Sanchez (ANC) eta Cuixart (Omnium) espetxeratu dituzte Lamela epailearen aginduz

  • Kataluniako bi milioi herritar baino gehiagok autodeterminazio erreferendumean bozkatu zuten urriaren 1ean, Espainiako Estatuko poliziaren eraso larriei aurre eginez. %90 inguruk baiezkoaren alde bozkatu zuen. Geroztik, mahai gainean da Katalunia estatu independente izateko aukera. Unean uneko gertakariak jarraitzen ari gara.

ARGIA @argia
2017ko urriaren 16a
Gakoak
Sanchez eta Cuixart Espainiako Auzitegi Nazionalera sartu diren unea.
Espainiako enbaxada okupatu dute Atenasen, Kataluniaren aurkako errepresioa salatzeko

Rouvikonas kolektiboko 20 bat lagunek Espainiak Atenasen duen enbaxada okupatu dute gaur goizean, Kataluniaren aurkako errepresioa salatzeko.

"Errebeldia eta sedizioagatik" Puigdemonten aurka jarritako kereila onartu du Kataluniako Epaitegi Gorenak

VOX alderdi ultraeskuindar espainiarrak jarri zuen salaketa urriaren 1eko erreferenduma antolaketaren harira eta orain aintzat hartu du Kataluniako Justizia Epaitegi Gorenak. Generalitateko President-ari ezezik, Gobernuko eta Parlamentuko mahaiko kideei ere eragiten die.

PSOEk iragarri du Rajoyrekin adostu duela Konstituzioaren erreforma abiatzea

Pedro Sanchez PSOEko buruak azaldu du akordiora iritsi dela Mariano Rajoyrekin. Eredu autonomikoaren ebaluazioa ekarriko luke adostasun horrek eta sei hilabeteko epean Espainiako Konstituzioaren erreforma abian jartzea. Sanchezek esan du, Kataluniako Gobernuak atzo egindako adierazpena argitzen ez badu, Rajoy babestuko duela "neurri konstituzionalak" hartzerako orduan.

Independentzia aldarrikatu duen ala ez argitzeko eskatuko dio Moncloak Generalitateari

"Atzoko adierazpenak eragindako nahasmenaren ondoren", Espainiako ministroen kontseiluak adostu du Generalitateari eskatzea argitu dezan ea independentzia aldarrikatu duen ala ez. Rajoyk azaldu duenez, Generalitateak ematen duen erantzunaren arabera ikusiko da zer norabide hartzen duten ondorengo egunetan. Kataluniako Gobernuari igorritako galdera honekin bidea irekitzen du autonomia bertan behera uzteko aukera ematen duen 155. artikulua aplikatzeari.

Mariano Rajoyk eguerdiko 12etan hitz egingo du

Goizetik bilduta dago Espainiako ministroen kontseilua Kataluniako egoera aztertzeko, atzo Carles Puigdemontek egin zuen adierazpenaren ondoren. Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa mahai gainean dago, Kataluniako autonomia bertan behera uztea ekarriko lukeena. Eguerdiko 12etan emango du Rajoyk hartu duten erabakiaren berri.

PSOEk eta Ciudadanosek Kataluniari buruzko galderak erretiratu dituzte Kongresuan

Espainiako Kongresuak Gobernuaren kontrol-saioa du gaur. Ikusmina dago Ciudadanosek eta batez ere PSOEk hartuko duten jarreraren inguruan. Azken berriek diotenari kasu egitera, ordea, jarrerak hasi dira argitzen: bi alderdiek erretiratu egin dituzte Rajoyri Kataluniako auziaz egin behar zizkioten galderak. Zenbaiten ustez, keinu horrek adierazten du Espainiako Gobernuaren jarrera babestuko dutela.

Jordi Turull: "Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatuz gero, errepublika aldarrikatu beharko dugu"

"Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatuz gero, elkarrizketarik ez dutela nahi agerian utziko du eta beraz, errepublika aldarrikatu beharko dugu". Gaur goizean Catalunya Radion Generalitateko eledun Jordi Turrullen hitzak dira.

Elkarrizketarako tarteari epe-mugarik ez diotela jarri adierazi du Generalitateko eledunak. Ondorengo titularrak ere azpimarratu ditugu:
- "Ez diogu ezerri uko egin, gure buruari denbora-luzapena eskaini diogu elkarrizketaren bidea arakatzeko"
- "Urriaren 1eko agindua bere egin du President-ak. 'Nola' eta 'noiz' Parlamentuaren esku daude".
- "Ez dago asteak itxaron beharrik jakiteko ea Espainiako Estatuak elkarrizketarako gogorik duen"
- "Askok esan digute: egin ezazue keinu hau (independentzia aldarrikapenaren etetea)"

Kaleko mobilizazioa argazkitan

Milaka lagun batu dira Bartzelonako Lluis Companys etorbidean, Carles Puigdemonten adierazpena entzuteko. Lander Arbelaitzen argazkiak.

 

ANCren webgunea itxi du Guardia Zibilak

 

CUPek esan du Generalitatearekiko konfiantza "ahulduta" dagoela, eta epea ipini dio nazioarteko bitartekaritzaren iraupenari: hilabete bat

Quim Arrufat CUPeko bozeramaleak esan du bere alderdiak Generalitatean duen konfiantza "ukituta" geratu dela Carles Puigdemontek Legebiltzarrean egindako adierazpenaren ostean, eta gehienez hilabete eman behar zaiola nazioarteko bitartekeritza prozesuari.

CUPeko eta Junts pel Sí-ko parlamentariek etenda geratu den independentzia aldarrikapena sinatu eta gero egin ditu adierazpenok Arrufatek, prentsaurrekoan.

CUPen prentsaurrekoa. (Arg.: Sara Gonzalez)

 

Rajoyk Ministro Kontseilua deitu du, 155. artikulua aplikatuko duten erabakitzeko

Puigdemontek badu Moncloaren erantzuna: Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ez ohiko Ministro Kontseilua deitu du bihar goizeko 9:00etarako, Kataluniako Gobernuaren aurka zer neurri ezarriko duen erabakitzeko. Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak iragarri du erabakia, eta Generalitatearekin inolako elkarrizketa egongo denik ukatu du. 

Soraya Saenz de Santamaria, Espainiako Gobernuko presidenteordea.

 

Iñigo Urkulluk begi onez ikusi du Puigdemonten hitzaldia

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak sare sozialen bidez balorazio baikorra egin du Carles Puigdemonten hitzaldiaren inguruan.

JxSí eta CUPeko parlamentariek independentzia agiria sinatu dute; elkarrizketa fasearen ostean gauzatzekoa litzateke

Legebiltzarreko saioa amaituta, Junts pel Sí eta CUP taldeetako legebitzarkideek errepublika katalanaren adierazpen agiria sinatu dute. "Hainbat astez" luza litekeen elkarrizketa fasea amaitutakoan gauzatzekoa litzateke adierazpena.

Hemen irakurri daiteke osorik:

 

Carles Puigdemonten hitzaldia 40 esalditan

- "Katalunia afera europar bilakatu da".
- "Une larria da eta gure gain hartu behar dugu dagokigun erantzukizun puska".
- "Ezingo dugu aurrera egin ez bada demokrazian eta bakean".
- "Mobilizatu diren guztiak dira bat eginik jarraitu behar duen herri baten osagai".
- "Gaur azalduko dizuedana ez da erabaki pertsonal bat, urriaren 1eko emaitza da".
- "Hemen gaude urriaren 1ean erreferendum bat burutu genuelako muturreko baldintzetan".
- "Hala eta guztiz ere, 2.000.000 katalanetik gora katalanek botoa eman zuten mehatxuen gainetik".
- "Salatu behar dugu Estatuaren jokabideak tentsioa eragin duela".
- "Bada jendea kezkatuta eta estututa dagoena gerta daitekeenagatik".
- "Arrazoirik gabeko bortizkeriak eta enpresen lekualdatzeak ere zikindu du giroa".
- "Francoren heriotzaz geroztik Kataluniak lagundu dio Espainiako demokraziaren sendotzeari".
- "Urteen joanean Espainiako sistema inboluzionatzen joan da".
- "2005.ean Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak Estatutu berri baten proposamena onartu zuen".
- "Gure proposamenak azalarazi zuen katalanofobia handia".
- "Estatutua bozkatu genuen 1.899.000 botorekin, urriaren 1ekoak baino gutxiago".
- "Beranduago, bigarrenekoz kimatu ziguten Estatutua, jadanik bozkatua zegoena".
- "Auzitegi Konstituzionalak Estatutuaren kontra emandako ebazpenaz geroztik, Espainiako sistema politikoak ez du behatz bat mugitu".
- "Herritarrek sinesten dute bizirauteko modu bakarra dela Katalunia estatu izatea".
- "Erreferenduma egin ahal izateko, instituzioek eta jendarte zibilak hainbat ekimen proposatu ditu".
- "Elkarrizketa eskatu dugu alde biek onartutako erreferendum bat burutzeko".
- "Britainia Handian egin ahal izan bazen hori, zergatik ez hemen?".
- "Mundua harrituta utzi duten manifestazioak egin ditugu".
- "Gure eskariak beti bakean adierazi ditugu".
- "Eskatzen dugu erabaki ahal izateko askatasuna eta Estatuan ez dugu solaskiderik aurkitu".

(Puigdemont gaztelaniaz mintzatu zaie Espainiako Estatuko herritarrei)

- "Ohartzen naiz zer nolako informazioa ematen dizueten, baina eskatzen dizuet saia zaiteztela jakiten zerk ekarri gaituen honaino".
- "Ez daukagu ezer ez Espainiaren eta ez espainiarren aurka".
- "Gure arteko harremana ez dabil ondo eta ez da ezer egin egoera aldatzeko".
- "Kataluniak irabazi du estatu independente izateko eskubidea".
- "Gaur entzuten eta errespetatzen gaituzte".
- "Hautetsontziek diote Bai independentziari".
- "Gauza bat da Urriaren 1aren aurrekoa eta beste bat ondorengoa".
- "Nire gain hartzen dut herriaren agindua Katalunia estatu independente bilakatzeko".
- "Gobernuak proposatzen dio Parlamentuari eten ditzala independentzia adierazpenaren eraginak".
- "Elkarrizketa epe bat irekitzen dugu".
- "Proposatzen dugu adierazpena aste batzuetarako etetea elkarrizketari ekiteko".
- "Eskatzen diet herritarrei jarrai dezatela adierazten askatasunez eta errespetuz".
- "Eskatzen diot politikari laguntzeko tentsioa baretzen".
- "Espainiako gobernuak entzun beharra dauka hitz egin beharra dagoela diotenei".
- "Eskua luzatzen diogu elkarrizketari".
- "Estatu espainiarrarekiko gatazka konpondu dezakegu".

Anna Gabriel (CUP): "Ez diezaiogun errepublikari uko egin, borroka fase berria hasten da gaur"

"Kataluniako Errepublika aldarrikatzea zegokigun gaur, eta aldarrikapen hori ez da nahi genukeen moduan iritsi" esan du Anna Gabriel CUPeko legebiltzarkideak bere hitzaldian; "norekin negoziatuko dugu, nor izango da bitartekari?", gehitu du, Carles Puigdemont presidenteari zuzendutako galderan. Gabrielek azpimarratu du "jardun faxistei aurre eginez" iritsi dela Katalunia gaurko egoerara: "Ezin liteke bozkatu ahal izateko 900 zauritu baino gehiago egon behar izatea".

Urriaren 1eko erreferendumaren emaitza praktikara eramateko borondatea berretsi du CUPeko parlamentariak: "Ez diezaiogun errepublikari uko egin, borroka fase berria hasten da gaur".

 

"Traidoreak" oihukatu dute independentista batzuek parlamentuaren kanpoaldean

"Traidoreak" oihuak Kataluniako parlamentuaren kanpoaldean. Independentista batzuen artean haserrea ere eragin du Puigdemontek iragarritako independentziaren etendurak.

Hurrengo urratsa erabakitzeko bilera egiten ari da Espainiako Gobernua, ABCren esanetan

Espainiako Gobernuko zenbait kide, tartean Mariano Rajoy presidentea eta Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea, bileran daude oraintxe Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkuraren osteko neurriak erabakitzeko. ABC egunkariaren esanetan, Moncloak  "txantaia onartezintzat" jo du Carles Puigdemonten hitzaldia. Iturri horien arabera, "independentzia aldarrikapen inplizitua" egin du Generalitateko presidenteak, eta horrek ondorio legalak ekarriko dizkio.

Madrilek independentzia aldarrikapentzat hartu du Puigdemonten hitzaldia, eta neurriak iragarri ditu, El País-en arabera

El País espainiar egunkariak kaso berri duenez, Carles Puigdemonten hitzak independentzia aldarrikapen baten parekoak dira Moncloako iturrien arabera, eta Espainiako Gobernuak horren aurrean zer neurri hartu aztertuko du.

 

CUP: "Gu errepublika aldarrikatzera etorri gara gaur"

CUPek Twitter bidez eman du lehenbiziko iritzia Carles Puigdemontek gaur iragarri duen independentzia aldarrikapena eten ostean. "Gu, jendea bezala, errepublika aldarrikatzera etorri gara #beldurbarik" irakurtzen da txioan.

 

Puigdemonten hitzaldia txalotu du Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak

"Balora dezagun Puigdemontek agertu duen seny-a (sen ona)", adierazi du Pablo Iglesias Podemoseko buruak. "Behar beste elkarrizketa eskatzen diot Puigdemonti; Rajoyri, berriz, onar dezala Espainia plurinazionala dela eta Kataluniako herritarrei entzun egin behar zaiela".

Puigdemonten hitzaldiak giroa hoztu du Parlamentu aurrean bildutakoengan

Independentzia aldarrikapena eten eta elkarrizketarako fase bat irekitzeko eskaera egin dio Carles Puigdemontek Kataluniako Legebiltzarrari. Kanpoko aldean dauden milaka lagunen artean giroa hoztu du horrek, bertan diren Estitxu Eizagirre eta Lander Arbelaitz ARGIAko kazetarien esanetan.  

Puigdemontek eten egin du independentzia adierazpena, negoziazio fase bat hasteko

Carles Puigdemontek adierazi du independentziari baiezkoak aukera ematen duela Kataluniak independentzia deklaratzeko. Baina jarraian, adierazi du adierazpen hori eten egingo duela elkarrizketa negoziazio fase bati hasiera emateko.

Egoeraren aurrekarietan oinarritutako hitzaldia

Kataluniako egoeraren aurrekariek pisu handia izan dute haren hitzaldian. Gogora ekarri du 1978ko Espainiako Konstituzioaren onarpena, hura kataluniarrentzat abiapuntua izan zela adieraziz, baina autogobernu handiagoa lortzen saiatu zirenean jabetu zirela Espainiako "elite hegemonikoek" garbi adierazi zutela helmuga zela haientzat.

2005ean Kataluniako parlamentuak onartu zuen Estatutu berria gogora ekarri du, nola %88ak onartu zuen baina gero onartutako testua aldatu behar izan zuten, Auzitegi Konstituzionalak hala aginduta. "Umiliazioa" izan zela azaldu du Puigdemontek eta nola geroztik milioika herritar ondorio batera iritsi ziren: bizirauteko Katalunia estatu bihurtu behar zela.

Jazarpen judizial eta polizialaren salaketa

Erreferendum paktatuaren aukera ere proposatu zutela nabarmendu du, baina ezezkoaz gain jazarpena ere pairatu dutela (Mas, Rigau, Forcadell eta beste hainbat hautetsik epaitegietatik pasa behar izan dutela azpimarratuz).

Gaztelaniaz hitz egin du tarte batez, Espainiako Estatuko herritarrei zuzentzeko. "Kontziente naiz medio gehienek ematen dizueten informazioaz, zer narratiba instalatu den", esan du; "ez gara eroak, kolpistak... jende normala gara, boza eman nahi duena, adostuta egiteko prest egon gara. Hobeto ulertu nahi dugu elkar ze orain, harremanak ez du funtzionatzen eta ez da ezer egin jasangaitza den egoera aldatzeko".

"Konstituzioa marko demokratikoa da baina egia da badagoela demokrazia konstituziotik harago ere", gaineratu du Kataluniako presidenteak. Gero, amaitzeko, urriaren 1eko erreferendumaren emaitzekin, Kataluniak estatu independente izateko eskubidea irabazi duela baieztatu du, negoziaziorako independentzia adierazpena eten aurretik.

Diputatuak sartu dira hemiziklora: Plenoa hasiko da

Cs-ko eta PPko diputatuak hemiziklora itzuli dira eta horren ondoren. Carme Forcadell Parlamenteko presidentea ere sartu da aretoan. Puigdemont eta Junqueras ere bertan dira. Plenoa hasiko da.

Junts pel Sí taldeko parlamentariekin bilduta dago Puigdemont, agerraldirako minutu gutxi falta direnean

Nahasmen handia dago uneotan Parlamentuan; hipotesiak dantzan dabiltza baina inork ez daki zehazki zer dela-eta atzeratu den ordubete Carles Puigdemonten agerraldia. Bitartean, presideneta Junts pel Síko parlamentari gehienekin bileran dago oraintxe. Aurretik JxSi eta CUPen arteko bilera izan da, azken horien desadostasunak izan baitaitezke atzerapenaren zergatia; Vilaweben arabera, bileratik pozik atera dira CUPeko kideak.

CUPekin desadostasunak ere atzerapenaren arrazoi izan litezke El Nacionalen arabera

Nazioarteko bitartekaritzaz gain, CUPekin desadostasunak ere badaude plenoaren atzerapenaren atzean El Nacional webguneak argitaratu duenez.

TV3k azaldu duenez CUPek esan du Puigdemontek irakurri beharreko testua ordubete lehenago jaso duela eta aztertzen ari dela, horregatik atzerapena.

Junckerren prentsa-arduradunak ukatu du atzerapenak Europako Batzordearekin zerikusia duenik

Carles Puigdemonten agerraldiaren atzerapenaren motiboa Europako Batzordearen bitartekaritza izan zitekeela adierazi dute azken minutuetan zenbait hedabidek. Jean-Claude Junckerren prentsa arduradunak ukatu egin du Twitter bidez.

 

Jordi Sànchez (ANC): "Elkarrizketa eta nazioarteko bitartekaritza izango dira Puigdemonten agerraldiaren ardatzak"

Jordi Sànchez ANCko presidenteak adierazi du "elkarrizetarako deia eta nazioarteko bitartekaritza" izango direla Carles Puigdemontek Kataluniako Parlamentuan egingo duen agerraldiaren ardatzak. Legebiltzarrean bertan egin ditu adierazpenok Sànchezek.

Plenoa ordubete atzeratu da: nazioarteko bitartekaritzak eragina izan dezake zenbait iturriren arabera

Puidgdemontek berak eskatu du plenoa ordubete atzeratzeko El Nacional-en arabera. TV3ek azaldu duenez, plenoaren aurretik parlamentuko mahaiaren bilera deitu dute. Atzerapena nazioarteko bitartekaritzarekin lotuta egon daitekeela adierazi diote Catalunya Radiori Puigdemonten gobernuko iturriek. Bestalde, PPk eta Ciudadanosek eskatu dute plenoa bertan behera uzteko, baina proposamen horrek ez du aurrera egingo parlamentuko mahaian alderdiek duten pisua kontuan hartuta.

Mariano Rajoyk 155. artikuluaz harago doazen legeak ezar ditzake Katalunian

El Paisek zabaldu duenez, Madrilgo gobernuaren bozeramaile Rafael Hernandoren ahotan jarrita, Mariano Rajoyren gobernuak 155. artikulutik haragoko erantzun multzo konplexuago bat dauka prestatuta Kataluniarako. 155. artikulua ezartzeko oinarri juridikoa falta dela esan dio Rajoyk gaur Ciudadanoseko Albert Riverari.

Andoni Unzaluk (PSE) Kataluniari 155. artikulua ezartzea defenditu du

Naiz-ek argitaratu duenez, Turismo sailburuaren gabineteburu den Andoni Unzaluk Euskadi Irratiko tertulian defenditu du Kataluniari Espainiako konstituzioaren 155. artikulua ezartzea, baztertu gabe Puigdemont presidentea bera atxilotzea. EH Bilduk eskatu du Unzalu berehala kargutik kentzeko.

BIDEOA: Puigdemont Legebiltzarrera iritsi den unea

 

"Tankerik ez begi-bistan": Katalunian dauden indar militarren mugak azaldu ditu 'La Directa'-k

"Tankerik ez begi-bistan" izenburua jarri dio La Directa-k gaur argitaratutako artikulu bati, zeinean aztertzen den Katalunian armada espainiarrak daukan presentzia. Azken asteetan sare sozialen bidez irudi asko zabaldu dira, erakutsiz ibilgailu militarrak Kataluniara bidean. Datuetan oinarrituta ordea, hedabide kataluniarrak azaldu du presentzia militarra ez dela ohikoa baino handiagoa, salbuespen bakarrarekin: Zaragozatik bidalitako 20 kamioi, funtzio logistikoarekin bidaliak Sant Boira.

Jesus Rodriguez kazetariak sinatutako piezaren arabera, 70.000 eta 270.000 soldatu artean beharko lirateke Katalunia kontrolpean edukitzeko –kopuruan hainbesteko tartea egotearen arrazoia da, herritarrek hartuko luketen jarrera aldagai garrantzitsua delako mota horretako operazioetan–. Bestalde, kontrol sinbolikoago baterako –garraio, energia eta telekomunikazioen oinarrizko azpiegiturak hartzea, adibidez–, 5.000 soldatu beharko lituzkete. La Directa-ren arabera, gaur egun armadak Katalunian dauzkan indarrekin, hori ere ez litzateke posible.

Pintaketa faxistak Bartzelonako Ramón Llull eskolan

Margoketak agertu dira urriaren 1ean errepresioa gehien jasan zuen guneetako batean, Bartzelonako Ramón Llull eskolan. Katalunia Espainia dela aldarrikatuu, Puigdemont iraindu eta Guardia Zibila goratzen dute pintadek, besteak beste.

 

Munduko suhiltzaileok, zatozte gurekin batera herritar katalanak babestera

 “Zerbitzuz kanpo gaudenean, poliziaren erasoengandik herritarrak defendatzera kalera ateratzen ari garen suhiltzaileak gara. Munduko suhiltzaile maiteak, Kataluniako suhiltzaileok zuen laguntza eskatzen dugu, gure herritarren funtsezko eskubideak babesteko”. Horrela dio suhiltzaile katalanek zabaldu duten webguneak. “Etorri eta lagundu nahi bagaituzu zibilak babesten, demokraziaren, eskubideen eta askatasunen borrokan, jarri gurekin harremanetan! Eskuak zabalik hartuko zaitugu eta lo egiteko lekua aurkituko dizugu”. Kataluniako profesionalei babesa adieraziz nazioarteko suhiltzaileek manifestua sinatzeko edo argazkia ateratzeko aukera ere ematen du guneak.

 

Aldebakarreko independentzia aldarrikapenik ez dezala egin eskatu dio Puigdemonti Europako Kontseiluko presidenteak

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak "elkarrizketa ezinezko bihurtuko duen" iragarpenik egin ez dezala eskatu dio Carles Puigdemonti, twitter bidez.

 

 

Urriaren 1ean poliziak eragindako lesioengatik 218 salaketa jada Bartzelonako hirian

ANCk jakinarazi duenez, dagoeneko 218 salaketa jaso dira Bartzelona hirian urriaren 1ean Espainiako poliziek eragindako lesioak direla eta. Gehienak lesio arinak dira, baina bi kasu larri ere badaude.

Puigdemonten aurkako kereila jartzea aztertzen ari da Espainiako fiskal nagusia

Carles Puigdemont Generalitateko presidentea auzitara eramatea aztertzen ari da José Manuel Maza Espainiako Estatuko fiskal nagusia. Ara egunkarian jaso dutenez, Puigdemontek parlamentuan egingo duen adierazpenarenaren ondoren gerta daitekeenaz Mazaren inguruko iturriek ez dute inongo ekintzarik baztertzen, ezta “iraultza delitua” leporatuta presidentearen aurkako kereila aurkeztea ere. Delitu horregatik 15-25 urte arteko espetxe-zigorra jaso dezake. Dirudienez, informazio hori iritsi zitzaion Pablo Casado PPko komunikazio idazkariordeari, eta horregatik iradoki zuen bere diskurtsoan Puigdemontek kartzelan bukatu dezakeela.

 

Traktoreek bete dute Lluís Companys pasealekua

Puigndemonten agerraldirako pare bat ordu falta denean, estelada eta senyerekin jantzitako traktore ugarik bete dute Bartzelonako Lluís Companys pasealekua, bertakoen txaloen artean.

 

 

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16
> >>

Kataluniako erreferenduma kanaletik interesatuko zaizu...
"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri osoa atera zen kalera 1976an.  Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


2017-10-15 | Juan Mari Arregi
Katalunian enpresa exodoa?

Kataluniako prozesu soberanistak Espainiako Estatuko botere guztiak bat egitea ekarri du independentzia lortzea eragozteko.


ARGIA Katalunian jarri nahi izan dugu

Lehengo astean txoko honetatik aipatu nizuen urriaren 1ean mundua bukatuko zela pentsatzen zutenei ere adierazi nahi niela egunak beti argitzen duela eta munduak aurrera jarraitzen zuela; ez nuela erreferendumaz hitz egin gura, eta Argia Egunaz jardun nizuen. Gaur ezin dut Herrialde Katalanetara begiratu gabe geratu.

Nahikoa analisi eta artikulu irakurria izango zara dagoeneko, eta ez dut uste nire lau iritzik ezer hobeto ulertzen lagunduko dizunik. Ez naiz aditua ezta aritua ere horretan... [+]


Espainiaz

Puigdemontek ez du espero zen errepublikaren aldarrikapenik egin, independentzia deklarazioaren ondorioak atzeratzea eta elkarrizketari azken aukera ematea hobetsi baitu. Nazioarteari begira prozesuari zilegitasun osoa emateko balio badu, ondo etorria izan dadila erabakia, baina arriskuak ere nabarmenak dira eta urratsak arin eman beharko dituzte.


Katalunia, Espainiaren aukera

Herri batek bere buruari galdera bat egin ez diezaion indarkeria poliziala, juridikoa eta mediatikoa erabiltzen direnean, ba hori ez da demokrazia.

 


2017-10-10 | Xabier Letona
Independentziaren atea gurutzatzeko prest Kataluniako Legebiltzarra

Carles Puigdemontek independentzia aldarrikatuko duen osoko bilkura 18:00etan hasiko da Kataluniako Legebiltzarrean. Zein motako adierazpena egiten duen ikusteko Ikusmina sekulakoa da. Parlamenteko prentsatik pasatako datuen arabera, 120 atzerriko medio daude, 300 atzerriko kazetari akreditatuak eta, Espainiako Estatukoak kontuan hartuta, guztira 1.000tik gora.


2017-10-09 | Estitxu Eizagirre
Zergatik ikusten da Kataluniatik posible Euskal Herritik ezinezkotzat duguna?

Urriaren 1eko erreferendumera zanbuilatxo bat egin genuen Kataluniara. Han egonik, iruditu zaigu ez dagoela beste aukera errealagorik Espainiarengandik bereiztea baino: independentzia, konfederazioa, edo nahi dena, baina parez pareko harreman bat hastea. Euskal Herrian denek esaten digute Espainiak jango dituela, katalan hauek ez dakitela zer datorkien... Zergatik ez da jasotzen Euskal Herrian Kataluniako herriaren indarra?


2017-10-08 | Xabier Letona
Urriko iraultza Katalunian

Irailaren 20ko Estatuaren atzaparkada, urriaren 1eko erreferenduma, urriaren 3ko greba orokorra eta independentzia aldarrikapena, horra Kataluniako etorkizun hurbila jorratzeko udazkenaren hasierak utziko dizkigun gertaera historiko klabeak. Eta azken bi asteetan Bartzelonan gertatu den guztiarekin, gaitza da independentzia ez den beste edozein biderik irudikatzea.


2017-10-08 | Arturo Puente
Kataluniaren aurkako indarkeria

"Indarkeria baliatzeko gai denak, ikusi ahal izan dugun moduan, bere burua baliogabetu egiten du solaskide bezala, indarkeria horri uko egin bitartean bederen”.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude