Deustualdeko euskaldunek 11 egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko dute

  • Hamaika egunez euskaraz ekimena aurkeztuko dute gaur Berbaizu euskara elkarteko kideek. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, "Deustualdeko euskaldunak aktibatuz hizkuntza-ohiturak iraultzea" helburu du ekimenak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko irailaren 19an - 14:08
(Irudia: Janire Soldevilla/Berbaizu)

Euskal Herriko hainbat txokotan euskaldunak aktibatzeko burututako kanpainek bezala, Berbaizu euskara elkarteak antolaturiko Hamaika egunez euskaraz ekimenak ere herritarren "hizkuntza-ohiturak irauli" nahi ditu. Deustuko euskaldunak aktibatzea eta euskararen erabilera sustatzea du xede, alegia. Eta horretarako, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arteko hamaika egunak hautatu dituzte. Ez da kasualitatea dataren aukeraketa. Izan ere, egun horietan, urtebete beranduago, 2018an, Euskaltzaleen Topaguneak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Euskal Herri osoan antzeko aktibazio kanpaina antolatuko du. 

Ekimenari dagokionez, Lasarte-Oriako eredua erabiliko dute Deustun. Horrela, parte hartzeko bi era egongo dira. 'Ahobizi' direnek "euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egiteko eta ezezagunekin lehen berba beti euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute. 'Belarriprest' direnak, berriz, "euskara entzuteko prest agertuko dira, nahiz eta erdaraz erantzun". Partaideek konpromisoa sinatu beharko dute, non "Hamaika egunez euskaraz ekimenean parte-hartu eta ahobizi edota belarriprest diren txapa adierazgarriak bistan eroateko konpromisoa hartuko duten". Parte hartzeko bi baldintza bakarrik bete behar dira: "Hamalau urtetik gorakoa izatea eta Deustualdean bizi, ikasi edo lan egitea".

Logoaren eta txapen diseinuaz Janire Soldevilla artista arduratu da. 

Jarduerak

Azarora arte hainbat jarduera antolatuko ditu Berbaizu elkarteak Hamaika egunez euskaraz prestatzeko asmoz. Irailaren 28an, 19:00etan, Euskaraz bizitzeko esperientziak: Lasarte eta Agurain berbaldia izango da Bidarte udaltegian. Ainhoa Arbaizak, 75 ordu euskaraz ekimeneko kideak, eta Joxe Pikabeak, Ttakun elkarteko kideak, Agurainen 75 orduz euskaraz eta Euskararen maratoia: baietz 40 egun euskaraz! egitasmoetan bizitakoak konpartituko dituzte deustuarrekin. Era berean, udazkenean zehar formazio tailerrak eta materiala zabalduko ditu Berbaizuk. 

Aurrekariak

2015eko udan Lutxo Egiak Bilbon hilabetez euskaraz bakarrik berba egiteko konpromisoa hartu zuenez geroztik, Transitoak performancea egin bitartean, Euskal Herrian hainbat aktibatze kanpaina antolatu dira. Lehena Donostiako Egia auzoan egin zen eta gerora hainbat herrialdetara zabaldu da: Araban Zuiara eta Agurainera, Gipuzkoan Donostiako Añorga auzora eta Piratetara, Hernanira, Astigarragara, Errenteriara eta Ibarrara eta Bizkaian Arrigorriagara eta Trapagaranera. Era berean, 2018an Euskal Herri osoko euskaldunak aktibatzeko proiektua abiatuko du Euskaltzaleen Topaguneak Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Bien bitartean "gurea, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Deustualdeko euskaldunon hizkuntza-ohiturak iraultzeko asmoa duena", diote Berbaizu elkarteko lagunek.

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egia eredua
Ikasle gaztelania-hiztunak 48 orduz galegoz

Galiziako Oleiros udalerriko María Casares ikastetxe publikoko ikasleak dira. 12 eta 17 urte arteko 600 ikasletatik inork ez du eguneroko hizkuntza galegoa. Maiatzean erronka jo zuten hainbat irakaslek eta ikaslek: ea gai garen 48 orduz galizieraz aritzeko. 200 ikaslek... [+]


Hizkuntza ohiturak aldatzeko esperimentua

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte egingo da 11 egun euskaraz ekimena. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Elkargoa, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskaltzaleen Topagunea dira antolatzaile.  Beren datuen arabera,
60.000tik gora pertsonak eman du izena.


2018-10-28 | Igor Agirre
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena
800 hernaniarrek hartu dute parte euskarari eusteko erronkan

Ezohiko egitasmoa dute martxan Hernanin otsailetik: urte amaierara bitarte, orain arte dituzten hizkuntza ohiturak irauli eta harremanak euskarara ekartzeko ahaleginean ari dira ehunka herritar. Hilero, 100 norbanako gehitzen dira ekimenera eta dagoeneko 800 herritarrek baino... [+]


Nerea Redondo, euskaraz bizi den egiatarra
"Edonork ez dauka gaitasunik edo baliabiderik hizkuntza-gatazka bati aurre egiteko"

Nerea Redondo eta bere ahizparen asmoa triatloia probatzea zen. Hala gerturatu ziren ekainaren 23an Donostiako X. Emakumezkoen Triatloira. Epailearen hitzek harri eta zur utzi zituen: “Por mis cojones que vais a hablar en castellano”. Alegia, bi ahizpen artean... [+]


Ekimen aitzindaria
Hernaniarrek urte osoz eutsiko diote euskarari

Lehenengo ehun erronkalariak otsailaren 3an hasiko dira. Gaztelaniaz dituzten harremanak euskarara ekartzen saiatuko dira. Hilero ehun pertsona gehitzea da helburua. Hala, 2018an 1.100 hernaniarrek hartuko dute parte aurrekaririk ez duen erronkan.


Eguneraketa berriak daude