Emakumearen hiritartasuna ez dago behar bezala eraikita"

  • Feminismoak nazioartean duen lehen mailako pentsalarietakoa da Marcela Lagarde. Hegazkinetik ilunabarrean jaitsi, hotelera sartu, puskak gelara jaso, jaitsi eta Argiarekin hitz egin zuen. Afari legea eta lotara zen. Emakume taldeekin bilerak zituen biharamunean. Elkartasunaz. Edota Marcela Lagardek berariaz asmatu duenez, “ahizpatasunaz”.
Marcela Lagarde
Marcela LagardeDani Blanco

Egunkaria hartu dizut gaur goizean. Azalean ziren giza irudien artean, hamar nituen gizonezko, bakarra emakumezko. Bederatzigarren orrialdean baino ez dut ikusi emakumezkoa protagonista: genero indarkeria kasua zen. Hori dugu benetako mundua, ala haren errepresentazio nola-halako bat besterik ez?


Hara, errepresentazioak munduaren parte dira. Zuk dakarkidazuna ere, horixe da, parte bat. Jakina, oso ohikoa, zabaldua, emakumearen irudi eskasia hori esan nahi dut. Hala ohi da kultur, politika, kirol, zientzia eta gisako aldizkari eta agerkarietan. Aldiz, bestela da pertsonak –izan gizon, izan emakume–, gauzaki egiten dituzten aldizkarietan. Hor bai, hor emakume asko baino gehiago dago. Jo ezazu, adibidez, Espainian aurrerakoia omen den El País egunkarira, jo iragarki orrialdeetara, han bai, han asko baino gehiago dira emakumeak. Beraz, arlo batzuetan asko dira emakumeak eta haien errepresentazioak; beste batzuetan, aldiz, zero. Eta, horrekin batera, gorputzak edota gorputz zatiak lehenengo orrialdera ekartzen dituzten aldizkariak dituzu. Ikuspegiak dira, emakumeak gizartean duen espazioaren ikuspegiak, baina partzialak betiere. Horixe da arazorik larriena.

Ikuspegi partzial horrek ez ote du haren araberako mundu ikuskera jakin bat sorrarazten gure baitan?


Jakina, munduaren ikuspegi zatikatua erakusten badigute, halaxe egituratuko dugu geuk ere. Baina ikasia dugu errealitatea beste era batera aztertzen, hau da, geure ideologiaren, kulturaren, historiaren eta egunero barneratzen ditugun kultur jakien arabera. Baina bai, hedabideak, zer esanik ez dago, guztiz inportanteak dira, errealitatearen ikuspegi bat eraikitzen dute eta. Ikuspegi horrek, bestalde, indar handia du, irudimenezkoa delako, testuaren, irudiaren eta ahotsaren laguntzaz bestelako dimentsio batera heltzen delako. Fenomenoa miragarria da, nahiz eta edukia penagarria izan, erotzekoa da eta. Horrek ez digu gizon-emakumeoi elkarrengana biltzen uzten, ezta elkar ezagutzen ere, estereotipoz betetako edukia da eta.


Eduki horiek nahitara sortu eta erakusten dizkigute?


Jakina, bada, nahitara sortzen dizkigutela! Intentzio osokoak dira. Hemen, hedabideek erabakitzen dute zer argitaratu, noiz, non eta nola. Jo dezagun telebistan bertan ere: guk ez bestek erabakitzen du –dela heriotza baten kasuan, edo itsasontzi baten bahiketarenean–, zer eta nola zabaldu albistea, gure baitan halako eta halako interpretazio eta ustea ezartzeko… Izugarria da errepresentazio horiek duten eragina! Izugarria!

Intentzio osoz ageri dira emakumeen errepresentazioak ere? Intentzio txarrez, beharbada?


Haietarik asko bai, ikuspegi urri murritza delako, bai emakumeari eta bai gizonari dagokionean ere, maila sinbolikoan behintzat. Halarik ere, misoginia karga handia dute, eta azal-haragizko emakumeak baliogabetzera jotzen du; emakumea ez ezik, emakumeak. Aldi berean, gizona –gizon oro eta maskulino den oro–, nagusitasun mailan jartzen du. Egunkaria ekarri duzunez, begira haiek zenbat espazio eskaintzen dioten gizonek jokatzen dituzten kirolei. Joko eta jolasak egiten dituzte gizonek, gerra egiten dute, politika, ekonomia jasangarriari buruzko legeak… edota, nire herrialde Mexikon bezala, emakumeei erabakitzeko eskubidea ukatzeko legeak egiten dituzte. Penagarria da, zinez! Hedabideek tarte handia eskaintzen diote gizonek egin nahi duten horri, haien interes, jakin-min eta gainerako eginkizunei. Batzuetan sortzaile, besteetan ludiko eta artistiko… Besteetan suntsitzaile; nola den gerra.

Joko eta jolas egiten dute gizonek. Zer egiten dute bitartean emakumeek?


Emakumeek lan egiten dugu lur honetan. Munduko alde gehienetan, egun osoz jarduten dugu lanean. Are gehiago, hegazkinetik jaitsi eta lanean segitzen dugu, deskantsatzen dugu eta lanean segitzen dugu. Ikaragarria da, emakumeek lan asko egiten dugu, beti lanean. Interesgarria da oso, eta antropologo naizenez diotsut. Gazterik, jolas ludikoan jarduteko tartea du emakumeak. Baina, laster, desagertu egiten da hori eta lan domestiko, komunitario, pribatuak hartzen du emakumearen denbora guztia: denbora guztia lanean ari gara emakumeak! Eta sakelako telefonoaren aro honetan, ez dugu intimitate tarte txiki bat ezertarako!

Beste batzuetan, emakumeak elkarrekin biltzen dira, gobernatzeaz hitz egiteko, egoera hau iraultzen saiatzeko, antolatzeko, ekintza zibilak egiteko, ekintza politikoak, eta, azken finean, gure hiritartasuna errebindikatzeko. Ikaragarria da pentsatzea hasiberriak garela horretan, Latinoamerikan ez ezik, hemen Europan, emakumearen hiritartasuna ez dago eta behar bezala eraikita. Horregatik biltzen gara, bizian hainbat orduz, gure lekua toki guztietan dagoela asmatzeko, konbentzitzeko, argumentatzeko. Eta toki guztietan ez bada, nahi dugun toki guztietan behintzat egon nahi dugula adierazteko, bizitza publiko, politiko eta pribatuetan egon nahi dugula esateko. Beste era batera egon. Beste modu batera partekatu behar dugu mundua gizon-emakumeok. Hori da nire nahia, eta beste askorena; zenbait gizonena, besteak beste.


Emakumeek bere aldetik egin behar dute lan beren helburuen bila, ala ondoan izan behar dituzte gizonak?


Historiaren bidez erantzungo nizuke. Gauza asko kanpotik inposatu dizkigute; ez gizonek ez emakumeok erabaki gabe, esan nahi dut. Kasu horietan, gizartearen, ekonomiaren eta politikaren egitura aldaketak izan dira eragile. Beste zenbait aldaketa, berriz, geuk eragin ditugu. Ni, esaterako, emakumeek borroka handia egin duten tradiziokoa naiz. Borroka egin dute, hainbat eta hainbat aldaketa gerta daitezen, eta gizonekin batera jardun dute. Hor dira berdintasunaren alde lan egiten duten gizonak, gizon inportanteak, batzuk sozialistak, beste batzuk liberalak, anarkistak, komunistak… utopia horietan sinetsi dutenak, emakumea ondoan ikusi dutenak. Era berean, emakumeak ere bere gisa saiatu dira, gizonen gogoaren kontra ere bai, askotan. Zera datorkit, adibidez, Ingalaterrako parlamentuan katez loturiko emakume haiek, emakumearentzako boto eskubidea aldarrikatu zutenak.

Gizonen borondatearen kontra ez ezik, haien erakundeetan bertan ari ziren borrokan. Borroka horiek aldebakarrak izan dira kasurik gehienetan, eta, azkenean, ekintza, protesta, proposamen eta bestelako askoren bidez lortu da helburua, lortu denean, alegia. Izan ere, oraindik ez dugu lortu lehenengo emakume borrokalari haiek, sufragista haiek aldarrikatzen zutena. Ez dugu lortu. Sufragioaren zikloa ere ez dugu bukatu mundu ustez demokratiko honetan ere. Hori ere ez dugu! Beraz, gauzak asmatzea dagokigu, legeak egin, herrialde askotan gizonek oraindik dituzten botere eta pribilegio handiak murriztu… “Eta gainera, kexatu egiten dira! Zer beste nahi dute?” diote.


Diote, gizonek, emakumeez ari, ala?


Bai. Gu bestelako gobernu politikak egiten saiatzen gara, giza eskubideak errespeta diezazkiguten. Adibidez, emakumeen hiritartasuna lortzeko. Paktuak egin beharra dago, zein gutxiengo mailan geratuko garen erabakitzeko. Oraindik horretan ari gara emakumeok, zein gutxiengo mailan geratuko garen paktatzen! Eta oso latza da, oso.

Zergatik da beharrezko enpoderamentua, zuk aldarrikatzen duzun emakumeen botere hartzea?


Giza talde bat mendean egon izanak ondorioak dakarzkio harixe. Menderatuak dira, eta mendetasun sisteman bizitzen ikasi behar du, ikasi behar dugu, eta horretarako, zenbait gaitasun garatu beharrean izaten gara, nola diren obedientzia, menpekotasuna, giza marjinaltasuna… Horiek denak barneratu egiten dira, mendekoari kalte larriak eraginez. Enpoderamentua, berriz, mendekotasun egoeran bizi direnek ere bestelako gaitasunak gara ditzaten sortu dugu, egoera aldatzeko helburuarekin. Alegia, kontua ez da libre izan arte zain egotea “Aizu, ni ere banaiz!” esateko, baizik eta egoera horretan ere “Aizu, ni ere banaiz!” esatea. Egoerari aurre egitea, duintasunez.

Nor bere gisa?


Ez nor bere gisa bakarrik. Saiatzen gara bestela ere. Guk denok arakatze-lan asko egin ditugu, indibidualak, taldekakoak, kolektiboak… Horretan ari gara etengabe, diskriminazioak gure baitan eragin dituen kalte larriez osatzeko asmotan. Genero diskriminazioak ikaragarrizko kaltea egin digu-eta, sexuan oinarritutako diskriminazioak, alegia. Bigarren mailako hiritarrak izan beharra! Nekatuta gaude bi halako lan egin behar izaten, hiru halako idazten, lau halako pentsatzen… aintzakotzat hartuak izateko moduko unibertsitateko irakasleak edo pentsalariak izateko!

Antropologoa zaitugu, hamaika pentsatu eta idatzitakoa, eta politikari ere jardun zenuen Mexikon, diputatu, 2003-2006 bitartean.


Eta oso gogorra izan zen diputatu izatea, nire kontzientzian, eta askoren kontzientzian, berdintasun asmoa izanda jardutea. Baina, benetan, ez gaude berdintasun egoeran eta, hortaz, emakumeak %22 ginela parlamentuan aritzea ez zen batere erraza. Ez ginen %30 izatera ere iristen, nazioarteko hitzarmenak ehuneko horixe aholkatzen duenean, gutxienez, emakumearen parte-hartzea politikan ziurtatze aldera. Mexikon ez genuen besterik, eta, oraindik, %50 eta %50 ditugula esanez ari gara, baina ez da egia. Gutxiengo ginen, eta gutxiengotik jardunda, nola azaldu gauzak inork entzun zaitzan? Nola jardun inor konbentzi dezazun? Hain zuzen gehiengoan diren haien boterea murriztu behar dela esanez ari zara-eta! Botere handi horretaz neurrigabe baliatzen ari direla salatzen ari zara!

Nola moldatu zinen?


Asko saiatuta, eta abildade eta bitarteko asko garatuta, bestela ez dago modurik eta. Eta estudiatu eta ikasi eta beste emakume askorekin ideiak partekatuta. Eta gizonengandik ere ikasita, egiten dituzten gauzak zergatik egiten dituzten horrela ulertu nahian, eta egin nahi ez ditugunak haiengandik ez ikasten, eta denbora guztian horretan egoten, “hara hor beste bat!” bezala begiratzen zaituztela jakinaren gainean, “hara hor beste bat!”.

Gainkarga da hori, ordea. Estres gehigarria.


Emakumeak beti gara horretan, beti ari dira gu aztertzen: ala begiradarekin larrubizitzen gaituzte, ala begiradarekin larrubizitzen gaituzte. Ez dago besterik, beti da bat bera. Horrela da, eta kito.
Nortasun agiria
Maria Marcela Lagarde y de los Rios (Mexiko Hiria, 1948). Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko katedradun, antropologo, ikertzaile, militante, politikari… Latinoamerikako feminismoaren izenik inportanteenetakoa, hainbat eta hainbat lan idatziak ditu generoaz, feminismoaz, emakumeen demokraziaz eta botere hartzeaz. 2003an PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiaren zerrendetan aurkeztu zen –nahiz eta independente–, hautatu ere zuten, eta Kongresu Federaleko diputatu izan zen 2006 arte. Emakumeen fabore nabarmendu zen Lagarde legealdian. Feminizidio hitza asmatu zuen Ciudad Juarezeko egoera deskribatzeko, hura aztertzeko ikerketa zuzendu zuen, eta lortu ere zuen feminizidioa delitutzat hartua izatea 2007ko otsailaren 2tik hona. Ezaguna da beraren doktorego tesia: Los cautiverios de las mujeres: madresposas, monjas, putas, presas y locas (Emakumeen gatibutasunak: amaemazteak, mojak, putak, presoak eta eroak), gizarte patriarkalean emakumeek jasaten duten zapalkuntza era askotarikoa aztertzen duen liburua.
OFF THE RECORD - Aske izan nahi dut
zure ondoan,
espetxe hotza eta bakardadea,
bizi izan ditudan urte guztien
ondoren,
zugandik urrun egin nahi dut hegan,
nire hegoekin egin ere.
Bizitzaren muturrean lapurtutako urteak,
eta ni bazter batean.
Itsasoek gainezka egin dute nire malkoekin,
baina aski da.
Orain ni biziko naiz.
Ez dut atzera egingo.
Berriz hasi nahi dut,
aske izan nahi dut.
Olatu batek bezala jo zenuen nire bihotza,
baina egonarri handiko pertsona nauzu,
eta nire egin nituen zure ametsak.
Nire artean, dena aldatuko zela
esaten nuen.
Orain ispiluari begiratzen diot,
nahigabeturik,
denboraren seinaleak neurtzeko.
Nire bizitzaren zatiren bat
aurkitu behar dut nonbait.
Orain ni biziko naiz.
Ez dut atzera egingo.
Berriz hasi nahi dut,
aske izan nahi dut.


Haris Alexiou / Iñaki Friera,
Zureak egin du (Susa, 2009)

Azkenak
Inteligentzia Artifiziala
264 milioi euroren truke, Musken Grok adimen artifiziala Telegrameko erabiltzaileetan instalatuko da

Urtebetean Grok-ek Telegramen ibiltzeko aukera izango du, mezularitza enpresaren 1.000 milioi erabiltzailetan sartuko da eta horren truke 264 milioi dolar jasoko du. Pável Dúrov Telegrameko sortzaile eta jabeak baietsi du operazioa bere kanal ofizialean.


Tortura zantzuak izan arren, Raul Fuentesen kasua ez duela ikertu gogorarazi diote NBEtik Espainiari

1991n atxilotua izan zenean Espainiako Poliziak Bilboko Komisarian torturatu egin zuela salatu zuen Raul Fuentesek. Espainiako auzitegiek ez zuten salaketa aintzat hartu, besteak beste delitua preskribituta zegoelako. Orain, Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak... [+]


2025-05-30 | Sustatu
Euskaraldiak Artazu herritik dakarkigun harribitxia

Sarean jarri dute "Belarribizi eta Ahoprest" laburmetraia, joan den igandean itxi zen 2025eko Euskaraldiaren aitzakiarekin Oskar Alegria zinegileak Artazu herrian udaberri honetan filmatu duen lana. Belarriprest eta ahobizi kontzeptuen gaineko... [+]


Jaurlaritzari “kezka” sortu dio EHUko Medikuntza Fakultateko euskarazko plaza berrien kopurua %60 murrizteak

EHUk, aldiz, azaldu du ezinezkoa dela hitz emandako 40 plaza berriak eskaintzea, ez baitute horretarako baliabiderik. Plaza berrien kopurua pixkanaka areagotzeko asmoa erakutsi du EHUk.


Donostiako Guardetxearen aldeko osoko bilkurako protestan gazte bat atxilotu du Udaltzaingoak

Tentsio uneak bizi ahal izan dira ostegun eguerdian Donostiako Udaletxeko udal batzar aretoan.


AEBek proposatutako su-eten akordioa “aztertzen” ari da Hamas

Proposamenak “hilketek eta goseteak” bere horretan jarraitzea bermatuko duela salatu du Hamasek, baina gehitu du zer erantzun aztertzen ari dela. Israelek proposamena onartu duela jakinarazi dute AEBek.


2025-05-30 | ARGIA
Gizon batek 13 urteko alaba hil du eta bere buruaz beste egin du ondoren, Bilbon

Bilbon, Larraskitu auzoan, familiaren etxean gertatu da. Eztabaida bortitz baten ondoren emakumeak etxetik ihes egin du eta Udaltzaingoari deitu dio. Udaltzainek alabaren eta aitaren gorpuak aurkitu dituzte etxean. Emakumea ospitalera eraman dute zaurien ondorioz.


Herrietako farmaziak despopulatzearen kontrako tresna izan daitezkeela uste du COFNAk

Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak (COFNA) eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Sailak programa bat abiatu dute landa eremuko jendeak behar bezala hartzeko medikazioa.


Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


2025-05-30 | ARGIA
Kerik gabeko eremu gehiago ezarri nahi ditu Espainiako Gobernuak: markesinak, campusak, terrazak...

Espainiako Osasun Ministerioa kerik gabeko eremu berriak ezarriko lituzkeen lege aurreproiektua eratzen ari da eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan izango luke eragina. Eremu berri horien artean, tabernetako terrazak, unibertsitateetako campusak edo autobus-markesinak ageri... [+]


Bizkaiko Aldundiak Jaurlaritzaren ardurapean utzi du Bilboko itsasadarraren azpiko metroaren lotura egiteko aukera

Bilboko itsasadarraren ertz biak lotzeko ibilgailuentzako tunelaren proiektuagaz batera, Areeta eta Sestao lotuko zituen anezka-tren bat ere iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an. Orain, proiektua gauzatzeko ardura Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sareari... [+]


Atxondon hildako langilea “diru-gosearen” biktima izan dela salatu du AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Segregazioa hezkuntza
Ikastolen Elkartea: “Matrikulazioren kudeaketak ez du segregazioa bukatzeko balio”

Euskal hezkuntza sisteman haur zaurgarriak ondo integratzeko dekretua egin zuen Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Sailak 2023ko maiatzean eta gaur haren balorazio oso kritikoa egiten du Ikastolen elkarteak: hark ez du balio izan segregazioa amaitzeko. Hainbat proposamen ere egin... [+]


CAF Palestinan eraikitzen ari den trenbidearen bigarren fasea hasi izana salatu dute

Okupatutako Jerusalemgo Ekintza Nazional eta Zibileko batzordeak jakinarazi du trenaren bigarren fasearen hasiera, eta gaitzetsi egin du kokalekuen arteko komunikazioa indartzea duelako helburu. Zisjordanian 22 kokaleku berri ezarriko dituela adierazi du Israelek.  


Eguneraketa berriak daude