Ibon Fernandez Iradi presoaren zigorra etetearen alde agertu da Parisko Zigor Aplikazioen auzitegia

  • Ibon Fernandez Iradi euskal presoak egindako zigor etete eskaera onartu du Parisko Zigor Aplikazioen Auzitegiak, baina Fiskaltzak jarritako helegitea medio, haren askatasunari buruzko azken erabakia bi hilabete barrura arte atzeratu da. Esklerosi anizkoitza du Lasarte-Oriako presoak eta gaitz hori preso egotearekin ez dela bateragarria uste du epaileak.


2019ko azaroaren 13an - 08:56
Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzearen aldeko elkarretaratzea Lasarte-Orian (argazkia: Txintxarri).

Atzerapen bat bestearen atzetik: printzipioz, jujeek urriaren 30ean erabaki behar zuten Fernandez Iradi aske utzi ala ez, baina astearte honetara arte atzeratu zuten erabakia. Orain jakin denez, epaileak bat egin du presoaren defentsak aurkeztutako argudioekin eta daukan gaixotasuna presondegiarekin bateraezina dela onartu du. Gainera, gaur egungo egoeran preso lasartearra kalera ateratzeak ez lukeela arriskurik eragingo baieztatu du.

Alta, erabakia jakin bezain laster helegitea jarri du prokuradoreak eta Dei Auzitegiaren esku geratu da azken erabakia. Bi hilabeteko epea dauka auziaren inguruko ebazpena kaleratzeko. Naiz.eus-ek jaso duenez, Maritxu Paulus-Basurko abokatua kezkatuta agertu da azken hitza instantzia horren esku geratu delako, izan ere, haren ustez, “beti uko egiten baitio” euskal presoen kaleratze eskaerei.

Mediku-txostenen gerra

Hamasei urte daramatza preso Fernandez Iradik, azkeneko zazpiak esklerosi anizkoitzarekin –2012an diagnostikatu zioten–. Gaixotasun larri hori espetxean egotearekin bateraezina delako eskatu zuen askatasuna, izan ere, Parisko Auzitegiak bi sendagileri txostena egiteko eskatu zien Fernandez Iradiren osasun egoeraren inguruan: ezetz esan zuten. Epaileak horrekin gutxi ez, eta beste txosten bat ere eskatu zuen erabakia berretsi baino lehen.

Beste bi txostenek, aldiz, Fiskaltzaren argudioekin bat egin zuten eta 2015. urtean epaileak ondorioztatu zuen kartzelan bertan bazirela baliabideak gaixotasunari aurre egiteko. Epaileak, argudio horretan oinarrituta, kartzelan atxikiko zuela erabaki zuen.

Fernandezen abokatuek helegitea jarri zuten epai horren ondoren, auzia Kasazio Gortera iritsi zen eta epaileak erabakitakoa baliorik gabe geratu zen. Atzera abiatu zen auzibidea 2016. urtean: urte hartako azaroan Zigor Aplikazioen Auzitegiak atzera bota zuen zigor etee eskaera, berriz ere helegitea jarri zuten presoaren abokatuek eta prozesu luze horren ondorioa izan da astearteko erabakia.

Fernandez Iradi bezala gaixotasun larriak dituzten 21 euskal preso daude Espainiako eta Frantziako Estatuetako kartzeletan barreiatuta. Urriaren 29an, egoera horretan preso atxiki zuten Jose Angel Otxoa Eribe euskal presoa hil egin zen; aurtengo urtarrilean berriz, Oier Gomez eta Juan Mari Mariezkurrena ere zendu ziren, hirurak ere gaixotasuna tratatzeko kalera irten eta oso denbora gutxiren buruan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaixo larriak
2021-12-20 | ARGIA
Antton Troitiñoren heriotza “azkena” izan dadila eskatu dute Sarek eta Etxeratek

Euskal preso politikoa ostiralean hil zen minbizi baten ondorioz, 30 urteko espetxealdiaren ostean kaleratu eta 10 hilabetera. Troitiñoren kasua euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen politikaren adierazle dela salatu dute bi elkarteek. Mobilizazioak antolatu dituzte... [+]


2021-02-05 | ARGIA
Kalean da Antton Troitiño, baldintzapean aske

Eritasun "larri eta sendaezin" bat duela, baldintzapean atera da kalera otsailaren 5 goiz honetan. Orotara, 30 urtez gora pasa behar izan ditu kartzelan.


Julen Atxurra presoak buruko isuria izan du eta kartzelako erizaindegira eraman dute

61 urteko preso lekeitiarrak maiatzaren 13an buruko isuria izan zuela argitaratu du Etxeratek. Orain Puerto-I kartzelako (Cadiz, Andaluzia) erizaindegian dagoela eta asteburuan familiaren bisita izan duela gehitu du.


Espetxe politikaren legea betearazteko eskatu dute 38 eurodiputatuk

Dispertsio politika bukatzeko eta larriki gaixorik dauden presoak askatzeko eskatu diete Espainiako Estatuko eta Europako Parlamentuko presidenteei.


"Itxaropena" lagun, Bilboko eta Baionako manifestazioetara joateko deia luzatu die Sarek herritarrei

Sareko kideek presoen egoera aldatuko den "itxaropena" erakutsi dute: "Hala behar luke, behinik behin. Orain da unea; izan ere, orain ez bada, noiz?"


Eguneraketa berriak daude