Emakumeak borrokan

Tosu landaren aldeko borrokaren "kriminalizazio saiakera" salatu dute

  • Ibarbengoako parkinga eraikitzeko obrak oztopatzeko "indarkeria" delitua egotzita auzipetutako hiru lagunen kasua artxibatu du epaileak, Tosu Betirako taldeak jakinarazi duenez.

Hiruka .eus
2018ko otsailaren 22a
Lurra defendatzea delitua ez dela aldarrikatu zuten dozenaka lagunek Getxoko epaitegien aurrean.
Joan den urtarrilaren 26an hiru lagunek deklaratu behar izan zuten Getxoko epaitegian, Ibarbengoako parkinga eraikitzeko obrak oztopatzeko "indarkeria" delitua egotzita. Horiek azaldu dutenez, Ibarbengoa ABEEaren administrazio-burua zen pertsona batek obrak oztopatu izana egotzi zien hiru gazte horiei. Hala ere, deitoratu dutenez, horrek ez zuen kargu hori zuela ziurtatzeko inolako frogarik eskaini. Era berean, epaiketaren kausa Ertzaintzaren atestatu "faltsu" batean oinarrituta zegoela deitoratu dute: "horretan lau lagun identifikatu zirela aipatzen zen, benetan hiru baino izan ez zirenean".
 
Horren denaren aurrean, Tosu Betirako taldeak jakinarazi du epaileak kausa artxibatu duela, "salaketa jarri zuen langilea azaroaren 28an obra-eremuan ez zegoela frogatu ondoren".
 
Tosu Betirako taldekoek Ibarbengoako parkingaren aurkako borrokaren "kriminalizazio saiakera" salatu dute. Izan ere, jakinarazi dutenez, borroka horri lotutako lau lagun epaitu dituzte, Ertzaintzak egindako atestatuetan oinarrituta, eta lau kasu horietan, epaileek auziak artxibatu dituzte. Hori dela eta, Ertzaintzari eskatu diote herritarren eta Justiziako langileei "denbora alferrik galtzeari uztea".
 
Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
Kanal hauetan artxibatua: Tosuko borroka  |  Desobedientzia zibila  |  Getxo

Tosuko borroka kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude