Paulo Coelho: “Zoriontasunera iristeko norberak bere bidea du, baina nahitaezkoak dira poztasuna eta konpromisoa”

  • Paulo Coelhok lehen aldiz bisitatu du Euskal Herria aste honetan, EHUko Uda Ikastaroen baitan hitzaldi bat emateko. ARGIAk ez dio idazle brasildar honi entzuteko aukerari muzin egin nahi izan eta bertan egon da, "La vida (no) es cuento" ("Bizitza (ez) da ipuina") lemapean egin duen gogoeta bertatik bertara jasotzeko. 

     

    Arrakasta handiko idazleak –une oro umoretsu, lasai, umil eta entzuleengandik hurbil– planteatzen zitzaizkion gaiak eta galderak jorratu ditu, hori bai, argi utziz bere erantzunak ez direla egia absolutuak, bere esperientzian oinarrituriko egiak baizik. Hona bi egun hauetan esan duenaren laburpena.


2008ko abuztuaren 23an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Paulho Coelho Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroetan liburuak sinatzen

 

Ametsak

Bizitza ipuin bat da, edo ez?

Ez dakit bizitza ipuina den, edo ez, hori ipuinari esleitzen diogun esanahiaren araberakoa da. Zer da ipuin bat? Hasteko ipuin bat izateko, idazle bat behar dugu, istorioa idatziko duen norbait. Ni kristaua izanik Jainkoaren amets bat garela sinesten dut (...) Erlijioa askotan inposatzen da eta, honela, fedea galtzea oso erraza da. Jainkoa sakrifizioa, edo denari muzin egitea dela esaten da, baina nire ustez hori ez da horrela. Jainkoa maitasuna da eta fedea izatea, zerbait izatekotan, borondatezko ekintza da (...) Independenteak eta menpekoak gara aldi berean; esaterako, ametsen gainean ez dugu kontrolik. Jende askori asko kostatzen zaio laguntza eskatzea, zerbait txarra dela uste duelako, baina laguntza eskatzea beste pertsonaren beharra duzula aitortzea da eta, hortaz, maitasun agerraldi bat da. Norberak uste duena baino askoz eskuzabalagoa da gizakia.

 

Idazle moduan ohartu nintzen pertsonaia bakoitzak bere bidea duela eta, honenbestez, idazleak ezin dituela pertsonaiak erabat kontrolatu, hauek askeak baitira (...) Sortze prozesu oro erraza da, garapen bati erantzuten diolako. Ildo honetatik, idaztea nekazaritzarekin alderatzen dut nik: ideia bat liburu bilakatzen den moduan, hazia landare bihurtzen da, ondoren fruituak emateko.

 

Zein dira zure ametsak?

Idazle naizen aldetik, jendearekin kontaktua izatea da niretzat gauzarik garrantzitsuena. Hori egitea funtsezkoa iruditzen zait, beste arrazoien artean, inspirazioaren iturri delako. Gainera, jakitea zure lana irakurleekin elkar banatzen duzula eta zure hitzak zu baino lehenago iristen direla munduko leku desberdinetara oso pozgarria da (...) Idazle baten ametsa liburuak idaztea da eta, hortaz, nirea ere bai. Idazteak plazera ematen dit. Nolanahi ere, pertsona moduan nire ametsak ere baditut; esaterako, monasterio batean hiru hilabete igaro nahiko nituzke, mundutik guztiz isolatua. Ametsak gauza txikiak eta, modu berean, eskuragarriak dira, ez lor ezin daitezkeen gauza handiak, gizateria salbatzea, kasu (...) Norbera askea da nahi duena egiteko, baina honek beldurra eragiten du gizakiarengan. Alabaina, norberak bere ametsa betetzen duenean, satisfazio handia lortzen du. Azken finean, zerbait lortzeko borrokatu behar da eta honek askotan eroriko zarela inplikatzen du. Altxatzen ikasten da, ordea. Gainera, nahiz eta bidea gorabeheratsua eta gehienetan malkartsua izan, borrokan jarraitzeko arrazoia duzu dagoeneko. Beraz, jada garrantzitsuena baduzu.

 

Nire bizitzako une askotan honakoa galdetu diot nire buruari: Merezi du honek guztiak? Garai batean ezetz pentsatzera iritsi nintzen eta pertsona normala izatea erabaki nuen; horrenbestez, zazpi urtetan zehar pertsona normalek egiten dituzten gauzak egin nituen: ezkondu, lan iraunkor bat bilatu, eta abar. Halaber, honela ez nintzen zoriontsu eta ohartu nintzen oso arriskutsua dela normala, edo besteen modukoa izatea. Azken finean, zer da normala izatea? Denen berdina izatea akaso? Bizitzan dena izan dezake pertsona batek, baina poztasuna eduki ezean, ez du bizitzeko ilusiorik izango eta, beraz, garrantzitsuena falta zaio (...) Gizartean indarrean dauden baloreei jarraitzen badiegu itsu-itsuan eta, ez gure barnean daukagun haurrari, bizitza erosoa izango dugu, baina, era berean, tristea.

 

 

Zoriontasuna

Zein dira zoriontasunera iristeko gakoak?

Zoriontasuna ez da lorpen bat baino askoz gehiago. Zer da zoriontasuna? Hau da egin behar dugun lehen galdera. Inork ezin dio galdera honi erantzun. Hori bai, nik esango nuke zoriontsu izateko nahitaezkoa dela konprometitzea eta gauzak pozik egitea. Pertsona bakoitzari gauza ezberdinek egiten diote zoriontsu, niri, adibidez, ibiltzeak. Beraz, zoriontasunera iristeko norberak bere bidea du, ez daude arau jakin batzuk finkatuak (...) Erabateko askatasuna –konpromiso eza moduan ulertuz-–jazarpena da. Denak gure bizitzan zerbaitekin edo norbaitekin konprometitu behar gara, ideiekin, baloreekin, pertsonekin, lanarekin, edo beste zerbaitekin, berdin zait. Kontuan izan, erabateko askatasuna ez dela ona (...) Pozik jartzen zaituen oro baikorra da. Egia da, diziplina ere oso garrantzitsua dela, baina bere izenean ez da poztasuna saihestu behar. Nire kasuan, esaterako, liburu bat idazten ari naizela ez badut disfrutatzen alboratzen dut, poztasuna asko baloratzen dudalako.

 

Galtzaile sentitzen direnei zer esango zenieke? 

Borrokatzen ez duena ez da inoiz galtzaile izango. Galerak baino lorpen gehiago izatean datza gakoa.

 

Zer egin bizitzeko gogoa izateko? 

Ezin da ezer egin. Bizitzeko indarra norberaren barnetik dator. Pertsona bat ez bada pozik bizi honakoa galdetu beharko lioke bere buruari: horrela jarraitu nahi dut, edo nahi dudan gisara bizitzeko hautua egingo dut? Arazoa da ez diogula geure buruari entzuten eta, hortaz, ez dugula gure burua maite. Izan ere, gehiago maiteko bagina, geure buruak zer nahi duen hura egingo genuke (...) Ezinezkoa da pertsona bati esatea nola bizi behar duen, norbera bere modura bizi behar delako. Hauxe da egungo gizartearen arazoa, jendea nola bizi behar den esatera ausartzen dela.

 

Itxaropenik gabe bizi al daiteke?

Itxaropenak ez du esan nahi beti itxaroten egon behar denik. Itxaropena ezinbestekoa da; norbera alda daitekeela sinetsita badago, bere albokoak eta gizartea bera alda daitezkeela sinetsiko du (...) Nik ere maiz beldurra izaten dut, baina ez dut uzten beldurrak itsutu edo geldiaraz nadin. Ausartak izatea oso garrantzitsua da. Gauzak lortzeko itxaropena eta ausardia izan behar dira. 

  

Baloreak

Zein balorerekin hezi behar dira gure haurrak? 

Ez da erraza galdera horri erantzutea. Halaber, badaude balore batzuk hezkuntzan oso garrantzitsuak iruditzen zaizkidanak. Lehenengoa eta garrantzitsuena maitasuna genuke. Maitasunak besteekin jartzen gaitu harremanetan, baina, kontuz, maitasunak infernura ere eraman gaitzakeelako. Bigarren balorea, pertseberantzia genuke. Benetan zerbait lortu nahi badugu, mugitu behar gara, ez da erraza, baina ez dago beste aukerarik. Era berean, niretzat garrantzia berezia duen beste balore bat da norberaren abiadura pertsonala errespetatzea. Honekin zer esan nahi dut? Bada norberak bere abiadura fisikoa duela eta hau onartu eta errespetatu behar dela. Azken balorea genuke, bizitzan erronka bat izatea, helmuga bat. Horretarako, ezinbestekoa da norberari bizitzan zehar agertzen dihoazkion seinaleei jarraitzea eta abiadura pertsonala errespetatzea. Modu horretara, helmugara iritsiko da eta, iristen ez bada, behintzat bideaz disfrutatu du. Azken finean, iristea baino garrantzitsuagoa da nora iritsi nahi den jakitea. 

 

Seinaleak

Noiz egin behar zaie seinaleei kasu?

Seinalea mezu indibiduala da. Ni seinaleei jarraituz bizi naiz, esaterako. Pertsonak akatsak eginez ikasten du, inoiz ez duelako erabateko ziurtasunik izango zerbaiten gainean. Bestalde, gai honen inguruan azpimarratu nahiko nuke logika eta intuizioa osagarriak direla. Izan ere, maiz ez dakigu zerbait erabat ziurra ote den, baina susmatzen dugu. Askotan beste munduko seinaleetan sinesten dugu eta, ez, mundu honetan, edo gure egunerokotasunean daudenetan. 

 

 

Zerk egiten du Santiago bidea hain berezia zuretzat?

Santiago bidea ez da Bidea, bide asko baitaude, baina niretzat nire Bidea izan zen, neure buruarekin harremanetan jarri bainitzen. Santiago bidea egin nuenean, nire ingurune arruntetik irten nintzen eta hau nahitaezkoa da egoera berriei aurre egiteko eta, ondorioz, gure alderdi berri batzuk ezagutzeko.

 

Nola maitatu Jainkoarengan sinistu gabe?

Bata ez doa bestearekin halabeharrez lotua. Maitasuna indar askea da, dena eraldatzeko gaitasuna duena. Espiritualtasunez ikusten dugu maitasuna, edo gure zati moduan? Azken hau da egokiena. Jainkoarengan ez da zertan sinestu behar maitatzeko.

 

Heriotza

Zer da zuretzat heriotza? 

Oso desberdina da heriotza onartzea edo heriotza esplikatzea. Argi dudana da heriotza misterioa dela eta, hortaz, umiltasunez errespetatu behar dela. Misterioak pertsonaren mugak gogorarazten dizkigu. Ikasi egin behar dugu heriotzarekin bizitzen. Nola baina? Heriotza etsai moduan ikusi beharrean aliatu edo lagun moduan ikusiz. Badakigu noizbait hilko garela eta, hortaz, ez du merezi horregatik sufritzeak. Ez dut uste hiltzen ikasi behar denik. Azken finean, heriotzak daukan gauzarik onena da ekintzara bultzatzen gaituela, gauzak egiteko biharko egunaren zain egon gabe. Zerbait egin nahi baduzu, egin ezazu, baina, hori bai, barneko egiarekin.

 

Nola gainditu maite den pertsonaren heriotza? 

Ezin da. Mina hor dago eta, hortaz, ez da saiatu behar min hori gainditzen. Bizitzan gauza asko ez dira gainditu behar. Hori bai, min horrekin modu baikor batean bizitzen ahalegindu behar gara. Kontuan izan behar dugu, egiazki bizi izan den orok duela orbainen bat. 

 

 

Misterioa

Magiaren bidea, beti izango da misterioaren bidea.

Maitasuna da bizitzako misterio handiena. Horren erakusle dugu argitaratzen diren obren %90 maitasunari buruzkoak izatea (...) Errespetatu egin behar da bizitzako gauzarik garrantzitsuenek ez dutela esplikaziorik.

 

Bizitza hobe bat izateko ezinbestekoa da iraganeko ate batzuk ixtea. 

Baina zer da bizitza hobe bat? Norberarentzat hobea edo okerragoa gauza zehatz bat izanik, nola erantzun galdera honi? Zergatik ahalegintzen gara beti galdera guztiei erantzunak bilatzen? Bizitza askoz interesgarriagoa da erantzunik gabeko galderak daudenean. Galdera batzuek badute erantzuna eta beste batzuek ez, eta hori onartu behar dugu. Azken finean, gauza praktikoei aurre egiteko soilik bilatu behar ditugu erantzunak nahitaez. Galdera guztiak ate irekiak dira eta, zenbat eta ate ireki gehiago izan, hobe. Bizitzaren amaiera arte galderak izatea balio handiko zerbait da. 

 

Internet

Nazioartean ospea duen lehen idazlea zara, obrak doan sarean zintzilika daitezen aktiboki babestu duena, zergatik baina?

Nik nire liburuak pirateatzen ditut, beste batek egin dezan itxoin gabe. Azken finean, pirateriaren aurka borrokatzea ezinezkoa denez, nik pirata izatea erabaki nuen. Gainera, kontuan izan munduko leku askotan –Afrikan, kasu– ez dutela liburutegirik eskura, baina bai Internet eta, hortaz, nire liburuak irakurtzeko aukera dute honela. Dirua duenak liburua erosiko du eta, ez duenak, aldiz, sarean irakurriko du. Internetek aukera asko eskaintzen ditu. Internet bidez, nire irakurleekin etengabe harremanetan egon naiteke eta aukera hau niretzat oso garrantzitsua da.


Azkenak
Konpromiso sindikala Donostiako Udalean
“Euskaraz lan egin eta bizitzeko aukera bermatu daiteke, borondatea baldin badago”

Donostiako Udaleko langileen batzordea osatzen duten bost sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, Erne eta ESAN), akordioa egin dute, Euskaraldia dela-eta langileen parte hartze aktiboa sustatzeko eta euskaraz bizi eta lan egiteko aukerak bermatzeko. LABeko ordezkari Joseba Alvarezek... [+]


Klimaren eta Euskal Herriko biztanleen aldeko ituna sortu du Bizik, 2026ko bozei begira

Hemeretzi neurri ekologiko eta sozial barnebiltzen ditu, datorren urteko hauteskundeetako zerrendek ezarri ditzaten. Sei lan lerroren inguruan ardaztu ditu, eta herrien neurriaren arabera ezarri ahalko dira.


2025-05-14 | Estitxu Eizagirre
“Galdu eta irabazi” Iñaki Artolaren bertso jarriak, Altunarekin ARGIAn izandako solasalditik etorriak

Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela... [+]


Amaiur Egurrola. Ernaiko bozeramailea
“Ez dut uste Ernairen eta GKSren artean modu zuzenean gatazkarik egon denik jai herrikoietan”

Aste Santuan Berriozarren egindako topaketetatik egun gutxira bildu gara Gasteizko Sorturen bulegoan. Hango kontuez jardun dugu apur bat, baina batez ere gaur egun euskal gizartean dantzan diren gaiez aritu gara, Ernaik horien gainean duen iritzian sakontzeko asmotan. Amaiur... [+]


Teknologia
Adimenaren biologiaz

Herriko liburutegian, teknologiaren inguruko espazio ireki batean hartzen dut parte. Aurrekoan, haurrentzako robotika proiektu bat sortzeko Arduino plaka erabiltzen ikasi nahi zuten bi emakume gerturatu ziren, bata programatzailea, bestea ni bezalako kuxkuxeroa. Hirurak jarri... [+]


Talenturik behar ez duten lanak

Talentu faltaren mamua da azkenaldian ekonomiaren ikuspegi kapitalista hegemonikotik ezarri nahi diguten eta denek ontzat eman behar dugun ideia nagusietako bat. Arazo artifiziala da, eta ikuspegi oso elitistatik, gure egunerokoan ez dagoen denon arazo bihurtu nahi... [+]


2025-05-14 | Edu Zelaieta Anta
Gaingiroki

Urteak ziren elkar ikusten ez zutela. Kalean elkarrekin topo egiten ez zutela. Egoera kanpotik ikusita, bi ezagun besterik ez ziruditen. Atzean daude, oso atzean, gaztaro hasierako urte bizi haiek, non kuadrilla bereko lagunak ziren. Non eguna eta batez ere gaua konplizitatez... [+]


2025-05-14 | Iñaki Barcena
Klima energetikoaren beroketa

Energia politikek haserreak eta desadostasun sakonak sortu dituzte ekologisten artean. Ez da gauza berririk. Hemen eta atzerrian. Hemen eta orain, nabarmen. Duela bi urte, 2023ko udaberrian, gure ikerketa taldeak (ekopol.eus) hiru mahai-inguru antolatu zituen Donostian,... [+]


Objektu anti-kulturalak

Momentu honetan, eta buruileraino, Adimen Artifizialari buruzko erakusketa erraldoi bat ikusgai da Parisko Galerie nationale du Jeu de Paume museoan, izenburu honekin: Mundua, Adimen Artifizialaren arabera. Erakusketa horretan, hainbat arte obra garaikide agertzen dira,... [+]


2025-05-14 | Jesús Rodríguez
Kolapsoaren entsegu bat

Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]


Desberdinkeriaren jatorriaz

Indo ibaiaren harana, duela 5.000 urte inguru. Mohenjo-Daro hiriak 35.000 biztanle inguru zituen eta, berriki PNAS aldizkarian argitaratutakoaren arabera, Giniren koefiziente oso baxua zuen, 0,22koa –koefiziente horrek gizarteen desberdintasun ekonomikoa neurtzen du,... [+]


Bittor Barandiaran. Lekuan lekukoa, garaian garaikoa
“Arrainarena edo okelarena baino askoz ere mundu gozagarriagoa da barazkiena”

Kax-kax jo dut etxolako atean, segituan ireki didate. Bi musu emateko prest nengoela eskua luzatu dit Bittor Barandiaranek. “Ala, ze ongi”, pentsatu dut. Ederra da barnea eta leihoen bestaldekoa, basoak inguratzen du garaian jatetxe izandako elkarte gastronomikoa... [+]


Itzalaldiak argitu digu bidea: sare elektrikoaren deszentralizazioa

Iberiar penintsulan apirilaren 28an gertatutako itzalaldiak, egungo energia sistemak dituen arrakala guztiak utzi zituen bistan. Enpresa elektriko handien diru gosea, berriztagarrien ezarpen masiboak dakartzan ajeak, eta herritarrok bizimodu hiper-elektrifikatuarekiko dugun... [+]


Eguneraketa berriak daude