Antton Troitiñoren heriotza “azkena” izan dadila eskatu dute Sarek eta Etxeratek

  • Euskal preso politikoa ostiralean hil zen minbizi baten ondorioz, 30 urteko espetxealdiaren ostean kaleratu eta 10 hilabetera. Troitiñoren kasua euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen politikaren adierazle dela salatu dute bi elkarteek. Mobilizazioak antolatu dituzte preso gaixo larrien kaleratzea eskatzeko.


2021eko abenduaren 20an - 15:47
Azken eguneraketa: 16:54

Troitiñoren senide eta lagunei “besarkada handi bat” bidali diete lehenik eta behin Sare eta Etxerat elkarteetako arduradunek, astelehen goizean egindako agerraldian. Gogoratu dute hamar hilabete soilik igaro direla 2021eko otsailean Madrilgo Estremera espetxetik irten zenetik, muturreko egoeran: “Kimioterapia-tratamendua modu aringarrian jasotzeari uzteko erabakia hartu zuen, ezinezkoa baizitzaion tratamendu hori egiten jarraitzea, bai maila emozionalean, bai fisikoan, espetxeak horretarako dakartzan baldintza kaskarrak direla eta”. Behin Espainiako Auzitegi Nazionalak kaleratzea onartuta ere, “administrazioak epeak agortu zituen” espetxean ahalik eta luzeen mantentzeko.

Hogei euskal preso gaixo larri

Asier Aginako Etxenagusia, Oier Gómez, José Ángel Ochoa de Eribe... Azken urteetan larriki gaixo zeuden hainbat euskal preso politiko hil dira kaleratu eta denbora gutxira, eta gogoan hartu dituzte Etxeratek eta Sarek. “Ez gara nekatuko gaixo dagoen norbait behar bezala tratatu eta gaixotasuna sendatzeko azken lekua espetxea dela behin eta berriz errepikatzeaz”. Salatu dute egun 20 direla larriki gaixo dauden euskal preso politikoak, eta espetxean jarraitzea “ankerra” eta “onartezina” dela salatu dute.

Mobilizazioak

“Anttonen oroimenez eta euskal presoen eskubideak errespetatze aldera” mobilizazioak deitu dituzte Etxeratek eta Sarek. Igandean kontzentrazioa egin zuten Donostiako Intxaurrondo auzoan, eta astelehen arratsaldeko 19:00etan manifestazioa irtengo da Donostiako Bulebarretik, “Antton azkena izan dadila. Larriki dauden presoak etxera!” lelopean.

Igande arratsaldean kontzentrazioa egin zuten Donostiako Intxaurrondo auzoan. Argazkia: Etxerat

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaixo larriak
2021-02-05 | ARGIA
Kalean da Antton Troitiño, baldintzapean aske

Eritasun "larri eta sendaezin" bat duela, baldintzapean atera da kalera otsailaren 5 goiz honetan. Orotara, 30 urtez gora pasa behar izan ditu kartzelan.


Julen Atxurra presoak buruko isuria izan du eta kartzelako erizaindegira eraman dute

61 urteko preso lekeitiarrak maiatzaren 13an buruko isuria izan zuela argitaratu du Etxeratek. Orain Puerto-I kartzelako (Cadiz, Andaluzia) erizaindegian dagoela eta asteburuan familiaren bisita izan duela gehitu du.


Espetxe politikaren legea betearazteko eskatu dute 38 eurodiputatuk

Dispertsio politika bukatzeko eta larriki gaixorik dauden presoak askatzeko eskatu diete Espainiako Estatuko eta Europako Parlamentuko presidenteei.


"Itxaropena" lagun, Bilboko eta Baionako manifestazioetara joateko deia luzatu die Sarek herritarrei

Sareko kideek presoen egoera aldatuko den "itxaropena" erakutsi dute: "Hala behar luke, behinik behin. Orain da unea; izan ere, orain ez bada, noiz?"


19 preso larriki gaixorik daudela salatu du Etxeratek

2019ko zerrendatik bi izen atera dira: Aitzol Gogorza, espetxeratze arinduan, eta Jose Angel Otxoa de Eribe, berriki zendua. Duela hamar urte baino hamahiru preso larri eta sendaezin gehiago daudela ohartarazi du Etxerat elkarteak.


Eguneraketa berriak daude