45.000 kataluniarrek laguntza eskatu diote EBri Bruselatik bertatik

Zuzeneko jarraipena
  • Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Abenduaren 21ean hauteskunde autonomikoak egingo dira.


2017ko abenduaren 07an - 13:02
Gakoak
Hamarnaka mila lagun bildu dira Bruselan, Kataluniako independentziaren alde. (Arg.: ANC)
TV3-k ezin izan du ia Bruselako manifestazioaz informatu

TV3tik bertatik salatu dutenez, telebista autonomikoak sailtasun eta oztopo handiak izan ditu Bruselako manifestazioa jarraitzeko. Hauteskunde Batzordeak jarritako mugekin, telebistak orduerdiro minutu bat besterik ezin zuten aireratu manifestazioaz. Twiterren horrela salatu du langile batek:

 

Puigdemontek Junckerri: "Ikusi al duzu inoiz hiltzaileei halako sostengua ematen dien manifestaziorik?"

Txalo artean eraman dute herritarrek beren lehendakaria manifestazioan zehar, eta honek ere biziki eskertu die euren jarrera eta sostengua. Ekitaldiaren amaieran, Puigdemont lehendakariak eskatu die herritarrei abenduaren 21eko hauteskundeetan argi esan diezaioten Europari "horrela ez": "Europak bere estatuak entzun behar ditu, baina bereziki bere herritarrak entzun behar ditu". Lehendakari eta Junts Pel zorrotz mintzatu zaio Jean-Claude Junckeri: "Ikusi al duzu noizbait munduan zehar hiltzaileei tamainako sostengua ematen dien gaurkoa moduko manifestaziorik?". Europatik urrundu beharrean, Europaren aurrean manifestazioa egin dutela azpimarratu du.

 

Els Segadors abestuz amaitu dute Bruselako ekitaldia

Els Segadors abestuz amaitu dute Bruselako ekitaldia, hemen Nació Digitalek zabaldu duen txioa:

ANCk eta Omniumek bitartekaritza eskatu diote Europar Batasunari

Manifestazio amaierako ekitaldian ANCko lehendakariorde Agusti Alcoberrok Kataluniak Errepublikarazko bidea jarraitu behar duela aldarrikatu du. Horretarako jarrera aldaketa eskatu dio EBri, eta "Espainiako Estatua elkarrizketa politikora behartu" dezala. Kataluniako banderak aurrerantzean beste izar berri bat izango duela ere esan du, "hori kolorekoa"; horrela oroitu da Alcoberro Kataluniako preso politikoez; bai hauek eta baita Kataluniako erbesteko gobernua ere herrialdera itzuli daitezen eskatu du.

Omnium Culturaleko lehendakariorde Marcel Maurik ere hitz egin du ekitaldiaren amaieran, azpimarratuz Katalunia Mediterraniokoa dela eta "europarzalea", eta kataluniarrek elkarrizketarako berme gisa ikusten dutela Europa.

Hemen Agusti Alcoberroren hitzaldia:

45.000 kataluniarrek salatu dute Espainiako Gobernua Bruselarik bertatik

Belgikako poliziaren arabera 45.000 lagun izan dira Kataluniako independentismoak Bruselan bildu dituen manifestariak. Milaka asko espero zituzten ANC eta Omnium antolatzaileek, baina ez horrenbeste. Jendetza dela eta, antolatzaileek ibilbidea aldatu behar izan dute, amaierak bildutako jendetza hobeto har dezan.

Denek eraman dute zerbait horia gainean, antolatzaileek eskatu bezala, eta oihurik errepikatuenak Kataluniako preso politikoen askatasuna eskatu du. Jordi biak, Oriol Junqueras eta Joaquim Fornek espetxean jarraitzen dute oraindik. Manifestariek 155. artikulua eta Espainiako demokrazia eza salatu dituzte, eta Europako Batasunari behingoz parte har dezala eskatu diote.

Bruselako kaleak bete dituzte milaka kataluniarrek Europari esnatzeko eskatuz

Milaka Kataluniar elkartu dira Bruselan egin duten manifestazio "horian". Europari esnatzeko eskatu eta Kataluniarentzat demokrazia aldarrikatu dituzte abenduaren 21eko hauteskundeen atarian. Puigdemont eta Kontseilariak ere manifestazioan daude. Hemen xehetasun gehiago manifestazioaren aurrekoez:

 

Puigdemonten ustez, nazioartean barregarri gelditzeko beldurrez bota du Espainiak atzera bere aurkako euroagindua

"Estatuak beldurragatik utzi du bertan behera atxilotze euroagindua", adierazi du Bruselan Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren biharamunean eta Belgikako hiriburua dozenaka mila katalan herritar bilduko dituen manifestazioaren bezperan, noiz eta Espainiako Konstituzioaren egunean.  

Puigdemonten esanetan, Espainia ez da ausartu "nazioarteko begiradapean barregarri gelditzera", eta horregatik nahiago izan du beraren eta erbestean diren Kataluniako Gobernuko beste bost kideen aurkako atxiloketa agindua ezabatu. Agindua bera "lardaskeria juridikotzat" jo du presidenteak, eta gaineratu du Europako "praktika juridiko egokiak" ez lituzkeela aintzat hartuko gobernukideen aurkako matxinada eta sedizio akusazioak. "Jazarpen politikoa egiten ari dira, irizpide politikoen arabera kudeatzen ari direna", adierazi du.

Puigdemonten berbetan, gertatutakoak agerian utzi du Gobernuaren zati bat Bruselara eramanez gatazkari nazioarteko dimentsioa eman izana estrategia egokia izan zela, haren ustez "munduaren erdia begira dutenean" Espainia ez baita ausartzen etxean egiten dituen gauza berak egitera, "epaileak eta fiskalak lagunak dituenean". Auzitegi Gorenak atxilotze-euroagindua bertan behera uztea izan daiteke lehen urratsa Madrilek 155. artikuluari eta errepresioari uko egiteko, Junts per Catalunyako hautagaiaren aburuz.

Azkenik, presidenteak ez du baztertu diputatu akta jasotzeko Kataluniara itzultzea, baina argitu du ez duela behin betiko erabakirik hartuko abenduaren 21eko hauteskundeen ostera arte.

CUPek salatu du TVEk ez duela bere iragarki bat eman

CUPek Kataluniako preso politikoen aldeko mezua zabaltzeko baliatu zuen abenduaren 5ean telebistetan zegokion hauteskunde-publizitate tartea. Hala, ohiko iragarkien ordez espetxeratutako gobernukideen eta Jordien aldeko mezu finkoa ezarri zuten. Alderdiak salatu duenez, ordea, TVEk erabaki zuen iragarkia ez ematea. Horren ordez, Espainiako kate publikoak Hauteskunde Batzordeari igorri dio spota, hark zer egin erabaki dezan.

 

CUPeko zenbait kide identifikatu eta kartelak kendu dizkie poliziak

Vilassar de Mar eta Bartzelonan, hauteskundeetako propaganda itsasten ari ziren CUPeko zenbait kide identifikatu eta materiala kendu die poliziak. Astelehen gauean hasi zen hauteskunde kanpaina eta orduztik herritarrei botoa eskatzen ari dira alderdiak. CUPek salatu du horrelako ekintzen bidez ezin dela kanpaina egin, eta Barcelona En Comú-ri eskatu dio neutraltasuna mantendu dezala. Propaganda kendu zien poliziak gainera, "aginduak betetzen" ari zela adierazi zien alderdi antikapitalistako kideei.

Hauteskunde Batzordeak adierazpen askatasunaren aldeko pankartak kendu ditzala agindu dio TV3i

Ciudadanos alderdiak jarritako salaketa baten harira hartu du erabakia Hauteskunde Batzordeak. Salatzaileen arabera hauteskunde prozesu batean erakunde publikoek izan beharreko neutraltasuna urratzen dute horrelako ikurrek. CCMAren (Kataluniako Irrati Telebista Publikoak) egoitzaren kanpoaldean democràcia hitza ageri da pankarta batean eta albo banatan bi aurpegi daude ahoan mozal batekin.

Ez da hau ordea, Hauteskunde Batzordeak hartu duen gisa honetako erabaki bakarra. Bartzelonako udaletxeko balkoitik ere presoen askatasunaren aldeko pankarta kentzea agindu zuen. Iturriak eta bestelako leku publikoak kolore horiz argiztatzea ere debekatu du.

 

Puigdemonten eta erbesteratutako kontseilarien aurkako atxiloketa aginduak erretiratu ditu Auzitegi Gorenak

Espainiako Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak erretiratu egin ditu Bruselan dauden Puigdemont eta gainontzeko kontzeilarien aurkako nazioarteko bilatze eta atxilotze aginduak. Hala ere, Hego Kataluniara itzuliko balira, atxilotu egingo lituzkete, atxiloketa agindua indarrean mantendu baitute, El Salton irakur daitekeenez.

Junqueras, Forn, Sanchez eta Cuixart espetxean mantentzea erabaki du Llarenak

Gaur iluntzean hasiko dute abenduaren 21eko hauteskundeetarako kanpaina Katalunian. Kanpainaren norabidea auzitegien esku dagoela esan dute azken egunotan pertsona ugarik. Bada, iritsi da Auzitegi Gorenaren erabakia. Espetxean zeuden 10 kideetatik 4 espetxean uztea erabaki du Pablo Llarena epaileak, tartean, inkesten arabera hauteskundeak irabaziko dituen alderdiaren zerrendaburua, Oriol Junqueras. Harekin batera espetxean geratuko dira, Jordi Sanchez ANCko burua eta Junts Per Catalunya zerrendako bigarrena, Jordi Cuixart Omnium Cultural elkarteko lehendakaria eta Joaquin Forn Kontseilaria. 

Espetxean zeuden beste sei kontseilariak berriz fidantzapean aske geratuko dira. 100.000 euroko fidantza ezarri die Romeva, Bassa, Mundò, Rull, Turull eta Borràs kontseilariei Llarena epaileak. 

Llarena epaileak gaur jakinaraziko du kontseilariak eta Jordiak askatuko dituen ala ez

Ostiralean Auzitegi Gorenean deklaratu zuten espetxean dauden Kontseilari eta Jordiek. Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epailearen esku utzi zuen auzia, eta espetxeratuek berriz deklaratzeko eskatu zuten Parlamentuko mahaiko kideak bezala espetxetik atera daitezen.

Fiskaltzak, espetxean mantendu zitzala eskatu zion ostiralean epaileari. Llarenak adierazi zuen astelehenean jakinaraziko zuela erabakia, beraz, gaur jakingo dugu Kontseilariak eta Jordiak aske geratuko diren ala ez. Alderdi independentistek esana dute, prest dituztela fidantzak,espetxeratuak fidantzapean aske uztea erabakiko balu epaileak.

Junquerasek Europako Batasunari eskatu dio hauteskundeak gainbegiratu ditzala

Politico aldizkarian kaleratu duen iritzi artikuluan, Oriol Junqueras Kataluniako Presidenteordeak Europako Batasunari eskatu dio abenduaren 21eko hauteskundeak gainbegiratu ditzala. "Emaitzaren inguruko zalantzak uxatzeko", Europaren ikuskaritza beharrezkoa dela uste du Junquerasek. Gutunean gaineratu du, "Kataluniarrek aukeratutako Gobernua espetxean" dagoela eta Kataluniako instituzioak lapurtu dizkietela. 

 

Astelehenean erabakiko du Llarena epaileak Kontseilariak eta Jordiak askatuko dituen ala ez

Goizean goizetik deklaratzen aritu dira Kataluniako Gobernuko Kontseilariak Pablo Llarena epaileraren aurrena. Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelaratu zituen. Kausa Auzitegi Gorenak bere gain hartu ostean berriz deklaratzeko eskatu zuten Kontseilariek eta bi Jordiek. Pablo Llarenak jakinarazi du astelehenera arte ez duela erabakiko zer egingo duen akusatuekin.

Kataluniako Gobernuko kontseilariak ostiral goizean hasiko dira deklaratzen Gorenean

Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak abenduaren 1ean goizeko 9:30etatik aurrera hartuko ditu Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuniko presidente-ordea eta gainerako kontseilariak, baita Jordi Sanchez eta Jordi Couixart Omnium eta ANCko buru izandakoak.

Kontseilariek 155. artikulua onartu dute "legeak hala aginduta" eta euren zigor egoera errebisatzeko eskatu diote Gorenari. delitua ez dutela berriz egingo eta ihesari ez diotela emango frogratu beharko dute epailearen aurrean.

Espainiako ogasunak 167,4 milioi euro eskatu dizkio Kataluniako Irrati Telebista publikoari BEZa kitatzeko

Legea aplikatzeko irizpidea aldatu eta 2015, 2016 eta 2017ko BEZaren itzuleratik, 167,4 milioi euro eskatu dizkio Espainiako ogasunak. Momentuz ogasunak utzi dio 2016 eta 2017ko BEZa Kataluniako hedabide publikoen elkarteari itzultzeari. Legea aplikatzeko irizpide berriak, urtero 20,4 milioi euroko galera eragingo dio CCMAri.

Ohar batean bere “desadostasuna” adierazi du CCMAk, VilaWeb atariak jaso duenez. Ogasunak BEZaren legea interpretatzeko modu berria ere kritikatu du. Horrez gain gaineratu du, azken urteetan saiakera berezia egin duela, elkarteak bere aurrekontua murrizteko, 2010 eta 2017 urteen artean esaterako %34 murriztu du aurrekontua erakundeak.

Eskuin muturrak CUPen egoitza aurrean kontzentrazioa deitu du larunbaterako

'Por España me atrevo' izeneko taldeak larunbat eguerdian CUPen egoitza aurrean kontzentratzeko deia egin du. Eskuin muturreko taldeek osatzen dute eragile hau.

Ez da lehen aldia halako kontzentrazioak egin dituztela. Azpiko bideoan ANCren egoitza aurrean egin zutena ikus daiteke.

Junqueras eta gainontzeko ERCko kontseilari presoek 155a onartu dute “legeak hala aginduta”

Kataluniako Gobernuko kontseilarien auzia eta Jordiena, Auzitegi Nazionalak abiatu bazuen ere, Auztiegi Gorenaren esku geratu zen aurreko astean. Kataluniako Parlamentuko mahaiko kideekin egin bezala, baldintzapean aske geratzeko saiakera egingo dute espetxean dauden kontseilariek eta Jordiek.

Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak bere gain hartu du auzia eta akusatuen defentsak berriz deklaratzea eskatuko du gaur, kontseilariak eta Jordiak kartzelatik atera ahal izateko, Nació Digital agerkariaren arabera.

Argudiaketari dagokionez, Junqueras eta ERCko gainontzeko kontseilariek “legeak hala aginduta” 155. artikulua onartuko dute. Horrez gain abenduaren 21eko hauteskundeetan euren aurkarien baldintza berberetan parte hartzeko eskubidea ere aldarrikatuko dute, bai ERC eta bai PdeCATeko ordezkariek. Meritxell Borras kontseilaria ez da inongo zerrendetan joango eta beraz, 155. aritukulua onartuko du inolako baldintza eta ñabardurarik gabe.

 

CDRetako kideak eta funtzionamendua ikertzen ari dira poliziak azaroaren 8ko grebagatik
Argazkia: @ComiteCracia.

Mossoak, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila Comitès de Defensa de la República (CDR) ikertzen ari dira, elmon.cat agerkariak albiste honetan jakinarazi duenez. Hiru polizia gorputz hauek azaroaren 8ko bideoak ikusten ari dira, martxa moteletan zein kotxe joan ziren ikusteko, sare sozialetako perfilak identifikatzeko, Gironako eta Bartzelonako tren geltokia nortzuk blokatu zuten ikusteko. Ikerketa honen helburua CDRetako arduradunez gain kideak ere identifikatzea da, batez ere greba eguneko errepide mozketan eta komunikazioan parte hartu zutenak.

CDRetakoak dagoeneko jasotzen hasi diren zigorrak

CDRetako kide batzuek dagoeneko isunaren jakinarazpena jaso dute, 60.000 eurora iritsi daitekeena. Beste batzuek zitazio judiziala jaso dute, greba egunean koakzioa egitea egotzita eta aste honetan hasi dira deklarazioak egiten.

Miquel Justo Medrano da ikerketa burua

Mossoen aldetik ikerketa hau zentralizatzen ari den komandantea, Informazioko Komisaria Orokorreko bigarren goi kargua dena, Polizia Nazionaletik datorren Miquel Justo Medrano da. Berak fiskalizatzen du CDRetako kideen, funtzionamendu eta antolaketaren informazio osoa.

JxCat eta ERCk bederatzi puntu adostu dituzte hauteskunde programarako

Asteak zeramatzaten hauteskunde programetarako puntu komunak adosten. Nació Digital agerkariak aurreratu ditu bi alderdiek adostu dituzten bederatzi puntuak. CUPek hasieratik erabaki zuen negoziaketa horretatik kanpo geratzea, ez baitzekiten hauteskundeetara aurkeztuko ziren edo ez, orain ordea hiru alderdiak harremanetan daudela aurreratu du Kataluniako hedabideak. 

Kataluniako instituzioen defentsa

Hasierako puntuek 155. artikuluaren aplikazioa bertan behera uzteari, Kataluniako instituzioak berrezartzeari eta Espainiako Gobernuaren esku hartzea eteteari egiten diote erreferentzia. Ekonomia alorrean, Espainiako Gobernuak Kataluniako ekonomiaren aurka eginiko kanpainak sortu dituen kalteak konpontzea ere eskatzen dute. 

Preso politikoak askatu eta prozesu judizialak eten

Aurreneko puntuan, preso politikoak askatzea, Espainiako indar polizialak erretiratzea eta bide judizialarekin amaitzea eskatzen dute. Horrez gain 2014ko azaroaren 9ko kontsulta eta urriaren 1eko erreferendumaren harira martxan dauden prozesu judizialak bertan behera uzteko eskatzen dute. 

Herri akordioa eta negoziazioa

Azken bi puntuetan leudeke desadostasunik handienak CUP eta beste bi alderdien artean. Zortzigarren puntuan "herri akordio" baten beharra azpimarratzen dute, "borondate demokratikoa eta eratzailea izango duena", Comunei keinu bat eginez. Oriol Junquerasek aurreko astean kaleratu zuen iritzi artikuluaren norabidean doa zortzigarren puntua, oinarri soziala gehiago zabaltzeari egiten baitio erreferentzia.

Azkenik bederatzigarren puntuan Espainiako Gobernuarekin eta Europar Batasunarekin negoziazio bat martxan jartzea eskatzen dute bi alderdi independentistek. Hala ere, "Parlamentuak eta (Kataluniako) Gobernuak inolako errenuntziarik egin gabe aldez aurretik, posible egitea Kataluniak independentzia erabatekoa eskuratu ahal izatea eta Errepublika Katalana modu eraginkor eta baketsuan artikulatu ahal izatea". CUP ez dator bat puntu honekin. Antikapitalisten ustez urriaren 1eko mandatu demokratikoa alde batera uztea ekarri baitezake. 

Lamela epaileak Auzitegi Gorenaren esku utzi du Generalitateko kideen kontrako auzia

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak, fiskaltzaren irizpidearen kontra, Auzitegi Gorenari utzi dio Kataluniako Gobernuko kideen kontrako auzia. Horrenbestez, Generalitateko kideak eta parlamentuko mahaikoak epaitegi beraren esku geratuko dira. Lamelak hori bideratzeko idatzi duen autoan baieztatu duenez, ikertutako delituak lotuta daude eta bi epaitegitan banatzeak ikerketa zailduko luke.

Espetxeratu eta erbesteratuen senideek Eskubide Zibilen aldeko Kataluniako Elkartea sortu dute

Associació Catalan pels Drets Civils elkartea aurkeztu dute gaur Kataluniako Gobernuko kideen eta Jordi Cuixart eta Jordi Sànchezen senitarteko eta lagunek. Espainiako Gobernuaren errepresioa salatu dute, eta adierazi dute espetxeetara eta Bruselara egin beharreko bidaiak ordaindu ahal izateko funts ekonomikoa sortu dutela, herritarren ekarpenak jasoko dituena.

"Elkartasun sarea osatu behar dugu ahalik eta azkarren haiek askatzeko", diote euren webgunean ipini duten aurkezpen testuan; "aldi berean, elkarte honek balioko du zuengandik jasotako berotasuna bideratzeko". "Haiek dena eman dute gure alde. Orain gure txanda da, ez ditugu bakarrik utziko", gehitu dute.

Adierazi dutenez, Carmen Lamela epaileak ipinitako fidantzak "mendekuzkoak" dira, eta errepresaliatuen eta haien ingurukoen bizimodua ekonomikoki hondoratzea dute helburu.

Oro har, giza eskubideen eta oinarrizko eskubide zibilen alde lan egiteko asmoa dutela esan dute, batik bat adierazpen askatasuna, libreki biltzeko eskubidea eta autodeterminazio eskubidea.

 

Kartzelatik aska dezaten eskatu du Junquerasek, 155ari aurka egin ez diola argudiatuz

Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteordeak bere espetxeratzearen aurkako helegitea aurkeztu du, 155. artikuluari men egin diola argudiatuta. Auzitegi Nazionalera bidalitako errekurtsoak dio horren adibide direla Madrilek kargugabetutako Generalitateak  batzarrik egin ez izana 155a indarrean jartzeaz geroztik, eta Junqueras presidenteorde gisa joan izana Auzitegira deklaratzera.

Hala, aurreko egunetan Joaquim Forn, Josep Rull eta Jordi Turull gobernukideek hartutako defentsa ildo beretik jo du Junquerasek.

Langile publikoen mobilizazioa 155aren aurka

Administrazioko langileek mobilizazioak antolatu dituzte 155. artikuluaren aplikazioaren aurka. Elkarretaratze nagusia gaurko antolatu dute, Bartzelonako Sant Jaume plazan, 18:00etatik aurrera. ADICek egin du deialdia, hau da, Kataluniako Erakundeen Defentsarako Langileen Batzarrak. Generalitateko hainbat sailetan 155a ezartzeari eta gobernukideak espetxeratu edota erbesteratzeari erantzuna emateko sortutako berezko langile batzarren koordinaziotik eratu da ADIC.    

Mobilizazio deialdiak beste zenbait talderen atxikimendua du, hala nola ANC, Intersindical-CSC, Òmnium eta ServidorsCAT, besteak beste.

Langile publikoek 155aren aurka egindako elkarretaratzea. (Arg.: ACN)

 

Kataluniarren %77,6k uste du neurriz kanpokoa dela kontseilariak kartzelaratu izana

Gabinet d’Estudis Socials i Opinió Pública (GESOP) etxeak El Periódico egunkariarentzat egindako inkesta baten arabera, Kataluniarren %77,6k uste du neurriz kanpokoa dela kontseilariak espetxeratu izana. Espainiako Gobernuak, Kataluniakoa interbenitu izanaz galdetuta, ia herritarren %65 neurri horren aurka agertu da. Berdin, Kataluniako Gobernuko kontseilari eta presidentearen kargugabetzeaz galdetuta.

 

Inoizko parte hartze handiena espero da abenduaren 21eko hauteskundeetan

Abenduaren 21ean egingo dira hauteskunde autonomikoak Katalunian eta kanpaina ofiziala abenduaren 5ean hasiko da. Hala ere, lasai asko esan liteke Katalunian kanpainan direla jada bete-betean sartuta. Inkestetan era guztietako emaitzak aurreikusten dira, baina joera da unionismoak boto gehiago lortuko dituela 2015eko irailean baino. Hala ere, orain arteko inkestetan independentismoak gehiengo osoa mantenduko luke. Orain arteko joeretan zerbait garbi ikusten bada zera da, parte hartzea biziki handituko dela. Esate batera, El Periódicoren inkesta honen arabera, %87koa litzateke. Hemen inkesta honen beste emaitzetako batzuk:

 

Germà Bel: "Lurraldea kontrolatzea eta legeak ezartzea ez da botoen %50+1en kontu bat"

Vilaweb agerkariak Germà Bel Junts Pel Síko diputatu ohia elkarrizketatu du. Azken asteetako erabakiez eta aurrera begira jorratu beharreko bideaz aritu dira besteak beste. Pere Cardús kazetariak egin dio elkarrizketa. Bel-ek indar metaketaren beharra azpimarratu du.

Elkarrizketako zati batzuk:

“Lurraldearen kontrolaren baldintza murrizteko bide bakarra gehiengo demokratikoa handitzea da eta, beraz, zure aldekoak gehitzea. Ontzi komunikatiboak dira. Zure indar fisikoa edo instituzionala mugatua bada, gehiengo handiagoak behar dituzu.”

“Estatua zarenean, lortu behar duzun lehenengo gauza ez da kanpoko onarpena, baizik eta barruko atxikimendua".

“Apur bat jarrera paternalista iruditu zait. Baina jarrera hori ulertzen dut. Estatuaren mehatxuari buruz, biztanleriari emandako informazio maila baxuak, ezezaguna eta paternalista dirudi”.

Puigdemont eta lau kontseilariak Belgikako epailearen aurrean izan dira, baina abenduaren 4an deklaratuko dute

Ostiral arratsaldeko 15:00ak inguruan amaitu dute epailearen aurreko saioa Bruselan dauden Kataluniako presidenteak eta lau kontseilariek. Ikusmin handia zegoen hiriko Justizia Jauregian baina ordezkari katalanak aldameneko ate batetik sartu dira kazetariak sahiestuz.

Ordubetez aritu dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak eskatutako euroagindua bete edo ez erabaki beharko duen epailearen aurrean.

El Mon hedabidearen arabera, deklarazioa abenduaren 4ra atzeratu da, defentsaren abokatuek helegiteak aurkezteko denbora gehiago izan dezaten.

Espainiar auzitegiari informazio zehatza eskatu baitio "matxinada" eta "sedizioagatik" auzipetuta dauden Kataluniako erakundeetako ordezkari gorenek izango luketen prozesu eta tratuaz eta hori aztertzen ariko litzateke. El Mon hedabidearen arabera, baliteke abenduaren 4an berriz ere deklaratu behar izatea, defentsaren abokatuek helegiteak aurkezteko denbora gehiago izan dezaten.

Euroagindua onartuko balu, nolanahi ere, Puigdemontek eta kontseilariek erabakia birritan errekurritzeko aukera lukete eta bi hilabete luzatuko litzateke gutxienez tramitea.

 

ERCk eta CUPek abenduaren 21erako zerrendak aurkeztu dituzte

Gaur amaitu da abenduaren 21eko hauteskundeetarako zerrendak aurkezteko epea. Independentzia zaleak hiru zerrendatan aukeztuko dira, ERC, Junts Per Catalunya eta CUP. Orduak pasa ahala jakinarazten ari dira nortzuk osatuko dituzten zerrendak. ERC-k eta CUPek jada publiko egin dituzte zerrendak osorik.

ERCren kasuan Oriol Junqueras izango da zerrendaburua, Marta Rovira bigarren, Raul Romeva hirugarren eta Carme Forcadell laugarren. Horiez gain, Kataluniako Gobernuko zenbait kontseilari eta pertsona ezagunek ere osatzen dute zerrenda.

CUPen estatutuen arabera parlamentariek ezin dute legegintzaldi bat baino gehiago egon parlamentuan, baldin eta pertsona horrek bi urte baina gutxiago pasa ez baditu karguan. Horregatik orain arte parlamentuan aritu diren bi kide aurkeztuko dira berriz zerrendan, Carles Riera (Barcelona) eta Mireia Boya (Lleida).

Junts Per Catalunya zerrendari dagokionez, oraindik ez dute zerrenda publiko egin. Hala ere, jada zenbait izen mahai gainean daude. Puigdemont izango da zerrendaburua eta Jordi Sanchez bigarrena. Josep Lluís Trapero Mossoen burua izandakoak berriz ezezkoa eman dio Puigdemonti.

ERCren zerrenda osorik ikusgai.

CUPen zerrenda:

Circumscripció de Barcelona
1 – Carles Riera i Albert
2 – Maria Sirvent Escrig
3 – Vidal Aragonés Chicharro
4 – Maria Ballester i Jiménez
5 – Jordi Salvia
6 – Bel Olid Báez
7 – Ramon Vancells Casacuberta
8 – Maria Rovira i Torrens
9 – Arnau Comas i Miñarro
10 – Núria Gibert Dasca

Circumscripció de Tarragona
1 – Xavier Milian
2 – Josep Mañé
3 – Èrica Bel
4 – Edgar Fernández
5 – Lurdes Quintero
6 – Maria Mestre
7 – Xavier Rodríguez
8 – Montse Sans
9 – Gerard Nogués
10 – Núria Rodríguez

Circumscripció de Girona
1 – Natàlia Sànchez
2 – Dani Cornellà
3 – Laia Pèlach
4 – Non Casadevall
5 – Sylvia Barragan
6 – Ignasi Sabater
7 – Mireia Tresserras
8 – Joan Bou
9 – Àfrica Muntaner
10 – Jesús Elias

Circumscripció de Lleida
1– Mireia Boya
2 – Pau Juvillà
3 – Jordi Vives
4 – Xènia Antona
5 – Aida Sanuy
6 – Mar Vicente
7 – Rosa Peñafiel
8 – Josep Maria Colea Garcia
9 – Günes Öztürk
10 – Jaume Solé

Demòcrates eta ERCk akordioa lortu dute A-21ean elkarrekin joateko

Mugimendu gehiago A-21eko hauteskundeen aurrean: Demòcrates de Catalunya alderdiak, MES eta Avancem-ekin batera, ERCrekin "protokolo" akordio bat sinatu du. Hala adierazi du demokristauen buru Antoni Castellák.

Castelláren esanetan ERCrekin batera aurkeztuko duten hautagaitzak Kataluniako "zentroa" bereganatuko du eta Junt Per Catalunya "eskuinean" utziko du.

Jordi Sànchez bigarrena izango da Junts Per Catalunya zerrendan

PDeCat alderdiak jakinarazi du abenduaren 21eko hauteskundeetarako zerrendetan joango dela Jordi Sànchez ANCko idazkari nagusia. Puigdemont joango da aurrena zerrendan eta Sanchez bigarren postuan.

Bart iluntzean PDeCatek askatasun osoa eman zion Puigdemonti Junts Per Catalunya zerrenda osatzeko, ejekutibaren bileraren ostean. 

CUPek osatu ditu hauteskundeetarako zerrendak

CUPek igandean egin zuen asanbladan erabaki zuen abenduaren 21eko hauteskundeetara aurkeztea. Behin erabakia hartuta zerrendak osatzeari ekin zioten. Kataluniako zenbait hedabidek aurreratu dutenez jada prest dute zerrenda antikapitalistek. Orain, zerrenda hori onartzen duten edo ez erabaki beharko dute militanteek boto telematiko bidez.

Azken egunetan plataforma eta alderdi askorekin bildu da CUP, abenduaren 21eko hauteskundeetara euren zerrendan joan daitezen lortu asmoz. Alderdi Pirata, Som Alternatvia eta Procés Constituent dira horietako batzuk. Alderdi Piratak jakinarazi du Crida Constituenten barruan CUPekin batera aurketzuko dela hauteskundeetara. Beste biak ordea ez dira aurkeztuko

Zerrenda:

Circumscripció Lleida

1 - Mireia Boya e Busquet (Sent Gaudenç, 1979)

2 - Pau Juvillà Ballester (Lleida, 1973)

Circumscripció Tarragona

1 – Xavier Milian Nebot, (Reus, 1984)

2 – Josep Mañé, (el Vendrell, 1990)

Circumscripció Girona

1 – Natalia Sánchez Dipp, (Figueres, 1983)

2 - Daniel Cornellà Detrell, (Girona, 1978)

Circumscripció Barcelona

1 - Carles Riera i Albert (Barcelona, 1960)

2 - Maria Sirvent Escrig (Barcelona, 1987)

3 - Vidal Aragonés Chicharro (Cornellà de Llobregat, 1978)

4 - Maria Ballester i Jiménez (Arenys de Munt)

5 - Jordi Salvia (Vilafranca del Penedès, 1980)

6 - Bel Olid Báez (Mataró, 1977)

7 - Ramon Vancells Casacuberta (Manresa, 1974)

8 - Maria Rovira i Torrens (Barcelona, 1988)

9 - Arnau Comas i Miñarro (Barcelona, 1978)

10 - Núria Gibert Dasca (Barcelona, 1984)

Albano-Dante Fachin ez da abenduaren 21eko hauteskundeetara aurkeztuko

Som Alternativa izeneko plataforma aurkeztu berri du Albano-Dante Fachin Podemeko idazkari nagusi ohiak. CUPek aitortu zuen Fachinen plataformarekin hizketan ari zirela abenduaren 21eko hauteskundeetara antikapitalisten zerrendetan joan zedin Fachin. Podemeko burua izandakoak ordea, sare sozialetan jakinarazi du ez direla abenduaren 21eko hauteskundeetara aurkeztuko, akordioetara iristeko denbora faltagatik.

Carme Forcadell abenduaren 21eko hauteskundeetara aurkeztuko da ERCrekin

ERCren zerrendan laugarren joango da Forcadell. Kataluniako Parlamentuko orain arteko presidente Carme Forcadellek ERC alderdiaren hautagaitzan parte hartuko du, Twitter bidez zabaldu duenez:

 

Forcadellek kontra prozesu judiziala irekita dauka Espainiako Auzitegi Gorenak, besteak beste "matxinada" leporatuta eta joan den astean espetxean igaro zuen gaua epaileak haren kontra fidantzapeko neurriak hartu ondoren. Forcadellek azaldu duenez "beti defendatu du modu baketsu eta demokratikoan nire herriarentzat onena uste izan dudana" eta ERCren hautagaitzan gauza bera egiten segiko duela esan du.

 

Rovira izan liteke Kataluniako hurrengo presidentea Junquerasen arabera

Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde eta ERCko liderrak gutuna helarazi die alderdiko militanteei Estremerako kartzelatik. Idatzian iradokitzen du Marta Rovira dela bere ustez hautagai egokiena abenduaren 21eko hauteskundeen ondoren Kataluniako Gobernuko presindetea izateko. Inkesten arabera ERCk bozak irabazteko aukera dauka eta, hortaz, Rovira izango litzateke hurrengo Generalitateko burua. Idatzi berean, Catalunya en Comúri eskua luzatzearen alde egin du Junquerasek, "konplizitateak josteko".

Kartzela bihurtuko dute Vic-eko plaza, preso politikoekin elkartasunez

Larunbat honetan Vic-eko plaza kartzela bihurtuko dute Ara egunkariak argitaratu duenez. ANCk, CDRak eta beste hainbat eragilek bultzatu dute ekimena, preso politikoekin elkartasunez. Zenbait lagunek 24 ordu pasako dituzte "kartzela" horren barruan, preso politiko kataluniarrekin elkartasunez.

Josep Antoni Duran i Lleida: "PSC bozkatuko dut konplexurik gabe"

Josep Antoni Duran i Lleida Unioko burua izandakoak, goizean jakitera eman du PSCri emango diola botoa abenduaren 21ean. Aurreko astean aurkeztu zituen zerrendak Alderdi Sozialistak. Hauteskundeei begira Units per Avançar plataformarekin akordioa izenpetu zuen PSCk. Plataforma hori Unioko kide ohiek osatzen duten. Zerrendan joango da Ramon Espadaler Unioko idazkari nagusi ohia.

 

Mireia Vehí CUPeko diputatuaren hitzaldia arratsaldean Gasteizen

Arratsaldeko 18:30etan Landatxo Gizarte Etxean eskainiko du hitzaldia CUPeko diputatuak. 2016. urtetik da diputatua Kataluniako Parlamentuan Vehí. Askapena erakunde internazionalistak antolatu du ekitaldia.

 

Alde bakarreko bidearen kontra hitz egin dute Artur Masek eta Anna Simók

Adierazpen esanguratsuak egin dituzte asteartean Artur Mas Generalitateko presidente ohiak eta Anna Simó parlamentuko mahaiko kideak. Masek, independentzia lortzeko helburua bere horretan mantentzen dela baieztatu ondoren, gogoeta eskatu du "denborak inteligentziaz erabili diren edo gehiengo sozial nahikorik ba ote den" pentsatzeko.

Bestalde, ERCko Anna Simók Nació Digital hedabideari egindako adierazpenetan esan du hurrengo legegintzaldian "ezinezkoa" izango dela "independentzia lortzeko alde bakarreko bidea".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude