Espainiako Gobernuak 155. artikuluari ekingo dio eta Puigdemontek dio independentzia aldarrikatuko dutela

  • Kataluniako bi milioi herritar baino gehiagok autodeterminazio erreferendumean bozkatu zuten urriaren 1ean, Espainiako Estatuko poliziaren eraso larriei aurre eginez. %90 inguruk baiezkoaren alde bozkatu zuen. Geroztik, mahai gainean da Katalunia estatu independente izateko aukera. Unean uneko gertakariak jarraitzen ari gara.

ARGIA @argia
2017ko urriaren 18a
Madrilek ez ditu Kataluniatik itzularaziko erreferendumerako eramandako polizia eta guardia zibilak

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak esan du Katalunian segituko dutela urriaren 1erako espreski eramandako polizia eta guardia zibilak. Horren argudiotzat aipatu ditu Kataluniako egoera berezia eta menturaz mossoek eduki dezaketela haien beharra.

 

Auzitegi Nazionalak 18:00etan erabakiko du Trapero espetxeratu ala ez

Gaur hartu die deklarazioa Carmen Lamela epaileak Josep Lluis Trapero mossoen buruari, honen alboko Teresa Laplana intendenteari (bideokonferentziaz), ANCko Jordi Sanchezi eta Omniumeko Jordi Cuixarti. Laplanari pasaportea kendu dio eta hamabostero epaitegian azaltzea agindu dio epaileak. Fiskalak trapero balintzarik gabe espetxean sartzea eskatu du eta epaileak 18:00ak arteko epea hartu erabakitzeko.

 

Saenz de Santamaria: "Puigdemontek ostegunera arteko epea du atzera egiteko"

"Espainiako Gobernuak deitoratu du Generalitateko presidenteak ez erantzun izana egindako eskaerari", adierazi du Soraya Saez de Santamaria Espainiako presidenteordeak. "Erraza zuen bai edo ez erantzutea".

Puigdemontek egoeraren konponbidea eskuetan du bere hitzetan. "Erantzun dezala bai edo ez. Puigdemontek ostegunera arteko epea du independentzia aldarrikapena atzera bota eta egoera argitzeko", esan du.

CUPek dio ez zuela Puigdemonten gutunaren edukia ezagutzen

CUPeko Mireia Boyak adierazi du ez zutela Puigdemontek Rajoyri igorri dion gutunaren edukia ezagutzen eta beraiekin ez kontsultatu izana deitoratu du. "CUPek seriotasuna erakutsi du, horrelako erantzun transzendental baten parte izateko adina", adierazi du Catalunya Radion.

Cuixart eta Sanchez Espainiako Auzitegi Nazionalean dira

Sartu dira ANC eta Òmnium elkarteko presidente Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Espainiako Auzitegi Nazionalean. ANCk bidali du txio hau.

Jarraian ANCko buru Jordi Sànchezek Auzitegi barnetik bidalitako azken txioak.

10:00etan Rajoyren erantzuna

Espainiako gobernuak 10:00etan emango dio erantzuna Generalitateko presidente Carles Puigdemonten gutunari.

Valls eta Hidalgo bitartekari?

Frantziako lehen ministro ohi Manuel Vallsek adierazi du berari era Parisko alkate Anne Hidalgori Kataluniako kasuan bitartekari bezala aritzea eskaini ziela Perpinyako (Ipar Katalunia) alkate Jean-Marc Pujolek.

Puigdemontek ez du ez 'bai' ez 'ez' erantzun eta bi hilabeteko elkarrizketa eskaini du

Carles Puigdemontek erantzun dio Espainiako Gobernuaren eskariari. Ez dio ez bai ez ez erantzun eta negoziazio bat irekitzeko bi hilabeteko elkarrizketa eskaini dio, TV3ek informatu duenez.

Kataluniako presidenteak dio urriaren 1eko emaitzek emandako agindua bertan behera uztea soluzio bat bilatzeko borondatearen froga dela, eta ez dutela enfrentamenturik nahi. Dio elkarrizketarako proposamena zintzoa dela eta bi hilabeteko epea aipatzen du orain arte elkarrizkeataren alde agertu diren instituzio eta pertsonalitateek aukera bat dutela bide hau jorratzeko.

Rajoyri eskaera bat eginez amaitu du gutuna: Kataluniako herriaren eta gobernuaren aurkako errepresioa geratzeko, eta puntu honetan gogorarazi du Mossoen bururua eta ANC eta Omnium elkarteetako presidenteak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deituak daudela.

Irakurri Puigdemontek Rajoyri bidalitako gutuna.

1508133297552 by Moderador Noticies Web on Scribd

Lesmesek urriaren 1eko polizia indarkeria ikertzeko Generalitateak sortutako batzordearen aurka jo du

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko lehendakari Carlos Lesmesek eskatu dio Estatuaren Abokatu Eugenio Lópezi neurriak har ditzala Kataluniako Gobernuak Urriaren 1eko polizi biolentzia ikertzeko sortu zuen batzordearen aurka. Lesmesi onartezina iruditzen zaio Puigdemonten Gobernuak epaile eta magistratuen independentziari egin dien erasoa. "Generalitateko Gobernuak ezin ditu hartu, inolaz ere, jarduela judizialak zaintzeko neurririk" eta, beraz, haren esanetan, Estatuko zerbitzu juridikoek neurriak hartu behar dituzte "legea eta ordena konstituzionala berrezartzeko".

 
Jean-Claude Juncker: "Ezin naiz bitartekaria izan, alde batek bakarrik eskatu duelako"

Europar Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek Luxenburgoko hitzaldi batean adierazi du oso kezkatuta dagoela "Katalunia eta Espainiaren arteko gatazkarekin". Europar Batasuna bitartekaritza lanak egiteko eskariaren aurrean adierazi du ezinezkoa dela haien parte-hartzea "alde batek bakarrik hala eskatu duelako".

"Zuek hil duzue demokrazia" aldarria Guardia Zibilaren Zarauzko koarteleraino eraman dute

"Utzi bakean", "Alde hemendik" eta "Zuek hil duzue demokrazia" zioten pankartekin, ikurrinak eta esteladak eskuetan, mobilizazioa egin dute Zarauzko hainbat herritarrek urriaren 12an. Udaletxetik Guardia Zibilaren kuarteleraino egin dute martxa, Zarauzko Hitzak jakinarazi duenez.

 

PDeCat eta ERCko kontseilari guztiak etenaldiaren alde agertu ziren, bat izan ezik

El Món agerkariaren arabera, Kataluniako Gobernuko kontseilari guztiek bat egin zuten independentzia aldarrikapena denbora batez indargabetzearekin, Clara Ponsatí Hezkuntza Kontseilariak izan ezik.

Agerkari katalanaren arabera, asteroko kontseilarien batzarrean, Puigdemont presidenteak kontseilariei eskatu zien euren posizioa adieraz zezatela; independentzia aldarrikatu ala aldi batez indargabetzearen alde ote zeuden argitzeko.  Guztiek suspentsioaren alde egin ei zuten Clara Ponsatí Hezkuntzako Kontseilariak izan ezik.

 

 

Artur Mas: "CUP eta ANC ez dira gobernuko buru"

Urriaren 10an Carles Puigdemont-ek hartutako erabakiaren defentsan aritu da gaur TV3en Artus Mas president-ohia. CUPek eta ANCk Puigdemonti eskatu diote berehala aldarrikatu dezan Errepublika, eta horri eratzunez adierazi du bi erakunde horiek, ezta bestelako talderik ere, ez direla gobernuko presidente. "Puigdemontek burua oso argi dauka, president-aren erabakia egokia iruditu zait" adierazi du Masek. Nazioarteko aitortza oso garrantzitsua dela azpimarratu du.

 

CUPek ere Errepublika aldarrikatzeko eskatu dio Puigdemonti
CUPeko kideak oso kritiko azaldu ziren urriaren 10ean Puigdemontek erabakitako bidearekin.

Eskutiza igorri dio CUPek Generalitateko president-ari esanez "Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatu nahi badu, egin dezatela, baina aurretik guk Errepublika aldarrika dezagun".

Carles Puigdemontek aldebakarreko independentzia aldarrikapena burutu dezan presioak areagotzen ari dira Catalunyan. Zentzu horretan mintzo izan dira azken orduetan ANC eta Omnium eragileak. Pausu ausartagoak emateko eskatu dituzte zenbait pertsona esanguratsuk ere, PSC-ko kide ohi Ernest Maragall-ek eta Generalitateko presidente-orde Oriol Junqueras-ek, esaterako:

CUPen jarrera argia zen, ez zegoen ados independentziaren behin-behineko atzerapenarekin, eta hori berriz agerian utzi dute Pugidemonti igorritako eskutitzean. 155. artikulua aplikatzeko erabateko gogoa igartzen dio CUPek Espainiako Gobernuari eta horregatik, Kataluniako Errepublika lehenbailehen aldarrikatzeko eskatu dio. "Tamalez, merkatuaren, botere ekonomikoen eta estatuen babesik gabe jarraituko dugu, baina jendearekin batera egingo dugu, esperantza eta duitasun osoz", esanez amaitu dute eskutitza.

 

https://twitter.com/ernestmaragall/status/918443403356098561

Independentziari jarritako etenaldia kentzeko eskatu du ANCk

ANCk Kataluniako Parlamentuari eskatu dio independentzia adierazpenari jarritako etenaldia ken dezala, Espainiako Gobernuak elkarrizketarako borondaterik ez daukala ikusita. Erakundearen ustez, "ez dauka zentzurik" aldarrikapena suspentsioan mantentzeak, Mariano Rajoyren exekutiboaren jarrera ikusita. Horrekin batera, Carles Puigdemonti eskatu diote Iragankortasun Juridikorako Legea ere indarrean jar, kataluniar errepublikaren fundaziorako. 

Iruñean manifestazio jendetsua egin dute Kataluniarekin elkartasunez

Demokrazia eta erabakia, abajo el régimen lelopean ehunka lagun atera dira Gazteluko Plazatik Karlos III.a etorbiderantz abiatu den manifestazioan ostegun arratsaldean Iruñean. Ekitaldia Sarasate pasealekuan amaitu zen, Katakrakeko langile Hedoi Etxartek irakurritako agiriarekin. Bertan eskerrak eman zizkion Kataluniako gizarteari egiten ari den lana eta erakutsitako antolaketa eredugarriagatik:

 

Espainiar ultrak elkarri erasoka hasi dira Catalunya plazan

Societat Civil Catalanak deituriko manifestazioan zihoazen ultra talde batzuk elkarri aulkiak botatzen hasi dira eta istiluak sortu dituzte Bartzelonako Catalunya plazan. Nació Digital-ek azaldu duenez euren artean sortu da istilua eta udaltzaingo bat ere zauritu da.

Milaka pertsona unionisten manifestazioan Bartzelonan
Argazkia: Adriá Costa / Nació Digital

Milaka pertsona bildu da gaur Bartzelonan, Hispanitatearen egunean, Kataluniako Gizarte Zibilak (SCC) deitutako manifestazioan. Nazio Digitalek, deskribatzen duen gisan, adibidez, "milaka gutxi batzuk". Mobilizazioa La Pedreratik atera da eta Kataluniako plazan amaitu da. Bertan alderdi eta erakunde askok parte hartu dute, besteak beste, Ciutadans eta PP. Jaurtitako oihuen artean, Puigdemont presidentearen espetxeratzea eskatu da. Ohikoan unionismoak milaka lagun biltzen ditu bere mobilizazioetan Bartzelonan eta gutxitan hamarka mila lagun. Joan den igandean ordea, 350.000 lagun bildu zituzten udaltzaingoaren arabera eta milioi bat antzolatzaileen esanetan. Gara-ren arabera 170.000 ziren.

Espainiako poliziak "gehiegizko indarra" erabili zuen urriaren 1ean, dio Human Rights Watch-ek

Giza eskubideez arduratzen den Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak salatu du Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak behar baino indar handiagoz jokatu zutela urriaren 1eko erreferenduma eragozteko. GKEak adierazi duenez, "justifikatu gabeko indarkeriagatik alegazio ugari" jaso dute. Erreklamazioak aztertu dituzte, eta esan dute hiru kasutan behintzat frogatutzat jo ahal dela poliziak gehiegikeriaz jokatu izana.

Zehazki, Girona hiriburuan eta Aiguaviva eta Fonollosa herri txikietan "manifestari baketsuen aurkako indarraren gehiegizko erabilera" dokumentatu ahal izan dutela azaldu du taldeko kide Kartik Raj-ek (Europa mendebaldeko afereterako ikertzailea da Raj). "Jasotako beste kexa batzuk ezin izan ditugu xehe aztertu", gehitu dute; hala ere, nabarmendu dute hedabide eta sare sozialetan zabaldutako irudiek agerian uzten dutela indarraren erabilera desproportzionatua.

Espainiako Gobernuak gaiari buruzko ikerketa abiarazteko beharra duela gaineratu du Human Rights Watchek.

Kataluniako 110 udaletxe zabalik daude Hispanitate egunean

Espainiaren festa nazionala eta Hispanitatearen (Amerikaren konkista) ospakizuna den urriaren 12 honetan, 110 herri horietan guztietan udal gobernu taldeek asteroko jarduera ohikoa burutzen dute. Batzuetan langileek jai hartu dute eta beste batzuetan langileen erabakiaren baitan ari dira batzuk lanean. Iaz Madrilgo gobernuak auzitara eraman zuen Badalonako udalak ate irekien eguna antolatu du, Guardia Zibilaren patroiaren ospakizuna saihesteko.

 

'#SupportCatalonia' kanpainak europarrak mugiarazi nahi ditu agintariak mugi daitezen katalanen alde

ANC mugimenduak Europa mailako kanpaina zabaldu du, kontinente osoko herritarrek beren agintariei presio egin diezaieten Espainiak katalanen hitza errespeta dezan eskatzeko. Nork bere agintariei bidaltzeko gutuna #SupportCatalonia webgunean dago 25 hizkuntzatan funtzionatzen du, oraingoz euskaraz ez.

 

Puigdemontek Rajoyri: "Ulertu dugu"

Mariano Rajoyk Madrilgo Legebiltzarrean esandakoari labur bezain zorrotz erantzun dio Carles Puigdemontek Twitterreko kontuan: "Elkarrizketa eskatzen duzu eta erantzuten dizute mahai gainean 155.a jarriz. Ulertu dugu".

 

 

Ikusmena galduko du U1ean aurpegira pilotakada tiro egin zioten pertsonak

Generalitateko Osasun kontseilari Toni Cominek jakinarazi duenez, Espainiako Poliziak aurpegira pilotakada bat tiro egin zion gizonak ikusmena galduko du begi batean. La Directa aldizkariko David Bouk grabatu zuen tiroaren unea.

 

Unionistek beste manifestazio batera deitu dute biharko Bartzelonan

Kataluniaren independentziaren aurkako hainbat elkartek manifestazioa deitu dute biharko 11:00tan Bartzelonan. Societat Civil Catalana, Espanya i Catalans, Empresaris de Catalunya aipatzen ditu Europa Pressek. Katalunia plazan 12:00etan amaitzea aurreikusten dute.

Bartzelonako Espainia plazari izena aldatu diote hackerrek Google Maps-en 'Urriaren 1a plaza' izendatzeko

Hacker talde batek izena aldatu dio Google Maps-en Bartzelonako Espainia plazari eta 'Urriaren 1a plaza' izena jartzeko.

 

Rajoy: "Erreferendum ilegala ezin da baliatu independentzia legitimatzeko"

Espainiako presidente Mariano Rajoy Kataluniako egooeraz mintzatu da Espainiako Kongresuan. Urriaren 1eko erreferendumak inongo baliorik duenik ukatu du. "Ez dena legala, ez da demokratikoa", adierazi du. Ondoren, gehitu du bozkaketa "demokraziaren aurkako fartsa" izan zela, bere hitzetan, ez zuelako inongo baldintza administratiborik betetzen. Bere hitzetan, ez da elkarrizketa posiblerik legearen eta ilegalitatearen artean".

Rajoyk Puigdemont ohartarazi du "bere esku dagoela legaltasunera itzultzea edo tentsio uneak luzatzea". Erreferenduma "eraso desleial" gisa definitu du eta "Konstituzioaren, Espainiako batasunaren eta Estatutuaren aurkako eraso"-tzat hartzen duela.

"Baldintzarik gabeko elkarrizketa" eskaini du Puigdemontek

CNN kateari egindako adierazpenetan Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak "baldintzarik gabeko elkarrizketa" eskaini du. Gobernu bakoitzeko bi pertsonak negoziatzea ere proposatu du, Kataluniako irrati-telebista publikoak argitaratu duenez.

Era berean, Puigdemontek Espainiako Gobernuari eskatu dio "errealitatea" onar dezala: "Katalunia eta Espainiaren arteko harremanak ez du funtizonatzen eta badago kataluniarren gehiengo bat nahi duena Katalunia estatu independente izatea. Espainiako Estatuarekin adostuta egin nahi dugu, baina eseri behar dugu eta baldintzarik gabe hitz egin".

Mossoen buruak eta ANC eta Òmnium-eko presidenteek berriro deklaratu beharko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean
Josep Lluís Trapero urriaren 16an Madrilgo Auzitegi Nazionalera bidean.

Eskuadra Mossoen burua Josep Lluís Trapero eta ANC eta Òmnium-eko presidenteak Jordi Sànchez eta Jordi Cuixart, astelehenerako berriz deitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak. Urriaren 16an deklaratu zuten lehen aldiz eta karguekin aske utzi zituzten. Oraingoan, ordea, fiskaltzak berak pasa den astean aditzera eman zuenez, haien aurkako behin behineko neurriak eska ditzakete, sedizio delitua egotzita.

Espainiako enbaxada okupatu dute Atenasen, Kataluniaren aurkako errepresioa salatzeko

Rouvikonas kolektiboko 20 bat lagunek Espainiak Atenasen duen enbaxada okupatu dute gaur goizean, Kataluniaren aurkako errepresioa salatzeko.

"Errebeldia eta sedizioagatik" Puigdemonten aurka jarritako kereila onartu du Kataluniako Epaitegi Gorenak

VOX alderdi ultraeskuindar espainiarrak jarri zuen salaketa urriaren 1eko erreferenduma antolaketaren harira eta orain aintzat hartu du Kataluniako Justizia Epaitegi Gorenak. Generalitateko President-ari ezezik, Gobernuko eta Parlamentuko mahaiko kideei ere eragiten die.

PSOEk iragarri du Rajoyrekin adostu duela Konstituzioaren erreforma abiatzea

Pedro Sanchez PSOEko buruak azaldu du akordiora iritsi dela Mariano Rajoyrekin. Eredu autonomikoaren ebaluazioa ekarriko luke adostasun horrek eta sei hilabeteko epean Espainiako Konstituzioaren erreforma abian jartzea. Sanchezek esan du, Kataluniako Gobernuak atzo egindako adierazpena argitzen ez badu, Rajoy babestuko duela "neurri konstituzionalak" hartzerako orduan.

Independentzia aldarrikatu duen ala ez argitzeko eskatuko dio Moncloak Generalitateari

"Atzoko adierazpenak eragindako nahasmenaren ondoren", Espainiako ministroen kontseiluak adostu du Generalitateari eskatzea argitu dezan ea independentzia aldarrikatu duen ala ez. Rajoyk azaldu duenez, Generalitateak ematen duen erantzunaren arabera ikusiko da zer norabide hartzen duten ondorengo egunetan. Kataluniako Gobernuari igorritako galdera honekin bidea irekitzen du autonomia bertan behera uzteko aukera ematen duen 155. artikulua aplikatzeari.

Mariano Rajoyk eguerdiko 12etan hitz egingo du

Goizetik bilduta dago Espainiako ministroen kontseilua Kataluniako egoera aztertzeko, atzo Carles Puigdemontek egin zuen adierazpenaren ondoren. Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa mahai gainean dago, Kataluniako autonomia bertan behera uztea ekarriko lukeena. Eguerdiko 12etan emango du Rajoyk hartu duten erabakiaren berri.

PSOEk eta Ciudadanosek Kataluniari buruzko galderak erretiratu dituzte Kongresuan

Espainiako Kongresuak Gobernuaren kontrol-saioa du gaur. Ikusmina dago Ciudadanosek eta batez ere PSOEk hartuko duten jarreraren inguruan. Azken berriek diotenari kasu egitera, ordea, jarrerak hasi dira argitzen: bi alderdiek erretiratu egin dituzte Rajoyri Kataluniako auziaz egin behar zizkioten galderak. Zenbaiten ustez, keinu horrek adierazten du Espainiako Gobernuaren jarrera babestuko dutela.

Jordi Turull: "Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatuz gero, errepublika aldarrikatu beharko dugu"

"Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatuz gero, elkarrizketarik ez dutela nahi agerian utziko du eta beraz, errepublika aldarrikatu beharko dugu". Gaur goizean Catalunya Radion Generalitateko eledun Jordi Turrullen hitzak dira.

Elkarrizketarako tarteari epe-mugarik ez diotela jarri adierazi du Generalitateko eledunak. Ondorengo titularrak ere azpimarratu ditugu:
- "Ez diogu ezerri uko egin, gure buruari denbora-luzapena eskaini diogu elkarrizketaren bidea arakatzeko"
- "Urriaren 1eko agindua bere egin du President-ak. 'Nola' eta 'noiz' Parlamentuaren esku daude".
- "Ez dago asteak itxaron beharrik jakiteko ea Espainiako Estatuak elkarrizketarako gogorik duen"
- "Askok esan digute: egin ezazue keinu hau (independentzia aldarrikapenaren etetea)"

Kaleko mobilizazioa argazkitan

Milaka lagun batu dira Bartzelonako Lluis Companys etorbidean, Carles Puigdemonten adierazpena entzuteko. Lander Arbelaitzen argazkiak.

 

ANCren webgunea itxi du Guardia Zibilak

 

CUPek esan du Generalitatearekiko konfiantza "ahulduta" dagoela, eta epea ipini dio nazioarteko bitartekaritzaren iraupenari: hilabete bat

Quim Arrufat CUPeko bozeramaleak esan du bere alderdiak Generalitatean duen konfiantza "ukituta" geratu dela Carles Puigdemontek Legebiltzarrean egindako adierazpenaren ostean, eta gehienez hilabete eman behar zaiola nazioarteko bitartekeritza prozesuari.

CUPeko eta Junts pel Sí-ko parlamentariek etenda geratu den independentzia aldarrikapena sinatu eta gero egin ditu adierazpenok Arrufatek, prentsaurrekoan.

CUPen prentsaurrekoa. (Arg.: Sara Gonzalez)

 

Rajoyk Ministro Kontseilua deitu du, 155. artikulua aplikatuko duten erabakitzeko

Puigdemontek badu Moncloaren erantzuna: Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ez ohiko Ministro Kontseilua deitu du bihar goizeko 9:00etarako, Kataluniako Gobernuaren aurka zer neurri ezarriko duen erabakitzeko. Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak iragarri du erabakia, eta Generalitatearekin inolako elkarrizketa egongo denik ukatu du. 

Soraya Saenz de Santamaria, Espainiako Gobernuko presidenteordea.

 

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17
> >>

Kataluniako erreferenduma kanaletik interesatuko zaizu...
"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri oso bat atera zen kalera. Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


Katalunia, Espainiaren aukera

Hamaikagarren aldia da Espainiako Estatuaren izaera inperialista eta totalitarioa konstituzioaren atzean ezkutatzen ikusten ditugula PP eta PSOE. Itxurak besterik ez dira, izan ere, Espainiako Estatuan (mundu osoan ez bada) demokrazia hitz hutsa dela antzezlan honetako aktore guztiek ongi dakite. Guztiek. Espainiako ezkerrak ere bai.

Bere burua ezkerrean kokatzen duten espainolek, kontinente oso bat masakratu eta ustiatu zuen inperioaren eta frankismoaren oinordeko izateari utzi eta beste... [+]


Espainiaz

Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen. Eta kateatu zaituen horrek aske zarela esango dizu alde egiten saiatzen zaren arte. Baten bati zalantza izpirik geratzen bazitzaion, Kataluniako aferak argi utzi du Espainia ezker-eskuin zer den.

Eskuin. Espainian ez du eskuinak agintzen, Espainian muturreko eskumak agintzen du. Francoren espirituak kuku egin digu berriz ere azken asteetan. Diktadurako errifleen berunez egin zen konstituzioaren moldea, eta molde hori da herriak lotu eta manu... [+]


2017-10-22 | Bea Salaberri
Moltes grācies

Egunak aitzina doaz iritzi honen idazteko epea agortu artean jarduteko gaien zerrenda egiten, ondorio bakarrera heltzeko: zertaz idatzi ez bada Kataluniaz, zertaz idatzi ez bada aspaldiko partez interes, ilusio eta zirrara eragin dizkigunaz? Nahiz bestalde nehon agertu ez den zer erranik gutxi egon jada, eta ezin jakin hau agertuko denerako zertan egonen den gaia, erremediorik ez. Horrela, esker beroak zuzendu nahi nizkioke azken asteetan hainbat mailatan egunerokotasun geza inarrosi duen... [+]


2017-10-17 | Xabier Letona
Errepresioa ala elkartasuna

 Jordi Sanchez eta Jordi Cruixarten espetxeratzeak beste jauzi bat ekarri du Espainiaren lasterketa errepresiboan, lehenbiziz espetxeratu baititu Kataluniako independentistak, kalean helburu horren aldeko manifestazioak egiteagatik.


"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri osoa atera zen kalera 1976an.  Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


2017-10-15 | Juan Mari Arregi
Katalunian enpresa exodoa?

Kataluniako prozesu soberanistak Espainiako Estatuko botere guztiak bat egitea ekarri du independentzia lortzea eragozteko.


ARGIA Katalunian jarri nahi izan dugu

Lehengo astean txoko honetatik aipatu nizuen urriaren 1ean mundua bukatuko zela pentsatzen zutenei ere adierazi nahi niela egunak beti argitzen duela eta munduak aurrera jarraitzen zuela; ez nuela erreferendumaz hitz egin gura, eta Argia Egunaz jardun nizuen. Gaur ezin dut Herrialde Katalanetara begiratu gabe geratu.

Nahikoa analisi eta artikulu irakurria izango zara dagoeneko, eta ez dut uste nire lau iritzik ezer hobeto ulertzen lagunduko dizunik. Ez naiz aditua ezta aritua ere horretan... [+]


Espainiaz

Puigdemontek ez du espero zen errepublikaren aldarrikapenik egin, independentzia deklarazioaren ondorioak atzeratzea eta elkarrizketari azken aukera ematea hobetsi baitu. Nazioarteari begira prozesuari zilegitasun osoa emateko balio badu, ondo etorria izan dadila erabakia, baina arriskuak ere nabarmenak dira eta urratsak arin eman beharko dituzte.


Katalunia, Espainiaren aukera

Herri batek bere buruari galdera bat egin ez diezaion indarkeria poliziala, juridikoa eta mediatikoa erabiltzen direnean, ba hori ez da demokrazia.

 


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude