Aurrera doa Getxoko Ibarbengoa metro geltokiko aparkalekua eraikitzeko proiektua

  • Zenbait iturriren arabera, urtarrilean abiaraziko dituzte obrak. Tosu Betirako Asanbladak salatu duenez, egun Getxon dagoen azken landa gunera "porlana eta espekulazioa” ekarriko ditu proiektuak. Elkarretaratze informatiboa egingo dute ostiralean 20:00etan Algortako Txiki Otaegi plazan.


2016ko abenduaren 23an - 12:28

Getxoko Ibarbengoa metro geltoki ondoan aparkalekua eraikitzeko esleipenak eginda daude dagoeneko, eta Dragados eta Geotecnia y Cimientos S.A. izango dira proiektua egingo duten enpresak. 2010ean amaitu zuten Andra Mari auzoan dagoen geltokia eraikitzen, baina sei urte igaro diren arren, oraindik ez dago erabilgarri. Horretarako, hiru solairu eta 300 plaza izango dituen aparkalekua eraiki nahi du Getxoko Udalak geltoki ondoko Tosu izeneko landan.

Proiektuak Getxoko “azken landa eremua suntsitu eta urbanizatuko” duela salatzeko, lekua okupatu zuen gazte talde batek 2011n. Tosu betirako plataformaren ustez, bestelako azpiegituren aurrekari izan daiteke aparkalekua. Izan ere, Andra Mari auzoan 8.000 etxebizitza eraikitzeko plana aurkeztu zuen Getxoko Udalak 2007an. Herritar asko horren aurka azaldu ziren, eta egindako protesten eta krisi ekonomikoaren eraginez, bertan behera gelditu zen proiektua. Plataformaren iritziz, “Getxoko lur eremu bakarra urbanizatzeko lehen harria” jarriko du aparkalekuak.   

Horrez gain, hainbat mugimenduk salatu dute proiektua ez dela legezkoa, ez baita horrek ingurumenean sortuko lukeen kaltearen inguruko azterketarik egin. Hala ere, planarekin aurrera jarraitu du Getxoko Udalak, eta zenbait iturriren arabera, urtarrilean abiaraziko dituzte obrak.

Proiektua aurrera doala salatzeko eta egoeraren berri emateko elkarretaratze informatiboa deitu dute abenduaren 23an 20:00etan Algortako Txiki Otaegi plazan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tosuko borroka
Getxoko Ibarbengoako aparkalekuaren "porrota" azpimarratu du GuNe kolektiboak

Plaza bakarra okupatuta, aparkalekuak dituen 304etatik. Horrela deskribatu du GuNe kolektiboak Getxoko Andra Mari auzoko Tosu landa eremuan eraiki duten Ibarbengoako metro-geltokiaren ondoko aparkalekuaren egoera, "irailaren 2an, lanorduetan". Idatzi ironiko batean,... [+]


Getxoko Ibarbengoako aparkalekua bezalako "makroproiektuei" aurre egiteko borrokan segituko dutela iragarri dute

Hiru urteko obren ondoren, ekainaren 15ean inauguratu zen Getxoko Ibarbengoako aparkalekura bizikleta-martxa egin zuten 60 pertsona inguruk, GuNe kolektiboak deituta. Protestaldi horretan, kotxeari begirako planak ez diren alternatibak egon badaudela aldarrikatu gura izan zuten,... [+]


"Tosuren Itxialdi Jaia" egingo dute zapatuan Txorimalo gaztetxean

Getxoko Tosu landa defendatzeko urteetako borrokari behin betiko amaiera emateko, egindakoak gogoratzeko eta horretan parte hartu zutenei "eskerrak" emateko jaia egingo dute zapatuan.


2019-08-13 | Topatu.eus
Tosuko borroka gogoratu dute Algortan

Zortzi urtetako borroka omentzeko ekitaldia antolatu zuten igandean Algortako Portu Zaharrean. 2011an okupatu zuten lehen aldiz Tosuko landa. Geroztik, ibilbide luzea egin dute ekologistek.


2018-09-04 | Hiruka .eus
"Tosutik Uribe kostara" jardunaldiek eskualdera zabalduko dute hirigintzaren eztabaida

Tosu Betirako Asanbladak irailaren 10etik 22ra egingo den "Tosutik Uribe Kostara" ekimena iragarri du. "Herrien etorkizuna gutxi batzuek, herritarren iritzia kontuan hartu gabe" planifikatzen dutela salatu gura dute. Erandio eta Gorliz arteko martxa eginez... [+]


Eguneraketa berriak daude