Nazio garapena 2017

  • Herri izateko lankidetzan oinarritutako herrigintza beharrezkoa den aldetik, joandako urteari erreparatzen badiogu ez gaude egindakoarekin harro sentitzeko moduan, gure lurralde zatitu honetan.

     

Imanol Esnaola @gaindegia.eus
2018ko martxoaren 07a

Dinamika sozioekonomiko eta kulturalei dimentsio komun bat emateko portaera, prozesu eta arkitektura lanak dira euskal Herrigintzaren erronka nagusia gaur egun. Segidan aipatuko ditugun osagaiak kontuan hartuta, esan daiteke 2015a gertaera aipagarrien urtea izan bazen, 2016a apala izan zela maila horretan eta ez zuen inertziarik ekarri 2017a mugiarazteko. Labur esanda, 2017an egindakoarekin euskal lankidetzaren sarea ez da trinkoagoa, euskal populuak ez du espazio komun sendoagorik.

Madrilgo eta bertako instituzioak lideratzen dituzten indar soziopolitikoek iraila bitarteko bidea kidetasun giroan egin zuten, elkarrekin adostutako aurrekontuen kudeaketak adostasun handiagoak ekar zitzan (2018ko aurrekontuak eta Kontzertu zein Komenioa eguneratzeko prozesua, kupo delakoa negoziatzearekin batera). Eltzeko babak bermatu beharrak eragindako giroak, ordea, zama astun baten moduan geldiarazi egin zituen aurreko urtetan nazio garapeneko bidean jarri gaituzten lankidetza urrats formalak, Euskal Herriaren herri izaera aitortu edo sendotzera zetozenak, eta atzeraezinak ez izan arren, nazio garapeneko urrats sozialei bermea ematen zietenak.

Dena dela, sorpresarik handiena urtearen azken hilabeteek ekarri zuten, besteak beste, Kataluniako erreferendumaren erabakia bete ez zedin estatuak hartutako jarrerarekin. Euskal Herritarroi ez gaituzte harritu Espainiako Erresumaren doilorkeriak eta kirtenkeriak bere pribilejioei eusteko orduan. Baina ukaezina da Euskal Herrian bertan ondorio bat baino gehiago izan duela. Izan ere, aste horietan itxi baitziren Konbenio, Kontzertu eta kupoaren hitzarmenak. Giro horretan, Euskal Herriko eremu formaletan Kataluniako prozesuari egin zaizkion gutxiespenek, edo asaldura eragiteko osatu diren diskurtsoek, abertzale askoren bihotzak hoztu dituzte, euskal naziotasunari dagokionez. Gobernu lanetan diharduten alderdien egitekoa bazen hitzarmen horiek lortzea, baina euskal lankidetzaren aldeko herri gogoa apaltzeak ezin du ordaina izan. ELA eta LABen arteko hitzarmena izan zen ikuspegi hori apurtu zuen gertaera bakarretakoa.

Ipar Euskal Herriak, aldiz, Herri elkargoaren egitura eraiki, organoak osatzen eta bertako agenda adosteko lanean eman du urtea. Isilik, baina lanean, urtarrilean (2018) hartutako erabakiek erakutsi dutenez. Ariketa kolektiboa izan den aldetik, balio izan du ikuspegi komun bat eta elkarren arteko konpromisoak eraikitzeko, euskaltasuna eta lurralde egitura aintzat hartuta. Lurralde desorekak protagonismo berezia izan du prozesuan eta hori bada urrats interesgarri bat.

Sorpresarik handiena urtearen azken hilabeteek ekarri zuten, besteak beste, Kataluniako erreferendumaren erabakia bete ez zedin estatuak hartutako jarrerarekin. Euskal Herritarroi ez gaituzte harritu Espainiako Erresumaren doilorkeriak eta kirtenkeriak bere pribilejioei eusteko orduan. Baina ukaezina da Euskal Herrian bertan ondorio bat baino gehiago izan duela

Hein berean, naziogintzari lotutako inteligentzia eta ekintzailetza mailako ekimen zenbaitek zailtasunak bizi izan dituzte. Udalbiltzak barne gogoetan eman du urtea eta 7akBat harreman sareak, hamarkada batez euskal lankidetza sustatzen lan aitzindaria egin ondoren, gogoeta egiteko astia hartzea erabaki du (baina ez haren lekua lankidetza egitasmoen zaparrada batek bete duelako). Elikagai bankuek, halaber, iaz ez bezala, aurten egun desberdinetan egin dituzte bilketak Iparraldean eta Hegoaldean, eta horrela beste hamaika asimetria. Aipatzekoak dira, halaber, herri xedeko bi gradu-ondoko bertan behera geratu direla, XXI. mendeko nazionalismoari buruzkoa (EHU) bata eta Lurraldea eta Hizkuntzari buruzkoa (UEU) bestea. Herrigintzari dagokionez arlo akademikoan bizi dugun tentsio apalaren seinale.

Kulturgintzak eta euskalgintzak eutsi diote herri xedeari. Alde horretatik ez da urte antzua izan, AEK-ren KORRIKAk, Errigoraren kanpainek, kulturgintzaren inguruko gogoeta eta dinamismoak (Jakin aldizkariaren ekarpenak, euskarazko prentsarenak, Durangoko azoka, euskaraldiaren deialdia…), Gure Esku Dago-ren herriz herriko lanak, Elkarrekin-together egitasmoa, Agirre Centerrek kulturaren K lehen lerrora ekarri izanak… erakutsi digute hemen badela herri xedea gaurkotu eta garatzeko gogorik.

Geldialdian goroldioa hartzen hasita gaudela jabetzeko ere, euskalgintzatik etorri dira test nagusiak, Soziolinguistika Klusterrak erabileraren VII. Neurketan euskararen kale erabileraren apaltzearen berri eman baitu. Ezagunagoak izan dira euskal aktoreak beren euskal identitatea eta bisioa manifestatzeagatik jazartzeko kanpainak. Baina aitor dezagun, kulturgintzak eta euskalgintzak, oro har, hamarkadak daramatza konpromiso horretan gainerako sektoreen zain eta 2017an ere bakardadean egin behar izan du aurrera…

Oraindik ere zirraraz gogoratzen ditugu Kukai dantzakoak Madrilen, Jon Maia Sein dantzaria buru, besoa jasota, bizirik dagoen herri garela aldarrikatzen (Pako Letamendiaren lekuan hartuta, ukazioaren ahoan, bada zerbait, belaunaldi berrientzat).

Eusko Ikaskuntzak ere, aurrera egin du 2018an burutuko duen XVIII. Kongresuaren antolaketari begira ekarpenak biltzen. Zinez aro aldaketa bizi dugun aldetik, Kongresu horrek berebiziko egitekoa izango du XXI. mendeko Euskal Herriari gogoeta zein herrigintzarako plaza komuna eta bisioa eskaintzen herri honetako sektore aktibo desberdinei.

Horrela bada, 2017 urtean nork berean jarraitu badu ere (hori ere bada zerbait), Euskal Herria herri dela aitortzeko portaerek ez dute kulturgintza eta euskalgintzaren eremua gainditu ekimen zehatzetan ez bada (EITB taldean euskal geografiaren luze-zabala aintzat hartzen duten albisteak maizago agertu dira…).

Hutsune larriena eragile sozioekonomikoen arteko lankidetzan egon da, ordea. Goitik-beherako lankidetza politikak hutsaren hurrena izan dira eta behetik gorako ekimen berririk ez da nabarmendu. Esandakoa, urte idorra.

Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea
 
Kanal hauetan artxibatua: Iritzia  |  Tokian tokiko ekonomia

Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...
Altzako egoera urbanistikoa, eraikuntza berri bat

Azken hilabete honetan jakin dugu Donostiako Udalak Uliako Viveros-eko eremuan etxebizitzak eraikitzeari uko egin diola eta bizilagunen elkarteak hiri-parkea bezala sailkatua izan dadin eskatzen duela. Uliako herritarrak zoriondu besterik ezin dugu egin aipatu eremua babestea lortu dutelako. Eta guk inork baino hobeto dakigu zein zaila den hori, azken batean Altzan 18 urte daramatzagulako Auditz-Akular eremuan parkea egin dadin eskatzen eta oraindik ez dugu lortu.


2018-06-17 | Fermin Erbiti
Politikaren amildegiak

Politika ez da ordoki goxoa, bide malkartsua baizik. Politikariek, eta bereziki agintariek, ongi dakite ofizioak ez duela zer ikusirik zientzia zehatzekin. Politikakoak kontu korapilatsuak izateaz gain, jende askori eragiten diote, bakoitzari modu diferentean. Erabakiak hartzerakoan, beraz, ez da erraza etekin eta kalte politikoen inguruko hausnarketan asmatzea. Kalkulu, arau edo iraganeko lezioek ere gutxi balio dute, ziurgabetasunaren eremuan mugitzen baikara. Politikaria amildegiaren... [+]


Serbofobia

Katalunian serbofobia modan dago unionisten eta independentisten artean. Astakerien txanda Joaquim Arrufatek ireki zuen eta oraingoz Joan Tardak itxi du. Halere, bi hauen adierazpen serbofoboak moderatuak bezala kontsideratu daitezke CUPeko zerrendetan joandako Manuel Delgadok eginikoekin alderatuta. Katedradunak agerkari digital batean esan zuen “Ciudadanos alderdi ultranazionalista bat dela joera serbiarrekoa” eta telebistan “Ciudadanos inoiz bizitzan ikusi dudan alderdi... [+]


Estatistikak: zerbitzuen ekonomian dantzan

Tokiko administrazioak, aldundiak eta gobernu autonomikoak poz-pozik daude. Hazkunde ekonomikoan gaude, langabezia tasa murriztu da. Zerbitzua da puntako sektorea eta ez dute turismofobia hitzarekin izendatu duten protesta multzoa ulertzen. Euskal Herri penintsularra ondo doa.

Bai, egia da azken urteetan langabezia tasa murriztu dela. EAEn %10,8 ingurukoa da, Nafarroan pixka bat murritzagoa; krisi aurreko datuak direla diote. 24 urte baino gutxiagoko gazteek latzagoa dute, euren langabezia... [+]


2018-06-17 | Itxaro Borda
Berdea itsusi

Badira gure artean, euskaraz mintzo direnak barne, mapetako eremu berdeak haserrezko marra gorri doilorrez gurutzefikatzen dituztenak. Eraikitzekoak dituzte. Zakutik edo zorotik. Etxebizitza garestiak, sozialaz ez dira gehiago axolatzen, zentro komertzial erraldoiak, hiri bazterretan energiaz gose hamikatuak diren ausa-lekuak, ez dute besterik buruan. Arrabiatuak dira, gure lurraldeak erakargarri egiten dabiltza pentsio-funtsak eta inbestitzaileak tiratzea helburu.

Kanoiak eta zementua... [+]


2018-06-17 | Irati Elorrieta
Sinesmen baten aitortza

Konfesiorik ez badut, jainkoren batean sinesten ez badut, zertan sinesten dudan galdetu zidaten azkenengo aldian, hirugarren lekuan esan nuen istorioetan sinesten dudala. Ipuinetan sinesten nuela esatea bezala izan zen. Inguruan eserita nuen epaimahaiak erantzun hori azaltzeko eskatu zidan. Istorioetan sinetsiko ez banu, ezingo nuke idatzi, esan nien, eta seguruenez, ez nuke irakurriko. Gauza batzuk, esaten ditugun arte, ez dakizkigu. Bueno, jakin bai, baina beste modu batean.

Egia lotsarik... [+]


2018-06-13 | Gari Otamendi
Euskal dantzen eskola Katmandun

Globalizazioari eta hiri-ereduei buruzko testu interesgarri bat argitaratu zuen 1995ean Rem Koolhaas arkitekto herbeerearrak. Hiri generikoa zuen izena, eta gaur egun etengabe ahotan ditugun hainbat arazo aurreikusi zituen. Jarduera ekonomikoa globalizatzearekin batera, hiri-ereduak aireportuen moduan homogeneizatzen ari zirela zioen, eta horrek eragin zuzena zuela tokiko nortasunean. Estereotipoak mugaraino eramanda, bere buruaren klixea sinestea eta gainditzea beste erremediorik ez dute... [+]


2018-06-13 | Patxi Azparren
ETAren amaiera, begirada bat antimilitarismotik

Kanboko ekitaldia eta gero, hamaika eragilek eta pertsonek iritzia eman nahi izan dute. Bistan da. Ikuspegi eta begirada ezberdinak aztertzea aberasgarria da. Hori dela eta, orain, hasierako asteetako olatuak pasatutakoan, beste bat ere plazaratzea ekarpen interesgarria izan daitekeelakoan nago. Begirada hori euskal mapa soziopolitikoren bazter batetik bota nahi nuke, independentismoarekin lerrotu zen/den antimilitarismotik, alegia.


Fauna publikoa
Perfumerik gabe

Ezezko bakoitzak gordetzen omen du baiezkoren bat eta Salviniren uko publiko hauek ere, badaukate atzean zerbaiten alde egiteko intentzioa. Italiako Barne ministro berriaren jarrera Giorgio Armaniren perfume bat iragartzeko eslogana izan liteke: “Sì alla forza, sì ai sogni, sì a me stessa”… baina batez ere: Sì al fascismo”.


Har ditzagun kaleak, injustizia hau gelditzeko

2 eta 13 urte arteko espetxe zigorrak, herriaren okupazioa, espetxeratzeak, isunak… hori da Altsasun egun hauetan ikusitakoa. “Kalteak, desordena publikoa eta mehatxuak” eta “agintearen aurkako atentatu” delituak leporatu dizkie Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko zortzi gazteei. “Nagusitasun abusu eta gorroto” larrigarriak ezarri dizkiete, gertakariak “arrazoi ideologikoengatik eta Guardia Zibilarenganako gorrotoagatik” eman zirela... [+]


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude