Enplegu Plana Gizarte Eztabaidarako Batzordean jorratzea "larria" da EH Bildurentzat eta Ahal Dugurentzat

  • Batzordearen jarraipena bera aztertzea Nafarroako Gobernua sostengatzen duen akordio programatikoaren parte zela gogorarazi dute bi alderdiek. LABek eta ELAk uko egin diote bertan parte hartzeari "klientelista" dela aipatuta.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko urtarrilaren 30an - 18:14

Nafarroako Gizarte Eztabaidarako Batzordean eztabaidatuko dute Enplegu Plana, “ahalik eta adostasun handiena lortzeko”. Hori da bertako kideek ostiralean ziurtatu zutena. Baina gatazka piztu da, hain zuzen ere zein sindikatuk eta eragilek osatzen duten aintzat hartuta: CCOO, UGT, CEN eta Nafarroako Gobernuko Administrazioa dira Gizarte Eztabaidarako Batzordeko kideak, eta, ondorioz, ELAk eta LABek uko egin diote bertan parte hartzeari, organu hori “klientelista” baita bi sindikatuen aburuz.

Gogora ekar dezagun 2014an jarri zutela martxan Eztabaida Sozialerako Batzordea, UPNren eta PSNren babesarekin, gainontzeko alderdi guztiak kontra azaldu ziren bitartean.

Akordio programatikoan, ezbaian

Bada beste ertz bat: akordio programatikoan, Gizarte Eztaidarako Batzordeak organo erabakiorra izan behar ote zuen zalantzan jarri zutela jada ‘aldaketaren gobernuko’ partaideek. Harekin zer egin aztertu beharra zegoela zioten. Beraz, batzorde horren jarraikortasuna oraindik adostuta ez dagoenean, Enplegu Plana bertan eztabaidatzea ez dute begi onez ikusi EH Bilduk eta Ahal Duguk.

Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak azpimarratu du “larria” dela Enplegu Planaren geroa mahai horretan adostu nahi izatea, eta ELA eta LAB ez daudela gogoratzeaz ez ezik, azken egunotan CCOO eta UGTren finantziazioa dela eta izandako hika mika aipatu du. Bide beretik jo du Ahal Duguko parlamentari Laura Perezek, batzordearekin kritiko eta CCOO eta UGTren finantzaketarekin zorrotz.

Geroa Bai, bestelako formulen bila

Kontrako jarrera azaldu dute, ordea, Ezkerrak eta Geroa Baik. Ezkerrari dagokionez, ELA eta LAB hartu ditu hizpide eta beren burua "baztertzea" leporatu die bi sindikatuei Eztabaida Sozialerako Batzordean ez egoteagatik.

Geroa Bairen kasuan, aldiz, lausoa da segituko duten bidea. Izan ere, Koldo Martinezek esan du "ahalik eta eragile gehien" batzen saiatuko direla, eta ELA eta LABen parte hartzea sustatu nahi dutela.  Horretarako “formula irudimentsuak” bilatuko ditu gobernuak. Eta formula irudimentsuak zeintzuk izanen dira? Bada, oraindik ez dute besterik iragarri. 

Bihar, bilera

Oposizioari begira, Enplegu Plana Gizarte Eztabaidako Batzordean eztabaidatzearen alde daude UPN, PP eta PSN. Carlos Garcia Adanero Erregionalistaren hitzek ilustratu dezakete oposiozioko talde guztien iritzia: "jada gaizki doan administrazioa are okerrago" joanen litzateke, haren hitzetan, Eztabaidarako Gizarte Batzordea ez balego.

Bihar bilera eginen dute lauko gobernuko kideek Enplegu Planaren eta Eztabaida Sozialerako Batzordeari buruz, eta orduan emanen dituzte argitara aurrera begira emanen dituzten pausoak.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enplegua
2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Eguneraketa berriak daude