Espainiako Gobernuak 155. artikuluari ekingo dio eta Puigdemontek dio independentzia aldarrikatuko dutela

  • Kataluniako bi milioi herritar baino gehiagok autodeterminazio erreferendumean bozkatu zuten urriaren 1ean, Espainiako Estatuko poliziaren eraso larriei aurre eginez. %90 inguruk baiezkoaren alde bozkatu zuen. Geroztik, mahai gainean da Katalunia estatu independente izateko aukera. Unean uneko gertakariak jarraitzen ari gara.

ARGIA @argia
2017ko urriaren 19a
Iñigo Urkulluk begi onez ikusi du Puigdemonten hitzaldia

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak sare sozialen bidez balorazio baikorra egin du Carles Puigdemonten hitzaldiaren inguruan.

JxSí eta CUPeko parlamentariek independentzia agiria sinatu dute; elkarrizketa fasearen ostean gauzatzekoa litzateke

Legebiltzarreko saioa amaituta, Junts pel Sí eta CUP taldeetako legebitzarkideek errepublika katalanaren adierazpen agiria sinatu dute. "Hainbat astez" luza litekeen elkarrizketa fasea amaitutakoan gauzatzekoa litzateke adierazpena.

Hemen irakurri daiteke osorik:

 

Carles Puigdemonten hitzaldia 40 esalditan

- "Katalunia afera europar bilakatu da".
- "Une larria da eta gure gain hartu behar dugu dagokigun erantzukizun puska".
- "Ezingo dugu aurrera egin ez bada demokrazian eta bakean".
- "Mobilizatu diren guztiak dira bat eginik jarraitu behar duen herri baten osagai".
- "Gaur azalduko dizuedana ez da erabaki pertsonal bat, urriaren 1eko emaitza da".
- "Hemen gaude urriaren 1ean erreferendum bat burutu genuelako muturreko baldintzetan".
- "Hala eta guztiz ere, 2.000.000 katalanetik gora katalanek botoa eman zuten mehatxuen gainetik".
- "Salatu behar dugu Estatuaren jokabideak tentsioa eragin duela".
- "Bada jendea kezkatuta eta estututa dagoena gerta daitekeenagatik".
- "Arrazoirik gabeko bortizkeriak eta enpresen lekualdatzeak ere zikindu du giroa".
- "Francoren heriotzaz geroztik Kataluniak lagundu dio Espainiako demokraziaren sendotzeari".
- "Urteen joanean Espainiako sistema inboluzionatzen joan da".
- "2005.ean Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak Estatutu berri baten proposamena onartu zuen".
- "Gure proposamenak azalarazi zuen katalanofobia handia".
- "Estatutua bozkatu genuen 1.899.000 botorekin, urriaren 1ekoak baino gutxiago".
- "Beranduago, bigarrenekoz kimatu ziguten Estatutua, jadanik bozkatua zegoena".
- "Auzitegi Konstituzionalak Estatutuaren kontra emandako ebazpenaz geroztik, Espainiako sistema politikoak ez du behatz bat mugitu".
- "Herritarrek sinesten dute bizirauteko modu bakarra dela Katalunia estatu izatea".
- "Erreferenduma egin ahal izateko, instituzioek eta jendarte zibilak hainbat ekimen proposatu ditu".
- "Elkarrizketa eskatu dugu alde biek onartutako erreferendum bat burutzeko".
- "Britainia Handian egin ahal izan bazen hori, zergatik ez hemen?".
- "Mundua harrituta utzi duten manifestazioak egin ditugu".
- "Gure eskariak beti bakean adierazi ditugu".
- "Eskatzen dugu erabaki ahal izateko askatasuna eta Estatuan ez dugu solaskiderik aurkitu".

(Puigdemont gaztelaniaz mintzatu zaie Espainiako Estatuko herritarrei)

- "Ohartzen naiz zer nolako informazioa ematen dizueten, baina eskatzen dizuet saia zaiteztela jakiten zerk ekarri gaituen honaino".
- "Ez daukagu ezer ez Espainiaren eta ez espainiarren aurka".
- "Gure arteko harremana ez dabil ondo eta ez da ezer egin egoera aldatzeko".
- "Kataluniak irabazi du estatu independente izateko eskubidea".
- "Gaur entzuten eta errespetatzen gaituzte".
- "Hautetsontziek diote Bai independentziari".
- "Gauza bat da Urriaren 1aren aurrekoa eta beste bat ondorengoa".
- "Nire gain hartzen dut herriaren agindua Katalunia estatu independente bilakatzeko".
- "Gobernuak proposatzen dio Parlamentuari eten ditzala independentzia adierazpenaren eraginak".
- "Elkarrizketa epe bat irekitzen dugu".
- "Proposatzen dugu adierazpena aste batzuetarako etetea elkarrizketari ekiteko".
- "Eskatzen diet herritarrei jarrai dezatela adierazten askatasunez eta errespetuz".
- "Eskatzen diot politikari laguntzeko tentsioa baretzen".
- "Espainiako gobernuak entzun beharra dauka hitz egin beharra dagoela diotenei".
- "Eskua luzatzen diogu elkarrizketari".
- "Estatu espainiarrarekiko gatazka konpondu dezakegu".

Anna Gabriel (CUP): "Ez diezaiogun errepublikari uko egin, borroka fase berria hasten da gaur"

"Kataluniako Errepublika aldarrikatzea zegokigun gaur, eta aldarrikapen hori ez da nahi genukeen moduan iritsi" esan du Anna Gabriel CUPeko legebiltzarkideak bere hitzaldian; "norekin negoziatuko dugu, nor izango da bitartekari?", gehitu du, Carles Puigdemont presidenteari zuzendutako galderan. Gabrielek azpimarratu du "jardun faxistei aurre eginez" iritsi dela Katalunia gaurko egoerara: "Ezin liteke bozkatu ahal izateko 900 zauritu baino gehiago egon behar izatea".

Urriaren 1eko erreferendumaren emaitza praktikara eramateko borondatea berretsi du CUPeko parlamentariak: "Ez diezaiogun errepublikari uko egin, borroka fase berria hasten da gaur".

 

"Traidoreak" oihukatu dute independentista batzuek parlamentuaren kanpoaldean

"Traidoreak" oihuak Kataluniako parlamentuaren kanpoaldean. Independentista batzuen artean haserrea ere eragin du Puigdemontek iragarritako independentziaren etendurak.

Hurrengo urratsa erabakitzeko bilera egiten ari da Espainiako Gobernua, ABCren esanetan

Espainiako Gobernuko zenbait kide, tartean Mariano Rajoy presidentea eta Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea, bileran daude oraintxe Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkuraren osteko neurriak erabakitzeko. ABC egunkariaren esanetan, Moncloak  "txantaia onartezintzat" jo du Carles Puigdemonten hitzaldia. Iturri horien arabera, "independentzia aldarrikapen inplizitua" egin du Generalitateko presidenteak, eta horrek ondorio legalak ekarriko dizkio.

Madrilek independentzia aldarrikapentzat hartu du Puigdemonten hitzaldia, eta neurriak iragarri ditu, El País-en arabera

El País espainiar egunkariak kaso berri duenez, Carles Puigdemonten hitzak independentzia aldarrikapen baten parekoak dira Moncloako iturrien arabera, eta Espainiako Gobernuak horren aurrean zer neurri hartu aztertuko du.

 

CUP: "Gu errepublika aldarrikatzera etorri gara gaur"

CUPek Twitter bidez eman du lehenbiziko iritzia Carles Puigdemontek gaur iragarri duen independentzia aldarrikapena eten ostean. "Gu, jendea bezala, errepublika aldarrikatzera etorri gara #beldurbarik" irakurtzen da txioan.

 

Puigdemonten hitzaldia txalotu du Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak

"Balora dezagun Puigdemontek agertu duen seny-a (sen ona)", adierazi du Pablo Iglesias Podemoseko buruak. "Behar beste elkarrizketa eskatzen diot Puigdemonti; Rajoyri, berriz, onar dezala Espainia plurinazionala dela eta Kataluniako herritarrei entzun egin behar zaiela".

Puigdemonten hitzaldiak giroa hoztu du Parlamentu aurrean bildutakoengan

Independentzia aldarrikapena eten eta elkarrizketarako fase bat irekitzeko eskaera egin dio Carles Puigdemontek Kataluniako Legebiltzarrari. Kanpoko aldean dauden milaka lagunen artean giroa hoztu du horrek, bertan diren Estitxu Eizagirre eta Lander Arbelaitz ARGIAko kazetarien esanetan.  

Puigdemontek eten egin du independentzia adierazpena, negoziazio fase bat hasteko

Carles Puigdemontek adierazi du independentziari baiezkoak aukera ematen duela Kataluniak independentzia deklaratzeko. Baina jarraian, adierazi du adierazpen hori eten egingo duela elkarrizketa negoziazio fase bati hasiera emateko.

Egoeraren aurrekarietan oinarritutako hitzaldia

Kataluniako egoeraren aurrekariek pisu handia izan dute haren hitzaldian. Gogora ekarri du 1978ko Espainiako Konstituzioaren onarpena, hura kataluniarrentzat abiapuntua izan zela adieraziz, baina autogobernu handiagoa lortzen saiatu zirenean jabetu zirela Espainiako "elite hegemonikoek" garbi adierazi zutela helmuga zela haientzat.

2005ean Kataluniako parlamentuak onartu zuen Estatutu berria gogora ekarri du, nola %88ak onartu zuen baina gero onartutako testua aldatu behar izan zuten, Auzitegi Konstituzionalak hala aginduta. "Umiliazioa" izan zela azaldu du Puigdemontek eta nola geroztik milioika herritar ondorio batera iritsi ziren: bizirauteko Katalunia estatu bihurtu behar zela.

Jazarpen judizial eta polizialaren salaketa

Erreferendum paktatuaren aukera ere proposatu zutela nabarmendu du, baina ezezkoaz gain jazarpena ere pairatu dutela (Mas, Rigau, Forcadell eta beste hainbat hautetsik epaitegietatik pasa behar izan dutela azpimarratuz).

Gaztelaniaz hitz egin du tarte batez, Espainiako Estatuko herritarrei zuzentzeko. "Kontziente naiz medio gehienek ematen dizueten informazioaz, zer narratiba instalatu den", esan du; "ez gara eroak, kolpistak... jende normala gara, boza eman nahi duena, adostuta egiteko prest egon gara. Hobeto ulertu nahi dugu elkar ze orain, harremanak ez du funtzionatzen eta ez da ezer egin jasangaitza den egoera aldatzeko".

"Konstituzioa marko demokratikoa da baina egia da badagoela demokrazia konstituziotik harago ere", gaineratu du Kataluniako presidenteak. Gero, amaitzeko, urriaren 1eko erreferendumaren emaitzekin, Kataluniak estatu independente izateko eskubidea irabazi duela baieztatu du, negoziaziorako independentzia adierazpena eten aurretik.

Diputatuak sartu dira hemiziklora: Plenoa hasiko da

Cs-ko eta PPko diputatuak hemiziklora itzuli dira eta horren ondoren. Carme Forcadell Parlamenteko presidentea ere sartu da aretoan. Puigdemont eta Junqueras ere bertan dira. Plenoa hasiko da.

Junts pel Sí taldeko parlamentariekin bilduta dago Puigdemont, agerraldirako minutu gutxi falta direnean

Nahasmen handia dago uneotan Parlamentuan; hipotesiak dantzan dabiltza baina inork ez daki zehazki zer dela-eta atzeratu den ordubete Carles Puigdemonten agerraldia. Bitartean, presideneta Junts pel Síko parlamentari gehienekin bileran dago oraintxe. Aurretik JxSi eta CUPen arteko bilera izan da, azken horien desadostasunak izan baitaitezke atzerapenaren zergatia; Vilaweben arabera, bileratik pozik atera dira CUPeko kideak.

CUPekin desadostasunak ere atzerapenaren arrazoi izan litezke El Nacionalen arabera

Nazioarteko bitartekaritzaz gain, CUPekin desadostasunak ere badaude plenoaren atzerapenaren atzean El Nacional webguneak argitaratu duenez.

TV3k azaldu duenez CUPek esan du Puigdemontek irakurri beharreko testua ordubete lehenago jaso duela eta aztertzen ari dela, horregatik atzerapena.

Junckerren prentsa-arduradunak ukatu du atzerapenak Europako Batzordearekin zerikusia duenik

Carles Puigdemonten agerraldiaren atzerapenaren motiboa Europako Batzordearen bitartekaritza izan zitekeela adierazi dute azken minutuetan zenbait hedabidek. Jean-Claude Junckerren prentsa arduradunak ukatu egin du Twitter bidez.

 

Jordi Sànchez (ANC): "Elkarrizketa eta nazioarteko bitartekaritza izango dira Puigdemonten agerraldiaren ardatzak"

Jordi Sànchez ANCko presidenteak adierazi du "elkarrizetarako deia eta nazioarteko bitartekaritza" izango direla Carles Puigdemontek Kataluniako Parlamentuan egingo duen agerraldiaren ardatzak. Legebiltzarrean bertan egin ditu adierazpenok Sànchezek.

Plenoa ordubete atzeratu da: nazioarteko bitartekaritzak eragina izan dezake zenbait iturriren arabera

Puidgdemontek berak eskatu du plenoa ordubete atzeratzeko El Nacional-en arabera. TV3ek azaldu duenez, plenoaren aurretik parlamentuko mahaiaren bilera deitu dute. Atzerapena nazioarteko bitartekaritzarekin lotuta egon daitekeela adierazi diote Catalunya Radiori Puigdemonten gobernuko iturriek. Bestalde, PPk eta Ciudadanosek eskatu dute plenoa bertan behera uzteko, baina proposamen horrek ez du aurrera egingo parlamentuko mahaian alderdiek duten pisua kontuan hartuta.

Mariano Rajoyk 155. artikuluaz harago doazen legeak ezar ditzake Katalunian

El Paisek zabaldu duenez, Madrilgo gobernuaren bozeramaile Rafael Hernandoren ahotan jarrita, Mariano Rajoyren gobernuak 155. artikulutik haragoko erantzun multzo konplexuago bat dauka prestatuta Kataluniarako. 155. artikulua ezartzeko oinarri juridikoa falta dela esan dio Rajoyk gaur Ciudadanoseko Albert Riverari.

Andoni Unzaluk (PSE) Kataluniari 155. artikulua ezartzea defenditu du

Naiz-ek argitaratu duenez, Turismo sailburuaren gabineteburu den Andoni Unzaluk Euskadi Irratiko tertulian defenditu du Kataluniari Espainiako konstituzioaren 155. artikulua ezartzea, baztertu gabe Puigdemont presidentea bera atxilotzea. EH Bilduk eskatu du Unzalu berehala kargutik kentzeko.

BIDEOA: Puigdemont Legebiltzarrera iritsi den unea

 

"Tankerik ez begi-bistan": Katalunian dauden indar militarren mugak azaldu ditu 'La Directa'-k

"Tankerik ez begi-bistan" izenburua jarri dio La Directa-k gaur argitaratutako artikulu bati, zeinean aztertzen den Katalunian armada espainiarrak daukan presentzia. Azken asteetan sare sozialen bidez irudi asko zabaldu dira, erakutsiz ibilgailu militarrak Kataluniara bidean. Datuetan oinarrituta ordea, hedabide kataluniarrak azaldu du presentzia militarra ez dela ohikoa baino handiagoa, salbuespen bakarrarekin: Zaragozatik bidalitako 20 kamioi, funtzio logistikoarekin bidaliak Sant Boira.

Jesus Rodriguez kazetariak sinatutako piezaren arabera, 70.000 eta 270.000 soldatu artean beharko lirateke Katalunia kontrolpean edukitzeko –kopuruan hainbesteko tartea egotearen arrazoia da, herritarrek hartuko luketen jarrera aldagai garrantzitsua delako mota horretako operazioetan–. Bestalde, kontrol sinbolikoago baterako –garraio, energia eta telekomunikazioen oinarrizko azpiegiturak hartzea, adibidez–, 5.000 soldatu beharko lituzkete. La Directa-ren arabera, gaur egun armadak Katalunian dauzkan indarrekin, hori ere ez litzateke posible.

Pintaketa faxistak Bartzelonako Ramón Llull eskolan

Margoketak agertu dira urriaren 1ean errepresioa gehien jasan zuen guneetako batean, Bartzelonako Ramón Llull eskolan. Katalunia Espainia dela aldarrikatuu, Puigdemont iraindu eta Guardia Zibila goratzen dute pintadek, besteak beste.

 

Munduko suhiltzaileok, zatozte gurekin batera herritar katalanak babestera

 “Zerbitzuz kanpo gaudenean, poliziaren erasoengandik herritarrak defendatzera kalera ateratzen ari garen suhiltzaileak gara. Munduko suhiltzaile maiteak, Kataluniako suhiltzaileok zuen laguntza eskatzen dugu, gure herritarren funtsezko eskubideak babesteko”. Horrela dio suhiltzaile katalanek zabaldu duten webguneak. “Etorri eta lagundu nahi bagaituzu zibilak babesten, demokraziaren, eskubideen eta askatasunen borrokan, jarri gurekin harremanetan! Eskuak zabalik hartuko zaitugu eta lo egiteko lekua aurkituko dizugu”. Kataluniako profesionalei babesa adieraziz nazioarteko suhiltzaileek manifestua sinatzeko edo argazkia ateratzeko aukera ere ematen du guneak.

 

Aldebakarreko independentzia aldarrikapenik ez dezala egin eskatu dio Puigdemonti Europako Kontseiluko presidenteak

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak "elkarrizketa ezinezko bihurtuko duen" iragarpenik egin ez dezala eskatu dio Carles Puigdemonti, twitter bidez.

 

 

Urriaren 1ean poliziak eragindako lesioengatik 218 salaketa jada Bartzelonako hirian

ANCk jakinarazi duenez, dagoeneko 218 salaketa jaso dira Bartzelona hirian urriaren 1ean Espainiako poliziek eragindako lesioak direla eta. Gehienak lesio arinak dira, baina bi kasu larri ere badaude.

Puigdemonten aurkako kereila jartzea aztertzen ari da Espainiako fiskal nagusia

Carles Puigdemont Generalitateko presidentea auzitara eramatea aztertzen ari da José Manuel Maza Espainiako Estatuko fiskal nagusia. Ara egunkarian jaso dutenez, Puigdemontek parlamentuan egingo duen adierazpenarenaren ondoren gerta daitekeenaz Mazaren inguruko iturriek ez dute inongo ekintzarik baztertzen, ezta “iraultza delitua” leporatuta presidentearen aurkako kereila aurkeztea ere. Delitu horregatik 15-25 urte arteko espetxe-zigorra jaso dezake. Dirudienez, informazio hori iritsi zitzaion Pablo Casado PPko komunikazio idazkariordeari, eta horregatik iradoki zuen bere diskurtsoan Puigdemontek kartzelan bukatu dezakeela.

 

Traktoreek bete dute Lluís Companys pasealekua

Puigndemonten agerraldirako pare bat ordu falta denean, estelada eta senyerekin jantzitako traktore ugarik bete dute Bartzelonako Lluís Companys pasealekua, bertakoen txaloen artean.

 

 

Kataluniari autonomia ez kentzeko eskatuko duen mozioari, ezezko botoa PSOEk

eldiario.es hedabideak zabaldu du PSOEren erabakia: En Comútaldeak (Podemos) Madrilgo Legebiltzarrean aurkeztu duelarik proposamen bat eskatuz ez dadila aplikatu 155. artikulua Katalunian, sozialistek ezezkoa emango diote. Esan nahi baita, bidea irekita utziko diote Kataluniaren autonomia eteteko Mariano Rajoyk daukan aukerari. Patxi Lopez izango da sozialisten jarrera defendituko duena.

Òmnium eta ANCren kontuak blokeatu eta arakatzeko baimena eskatu dio Guardia Zibilak Carmen Lamela epaileari

Katakuniako hainbat erakunde publiko eta elkarteren aurka sedizioagatik abiatutako ikerketaren barruan, Guardia Zibilak Òmnium eta ANC taldeen diru kontuak bloketu eta arakatu ahal izatea eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileari.

Halaber, Mossoei eskatu diete identifika ditzatela urriaren 1ean Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren kargak "oztopatu" zituzten agenteak.

Puigdemont "berehala" atxilotzeko prest legoke Espainia, Bloombergen arabera

Espainiako Gobernuaren asmoen berri duten bi iturri aipatuz, Bloomberg-ek argitaratu du Espainiako Gobernua prest dagoela Puigdemont "berehala" atxilotzeko, gaur arratsaldean independentzia aldarrikatzen badu. Informatu duenez, erabakia ez dago hartuta oraindik eta arratsaldeko adierazpenak baldintzatuko du. Nolanahi, Espainiako indar polizialak prest daude operazioa martxan jartzeko.

Katalunia independentean, Barçak espainiar Ligan jarraitu ahal izango luke…

… baldin eta Kataluniako Futbol Federazioa ez balitz (edo ez balute) Espainiako Federaziotik ateratzen, edo gobernuak Kirolaren Legea aldatuko balu. Horiek dira ere Txapeldunen Liga jokatu ahal izateko baldintzak.

> Artikulu osoa Jon Tornerren blogean.

Turull: "Gobernua erabat kohesionatuta dago presidenteak esango duenarekin"

Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak hitz egin du, prentsaurrean. Adierazi du Puigdemontek esango duenarekin guztiz kohesionatuta dagoela Generalitatea, baina ez du ezertxo ere aurreratu presidenteak esango duenaz, kazetariek behin eta berriro galdetu arren.

PPko Pablo Casadori buruz galdetu dio kazetari batek –aurreko egunean honek ulertzera eman zuen Companysek bezala amaituko zuela Puigdemontek–. "Frankistek fusilatutako presidente bakarra izan zen Companys", adierazi dio minduta Casadori.

"Espainiako estatua guri min egiten saiatzen ari da, baina bere burua kaltetzen ari da", adierazi du, ondoren gehitzeko "Kataluniako ekonomia sendo eta indartsua" dela. Kataluniatik egoitza fiskala ateratzen ari diren enpresen harira, "Kataluniako ekonomia kaltetzen saiatuz, Espainiakoa kaltetzen ari dira", esan du.

155. artikulua aplikatzeari buruzko jarrerak astearte honetan argituko dira Espainiako Kongresuan

En Comú-k bultzatuta, astearte honetan bertan eztabaidatuko da Espainiako Kongresuan Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioari buruz. Carles Puigdemontek arratsaldean egingo duen adierazpenaren ondoren egingo da debatea eta espero da bertan argituko dela alderdi bakoitzak bere posizioa argitzea Kataluniaren autonomia bertan behera uztea ekarriko lukeen erabakiaren inguruan. Zenbaiten ustez, eztabaida gaur bultzatzeko En Comú-ren motibo nagusia da PSOEren jarrera argitzea, azken asteetan gaiari buruzko mezu kontraesankorrak eman dituelako.

Valentzian faxistek egindako erasoez mintzatu da CUPeko Anna Gabriel

Urriaren 9ko Valentziako gertakariez adierazpena egin du Anna Gabriel CUPeko kideak, Estitxu Eizagirrek jasotako irudiak:

 

ANCren bideoa, independentzia aldarrikapenaren atarian zabaltzeko

ANCk bideo bat sareratu berri du, independentzia aldarrikapena baino ordu gutxi lehenago.

Generalitateko presidente ohi Montillak eskatu du independentzia ez aldarrikatzeko

Generalitateko presidente ohi José Montillak eskatu die Puigdemont eta Forcadelli ez dezaten independentzia aldarrikatu, gaur zabaldu duen eta ARGIAk laburbildu duen agirian.

Pantaila erraldoiak Katalunia osoan eta autobusak Bartzelonara

Gaurko Legebiltzarreko saioa jarraitzeko pantaila erraldoiak jartzen ari dira Kataluniako hainbat lekutan. Bartzelonan, Gironan, Reusen, Ripollen, Manresan, Lleidan, Sallenten...

Horrez gain, autobusak antolatzen ari dira inguruetatik Bartzelonara joateko.

Generalitatea bildu da eta 13:00etan eskainiko du prentsaurrekoa

Kataluniako gobernuak adierazi duenez, goizean bildu da Carles Puigdemont bere sailburuekin. 13:00etarako iragarri dute prentsaurrekoa, ondo bidean bozeramaileak emango duena.

 

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17
> >>

Kataluniako erreferenduma kanaletik interesatuko zaizu...
"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri oso bat atera zen kalera. Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


Katalunia, Espainiaren aukera

Hamaikagarren aldia da Espainiako Estatuaren izaera inperialista eta totalitarioa konstituzioaren atzean ezkutatzen ikusten ditugula PP eta PSOE. Itxurak besterik ez dira, izan ere, Espainiako Estatuan (mundu osoan ez bada) demokrazia hitz hutsa dela antzezlan honetako aktore guztiek ongi dakite. Guztiek. Espainiako ezkerrak ere bai.

Bere burua ezkerrean kokatzen duten espainolek, kontinente oso bat masakratu eta ustiatu zuen inperioaren eta frankismoaren oinordeko izateari utzi eta beste... [+]


2017-10-22 | Xabier Letona
Erreferendumaren espiritua, defentsarik onena

Badirudi oraindik edozer interpreta daitekeela lerro hauek idazten diren urriaren 16 goizean: independentzia aldarrikatuta dagoela edo ez, eta 155. artikulua indarrean dela jada, baina ez. Era batera zein bestera, Kataluniako independentismoak Errepublika defendatzeko prestatzen jarraitzen du. Nola egin eraginkorren, ordea?


Espainiaz

Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen. Eta kateatu zaituen horrek aske zarela esango dizu alde egiten saiatzen zaren arte. Baten bati zalantza izpirik geratzen bazitzaion, Kataluniako aferak argi utzi du Espainia ezker-eskuin zer den.

Eskuin. Espainian ez du eskuinak agintzen, Espainian muturreko eskumak agintzen du. Francoren espirituak kuku egin digu berriz ere azken asteetan. Diktadurako errifleen berunez egin zen konstituzioaren moldea, eta molde hori da herriak lotu eta manu... [+]


2017-10-22 | Bea Salaberri
Moltes grącies

Egunak aitzina doaz iritzi honen idazteko epea agortu artean jarduteko gaien zerrenda egiten, ondorio bakarrera heltzeko: zertaz idatzi ez bada Kataluniaz, zertaz idatzi ez bada aspaldiko partez interes, ilusio eta zirrara eragin dizkigunaz? Nahiz bestalde nehon agertu ez den zer erranik gutxi egon jada, eta ezin jakin hau agertuko denerako zertan egonen den gaia, erremediorik ez. Horrela, esker beroak zuzendu nahi nizkioke azken asteetan hainbat mailatan egunerokotasun geza inarrosi duen... [+]


2017-10-17 | Xabier Letona
Errepresioa ala elkartasuna

 Jordi Sanchez eta Jordi Cruixarten espetxeratzeak beste jauzi bat ekarri du Espainiaren lasterketa errepresiboan, lehenbiziz espetxeratu baititu Kataluniako independentistak, kalean helburu horren aldeko manifestazioak egiteagatik.


"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri osoa atera zen kalera 1976an.  Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


2017-10-15 | Juan Mari Arregi
Katalunian enpresa exodoa?

Kataluniako prozesu soberanistak Espainiako Estatuko botere guztiak bat egitea ekarri du independentzia lortzea eragozteko.


ARGIA Katalunian jarri nahi izan dugu

Lehengo astean txoko honetatik aipatu nizuen urriaren 1ean mundua bukatuko zela pentsatzen zutenei ere adierazi nahi niela egunak beti argitzen duela eta munduak aurrera jarraitzen zuela; ez nuela erreferendumaz hitz egin gura, eta Argia Egunaz jardun nizuen. Gaur ezin dut Herrialde Katalanetara begiratu gabe geratu.

Nahikoa analisi eta artikulu irakurria izango zara dagoeneko, eta ez dut uste nire lau iritzik ezer hobeto ulertzen lagunduko dizunik. Ez naiz aditua ezta aritua ere horretan... [+]


Espainiaz

Puigdemontek ez du espero zen errepublikaren aldarrikapenik egin, independentzia deklarazioaren ondorioak atzeratzea eta elkarrizketari azken aukera ematea hobetsi baitu. Nazioarteari begira prozesuari zilegitasun osoa emateko balio badu, ondo etorria izan dadila erabakia, baina arriskuak ere nabarmenak dira eta urratsak arin eman beharko dituzte.


Eguneraketa berriak daude