Uribetxebarria, baldintzapean aske

  • Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak ez du aintzat hartu fiskaltzaren helegitea. Baldintzapean aske geratuko da Uribetxebarria (3. graduan). Epaia irmoa da, behin-betikoa. Erabakia atzo jakinarazi zieten Donostiako Ospitaleko arduradunei, eta Uribetxebarria edozein momentutan aska dezakete. Lau magistratuk eman zuten preso arrasatearra libre uztearen aldeko botoa, eta bakarrak kontrakoa. Albistea jakin ondoren Uribetxebarriaren bideo hau publiko egin zuen kasu honen jarraipen berezia egin duen Ateak Ireki kolektiboak.


2012ko irailaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

[Asteazkena]

Auzitegi Nazionaleko forentsearen txostenaren arabera, Uribetxebarria ez dago hilzorian, eta fiskalak aske ez uzteko erabakiari eusten dio, El Mundo egunkariak aurreratu duenez. Txostenak dioenez, Donostiako medikuek ere onartu dute presoaren egoerak hobera egin duela. Txostena irakurri ostean, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak Uribetxebarria aske utzi ala ez erabakiko du. Arratsaldeko 17:00etan bilduko dira magistratuak.

Gaur erabakiko du Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak Uribetxebarria aske utzi ala ez. Arratsaldeko 17:00etan bilduko dira magistratuak, baina lehenik auzitegiko mediku-forentsearen txosten berria eduki nahi dute esku artean. Uribetxebarriaren egoerak okerrera egin du aste eta erdian, Herrira mugimenduak jakinarazi duenez 47 kilo baino ez ditu pisatzen eta ezin du ohetik mugitu.

Fiskaltza Auzitegi Nazionaleko Carmen Baena mediku-forentsearen esanetan oinarritu da José Luis de Castro epailearen ebazpenari –presoa aske uztea erabaki zuen, Donostiako ospitalean bisita egin eta gero– errekurtsoa (pdf) jartzeko. Aitzitik, mediku-forentseak ez zuen Uribetxeberria bertatik bertara aztertu, epaileak agindu zion moduan, eta urrutitik egindako txostenean ondorioztatu zuen Arrasateko presoaren gaixotasuna espetxean artatu zitekeela. Mediku-forentsearen txosten eguneratuak Uribetxebarriaren egoeraren larritasuna onartuz gero, giltzarri izan liteke fiskaltzak iritziz aldatu eta magistratuek gaur haren askatasuna onartzeko. Goizean zehar igorriko dio Baenak txostena Zigor Aretoari.

Fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionaleko De Castro epailearen artean ika-mika sortu da auzia dela-eta. El País egunkariaren arabera, fiskaltzak epaileari egotzi dio Donostiako ospitaleko azterketa onkologiko bat ezkutatzea; Uribetxeberriaren metastasiaren berri ematen da bertan. Ospitaleak Osakidetzaren eskuetan utzi zuen azterketa, Auzitegi Nazionalari helarazteko, baina ez zen Madrilera iritsi. Auzitegi Nazionaleko barne tentsioak berriz ere agerian utzi ditu kasuak. Bien bitartean, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak Josu Uribetxebarriari hirugarren gradua eman zionetik ia lau aste igaro dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaixo larriak
2021-12-20 | ARGIA
Antton Troitiñoren heriotza “azkena” izan dadila eskatu dute Sarek eta Etxeratek

Euskal preso politikoa ostiralean hil zen minbizi baten ondorioz, 30 urteko espetxealdiaren ostean kaleratu eta 10 hilabetera. Troitiñoren kasua euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen politikaren adierazle dela salatu dute bi elkarteek. Mobilizazioak antolatu dituzte... [+]


2021-02-05 | ARGIA
Kalean da Antton Troitiño, baldintzapean aske

Eritasun "larri eta sendaezin" bat duela, baldintzapean atera da kalera otsailaren 5 goiz honetan. Orotara, 30 urtez gora pasa behar izan ditu kartzelan.


Julen Atxurra presoak buruko isuria izan du eta kartzelako erizaindegira eraman dute

61 urteko preso lekeitiarrak maiatzaren 13an buruko isuria izan zuela argitaratu du Etxeratek. Orain Puerto-I kartzelako (Cadiz, Andaluzia) erizaindegian dagoela eta asteburuan familiaren bisita izan duela gehitu du.


Espetxe politikaren legea betearazteko eskatu dute 38 eurodiputatuk

Dispertsio politika bukatzeko eta larriki gaixorik dauden presoak askatzeko eskatu diete Espainiako Estatuko eta Europako Parlamentuko presidenteei.


"Itxaropena" lagun, Bilboko eta Baionako manifestazioetara joateko deia luzatu die Sarek herritarrei

Sareko kideek presoen egoera aldatuko den "itxaropena" erakutsi dute: "Hala behar luke, behinik behin. Orain da unea; izan ere, orain ez bada, noiz?"


Eguneraketa berriak daude