PP-PSOE akordioa: hauteskundeak urtarrilean eta Mossoen eta TV3-en kontrola bereganatzea

  • Kataluniako bi milioi herritar baino gehiagok autodeterminazio erreferendumean bozkatu zuten urriaren 1ean, Espainiako Estatuko poliziaren eraso larriei aurre eginez. %90 inguruk baiezkoaren alde bozkatu zuen. Geroztik, mahai gainean da Katalunia estatu independente izateko aukera. Unean uneko gertakariak jarraitzen ari gara.

ARGIA @argia
2017ko urriaren 20a
ANCko Jordi Cuixarten mezua
Kataluniako Ciudadanos eta PP, Cuixart eta Sànchez espetxeratzearen alde; PSCrentzat, "desproportzionatua" da erabakia

Kataluniako Ciudadanos, oposizioko talderik handiena, Carmen Lamela epaileak hartutako erabakiaren alde agertu da prentsa ohar baten bidez: "Nahiago genuke demokraziaren aurkako kolpea ematen ariko ez balira, baina ematen ari dira, eta nork bere erabakien ondorioak onartu behar ditu. Denok gara berdinak legearen aurrean".

Kataluniako PPko presidente Xavier García Albiolek, berriz, twitter bidez agertu du Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako bidearekiko adostasuna. "Zuzenbide Estatuak nor bere lekuan jartzen du azkenik", esan du Albiolek.

PSCren izenean, Miquel Iceta idazkari nagusiak gehiegizkotzat jo du Cuixart eta Sànchez espetxera bidaltzeko agindua. Neurria desproportzionatua dela esan eta bere alderdia ANC eta Òmniumeko buruak sedizioaz akusatzearen aurka agertu zela gogorarazi du Icetak, twitter bidez ere bai.

 

Soto del Realeko espetxean dira jada Jordi Cuixart eta Jordi Sánchez

ANC eta Òmnium Culturaleko presidenteak Soto del Realeko kartzelara eraman dituzte, Madrilgo probintzian. Guardia Zibilak eraman ditu hara, Auzitegi Nazionaletik Katalunia osoan bat-bateko protesta ekintzak egiten ari dira kaleetan, eta espetxeratzearen aurka erreakzio politiko ugari ere izaten ari da. PDeCATek "lotsagarritzat" jo du Cuixart eta Sànchezen aurkako jazarpena, "beren ideia politikoak direla eta". Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellek mezua helarazi die espetxeratu berriei: "Jakin behar dute haiek aske izan arte ez garela geldituko".

Urkullu: "Berri txarra da, proportzionaltasuna eskatzen dugu Justiziaren erabakietan"

Lehendakariak bi txiorekin erantzun du.

Carles Puigdemont lehendakaria: "Berriro preso politikoak dauzkagu"

ANC eta Omniumeko lehendakarien espetxeratzearen ondotik, Carles Puigdemont lehendakariak Twitterreko bere kontutik ingelesezko mezu hau zabaldu: "Espainiak espetxeratu ditu Kataluniako gizarte zibilaren liderrak manifestazio baketsuak antolatzeagatik. Zoritxarrez, berriro preso politikoak dauzkagu".

 

Gure Esku Dagok elkarretaratzeak deitu ditu bihar 19:00etan herri guztietan

Gure Esku Dagok elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko herri guztietan bihar asteartea 19:00etan Junts lelopean. "Kataluniako ANCko eta Omnium Culturaleko presidenteak, Jordi Sànchez eta Jordi Cuixart, atxilotu dituzte. Herritarren borondateari bide emateagatik espetxeratzea onartezina da. Kalera ateratzeko ordua da".

Donostian agerraldia eta asanblada deitu dituzte biharko

"Demokraziari erasorik ez!" lelopean, agerraldia eta asanblada deitu dituzte bihar Donostiako Konstituzio Plazan, 20:00etan, Gure Esku Dagoren deialdiaren ostean. Kataluniako egoera politikoaren harira antolatzen ari den eragilea da Donostialdeko Herritarron Asanblada. "21ean guztiok Erregimena inguratzera", adierazi dute sare sozialetan zabaldutako deian.

Jordi Cuixartek espetxeratzen zutenerako bideoa utzi du grabatuta

Honela dio Jordi Cuixartek: "Lagun maiteok. Bideo hau ikusten ari bazarete, seinale da Estatuaren aparatuek erabaki dutela nire askatasuna mugatzea Omniumeko lehendakari naizen aldetik. Hitzok bidaltzen dizkizuet zuei emateko serenitate mezu bat. Serenitatea eta konfiantza. Garai zailak bizitzen ari garen arren, sumatzen baikenuen, eta orain daukagu froga, Estatuaren errepresioak ez zuela mugarik edukiko Katalunian bizi dugun uhin demokratiko hau gelditu nahian... esan nahi dizuet inoiz baino garrantzizkoagoa dela lasai egotea lasai eta bizi dugun une historikoaz jabetzea. 1963tik 1967ra bitartean gure egoitza itxi ziguten, eta orduan aurrera egin bagenuen zaudete ziur orain ere eginen dugu. Hala behar bada klandestinitatetik egingo dugu lan eta erakunde bezala beti eduki dugun jokabide baketsu eta demokratikoetan sakon sinetsiz. Askotan esan ziguten ezingo genuela bozkatu eta egin egin dugu, lortu dugu. Horregatik, orain esango digute ezingo dugula estatu berri hau sortu. Horregatik eskatzen dizuet, arren, erakunde batzuen ordezkari edo lider batzuei askatasuna kendu diguten arren, jarrai modu antolatu batean lanean. Eta batez ere, sekula ez dezazuela galdu esperantza. Gaur direnengatik eta etorriko direnengatik. Ez zalantzarik egin, Kataluniako herriak bere etorkizuna eraiki du eta bere plaza eta kaleak asfaltatu ditu. Une larri honetan, inoiz baino lasaitasun handiagoa, inoiz baino adore handiagoa. Visca Catalunya! Visca la República Catalana!   

 

ANC eta Òmniumeko presidenteak espetxeratzeko agindu du Carmen Lamela epaileak

ANCko presidentea, Jordi Sànchez, eta Òmnium Culturalekoa, Jordi Cuixart, fiantzarik gabe kartzelaratzeko agindu du Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, haien deklarazioak entzun eta gero (Cuixartek uko egin dio epailearen aurrean hitz egiteari). Sedizioa da bi lider independentistei leporatzen dieten delitua.

Lamelaren erabakia dela eta, ANCk protesta zaratatsua egitera deitu du gaur gaueko 22:00etan. Gainera, bihar 12:00etan Kataluniako lantokietan lanuzteak egiteko deia zabaldu dute, eta arratsaldeko 19:00etan elkarretaratze isil bana egingo dute Espainiako Gobernuak Bartzelonan, Gironan, Lleidan eta Tarragonan dituen ordezkaritzen aurrean. 

Cuixart eta Sànchez, Auzitegi Nazionalera sartzear. (Arg.: ANC)

 

Mossoen buru Trapero eta Laplana, aske baina pasaporterik gabe hamabosteroko kontrolez

Goizean Teresa Laplana intendentearekin hartutako neurri bera erabaki du Josep Lluis Trapero mossoen buruarentzako Carmen Lamela Audientzia Nazionaleko epaileak: pasaportea kendu dio, hamabostero auzitegian bere burua aurkeztu beharrarekin.

Madrilek ez ditu Kataluniatik itzularaziko erreferendumerako eramandako polizia eta guardia zibilak

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak esan du Katalunian segituko dutela urriaren 1erako espreski eramandako polizia eta guardia zibilak. Horren argudiotzat aipatu ditu Kataluniako egoera berezia eta menturaz mossoek eduki dezaketela haien beharra.

 

Auzitegi Nazionalak 18:00etan erabakiko du Trapero espetxeratu ala ez

Gaur hartu die deklarazioa Carmen Lamela epaileak Josep Lluis Trapero mossoen buruari, honen alboko Teresa Laplana intendenteari (bideokonferentziaz), ANCko Jordi Sanchezi eta Omniumeko Jordi Cuixarti. Laplanari pasaportea kendu dio eta hamabostero epaitegian azaltzea agindu dio epaileak. Fiskalak trapero balintzarik gabe espetxean sartzea eskatu du eta epaileak 18:00ak arteko epea hartu erabakitzeko.

 

Saenz de Santamaria: "Puigdemontek ostegunera arteko epea du atzera egiteko"

"Espainiako Gobernuak deitoratu du Generalitateko presidenteak ez erantzun izana egindako eskaerari", adierazi du Soraya Saez de Santamaria Espainiako presidenteordeak. "Erraza zuen bai edo ez erantzutea".

Puigdemontek egoeraren konponbidea eskuetan du bere hitzetan. "Erantzun dezala bai edo ez. Puigdemontek ostegunera arteko epea du independentzia aldarrikapena atzera bota eta egoera argitzeko", esan du.

CUPek dio ez zuela Puigdemonten gutunaren edukia ezagutzen

CUPeko Mireia Boyak adierazi du ez zutela Puigdemontek Rajoyri igorri dion gutunaren edukia ezagutzen eta beraiekin ez kontsultatu izana deitoratu du. "CUPek seriotasuna erakutsi du, horrelako erantzun transzendental baten parte izateko adina", adierazi du Catalunya Radion.

Cuixart eta Sanchez Espainiako Auzitegi Nazionalean dira

Sartu dira ANC eta Òmnium elkarteko presidente Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Espainiako Auzitegi Nazionalean. ANCk bidali du txio hau.

Jarraian ANCko buru Jordi Sànchezek Auzitegi barnetik bidalitako azken txioak.

10:00etan Rajoyren erantzuna

Espainiako gobernuak 10:00etan emango dio erantzuna Generalitateko presidente Carles Puigdemonten gutunari.

Valls eta Hidalgo bitartekari?

Frantziako lehen ministro ohi Manuel Vallsek adierazi du berari era Parisko alkate Anne Hidalgori Kataluniako kasuan bitartekari bezala aritzea eskaini ziela Perpinyako (Ipar Katalunia) alkate Jean-Marc Pujolek.

Puigdemontek ez du ez 'bai' ez 'ez' erantzun eta bi hilabeteko elkarrizketa eskaini du

Carles Puigdemontek erantzun dio Espainiako Gobernuaren eskariari. Ez dio ez bai ez ez erantzun eta negoziazio bat irekitzeko bi hilabeteko elkarrizketa eskaini dio, TV3ek informatu duenez.

Kataluniako presidenteak dio urriaren 1eko emaitzek emandako agindua bertan behera uztea soluzio bat bilatzeko borondatearen froga dela, eta ez dutela enfrentamenturik nahi. Dio elkarrizketarako proposamena zintzoa dela eta bi hilabeteko epea aipatzen du orain arte elkarrizkeataren alde agertu diren instituzio eta pertsonalitateek aukera bat dutela bide hau jorratzeko.

Rajoyri eskaera bat eginez amaitu du gutuna: Kataluniako herriaren eta gobernuaren aurkako errepresioa geratzeko, eta puntu honetan gogorarazi du Mossoen bururua eta ANC eta Omnium elkarteetako presidenteak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deituak daudela.

Irakurri Puigdemontek Rajoyri bidalitako gutuna.

1508133297552 by Moderador Noticies Web on Scribd

Lesmesek urriaren 1eko polizia indarkeria ikertzeko Generalitateak sortutako batzordearen aurka jo du

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko lehendakari Carlos Lesmesek eskatu dio Estatuaren Abokatu Eugenio Lópezi neurriak har ditzala Kataluniako Gobernuak Urriaren 1eko polizi biolentzia ikertzeko sortu zuen batzordearen aurka. Lesmesi onartezina iruditzen zaio Puigdemonten Gobernuak epaile eta magistratuen independentziari egin dien erasoa. "Generalitateko Gobernuak ezin ditu hartu, inolaz ere, jarduela judizialak zaintzeko neurririk" eta, beraz, haren esanetan, Estatuko zerbitzu juridikoek neurriak hartu behar dituzte "legea eta ordena konstituzionala berrezartzeko".

 
Jean-Claude Juncker: "Ezin naiz bitartekaria izan, alde batek bakarrik eskatu duelako"

Europar Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek Luxenburgoko hitzaldi batean adierazi du oso kezkatuta dagoela "Katalunia eta Espainiaren arteko gatazkarekin". Europar Batasuna bitartekaritza lanak egiteko eskariaren aurrean adierazi du ezinezkoa dela haien parte-hartzea "alde batek bakarrik hala eskatu duelako".

"Zuek hil duzue demokrazia" aldarria Guardia Zibilaren Zarauzko koarteleraino eraman dute

"Utzi bakean", "Alde hemendik" eta "Zuek hil duzue demokrazia" zioten pankartekin, ikurrinak eta esteladak eskuetan, mobilizazioa egin dute Zarauzko hainbat herritarrek urriaren 12an. Udaletxetik Guardia Zibilaren kuarteleraino egin dute martxa, Zarauzko Hitzak jakinarazi duenez.

 

PDeCat eta ERCko kontseilari guztiak etenaldiaren alde agertu ziren, bat izan ezik

El Món agerkariaren arabera, Kataluniako Gobernuko kontseilari guztiek bat egin zuten independentzia aldarrikapena denbora batez indargabetzearekin, Clara Ponsatí Hezkuntza Kontseilariak izan ezik.

Agerkari katalanaren arabera, asteroko kontseilarien batzarrean, Puigdemont presidenteak kontseilariei eskatu zien euren posizioa adieraz zezatela; independentzia aldarrikatu ala aldi batez indargabetzearen alde ote zeuden argitzeko.  Guztiek suspentsioaren alde egin ei zuten Clara Ponsatí Hezkuntzako Kontseilariak izan ezik.

 

 

Artur Mas: "CUP eta ANC ez dira gobernuko buru"

Urriaren 10an Carles Puigdemont-ek hartutako erabakiaren defentsan aritu da gaur TV3en Artus Mas president-ohia. CUPek eta ANCk Puigdemonti eskatu diote berehala aldarrikatu dezan Errepublika, eta horri eratzunez adierazi du bi erakunde horiek, ezta bestelako talderik ere, ez direla gobernuko presidente. "Puigdemontek burua oso argi dauka, president-aren erabakia egokia iruditu zait" adierazi du Masek. Nazioarteko aitortza oso garrantzitsua dela azpimarratu du.

 

CUPek ere Errepublika aldarrikatzeko eskatu dio Puigdemonti
CUPeko kideak oso kritiko azaldu ziren urriaren 10ean Puigdemontek erabakitako bidearekin.

Eskutiza igorri dio CUPek Generalitateko president-ari esanez "Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatu nahi badu, egin dezatela, baina aurretik guk Errepublika aldarrika dezagun".

Carles Puigdemontek aldebakarreko independentzia aldarrikapena burutu dezan presioak areagotzen ari dira Catalunyan. Zentzu horretan mintzo izan dira azken orduetan ANC eta Omnium eragileak. Pausu ausartagoak emateko eskatu dituzte zenbait pertsona esanguratsuk ere, PSC-ko kide ohi Ernest Maragall-ek eta Generalitateko presidente-orde Oriol Junqueras-ek, esaterako:

CUPen jarrera argia zen, ez zegoen ados independentziaren behin-behineko atzerapenarekin, eta hori berriz agerian utzi dute Pugidemonti igorritako eskutitzean. 155. artikulua aplikatzeko erabateko gogoa igartzen dio CUPek Espainiako Gobernuari eta horregatik, Kataluniako Errepublika lehenbailehen aldarrikatzeko eskatu dio. "Tamalez, merkatuaren, botere ekonomikoen eta estatuen babesik gabe jarraituko dugu, baina jendearekin batera egingo dugu, esperantza eta duitasun osoz", esanez amaitu dute eskutitza.

 

https://twitter.com/ernestmaragall/status/918443403356098561

Independentziari jarritako etenaldia kentzeko eskatu du ANCk

ANCk Kataluniako Parlamentuari eskatu dio independentzia adierazpenari jarritako etenaldia ken dezala, Espainiako Gobernuak elkarrizketarako borondaterik ez daukala ikusita. Erakundearen ustez, "ez dauka zentzurik" aldarrikapena suspentsioan mantentzeak, Mariano Rajoyren exekutiboaren jarrera ikusita. Horrekin batera, Carles Puigdemonti eskatu diote Iragankortasun Juridikorako Legea ere indarrean jar, kataluniar errepublikaren fundaziorako. 

Iruñean manifestazio jendetsua egin dute Kataluniarekin elkartasunez

Demokrazia eta erabakia, abajo el régimen lelopean ehunka lagun atera dira Gazteluko Plazatik Karlos III.a etorbiderantz abiatu den manifestazioan ostegun arratsaldean Iruñean. Ekitaldia Sarasate pasealekuan amaitu zen, Katakrakeko langile Hedoi Etxartek irakurritako agiriarekin. Bertan eskerrak eman zizkion Kataluniako gizarteari egiten ari den lana eta erakutsitako antolaketa eredugarriagatik:

 

Espainiar ultrak elkarri erasoka hasi dira Catalunya plazan

Societat Civil Catalanak deituriko manifestazioan zihoazen ultra talde batzuk elkarri aulkiak botatzen hasi dira eta istiluak sortu dituzte Bartzelonako Catalunya plazan. Nació Digital-ek azaldu duenez euren artean sortu da istilua eta udaltzaingo bat ere zauritu da.

Milaka pertsona unionisten manifestazioan Bartzelonan
Argazkia: Adriá Costa / Nació Digital

Milaka pertsona bildu da gaur Bartzelonan, Hispanitatearen egunean, Kataluniako Gizarte Zibilak (SCC) deitutako manifestazioan. Nazio Digitalek, deskribatzen duen gisan, adibidez, "milaka gutxi batzuk". Mobilizazioa La Pedreratik atera da eta Kataluniako plazan amaitu da. Bertan alderdi eta erakunde askok parte hartu dute, besteak beste, Ciutadans eta PP. Jaurtitako oihuen artean, Puigdemont presidentearen espetxeratzea eskatu da. Ohikoan unionismoak milaka lagun biltzen ditu bere mobilizazioetan Bartzelonan eta gutxitan hamarka mila lagun. Joan den igandean ordea, 350.000 lagun bildu zituzten udaltzaingoaren arabera eta milioi bat antzolatzaileen esanetan. Gara-ren arabera 170.000 ziren.

Espainiako poliziak "gehiegizko indarra" erabili zuen urriaren 1ean, dio Human Rights Watch-ek

Giza eskubideez arduratzen den Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak salatu du Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak behar baino indar handiagoz jokatu zutela urriaren 1eko erreferenduma eragozteko. GKEak adierazi duenez, "justifikatu gabeko indarkeriagatik alegazio ugari" jaso dute. Erreklamazioak aztertu dituzte, eta esan dute hiru kasutan behintzat frogatutzat jo ahal dela poliziak gehiegikeriaz jokatu izana.

Zehazki, Girona hiriburuan eta Aiguaviva eta Fonollosa herri txikietan "manifestari baketsuen aurkako indarraren gehiegizko erabilera" dokumentatu ahal izan dutela azaldu du taldeko kide Kartik Raj-ek (Europa mendebaldeko afereterako ikertzailea da Raj). "Jasotako beste kexa batzuk ezin izan ditugu xehe aztertu", gehitu dute; hala ere, nabarmendu dute hedabide eta sare sozialetan zabaldutako irudiek agerian uzten dutela indarraren erabilera desproportzionatua.

Espainiako Gobernuak gaiari buruzko ikerketa abiarazteko beharra duela gaineratu du Human Rights Watchek.

Kataluniako 110 udaletxe zabalik daude Hispanitate egunean

Espainiaren festa nazionala eta Hispanitatearen (Amerikaren konkista) ospakizuna den urriaren 12 honetan, 110 herri horietan guztietan udal gobernu taldeek asteroko jarduera ohikoa burutzen dute. Batzuetan langileek jai hartu dute eta beste batzuetan langileen erabakiaren baitan ari dira batzuk lanean. Iaz Madrilgo gobernuak auzitara eraman zuen Badalonako udalak ate irekien eguna antolatu du, Guardia Zibilaren patroiaren ospakizuna saihesteko.

 

'#SupportCatalonia' kanpainak europarrak mugiarazi nahi ditu agintariak mugi daitezen katalanen alde

ANC mugimenduak Europa mailako kanpaina zabaldu du, kontinente osoko herritarrek beren agintariei presio egin diezaieten Espainiak katalanen hitza errespeta dezan eskatzeko. Nork bere agintariei bidaltzeko gutuna #SupportCatalonia webgunean dago 25 hizkuntzatan funtzionatzen du, oraingoz euskaraz ez.

 

Puigdemontek Rajoyri: "Ulertu dugu"

Mariano Rajoyk Madrilgo Legebiltzarrean esandakoari labur bezain zorrotz erantzun dio Carles Puigdemontek Twitterreko kontuan: "Elkarrizketa eskatzen duzu eta erantzuten dizute mahai gainean 155.a jarriz. Ulertu dugu".

 

 

Ikusmena galduko du U1ean aurpegira pilotakada tiro egin zioten pertsonak

Generalitateko Osasun kontseilari Toni Cominek jakinarazi duenez, Espainiako Poliziak aurpegira pilotakada bat tiro egin zion gizonak ikusmena galduko du begi batean. La Directa aldizkariko David Bouk grabatu zuen tiroaren unea.

 

Unionistek beste manifestazio batera deitu dute biharko Bartzelonan

Kataluniaren independentziaren aurkako hainbat elkartek manifestazioa deitu dute biharko 11:00tan Bartzelonan. Societat Civil Catalana, Espanya i Catalans, Empresaris de Catalunya aipatzen ditu Europa Pressek. Katalunia plazan 12:00etan amaitzea aurreikusten dute.

Bartzelonako Espainia plazari izena aldatu diote hackerrek Google Maps-en 'Urriaren 1a plaza' izendatzeko

Hacker talde batek izena aldatu dio Google Maps-en Bartzelonako Espainia plazari eta 'Urriaren 1a plaza' izena jartzeko.

 

Rajoy: "Erreferendum ilegala ezin da baliatu independentzia legitimatzeko"

Espainiako presidente Mariano Rajoy Kataluniako egooeraz mintzatu da Espainiako Kongresuan. Urriaren 1eko erreferendumak inongo baliorik duenik ukatu du. "Ez dena legala, ez da demokratikoa", adierazi du. Ondoren, gehitu du bozkaketa "demokraziaren aurkako fartsa" izan zela, bere hitzetan, ez zuelako inongo baldintza administratiborik betetzen. Bere hitzetan, ez da elkarrizketa posiblerik legearen eta ilegalitatearen artean".

Rajoyk Puigdemont ohartarazi du "bere esku dagoela legaltasunera itzultzea edo tentsio uneak luzatzea". Erreferenduma "eraso desleial" gisa definitu du eta "Konstituzioaren, Espainiako batasunaren eta Estatutuaren aurkako eraso"-tzat hartzen duela.

"Baldintzarik gabeko elkarrizketa" eskaini du Puigdemontek

CNN kateari egindako adierazpenetan Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak "baldintzarik gabeko elkarrizketa" eskaini du. Gobernu bakoitzeko bi pertsonak negoziatzea ere proposatu du, Kataluniako irrati-telebista publikoak argitaratu duenez.

Era berean, Puigdemontek Espainiako Gobernuari eskatu dio "errealitatea" onar dezala: "Katalunia eta Espainiaren arteko harremanak ez du funtizonatzen eta badago kataluniarren gehiengo bat nahi duena Katalunia estatu independente izatea. Espainiako Estatuarekin adostuta egin nahi dugu, baina eseri behar dugu eta baldintzarik gabe hitz egin".

Mossoen buruak eta ANC eta Òmnium-eko presidenteek berriro deklaratu beharko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean
Josep Lluís Trapero urriaren 16an Madrilgo Auzitegi Nazionalera bidean.

Eskuadra Mossoen burua Josep Lluís Trapero eta ANC eta Òmnium-eko presidenteak Jordi Sànchez eta Jordi Cuixart, astelehenerako berriz deitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak. Urriaren 16an deklaratu zuten lehen aldiz eta karguekin aske utzi zituzten. Oraingoan, ordea, fiskaltzak berak pasa den astean aditzera eman zuenez, haien aurkako behin behineko neurriak eska ditzakete, sedizio delitua egotzita.

Espainiako enbaxada okupatu dute Atenasen, Kataluniaren aurkako errepresioa salatzeko

Rouvikonas kolektiboko 20 bat lagunek Espainiak Atenasen duen enbaxada okupatu dute gaur goizean, Kataluniaren aurkako errepresioa salatzeko.

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17
> >>

Kataluniako erreferenduma kanaletik interesatuko zaizu...
"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri oso bat atera zen kalera. Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


Katalunia, Espainiaren aukera

Hamaikagarren aldia da Espainiako Estatuaren izaera inperialista eta totalitarioa konstituzioaren atzean ezkutatzen ikusten ditugula PP eta PSOE. Itxurak besterik ez dira, izan ere, Espainiako Estatuan (mundu osoan ez bada) demokrazia hitz hutsa dela antzezlan honetako aktore guztiek ongi dakite. Guztiek. Espainiako ezkerrak ere bai.

Bere burua ezkerrean kokatzen duten espainolek, kontinente oso bat masakratu eta ustiatu zuen inperioaren eta frankismoaren oinordeko izateari utzi eta beste... [+]


2017-10-22 | Xabier Letona
Erreferendumaren espiritua, defentsarik onena

Badirudi oraindik edozer interpreta daitekeela lerro hauek idazten diren urriaren 16 goizean: independentzia aldarrikatuta dagoela edo ez, eta 155. artikulua indarrean dela jada, baina ez. Era batera zein bestera, Kataluniako independentismoak Errepublika defendatzeko prestatzen jarraitzen du. Nola egin eraginkorren, ordea?


Espainiaz

Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen. Eta kateatu zaituen horrek aske zarela esango dizu alde egiten saiatzen zaren arte. Baten bati zalantza izpirik geratzen bazitzaion, Kataluniako aferak argi utzi du Espainia ezker-eskuin zer den.

Eskuin. Espainian ez du eskuinak agintzen, Espainian muturreko eskumak agintzen du. Francoren espirituak kuku egin digu berriz ere azken asteetan. Diktadurako errifleen berunez egin zen konstituzioaren moldea, eta molde hori da herriak lotu eta manu... [+]


2017-10-22 | Bea Salaberri
Moltes grÓcies

Egunak aitzina doaz iritzi honen idazteko epea agortu artean jarduteko gaien zerrenda egiten, ondorio bakarrera heltzeko: zertaz idatzi ez bada Kataluniaz, zertaz idatzi ez bada aspaldiko partez interes, ilusio eta zirrara eragin dizkigunaz? Nahiz bestalde nehon agertu ez den zer erranik gutxi egon jada, eta ezin jakin hau agertuko denerako zertan egonen den gaia, erremediorik ez. Horrela, esker beroak zuzendu nahi nizkioke azken asteetan hainbat mailatan egunerokotasun geza inarrosi duen... [+]


2017-10-17 | Xabier Letona
Errepresioa ala elkartasuna

 Jordi Sanchez eta Jordi Cruixarten espetxeratzeak beste jauzi bat ekarri du Espainiaren lasterketa errepresiboan, lehenbiziz espetxeratu baititu Kataluniako independentistak, kalean helburu horren aldeko manifestazioak egiteagatik.


"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri osoa atera zen kalera 1976an.  Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


2017-10-15 | Juan Mari Arregi
Katalunian enpresa exodoa?

Kataluniako prozesu soberanistak Espainiako Estatuko botere guztiak bat egitea ekarri du independentzia lortzea eragozteko.


ARGIA Katalunian jarri nahi izan dugu

Lehengo astean txoko honetatik aipatu nizuen urriaren 1ean mundua bukatuko zela pentsatzen zutenei ere adierazi nahi niela egunak beti argitzen duela eta munduak aurrera jarraitzen zuela; ez nuela erreferendumaz hitz egin gura, eta Argia Egunaz jardun nizuen. Gaur ezin dut Herrialde Katalanetara begiratu gabe geratu.

Nahikoa analisi eta artikulu irakurria izango zara dagoeneko, eta ez dut uste nire lau iritzik ezer hobeto ulertzen lagunduko dizunik. Ez naiz aditua ezta aritua ere horretan... [+]


Espainiaz

Puigdemontek ez du espero zen errepublikaren aldarrikapenik egin, independentzia deklarazioaren ondorioak atzeratzea eta elkarrizketari azken aukera ematea hobetsi baitu. Nazioarteari begira prozesuari zilegitasun osoa emateko balio badu, ondo etorria izan dadila erabakia, baina arriskuak ere nabarmenak dira eta urratsak arin eman beharko dituzte.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude