45.000 kataluniarrek laguntza eskatu diote EBri Bruselatik bertatik

Zuzeneko jarraipena
  • Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Abenduaren 21ean hauteskunde autonomikoak egingo dira.


2017ko abenduaren 07an - 13:02
Gakoak
Hamarnaka mila lagun bildu dira Bruselan, Kataluniako independentziaren alde. (Arg.: ANC)
Parlamentuan hitz egingo du Puigdemontek, aurreko agerraldia bertan behera utzi ondoren

"Minutu gutxi barru" Kataluniako Parlamentuan hitz egingo du Puigdemontek, Generalitateko jauregian egitekoa zen agerraldia bertan behera utzi ondoren. Erabakiaren atzean legoke Espainiako Senatuan 155. artikuluaren exekuzioa bertan behera ez uzteko erabakia, hauteskundeak iragarri arren. 

Puigdemonten agerraldia bertan behera

Carles Puigdemontek bertan behera utzi du, azkenik, 14:30ean egitekoa zuen agerraldia. 

Espainiako Senatuak baztertu egin ditu 155ari Generalitateak jarritako helegiteak

Espainiako Senatuko 155aren ponentziak baztertu egin ditu Generalitateak Konstituzioaren artikulu horren kontra jarritako helegiteak eta prozedurak aurrera jarraitzen du Naiz-en irakurtzen denez. Gainera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez ditu tramitera onartu PDeCATek eta ERCk epaitegi horretan egindako alegazioak.

Puigdemonten agerraldia 14:30era atzeratu da

13:30erako deitu du Carles Puigdemontek hauteskundeak deitzea aurreikusten den prentsaurrekoa. Ordubete atzeratu da azkenean eta 14:30ean izango da. 

ERCk ez du hauteskundeak deitzea babesten

Esquerra Republicanako iturriek diote Puigdemonten erabaki pertsonala errespetatzen dutela ("hauteskundeak deitzeko eskumena duen pertsona bakarra"), baina alderdia ez dagoela erabaki horrekin ados eta beraz ERCk ez duela hauteskundeak deitzeko erabakia babesten. Hala jaso du ElDiario.es-ek.

Andoni Ortuzarrek prentsaurrekoa emanen Puigdemontek berea bukatu bezain laster

EAJren Euskadi Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzar prentsaren aurrean azalduko da Carles Puigdemontek bere agerpena amaitu bezain laster. Hala aurreratu du Vilawebek.

Generalitateak hauteskundeetara deitu arren, 155arekin tematuta jarraitzen du PPk

Puigdemontek hauteskundeetara deitu arren, 155a aplikatzearekin tematuta jarraitzen du PPk, Kataluniako popularren buru Xavier García Albiolek eta alderdiko politika autonomikoko idazkariorde nagusi Javier Arenasek esan dutenaren arabera. Hala jaso du NacioDigital agerkari digitalak.

Lehendabiziko bajak PDeCAT-en: bi parlamentarik kargua eta alderdia utzi dituzte

Puigdemont alderdi bereko bi parlamentari Albert Batalla eta Jordi Cuminalek diputatu eta alderdiko kide izateari utzi diotela adierazi dute, hauteskunde autonomikoak aurrerapenaren albistea zabaldu bezain pronto.

 

PDeCAT alderdiko beste hainbat zinegotzi eta kide ere alderdia utzi dutela adierazten ari dira.

 

PSOE 155a aplikatzearen aurka, hauteskundeak baldin badaude

Espainiako Kongresuko PSOEko bozeramaile Margarita Roblesek adierazi du Katalunian hauteskundeak iragarriz gero, albiste ona izateaz gain, 155. artikulua aplikatzeak ez lukeela zentzurik “ez juridikoki ez politikoki”. Bere aldetik, Unidos Podemos-En Comú Podem-En Mareak eskatu dute 155aren tramitazioa bertan behera uzteko, prozesu guztia izaten ari den “ziurgabetasun juridikoagatik”, eta oposizioak prozesuan parte hartzeko duen eskubidea “erabat mugatzeagatik”.

ANC: "Gure jarrera argia da: independentzia aldarrikapena"

"Gure jarrera argia da: independentzia aldarrikapena". Oso garbi adierazi du ANCk bere jarrera hauteskundeak aurreratzeko aukerari muzin eginez. Ikasleen grebaren mobilizazioetara batu dira Omnium eta ANCko kideak. Puigdemont presidentearen hitzak adi jarraituko dituztela azaldu dituzte.

 

"Errepublika jada!" ikasle mugimenduaren oihua

Kataluniako Gobernuak hauteskunde autonomikoak deituko dituela dioen albistea azkar barreiatu da ikasle grebalarien artean eta  oso kritiko azaldu dira mobilizazioetan. "Errepublikada jada" ala "Puigdemont dimisioa" oihukatzen ari dira Generalitat-eko egoitzara bidean doazela.

 

 

Mobilizazioak Generalitateko jauregirantz eta PDeCATen egoitzarantz

Universitat plazan ikasleek deitua zuten manifestazioa Generalitateko jauregirantz abiatu da azken berriak jaso ondoren. Bestalde, Erreferendumaren Defentsarako Komite batzuek (CDR katalanezko sigletan) PDeCATen egoitza inguratzeko deia zabaldu dute.

 

Hauteskunde deialdiaren atzean, Iñigo Urkulluren bitartekaritza

Hauteskundeak deitzeko erabakiaren atzean Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak jokatu duen rola nabarmendu dute zenbait hedabidek. El Periodico-k, adibidez, titularrean aipatu du Urkulluren lana eta La Vanguardia-k ere haren lana azpimarratu du, PSCko Miquel Icetarenarekin batera.

Martin Aranbururen bi txio: "Dena aldatu da"

Artur Mas-en bulegoan aholkulari lana egiten duen Martin Aranbururen bi txiok ondo deskribatzen dute une honetako egoera.

Hauteskundeak abenduaren 20an egin daitezke, La Vanguardiaren arabera

Kataluniako hauteskundeen data ere mahai gainean jarri du La Vanguardiak: abenduaren 20an izan daitezke, egunkari kontserbadorearen arabera.

Puigdemontek Kataluniako parlamentua desegingo du Vilaweben arabera

Carles Puigdemontek Kataluniako parlamentua desegingo duela argitaratu du Vilawebek. Presidenteak horri buruzko azalpenak laster emango dituela ere gaineratu du hedabide digitalak.

Euskal hedabideetako ordezkari ugari Kataluniako hedabide publikoen aldeko kontzentrazioetan
Argazkia: ARGIA

Euskal hedabide ugaritako ordezkariak bildu dira eguerdian Kataluniako hedabide publikoen alde Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

PDeCAT eta ERCren zuzendaritzek bilera bana gaur eguerdian

Hauteskundeak deitzeko aukera hedabideetan indarra hartzen ari den egun honetan, PDeCAT eta ERCk zuzendaritza bilera bana egingo dute ostegun eguerdi honetan. ERCren zuzendaritza 12etatik dago bilduta eta PDeCATena 13:30ean bilduko da.

Puigdemontek hauteskundeetara dei dezake 155. artikulua saihesteko Nació Digitalen arabera

Carles Puigdemontek hauteskunde autonomikoak dei ditzake 155. artikulua saihesteko Nació Digital hedabideak argitaratu duenez. Agerkari digitalaren arabera, Junts pel Sí-ko talde parlamentarioari eta Generalitateko kontseilariei komunikatu die erabakia presidenteak. Goizeko 10etan deitu ditu Puigdemontek Kataluniako Gobernuko kideak eta bilera hasi eta ordu erdira bere koalizioko kideak ere Generalitateko jauregira joan dira.

Bartzelonako Udalak 155. artikulua aplikatzea arbuiatu du

Bartzelonako Udalak arbuiatu egin du 155. artikuluaren aplikatzioa BComú, PDECat, ERC, CUP eta Gerard Ardanuy (Demòcrates) zinegotziaren. C's, PP eta PSC arbuioaren kontra agertu dira.

Generalitateak 155. artikuluaren aplikazioari jarritako helegitea iritsi da Senatura

Kataluniako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeari jarritako helegiteak tramiterako onartu ditu Espainiako Senatuak 324 kate publiko kataluniarrak informatu duenez. Informazio horren arabera, goizeko 10ak pasata bidali ditu alegazioak Generalitateak, hau da, horretarako zeukan denbora pasata, baina halere onartu egin dute. Beste informazio batzuen arabera, ordea, atzerapen hori dela-eta, posible da helegiteak ez onartzea.

Carles Puigdemonten sinadura daukan dokumentuan, besteak beste, argudiatzen da Konstituzioaren 155. artikuluak zehazten duela autonomia erkidegoko autoritateei agindu behar zaizkiela hartu beharreko neurriak; eta hori ez dela bateragarria autoritate horiek kargugabetzearekin.

Parlamentuko saioa ostegunean 16:00etan hasiko da eta ostiral goizean izango da bozketa

Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellek azaldu du plenoa 16:00etan hasiko dela, eta ez 10:00etan aurreikusia zegoen bezala, eta bozketak ostiral goizean egingo direla. Ciudadanos alderdiak jada esan du eskatuko duela ordutegia ez aldatzeko eta plenoa goizean hasteko.

Puigdemont azkenean ez da Espainiako Senatura joango

Generalitateak jakinarazi du Carles Puigdemont presidentea azkenean ez dela Espainiako Senatura joango. "Espainiako Gobernuak jada erabaki du 155. artikulua aplikatzea".

ANCk deialdia aldatu eta ostiralean 12:00etan "Errepublika defendatzera" dei egin du Parlamentuaren aurrera

Deialdia aldatu du ANCk. Ondorengoa dio zabaldu duten mezuak:

"Alerta aldaketa, denok Parlamentura. Iritsi da unea! Errepublika defendatu behar dugu. Horregatik dei egiten diegu herritarrei Kataluniako Parlamentuaren aurrera ostiralean, 12:00etan. Errepublika zai daukagu, defendatu egin behar dugu".

Generalitateak berak orainduko die urriko soldata funtzionarioei

Ostegunetik aurrera Kataluniako funtzionarioak Generalitateak ordaindutako soldata jasotzen hasiko dira. Kataluniako Gobernuak gaur aginduko die bankuei hasi daitezela langile publikoen soldatak ordaintzen. Irailaren 20tik diru kontuak interbenituta ditu Kataluniako Gobernuak, hala ere, langile publikoei hil honetako soldata bere diru poltsatik ordaintzea erabaki du Generalitateak.

With Catalonia, Kataluniaren aldeko elkartasun mugimendua aurkeztu dute

Bart iluntzean atzera kontaketa martxan jarri zuten withcatalonia.org webgunean. Horrez gain sare sozialetan ere izen bereko kontuak zabaldu zituzten.Goizeko 11etan aurkeztu dute webgunea. Bertan munduko mapa bat ageri da eta mapan Kataluniaren aldeko erakunde edo egin izan diren ekintza ezberdinak bildu dituzte.

Horrez gain manifestu bat ere ageri da, sinatzaile zerrenda luze batekin batera. Manifestuaren sinatzaileen artean, David Fernandez eta Albaro Dante Fachín daude besteak beste.  Manifestuaren amaieran herritarrei hainbat eskari luzatzen dizkiete:

  • Mobilizazio eta presio espazio bateratuak sortzea #Kataluniarekin bat egin nahi duten indar demokratiko eta aurrerakoi guztiekin.
  • Ekitaldi publikoak egitea, kalean geldialdiak eta bestelako ekintzak benetan Katalunian pasatzen ari dena zabaldu eta espainiar estatuko sektore atzerakoi zein beren aliatuek zabaltzen dituzten bertsioak deuseztatzea.
  • Manifestazio eta elkarretaratzeak deitzea: zuen tokiko agenda kontuan izanik; nazioarteko deialdien parte bezala; edo Kataluniak pairatu dezakeen errepresio hazkundearen ondorioz erantzun urgente bezala.
  • Imajinazioa eta bat-batekotasuna martxan jarri!  Beste modu bateko ekintza moduak pentsatu eta funtzionatzen badute, esaguzue zabal dezagun.
  • Kataluniara delegazioak bidaliz gure borrokan lagun gaitzaten; Bartzelonan nazioarteko topaketa bat egitea pentsatzen gabiltza.
  • Hiri zein herrialde bakoitzean ulertu behar da zer dagoen jokoan. Gaur erabakitzeko eskubidea zapaltzen bada, bihar beste oinarrizko eskubide batzuk izan daitezke zapalduak.
  • Katalunian ematen ari den borroka gure lurreko gehiengoaren justizia eta demokraziaren aldeko borrokaren parte da. Hortaz, mesedez aktibatu ezazue Kataluniaren alde elkartasuna. Zuengatik eta guregatik.

Webgunea zazpi hizkuntza ezberdinetan irakur daiteke.

ANCk bere bazkideei kuota kobratzeari utzi dio, diru kontuak blokeatuko dizkiotelakoan

Hiru hilabetez behin, bazkideei kobratu ohi zien kuota kobratzeari utzi dio ANCk. Horrela erabaki zuen Idazkaritza Nazionalak urriaren 7an egin zuen bileran, ElNacional.cat hedabideak jakinarazi duenez.

Erakundean barne mailan zabaldu duten oharrean jasotzen dutenez, “ diru kontuak blokeatuko dizkigutela dioen zurrumurrua dabil”. Beraz zurrumurru horren aurrean momentuz kuota ez kobratzea erabaki du independentziaren aldeko elkarteak.

 

Kataluniako 600 elkarteri diru laguntzak eten dizkio Espainiako Ogasunak

Irailaren 20tik Espainiako Gobernuak Kataluniako Gobernuaren diru kontuak interbenituta dauzka. Kataluniako Generalitateak Auzitegi Gorenean neurri horren aurkako errekurtsoa jarri badu ere, oraindik Espainiako Gobernuak erabakitzen ditu Kataluniako diru kontuen nondik norakoak.

Xarxa.net orrialdeak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak, gazte politikei, herrigintzako proiektuei eta boluntariotzari loturiko 600 proiekturi diru laguntzak eten dizkie. Elkarte hauek salatu dute, erabakiak euren eguneroko jardunarekin jarraitzea oztopatuko diela. 

Jordi Sanchez eta Jordi Cruixartek Kataluniako espetxe batera gerturatzea eskatu dute

Jordi Sanchez ANCko presidentearen eta Jordi Cruixart Omnium Culturaleko presidentearen abokatuak bi kideak Kataluniako espetxe batera lekualdatzea eskatu du. Bai Sanchez eta baita Cruixart ere egoera "onean" daudela azpimarratu du Catalunya Ràdio-ri eginiko elkarrizketa batean. "Animoz oso ondo daude, lehen egunean baino askoz hobeto". El Mundo egunkariak Sanchezek modulu aldaketa eskatu zuela argitaratu zuen, irainak eta presioak ari baitzen jasotzen. Jordi Pina abokatuak guztiz gezurtatu du informazioa eta argi utzi nahi izan du horrelakorik ez dela gertatu.

UABko ikasleek hiru eguneko greba abiatu dute 155aren aurka

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikasleek hiru eguneko protesta abiatu dute 155. artikuluaren aplikazioaren aurka protesta egiteko eta Jordi Cuixart eat Jordi Sánchez askatzeko eskatzeko. Horrela Unis x la República sindikatuaren deialdiari egun batez aurre hartu diote.

Manifestazioak debekatzeko eskumena emango dio 155 artikuluak Espainiako Estatuari

Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioan berrikuntzak. Espainiako Estatuari emango dizkio eskumenak manifestazioak baimendu edo debekatzeko. El Matí de Catalunya Ràdio saioan aurreratu eta El Nacionalek jaso duenez, eta adierazi dute Espainiako Barne Ministroak izango duela azken hitza kontzentrazio bati argi berdea eman aurretik.

"Errepublikaren aldeko akordio hauskorra" lortu dute

Puigdemontek prozesu independentistaren "Estat major" delakoa bildu du gauean, eta RAC3 hedabideak zabaldu duenez, amaierarako lortu dute "Errepublikaren aldeko akordio hauskorra". Independentzia aldarrikapena aurreikusten du ostegunerako.

ANCk dio biharkoa "egun transzendentala" izango dela eta 17:00etan deitu du Parlamentuaren aurrera

"Jende guztia deitzen dugu 17:00etatik aurrera Parlamentuaren aurrean. Eguna transzendentala izango da. Jende asko espero dugu Errepublika heltzen denerako". Horrela amaitzen da ANCk astearte gauean zabaldu duen mezua.

Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellek ostegunean 10:00etan 155. artikuluari buruzko plenora deitu du. ANCtik zabaldu duten oharrean diote "pleno luzea" izango dela, eta xehetasunak jakinarazten joango direla.

Herriz herri 155. artikuluari aurre nola egin azaldu dute

155 i ara què hitzaldiak antolatu dituzte ANC eta Òmniumek Katalunia osoan barrena. Orotara milaka lagunen aurrean, herriz herri, datozen egunetako plana azaldu diete. Edukia jakinarazi ez badute ere, herrietako antzoki eta aretoak jendez mukuru nola zeuden erakusten duten argazkiak sareratu dituzte. Jarraian batzuk.

"Bere buruaren defentsan Kataluniak independentzia aldarrikatzea", JxSí-k bere diputatuei banatutako argudio-sortaren muina

"Defentsa modura, estatuak zanpa ez gaitzan, independentzia aldarrikatzea", hori da Junts Pel Sí-k ostegunean, Kataluniako Parlamentuko osoko bilkuran, izango duen jarreraren muina, Vilawebek zabaldu duenez. Agerkariaren esanetan, hala jasotzen du koalizioak bere legebiltzarkideei banatu dien dokumentu batek, bilkura egin bitartean adierazpen publikoetan erabili beharreko argudioak jasotzen dituena.

Dokumentuan esaten da elkarrizketari lehentasuna eman behar zaiola, baina independentzia aldarrikatu behar dela katalanek hauteslekuetan azaldutako borondatea gauzatu dadin. "155a saihesteko eta independentzia gauzatzeko erresistentza beharko da, eta ezin izango dugu bakarrik egin, jendearekin batera baizik, orain arte bezala. Denon esku dago", dio halaber.

ANCk eta Òmnium Culturalek ehun ekitaldi baino gehiago antolatu dute egunotarako, JxSí eta CUPeko legebiltzarkideen parte hartzearekin, Kataluniaren etorkizun hurbila azaltzeko.

ARGIAk bat egiten du Kataluniako hedabide publikoen defentsan deitutako mobilizazioekin

Espainiako Gobernuak TV3, Catalunya Radio eta ACN zuzenean kontrolatzeko iragarritako asmoak adierazpen askatasuna eta prentsa askatasunaren aurkako eraso zuzena dela iritzi diogu ARGIAko langileok. Beraz, Euskal Herriko hainbat komunikabidetako langileek deitutako protestarekin bat egin du ARGIAk. Ostegunean, Bilbo, Donostia eta Gasteizko elkarretaratzeetan parte-hartzera dei egiten dugu.

Urriaren 26an, 12:00etan elkarretaratzeak:
– Gasteiz: Andre Maria Zuriaren plazan.
– Donostia: Bulebarrean
– Bilbo: Arriaga plazan.

Agiri osoa irakurtzeko hemen klikatu.

 

CUP: "Hauteskundeetara deitzea morrontza litzateke, ez dugu onartuko"

Abisua eman dio CUPek Carles Puigdemonti: "Gobernuak hauteskundeetara deitzen badu, guztiz kontra egingo diogu erabakiari". Hala adierazi du Carles Riera legebiltzarkideak. Haren esanetan, Generalitateak oraintxe mahai gainean dituen aukeretako bat da hauteskundeena: "Independentzia prozesua geldiarazteko modurik eraginkorrena litzateke hori". Sumisioz jokatzea litzatekeela gehitu du, "morroien pare".

Independentzia aldarrikatzea nahitaezkoa dela esan du Rierak, eta Puigdemonti eskatu dio ez dezala bestelako biderik hautatu.

Puigdemont-Rajoy buruz burukoa Espainiako Senatuan?

155. artikuluaren aplikazioa dela-eta Carles Puigdemontek Espainiako Senatura joan nahi duela garbi utzi du Generalitateak astearteko bileraren ostean. Alta, nahi hori Kataluniako Parlamentuak deituta duen osoko bilkuraren bateragarria izan dadin oztopo handiak jartzen ari direla salatu du Jordi Turull Generalitateko bozeramaleak.

Azken orduetan, beste aukera bat agertu da mahai gainean, Nació Digital agerkariak jaso duenez: Puigdemont eta Rajoy presidenteek aurrez aurre eztabaidatzea, bai 155ari buruzko Senatuaren batzorde bateratuan (ostegunean), bai ostiralerako deituta dagoen osoko bilkuran ere. Pedro Sanz Senatuko presidentea bera izan da aukera hori aipatu duena.

155ari helegiteak aurkeztuko dizkio Generalitateak, “ondoren nazioarteko auzitegietan apelatu ahal izateko”

Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak iragarri du 155. artikuluaren aplikazioa geldiarazteko hainbat helegite judizial aurkeztuko dituela Kataluniako Gobernuak. Helegiteon emaitzaz konfiantza eskasa dutela gaineratu du Turullek, baina ondoren nazioarteko epaitegietara jo ahal izateko ezinbesteko pausotzat jo ditu.

Asteartero Generalitateko gobernu taldeak egiten duen bileraren ondoko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak Jordi Turullek. Agerraldi berean, esan du Carles Puigdemont presidenteak borondatea duela Espainiako Senatuan azalpenak emateko, baina gero eta zailago jartzen ari zaiela Madrilera joatea Kataluniako Parlamentuak 155az hitz egiteko deituta duen osoko bilkuran hutsik egin gabe.

"Kataluniako erakundeak suntsitzeko ahalegina"
Jordi Turull, Generalitateko bozeramalea. (Arg.: CiU)

“Senatuak badaki osoko bilkura deituta dagoela”, esan du Turullek, “eta borondate kontua besterik ez da [Puigdemont] leku bietan egon ahal izateko gauzak antolatzea”. Senatura joatekotan, presidenteak salatu egingo du PP eta PSOEren arteko akordioaren bitartez gauzatu nahi duten “ergelkeria politikoa”. Turullek berak gogor kritikatu du 155. artikuluaren aplikazioa, “Kataluniako erakundeak suntsitzeko ahalegina” den heinean.    

Kataluniako Parlamentuan Generalitateak proposatuko duen erantzuna zer-nolakoa izango den iragartzeari uko egin dio Turullek. Ezer baino lehen, independentziaren aldeko gehiengoarekin adostasunera iritsi nahi duela argudiatu du bozeramaleak.

Kataluniako hezkuntza mobilizatu egingo da, "doktrinatzeaz akusatzeagatik" protestan

Kataluniako MUCE, Marc Unitari de la Comunidad Educativa (Hezkuntza Komunitatearen Esparru Bateratua) delakoko ordezkariek mobilizaziorako deia egin dute, azken asteetan Kataluniako eskolek jasandako erasoak direla eta. Elkarretaratzeak egingo dituzte eskualde buruetako udaletxeen aurrean asteazkenean 18:00etan.

Hala erantzun nahi diete ikasleak doktrinatzea leporatu izanari. No ens toqueu l'educació (Ez ukitu gure hezkuntza) goiburuarekin bilduko dira, Kataluniako eskola eredua eta murgiltze linguistikoa defendatzeko. Eredu hori oso arrakastatsua dela aldarrikatu dute, eta gehitu dute ez dutela kanpoko esku hartzerik onartuko.

MUCEko kideek adierazi dute Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPren buruari kereila bat jartzeko aukera aztertzen ari direla, hark eskolen aurka egindako adierazpenegatik. Besteak beste, Espainiarekiko gorrotoa sustatzea aurpegiratu zien Garcia Albiolek. Era berean, Generalitateko Hezkuntza Sailak zerbitzu juridikoak ipini ditu lanean, Espainiako Gobernuko eta zenbait alderi politikotako kideen aurka bide judiziala ireki dezaten, "funtsik gabeko salaketak direla eta".

MUCEko ordezkariak. (Arg.: ACN)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude