Frackanpada: "Herri kontraboterearen" topagunea

  • Uztailaren 13tik 19ra Subilla Gasteizen egingo den frackingaren aurkako nazioarteko kanpaldiaren (Frackanpada) egitaraua aurkeztu dute. 65 ekitaldi egingo dituzte, gehienak hitzaldi eta mahai inguruak, eta 100dik gora hizlarik parte hartuko du horietan. Halaber, antzezlan, kontzertu, dokumental eta abarrez gozatzeko parada izango da.


2015eko ekainaren 26an - 14:38
Fracking Ez-eko Mikel Oterok eta kanpaldia sustatzen duen nazioarteko taldeko Eleanor Finleyk aurkeztu dute Frackanpadaren egitaraua. (Arg.: Fracking Ez).

Ekimena sustatzen ari den nazioarteko taldearen izenean, Eleanor Finley antropologoak esan du parekorik gabeko topagunea izango dela Frackanpada, “abagunea eskainiko baitu jakin ahal izateko zertan diren hala frackingaren erasoaldia eta erresistentzia mugimendua nola indarrean dauden politika estraktibista orokorrak”.

Hamaika borrokaren topaleku

Izan ere, frackinga abiapuntua baizik ez da izango. Kanpaldian egingo diren ekimen ugarietan arlo askotako pertsona eta taldeek hartuko dute parte. Mintzagai izango dira, besteak beste, lurraren defentsarako borrokak, ekonomia feminista, hondakinen kudeaketa jasangarria, klima aldaketa, energia-azpiegiturak, TTIP itun transatlantikoa, herri harresiak, internazionalismoa… Egitarau osoa Frackanpadaren webgunean dago ikusgai.

Fracking Ez taldeko Mikel Oterok adierazi duenez, sare sozial erraldoia izango da Frackanpada, baina ez sare birtuala, “ukitzen den horietakoa” baizik. Herri kontraboteretzat, edo nolabaiteko lobby sozialtzat hartu beharreko ekimena, alegia.

Mobilizazioaren sustatzaileek gogorarazi dute esanahi sinboliko handiko lekuan egingo dela kanpaldia: orain dela oso gutxi arte Euskal Herriko lehen fracking putzuak egitea aurreikusita zegoen eremuan, hain justu ere. Hala, ikurra izan behar zena “ikur iraulia” izango da Frackanpadako antolatzaileen berbetan, “zulatzeko egitasmoak herriaren presioagatik utzi baitziren bertan behera”.  

Guztira, 200 lagun inguru arituko da emanaldiak eskaintzen, horietako asko Euskal Herritik kanpokoak, Europa kanpotik etorritako batzuk barne. Ekitaldiak sei hizkuntzatan egingo dira (euskara, katalana, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta alemana), aldibereko itzulpen eta guzti.

ARGIA ere bertan izango da

ARGIAk ere jarriko du aletxoa Frackanpadan. Uztailaren 15eko gauean, 22:30ean, Ez da gerorik animaziozko bideoaren euskarazko bertsioaren estreinaldia egingo dugu. Ez da gerorik (There´s no tomorrow, jatorrizko bertsioan) dokumentalak hausnarketa proposatzen du erregai fosilen aroaren amaierak ekarriko duen egoeraz. Proiekzioaren ondoren eztabaida egingo da.

Horrez gain, Jakoba Errekondo Bizi Baratzea liburuaz jardungo da igande goizean –Frackanpadako azken egunean– egingo den produktu ekologikoen azokan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude