Juan Kruz Lakasta: “Euskalerria Irratia ikur bihurtu da euskalzaleentzat eta euskararen aurkakoentzat”

  • Buru argia. Iruñerriko Euskalerria Irratiko abiadura handiko mingain zorrotza. Aktualitatearen aldi bereko interpretea. Intsumiso bokaziozkoa. Umorezale amorratua. Juan Kruz Lakasta kazetari poliedriko eta multimedia, serio demonio ari da lanean denboraldi berriaren hasmentan.


2011ko irailaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Dani Blanco

Zein izan zen zure lehen kontaktua irratiarekin?

Erreferentziei doakienez nahiko eklektikoa izan naiz. Edo desorekatua, nondik begiratzen zaion. Asko gustatzen zitzaidan Don Goyo haurrentzako saioa, Micrófono infantil de Radio Requeté de Navarra. Baina baita Eskroto, Tijuana in Blue-ko abeslariak Eguzki Irratian egiten zuena ere,Inmersión en la alcantarilla. Edo Jose Manuel Paradak RNEn egiten zuena, La radio de las sábanas blancas. Horiek guztiak buruan, 17 urterekin Eguzki Irratian hasi nintzen, eta 10 urte egin nituen han, irratia, umorea eta agitazioa uztartzen. Hango lagunekin hori guztia egiteko modua sortu genuela esan liteke.

Zure lehen lan profesionala prentsa idatzian egin zenuen, baina laster bilakatu zinen “multimedia”. Zenbat komunikabidetan ibili zara?

Gehiegitan, agian. Pentsatzekoa da bat baino gehiago nitaz nazkatuta egonen dela. Zer eginen diogu bada. Euskaldunon Egunkaria sortu eta urtebetera hasi nintzen han lanean. Garai haietan Nafarkaria gehigarrian lehenbiziko zutabeak egiten hasi nintzen. Idaztea, sorkuntza, betidanik gustatu izan zait asko. Baina berehala ohartu nintzen nirea ez zela luze idaztea, ez nintzela fondoko idazlea, liburugilea, baizik eta sprinterra, zutabegilea. Zortzi urte igarota aldatzeko gogoa nuen eta horrela hasi nintzen Euskalerria Irratian, 99an. Handik gutxira telebistan aritzeko aukera izan nuen. Hiru hilabeteko esperientzia zaila izan zen Sorginen laratzan parte hartzea. Eguneroko saioa zen, intentsitate handikoa. Berehala kiskali nintzen eta arantza hori sartuta gelditu zitzaidan, nahiz eta ondoren beste esperientzia gehiago izan telebistan, iritzi emaile eta gidoigile bezala. Ondoren Susana Mujikaren eskutik Euskadi Irratiko Faktoria saioko tertulietan hasi nintzen eta gerora Radio Euskadiko solasaldietan ere parte hartu izan dut, eta han jarraituko dut denboraldi berrian ere. Duela bost urte Diario de Noticiasen zutabegile hasi nintzen. Esaten da egungo gizartean nortasuna batez ere lanaren inguruan eraikitzen dugula, eta nik kazetari euskalduntzat jotzen nuen neure burua. Horregatik proposatu zidatenean gaztelaniaz idaztea nolabaiteko zorabioa sentitu nuen, baina, aldi berean, gaztelania ene ama hizkuntza da eta maite dut. Horrekin ere gozatzen dut. Gaztelaniaz idazten hasi nintzenean oso gauza berezia gertatu zitzaidan senide, lagun, ezagun askorekin. “Kontxo! Egunkarian zure zutabea irakurri dut. Egia da kazetaria zarela”, esaten zidaten, ordura arte egiazki kazetaria nintzela sinetsi izan ez balute bezala, euskaraz aritzea egiazki ez aritzea balitz bezala. Euskaldunok bisibilitate arazo handiak dauzkagu. Baina zenbait erdaldun gu ez ikusten ere tematzen dira.

Nola lortzen duzu eguneroko presioari eta erritmo frenetikoari eustea?

Akatsak bertute bilakatuz. Ikasle alferra nintzen, azken orduan ikasten nuena. Gauzak azken unean egiteko joera hori bertutea da gaurkotasunarekin lan egiten duzunean. Bestalde, beti oso dispertsoa izan naiz, atentzioa honetan eta hartan jartzen nuen, baina ezertan denbora gehiegi eman gabe. Eta joera hori ere ongi dator kazetaritzan. Badakizu kazetaritzari buruzko esaera zaharrak zer dioen: denetarik zerbait dakigula, baina deusetaz ez dakigula dena. Akats batetik ez datorren bertuteren bat ere badut. Kazetaritza beti gustatu izan zait asko. Beti izan da nolabaiteko pasioa niretzat. Beno, pentsatzen jarrita, hori ere akatsa izan daiteke. Kazetariok profesionalki zer etorkizun beltza dugun ikusita, kazetaritzarekiko pasioa akats larria da.

Euskalerria Irratian hamabi urte daramazu. Horren bikoitza, hogeita lau, darama irrati honek lizentziarik gabe emititzen.

Nire jarduera profesionalean ardatza da Euskalerria Irratia gaur egun, kuttunena eta identifikaziorik handiena eragiten didana. Hori hala da irrati honek pairatzen duen egoerak oso berezia egiten duelako eta irratia dudalako medio guztien artean gustukoena. Iruditzen zait Euskalerria Irratia badela potentzial ikaragarria duen irratia. Agian akzio-erreakzio dinamika horretan azken bolada honetan gure indarrak higatu dira eta berpizkunde baten premia larri samarra dugu, baina euskal hiztunen komunitatearentzat ezinbesteko erreferentzia eta elkarren berri izateko tresna garela uste dut. Ezin dugu ahaztu orain arte lortu duguna, sekulakoa baita: gizarte zibilean errotzea, 800 bazkide biltzen duen elkartea, ehundik gora kolaboratzailek osatutako sare guztiz profesionala, batere kobratu gabe lan egiten dutenak, eta honetaz gain baditugu iragarleak eta entzuleak, krisiak krisi fideltasunari eutsi diotenak. Sekulako lorpenak dira. Iaz hasi ginen on line emititzen eta orain webgunea birmoldatzen ari gara, zerbitzu are hobea emateko asmoz. Euskalerria Irratia ikur bilakatu da euskalzaleentzat eta euskararen aurka daudenentzat ere bai. Berez duen garrantzia baino handiagoa hartu du Nafarroako agenda politikoan.

Nola ikusten duzu, oro har, komunikabideen egoera?

Gaizki, oso gaizki. Horregatik hasi naiz posta bidezko makrame ikastaro bat egiten, CCCk eskaintzen dituen horietako bat, beste irtenbide profesional bat prestatzeko. Industria birmoldaketa dator kazetaritzara, bere garaian metalgintzara, Euskalduna eta halakoetara heldu zen bezala. Batetik, krisi ekonomiko orokorra dago eta bestetik, komunikabideei soilik doakienez, paradigma krisia, Internetek eragin duena. Gainera hori guztia iritsi da informazioaren merkantilizazioak kazetaritzaren mundua oso ahulduta zuenean, kazetariaren beraren estatusa oso higatuta zegoenean. Komunikabide tradizionalen artean, egunkariak erortzen lehenak izaten ari dira, baina besteek ere kontuz ibili beharko dute, Internet modu berriak sortzen ari delako telebista ikusteko edo irratia entzuteko, You Tube edo pod-castak direla medio. Jakina, Internetek baditu bere gauza onak, ikaragarri onak. Komunikazio tresnen demokratizazioa ekarri du, horizontaltasuna eta abar. Baina Interneteko alternatibak oraindik ez dira gauza komunikabide tradizionalek zuten funtzioa betetzeko. Sare sozialetan-eta, esteka gehienek komunikabide tradizionaletan dute sorburua. Komunikabide tradizionalen artean bizirautea lortzen dutenak indartsuenak dira. Eta indartsuenak eskuindarrenak izan ohi dira. Enpin...

Zure zutabeetan sarri hitz egiten duzu mugimendu sozialen alde. Zuk zerorrek urtebete kartzelan eman zenuen intsumiso izateagatik. Nolako oroitzapena duzu?

Oso aspaldiko kontuak dira. Duela 20 urtekoak. Ez, ez, duela 25ekoak! Aitona tipulina, abuelo cebolleta ematen dut. Azkenean, intsumisioak soldadutzaren antzeko funtzioa bete du gure bizitzetan. Intsumisioaren garaiko lagunak soldadutzakoen antzekoak dira: bizitza guztirako lagunak. Eta afaltzeko elkartzen garenean, soldadutzako istorioen ordez, espetxekoak kontatzen ditugu. Tira, kartzela beti da gogorra, kartzelarien agintekeria, krudelkeria, injustiziak, miseria... Baina gu 40 intsumiso ginen modulu berean, eta oso harro ginen egiten ari ginenaz, eta gainera azkenean partzialki irabazi genuen, armada ez zen desagertu baina soldadutza bai. Beraz, ez zen esperientzia batere traumatikoa izan. Aitzitik, oso aberasgarria izan zen, ederra.

Hemen Iruñerrian gainbehera al dator jarrera inkonformista? Desobedientzia zibilaren azken mohikanoen garaia da?

Socratesek jada esan zuen bere garaikoa inoizko gaztedirik okerrena zela. Ez naiz ni halakoetan hasiko. Estatuak azkenaldian asko gogortu du desobedientzia zibilaren aurkako errepresioa. Orain, duela 25 urte baino askoz gogorragoa da halakoetan jardutea. Esaterako, bi urteko espetxe zigorra eskatu zuten Iruñerria Piztera Goazeko okupentzat, eserialdi baketsua egiteagatik. Orain zailagoa da. Eta are zailagoa izanen da hemendik aurrera, argi baitago ongizate estatu gutxiago eta estatu polizial gehiago izanen dugula. Ikusi beharko da zer gertatzen den. Marxista klasikoek esanen lukete krisiarekin iraultzarako baldintza objektiboak sortu direla. Baina ez dago horren argi subjektu iraultzailerik ba ote den. Twitterren baten batek Londreseko liskarren kontura bota zuen gazteak kontsumitzaile izateko hazi dituztela eta orain matxinatzen direnean ez dutela eskubideak aldarrikatzeko egiten, baizik eta telebista bat lapurtzeko. Baina bestalde Espainian, M15 mugimenduarekin, edo Grezian, leku askotan, oso mugimendu interesgarriak sortzen ari dira. Ni honetan baikor naiz. Ez dut uste azken mohikanoen aurrean gaudenik... Sindrome hori gehiago ematen da euskaltzaleen artean.

Euskararen etorkizuna nola ikusten duzu?

Uste dut tremendismo gehiegi egon dela honen inguruan urtetan eta nago hori aldatzen ari dela eta sortzen ari direla, Interneten batez ere, euskalgintzaren nolabaiteko birfundazioa egiteko, euskaldunok erabiltzen dugun diskurtso soziolinguistikoa berritzeko proposamen berriak. Beti esaten ari gara euskara maite behar dugula desagertzen ari delako, gu garela azken euskaldunak, gu garela azken euskaltzaleak, gu garela azken irrati euskalduna (hemen Euskalerria Irratian), gu garela azken mohikanoak… Bistan da gazte jendea erakartze aldera eta belaunaldien artean euskara pizteko horrek ez duela balio inondik inora ere. Diskurtso askoz interesgarriagoak sortzen ari dira funtzionaltasunarekin lotuak, adibidez, eta mezuak gaurkotzea ezinbestekoa da. Bestalde, sentsazioa daukat arazo bat dagoela, Fermin Etxegoienek esanen lukeen moduan, gaur egungo hiri giroko gazte askorentzat euskara ez da cool, ez da guay, ez da kaletarra, baizik eta gurasoek eta eskolak inposaturikoa. Etikaren diskurtsoak arazo estetikoak dakartza.

Barcina, Nafarroako lehendakari berria.

Nik esanen nuke Barcina anderea bere lanean, jendaurrean eta irudiari dagokionez, oso ona dela. Baina hori baino gehiago da. Estratega politiko ona ere bada. Politikan sartu zenetik oso garbi eduki du zer nahi zuen eta nola egin nahi zuen aurrera. Batzuen alde eta besteen aurka agintzen du, bereen alde eta besteen aurka. Eta besteok, kontra egin diogunok, ez dugu hori behar bezala ulertu, eta aurrez aurre kontra eginez bera eta bereen aurka, lider karismatikoaren irudi hori indartzen lagundu diogu. Dena dela, Nafarroan hainbeste urteren ondoren gauza berberen inguruan protestaka eta aldarrikapenak egiten jarraitu behar izatea, ez da erraza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea
“Hikaz egiten ere, eginez ikasten da”

Aurreneko aldiz Euskaraldiaren barruan Hikaldia egingo da. 83 herrik eman dute izena. Iaz hitanoa bultzatzeko sortu zen ZirHika talde eragileak antolatu du ekimena, Tauparekin batera. Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea elkarrizketatu dugu. Bi helburu dituzte estreinaldian:... [+]


Sorionekuak: “Ekitaldi alaia antolatu dugu euskara gu guztiona dela aldarrikatzeko”

Sorionekuak mugimenduak larunbaterako mobilizazioa deitu du. Goizean herriz herri Nafarroako zubietan elkartuko dira eta arratsaldean Iruñean manifestazioa abiatuko dute, Kostarapea parketik (Trinitarios-Tren parkea) abiatuta 17:30ean. Ireki ateak euskarari lelopean... [+]


Pantailaldia
Sortzea ez da nahikoa, ohiturak aldatzen ez badira

Euskaraldiaren atarian, beste behin, Pantailaldia egingo da. Maiatzaren 6tik 15era iraungo du, eta euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea izango da helburua.

Baina non gaude, non dago euskara ikus-entzunezkoen mundu zabalean, nora goaz? Zein hutsune, zein erronka... [+]


Etorri berriak
Euskalduntzerako bidean harriak eta zubiak

Euskara ikastea zaila denaren mitoa aski zabaldua dago, batik bat, euskalduntzeko ahaleginik batere egin nahi ez dutenen artean. Arrazoi dute puntu batean. Zailtasun nagusiak, ordea, ez dira hertsiki linguistikoak, gizarte antolamendukoak baizik. Batetik, Onintza Iruretak... [+]


NUPeko ikasleen %85,5ek uste du unibertsitatea ez dela “behar bezala ahalegintzen” euskarazko ikasketak bermatzeko orduan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Taldeak inkesta bat egin du ikasleen artean. Halaber, euskara plana ikasturte honetan amaitzen dela ikusirik proposamen berriak egin dizkiote unibertsitateko zuzendaritzari. NUPen euskaraz ikastea "ezinezkoa" dela ere salatu... [+]


2025-05-06 | ARGIA
Beste epai euskarafobo bat, administrazio publikoko langileen euskara eskakizunen kontra

Administrazio publikoarentzat Gipuzkoako zahar etxeetan lan egiten duten langileen euskara eskakizunak (B1 eta B2 mailak) “neurriz kanpokotzat” jo zituen iaz Donostiako epaitegi batek. Epai horren aurka Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako helegitea atzera bota du... [+]


2025-05-05 | ARGIA
Hamar egunez pantailetan euskaraz aritzeko erronka maiatzaren 6an hasiko da

Maiatzaren 6tik 15era egingo da Pantailak Euskarazek antolatutako aktibazio sozialerako ariketa. Helburua, hamar egunez soilik euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzea da. Ariketan izena eman daiteke maiatzaren 6ra arte.


Iparretarrak taldeko militanteen omenezko margolana aurkeztu dute Baigorrin

Filipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]


2025-04-28 | Sustatu
Abizenaren grafia euskaratzeko modua

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak abizenen grafia euskaratzeko kanpaina abiatu du. Adin txikiko seme-alabak dituzten gurasoei egiten zaie deia bereziki, gurasoek deitura euskatuz gero, automatikoki 18 urtez beherako seme-alaba horiei ere euskaratuko baitzaie.


Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


Sarako Idazleen Biltzarraren 42. edizioak euskal idazle eta irakurle andana bildu ditu

Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]


Eguneraketa berriak daude