"Justizia nahi dugu, atxilotuak askatu", milaka lagunen oihu isila Altsasun

  • Milaka lagunek justizia eta atxilotuta dauden zazpi gazteen askatasuna eskatu dute Altsasun. Manifestazio isila izan da eta Euskal Herri osoko jendea batu da bertan. Antolatzaileek adierazi dute 20.000 pertsona inguru zenbatu dituztela. Ikerketa Espainiako Auzitegi Nazionaletik Iruñeko Auzitegira ekartzeko eskatu dute. Nafarroako Gobernuko ordezkaritzak ere eskaera bera egin du manifestazio hasieran.

Manifestazio amaierako hitzartzean plaza bete da. (Argazkia: L.A.)

2016ko azaroaren 26an - 14:59

"Altsasu goiburuko manifestazioarekin herriaren nortasuna aldarrikatu nahi izan dugu, herri langilea, inguruko industrializatuena. Historian jatorri ugaritako pertsona asko etorri da Altsasura. Gu bizikidetzaren eta bakearen alde gaude, froga gaurko manifestazioa", adierazi dute manifestazio amaieran. "Ez dugu herria sekula hain batuta eta minduta ikusi".

Urriaren 15eko gertaerak ez zirela sekula gertatu behar, baina gerora gauzak ikaragarri puztu dituztela salatu dute. "Ekintza terrorista egozten diete eta hemen bildu garenok eskatzen dugu preso dauden altsasuar hauek lehen bait lehen askatzeko".

Gertakarien auzia Nafarroako Auzitegira ekartzeko baliatu dute hitzartzea, "han hasi baitzen ikerketa eta ez zen inoiz handik atera behar".

Komunikabide askotan herriaz esan diren gauza ugari ez dituztela onartzen esan dute.  Javier Ollo alkateak ere, manifestazioaren hasieran hedabideei egindako adierazpenetan, gauza bera adierazi du.

"Altsasu herri alaia da, herri atsegina, bere nortasunarekin harro dagoena, herri irekia. Nabarmendu nahi dugu altsasuarren elkartasuna. Kezkatuta baina elkarlanean ari gara, bakoitza bere ideologiarekin baina gazte horien eta herri osoaren alde", irakurri dute amaieran.

Elkarretaratzearen izaera baketsua nabarmendu dute. "Gure herria gorrotoa, izuarekin eta beldurrarekin lotu dute, eta esan nahi diegu ezetz, gure herriaren sentimenduak elkartasuna, babesa eta maitasuna direla".

Atxilotuen askatasuna eskatuz amaitu dute manifestazioa, eta txalo zaparrada berezia jaso dute atxilotutako zazpi gazteen izenak esan dituzten unean.

Manifestazioak iraun bitartean ia herriko komertzio guztiak itxi dituzte, aldarrikapenarekin bat eginez. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, herriko kolektibo guztiek egin dute bat manifestazioarekin. Horren isla, manifestazioan zehar kolektiboek prestatu dituzten pankartak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
Altsasu antzezlana ikusi dute Madrilen, Vox-en boikotaren gainetik

Ostegun honetan estreinatu da Madrilen 2016ko Altsasuko gazteen atxiloketa eta auzipetzea ardatz dituen antzezlana La Abadia antzokian, Voxek zentsura kanpaina handia egin ondoren.


2022-01-19 | ARGIA
Altsasuko gazteen eskakizuna atzera bota du Estrasburgoko Auzitegiak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko gazteek epaiketa bidezkoa izan zuten aztertzeko eskakizuna. Auzipetutako gazteetako batek, Iñaki Abadek, eman du jakitera berria.


2021-11-10 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak dio Altsasu auziko Guardia Zibilaren tenientea ez dela terrorismoaren biktima

Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenean dago oinarritua erabakia eta dioenez, Altsasuko gazteak zigortu zituen ebazpenean ez zen terrorismorik aipatzen, beraz, ez administrazioak ez Auzitegi Nazionalak ezin dute terrorismoaren biktimen kalte ordainik onartu.


Eguneraketa berriak daude