«Gaurko erritmoekin euskararen normalizazioa izugarri berandutuko da»

  • Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hamar urte bete berri ditu joan den abenduan. Ordutik Kontseiluaren idazkari nagusia da Xabier Mendiguren (1945) ezkio-itsasoarra (Gipuzkoa). Urte lanpetua eta berezia izango du Mendigurenek 2008a, datozen hamar urteotarako Kontseiluaren helburuak finkatu beharko dituztelako.
Xabier Mendiguren Bereziartu
Xabier Mendiguren Bereziartu Kontseiluko idazkari nagusiaJunkal Amores

Lelo berria aukeratu duzue, “Bai euskarari”ren ordez “Euskaraz bai”. Azaldu iezaguzu batetik besterako aldaketak zer esan nahi duen eta zergatik den, zuek esan bezala, “ziklo berri baten hasiera”.


“Bai euskarari” leloak asko eman digu, hamar urte hauetan etengabe erabili dugu maila guztietan. Hasierako kanpaina “Bai euskarari” izan zen, ondoren hainbat gauza egin ziren lelo horrekin. Egia esan gure aurretik sortutako leloa da, gu hasi baino hogei urte lehenago sortutakoa. Garbi daukagu oraindik ere erabiliko dugula. “Bai euskarari”k adierazten du euskararekiko atxikimendua, aldekotasuna... Hori behar-beharrezkoa du euskarak, gutxi gara eta gure gizarteak babestea, bultzatzea, beharrezkoa du.

Hala eta guztiz ere, hamar urte pasa eta egin dugun lanaren ondoren, gero eta garbiago ikusten dugu euskarak aurrera egingo badu zerbait gehiago behar duela, atxikimenduaz eta aldekotasunaz gainera, batez ere euskarak behar duena da ikasia eta erabilia izatea. Bi helburu horiek ezinbestekoak ditu. Bata beharrezkoa da baina bestea ezinbestekoa da. Bi lelo horiek oraindik denbora batean teilakatuta erabiliko ditugu.

Lelo berria aurkeztutakoan aipatu zenuten gaur arteko erritmoekin ez dela helbururik lortuko.


Hori Reclus izeneko eredu baten ondorioetatik atera dugu, ez da Kontseiluak asmatu duen zerbait. Reclus eredua orain dela hamar urte-edo egindakoa da. Horren arabera kalkulatzen da, momentu horretan zeuden parametroak 50 urtera proiektatuz gero zein aldaketa gertatuko liratekeen Euskal Herrian. Hor ateratzen ziren ondorioak nabarmen oso kezkagarriak ziren. Ikusten zen EAEn erdiak euskaldunak izatera ez zirela iritsiko edo inguru horretan ibiliko zela, Nafarroan doi-doi eutsiko zitzaiola, eta Iparraldean behera egingo zuela. Beraz, kontua da gaur gaurkoz egiten duguna kontuan hartu eta 50 urtera proiektatzea. Euskararen egoerari ez diogu buelta ematen, egiten duguna da iraun eta zenbait tokitan galdu.

Gaurko erritmoekin euskararen normalizazioa izugarri berandutuko litzateke eta zalantza handiak ditugu hainbeste urte pasa eta gero normalizazio hori lortuko litzatekeenik. Gerta baitaiteke epe batzuetan ez badira helburu batzuek lortzen atzerako pausoak ere ematea.

Gauza batzuetan aurrera egin da, kontzientzia mailan hobeto gaude, hizkuntza eskubideen kontzientzia handiagoa da, alor batzuetan pausoak eman ditugu baina oraindik, argi eta garbi esan behar da, defizit nabariak dauzkagu.

Unescok lau urtez behin egiten duen atlas linguistikoan esaten duena ere hor dago, azken batean euskara arriskuko hizkuntza dela eta Iparraldeko euskarari dagokionez, arrisku handikoa. Gauza horiek esan dituztenek esandakoak dira, ez dira Kontseiluak asmatutakoak. Guk esan ditugun gauzarik kezkagarrienak horiek dira, eta ez gehiago. Guk ez dugu mezu apokaliptikorik transmititzen.

Duela hamar urte sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua. Zein izan zen orduko helburua? Zein funtzio beteko zituen Kontseiluak?


Orain dela hamar-hamabi urte esan dezakegu sortu zela Kontseilua. Euskararen Unibertsoa izeneko mugimendua izan zen bi urtez lan egin zuena, eta gogoeta luze eta sakonaren ondorioz Donostian jardunaldiak antolatu ziren. Han erabaki zen zerbait iraunkorra sortzea eta iraunkorki lan egingo zuen erakunde hori da Kontseilua. Une hartan 50 elkarte bildu ziren guztien helburuak batuta, hau da, euskararen normalizazioan eragitea. Ikusten zen Euskararen Legea sortu eta pasatzen ari ziren urteak pasatzen ari baziren ere, euskarak ez zeramala espero zen abiadura. Espektatibak ez ziren betetzen ari, euskalgintzaren gehiengo horrentzat behintzat.

Hor bildu ziren elkarteek, iritzi desberdinetako elkarteek, nahikoa lan izaten zuten beren helburuak betetzen, horregatik Kontseiluaren baitan delegatu zuten normalizazioaren aldeko lan orokor indartsu hori egitea.

Helburu berari eusten al dio Kontseiluak orain?


Esan dezakegu helburu hark bizirik irauten duela. Bitartean zer lortu den? Gauza batzuetan aurrerapausoak eman dira, esate baterako, Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zen nolabait lanaren munduan euskara eragiteko. Une honetan 1.500 ziurtagiri daude Euskal Herrian banatuta. Horren parean jarriko nuke Hizkuntza Eskubideen Behatokia. Behatokiak hizkuntza eskubideak bermatzea bilatu nahi du eta horretan ari da azken zazpi urte hauetan. Nik uste dut bi tresna horiek direla euskararen kontzientzia pizten eta bultzatzen lan egiten duten elementu nagusiak. Hizkuntza eskubideen aldeko borroka luzea da, bistan dago. Emaitzak ez dira berehala ikusten.

Bi tresna horietaz gain urtero hainbat azterketa egiten dituzue, hala nola, museoetakoa, ardoen etiketatzea, udaletakoa... Zein da ekintza horien helburua?


Azterketa berezituen asmoa da euskararen erabileran dauden defizitak agerian jartzea eta pixkanaka bide egokiagoak erabil ditzaten proposamenak egitea. Agerian uzten dugu zeintzuk jokatzen duten egoki, hutsuneak dituztenak parean jartzen ditugu eta nolabait lortu nahi duguna da hutsuneak dituzten horiengan eragitea esanez, “beno bide egokia gure ustez hau da”. Esate baterako, ardoaren kasuan, Irulegiko ardoaren eredua jarri dugu. Ardandegi horrek aurkezten du bere produktua modu egokienean euskaldunen ikuspegitik, hau da, hizkuntza eskubidea aintzakotzat hartuta. Beste ardandegiak gonbidatzen ditugu hori egitera. Azken finean, eragin mediatikoa duten ekintzak dira honelakoak. Zenbait kasutan lortu dira emaitzak. Bezeroak izan dezakeen satisfazioa kontuan hartu behar du edozein ekoizlek eta saiatzen gara erakusten agian badaukatela hobetu beharreko alderdi bat.

Azterketa berezituak egiten segiko al duzue?


Eguneroko bizitzan eragina duten horrelako gauzekin segituko dugu. Euskararen erabilera ez baita soilik hitz egitea, paisaia osoa inguratzea ere bai; botiletan euskara egotea, eskuko telefonoetan euskara erabili eta ikusi ahal izatea, museoetan ere bai... Kontua aukerak sortzea da, goizetik gauera toki guztietan.

66 udalerritako hizkuntza politikak neurtu dituzue berriki.


Lan horri heltzea erabaki dugu, izan ere, udaleko erabaki askok eta askok eragin zuzena dute herritarren eguneroko hizkuntz erabileran. 66 udalerri horiek bi milioi eta gehiago bizilagunen bizitza kudeatzen dute. Neurtutako hizkuntza politiken ondorioak nahiko kezkagarriak izan dira. Politika ideala ia inon ez da egiten eta onena egiten den tokietan, hurbiltzen dira politika ideal xamarrera, baina badago zer hobetu. Gainerako guztietan hortik behera, eta leku batzuetan oso egoera eskasa. Guk nahiko genukeena da lau urtez behin neurketak errepikatzea eta ikustea zein aldaketa egon den. 66 udalerri horiekin jarraituko dugu eta bitartekoak baldin baditugu neurketa beste herri batzuetara hedatuko dugu.

Hemendik hamar urtera nola ikusten duzu Kontseilua?


Zer egin nahi dugun badakigu, kontua da zer gerta daitekeen bitarte horretan.

“Euskaraz bai” horrekin euskararen erabilera indartzea nahi dugu, eta erabiltzeko ikasi egin behar da. Hezkuntza Sailarekin lankidetzan ari gara hori posible izan dadin. Ezinbestekoa da lankidetza hori.

Etorkinen alorrean ere lankidetzan ari gara Hezkuntza Sailarekin. Ez ditugu etorkin kopuru izugarriak, baina gero eta handiagoak dira eta agian, Kataluniako egoerara iritsi aurretik, gauzak hobeto bidera ditzakegu haien esperientziarekin.
Bestalde, saiatuko gara ildo iraunkorra mantentzen munduko hizkuntza gutxituekin.

Euskararen aldeko ahaleginean indar guztiak bildu eta baliatu behar direla esaten da. Ez dakit hala den abian jarritako hainbat zerbitzu ikusita, hala nola, Behatokia / Elebide, Ziurtagiria / Bikain ziurtagiria...


Kasu bakoitza aztertu beharko genuke. Orain dela urte mordoska hasi ginen lanean bai Ziurtagiriarekin eta baita Behatokiarekin ere. Orduan ez zegoen horrelakorik eta premia hori ikusi genuen. Bikoizketa gauza bera baldin bada ez da ona, indarrak nolabait sakabanatu egiten dira. Ziurtagiri berria sortzeko zurrumurrua atera zenean garbi esan genuen gure ustez bakarra behar zela. Esan bakarrik ez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari gure proposamena egin genion eta Baztarrikak [Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak] erantzun zigun bi gauza desberdin zirela haiek egitera zihoazena eta gu egiten ari ginena, ez zuela ikusten uztarketa egin zitekeenik. Konstatatu arte gauza bera dela hori sinestu behar dugu, nahiz eta zalantza handiak ditugun gauza desberdinak izateaz. Guk nahiko genuke bakarra egotea.

Hizkuntza eskubideen kontuarekin antzeko zerbait gertatu da. Ez daukagu interes berezirik geu bakarrik aritzeko alor honetan, baina aurretik lanean ari ginen. Proposamena egin zitzaien elkarrekin aritzeko, baina ikusten da ez dutela interesik. Esperientzia horiek ez dira onak izan, badakigu zer gertatu zen Egunkariarekin, HABErekin... Iruditzen zaigu ez gaudela gu horrela ibiltzeko egoeran. Adostasuna lortu behar da, indarrak gauza bererako bikoizten ibili gabe. Bistan dago, elkarlanari buruzko iritzia dago jokoan, bakoitzak zer ulertzen duen elkarlanaz. Elkarlana pentsatzen baldin bada soilik dela batzuek diseinatzen duten politika besterik gabe onartu eta praktikara eramatea, hori guretzat ez da elkarlana. Parte interesatua izanik, guk ere badugu zeresana nahiz eta diseinatzea agintariei dagokien. Elkarlana diru batzuk banatzea baino zerbait gehiago da. Egon behar du gune bat non batzuen eta besteen eginbeharrek topo egin dezaketen, izaera errespetatuz eta elkarrekin indarrak metatuz. Horretarako jarrera irekia behar da. Ziur pentsatzen dugu lankidetza erreala posible dela. Une honetan ez gara iritsi horretara, borondatea badaukagu eta lan egin beharko dugu.

Euskararen Nafar Institutua sortu da eta Xabier Azanza izendatu dute zuzendari. Nondik hasi beharko luke Azanzak?


Atzo [urtarrilak 11] idatzi nion lehenengo zorion e-maila. Zuzendari izango zela erabaki baino lehenago, berarekin konpromisoa neukan hartua 2008an Nafarroako ikastolei buruz hitz egiteko. Horra non, ustekabea, zuzendari izatea gertatu zaion. Pentsatzen dut Nafarroako Ikastolen lehendakaria izan denak, gutxienez, Nafarroaren eta oro har euskararen egoeraren berri ondo xamar dakien pertsona dela, eta beraz, ezagutza aitortzen diot. Baita ere, euskaltzaletzat daukat. Aldeko gauzak ditu horiek. Beste kontu bat da gaur gaurkoz Nafarroan dagoen legearekin eta Nafarroako hizkuntza politikak esleituak dituen bitartekoekin ezin litekeela nahiko genukeen hizkuntza politika egin. Hori behin eta berriz esan dugu. Beraz, ikusten dugu, printzipioz, borondate onekoa eta ezagutza daukan pertsona, baina ingurune oso mugatuan. Nahiko genuke patxadaz berarekin hitz egin, eta iruditzen zaigu hartu-eman erosoa izan dezakegula, Nafarroako Gobernuarekin orain arte izan ez duguna. Gutxienez bada egoera aldaketa eta uste dut iraganean gertatu diren zenbait gauza ez direla errepikatuko. Geroak esango du noraino iritsiko garen.

ASTEKARIA
2008ko urtarrilaren 27a
Azoka
Azkenak
EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


Eguneraketa berriak daude