Maltzaga reloaded: gerokoak geroko ez utzi

  • “Maltzaga” herri-estrategiaren metafora da. 1976ko Xibertako elkarrizketen garaian Telesforo Monzonek botatako esaldi hura, printzipio klasikoaren kokapen gertukoa besterik ez da: “Borrokarako, batu, bizitzarako, banandu”.


2017ko urtarrilaren 31n - 13:41

Orduan, frankismoaren amaieran, bi tren abertzaleek ezin zuten aurreikusi aurrezaurre zeuden trenbideek izan zezaketen potentziala, eta bakoitzak bere bidetik hartu zuen, artean hipotetikoak ziren aukera bien zuzentasuna frogatze aldera: borroka armatuaren erraila, ala autonomiarena.

Hogei urte beranduago, 1998an, metafora haren itzalean mamitu zen Lizarrako akordioa. Aurrekoaren antzera, hura ere zapuztu zen, borroka armatuaren bidea agortuta zegoen arren, haren sustatzaileetariko batzuk emaitza hobea espero zutelako armak uztearen truke, eta erakundeen epelean bizi zirenek, berriz, ez zutelako arriskuan jarri nahi izan autogobernu apur hura, bide autonomikoa bera ere ordurako agortuta zegoen arren. Orain, Lizarratik ia beste hogei urte igaro direnean, protesta bortitzaren eta autonomia ziklo luzearen amaierara heldu garen honetan, berriro ere Maltzagako izpiritu hura berpizteko edo erabat alboratzeko hautua bilakatu zaigu hizpide. Hirugarrenean asmatuko al dugu, agi denez?

Hiruzpalau argudio labur, galdera honen harira:

1.- Abagunea

Munduan, Europan, ziurgabetasuna da nagusi. Mapak, mugak eta dinamika geoestrategikoak etengabe aldatzen ari dira, eta burujabe gisa kokatzeak berebiziko garrantzia du abagune honetan. Alabaina, beste egitura politikoen esku utzi nahi duguna edo gure eskumen eremuan nahiko genukeena bertan erabakitzeko gaitasuna erdiestea zaila izango da herri-egitasmo partekaturik gabe. Gertura etorrita, Espainiak lurralde-egituraren aldaketa bideratu beharko du epe laburrean, eta oraindik orain ez dago argi leihatila hori zentralizatze logika areagotzeko ez ote duen erabiliko. Kataluniak zabaldutako bidetik eta harekin batera errebindikazio soberanista sendoa plazaratuko balitz gurean, askoz ere zailagoa gertatuko litzaioke Espainiari eskuartean darabilen inboluzioa burutzea. Bestalde, barne abaguneari dagokionean, batetik, orain agintean dagoen belaunaldiak ziklo historikoa txukun amaitzea zor die hurrengo belaunaldiei, eta hartara soberanisten arteko gutxieneko akordioak modu duinean itxiko luke ezintasun estrategiko luze eta iluna. Zor etikoa da, oroz gain. Eta bestetik, barne abagune esanguratsuenaz –euskal lurralde guztien erakundetzea eta gaurko indar harremana–, baliatzeko kontsentsuzko jarrerak indartu beharko lirateke, ez barne zatiketa eragiten dutenak.

2.- Helburu taktikoak

Zein da datozen bospasei urteetan soberanismoak zedarritu beharko lukeen jomuga? Independentzia ez da egun bat. Berriki errepikakorra bilakatu zaigu esamolde hau. Alabaina “estrategia independentista” eta, esaterako, “erabakitzeko eskubidearen” aldekoa kontrajartzen direnean susmoa dut ez ote dugun ongi barneratu esamolde horren esanahia. Estatugintza eguneroko lana bada, ibilbide horretan gaur eman beharreko urratsen inguruko sintonia gero eta argiagoa dirudi: erabakitzeko eskubidea bideratuko duen eta eskuduntza nagusiak erabat gure esku utziko dituen estatus berria EAEn, eta Nafarroan, ildo bertsutik, “hobekuntzaren hobekuntza”. Iparraldean, berriz, Elkargoaren eskutik ekimen sendoak abian jartzea, hango adostasun zabalena lortuta. Aldi berean, hamarkadetan bizkarra emanda bizi izan diren euskal lurraldeen arteko harremanak normalizatzeko eta elkarlanerako marko instituzionalak bideratzen hastea. Eginkizun horiek guztiak estrategia independentistaren parte dira. Eginkizun horiek guztiek nekez burutuko dira gutxieneko akordiorik gabe.

3.- Logika politiko berria

Uneak eskatzen duena arestian aipatu dugun “adostasun logika” dela onartuta ere, horretara heltzeko bidean datza koska. Maltzagara heldu beharko ginateke, une batez bederen, bai, baina agian ez orain arte ulertu dugun moduan: burujabetzan aurrera egiteko herri gisa beharko genukeen gutxieneko adostasuna, behetik gora eraiki beharko litzateke, ez soilik mahaikide bakan batzuk bilduko lituzkeen bazkan. Behetik gorako praxi konstituziogileak, herrigintzak, finean, eta, aldi berean, eragile aurrerakoien konpromisoak baldintzatuko dute edozein akordioren norabidea. Gatazkaren beharretara begira zatikatu den gizarte soberanista lanean ari da jada paradigma berrian. Esaterako, inoiz ez bezala, politika profesionaletik at dagoen herritar kopuru esanguratsua bildu da Gure Esku Dago dinamikan, estatuaz, burujabetzaz edo errepublikaz jarduteko, balizko galdeketa batek beharko lukeen galdegaia askatasunez, inongo agindurik gabe taxutzen… Ahalduntze horretan, zalantzarik gabe “Maltzaga” metafora eraberritzen ari zaigu.

 

Eta “Maltzaga berpizteak” (reloaded) ez du zertan alternatiban amore ematea ekarri. “Gerokoak ez baitira geroko” uzten inoiz, egunerokoak baldintzatzen baitu gerokoa: gaurko jardueran behetik gorako logika gailentzen bada, burujabetzaren bidean emandako aurrerapauso oro, gizarte eraikuntza bidezkoarekin uztartuta egongo da: horixe da soberanismoaren kontzeptuaren sakona. Ibarretxe lehendakariak berriki esan bezala, ezin baitira herri-egitasmoaren dimentsio sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak bereizi: balio-sistema oso baten eskutik dator euskal burujabetza.

Jardunak erakutsiko digu zein den polarizazio ardatz egokia, eta, batez ere, zein geratuko den alde batean, eta zein bestean. Ez baitago identitate politiko finkorik, identifikazio prozesuak baizik: atzo, neoliberalismoaren zerbitzura zegoen buruzagia, edo autonomismoaren zutabe zen sindikatua, edo abangoardia solipsista zirenak, gaur, giza garapenaren, kontraboterearen eta benetako elkarlanaren aitzindari izan daitezke.

Albiste hau ZuZeuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude