Lander Arbelaitz: "Ertzaintza identifikatuta joan dadila, inpunitatea bukatu behar da"

  • Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian Donostiako AskeGunean Ertzaintzak izandako jarreraz testigantza eman du. Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean egin du, EH Bilduk eskatuta. Berak jaso zuen tratua kontatu eta adierazpen askatasunaren kontrako eraso gisa definitu ondoren, "aurrera egiteko garaia" dela azpimarratu du, eta neurri zehatz bat exigitu dio Eusko Jaurlaritzari: "ertzaintza identifikatuta egon dadila", berriro gerta ez dadin "indarkeriarik ez darabilen pertsonen kontra inpunitate osoz indarkeria erabiltzea". AskeGunean bere begiz ikusitako jokabideak deskribatu ditu: "Agerikoa da Ertzaintza beste jarrera batekin etorri zela (megafoniarekin etorriz, peloterorik gabe, banaka atereaz), baina ordu eta erdiren ondoren ertzain batzuk deskontrolatuta zebiltzala. Testigu izan nintzelako diot Ertzaintzaren jarrera ez zela izan eredugarria".


2013ko ekainaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Lander Arbelaitz Legebiltzarrean (argazkia: Alex Larretxi).

13:05 Lander Arbelaitz "Adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat izan zen, argi eta garbia"

Donostiako AskeGuneari eusteko, gogora dezagun 8 gazte espetxeratzeko agindua eman zuela Espainiako Auzitegi Nazionalak Segikoak izatea egotzita. Jarduera politikoa egiteagatik 6 urteko kartzela zigorra ezarri zieten. 200 bat pertsonaren babesarekin, Donostiako Boulevardean egindako agerraldian epaiak hautsi zituzten eta herri harresia antolatzeko deia zuten. Legeak injustutzat jo zituzten eta desobedientzia zibila planteatu zuten. Eraman behar bazituzten, behintzat kostako zitzaiela aldarrikatu zuten.

ARGIA

Erredakzioan gaiari buruz hitz egin genuen, eta gaia informatiboki jarraitu behar genuela eta horretarako, ni bertan egotea erabaki genuen. Gure komunitatearentzat intereseko gaia zela argi genuen. Gainera, azken urteotan Interneten apostua indartu dugu eta ikusten genuen, hedabide txikia izan arren, eskura ditugun baliabide murritzekin kazetaritza ezberdina eta bertatik bertara jorratzeko aukera genuela.

ARGIAn pentsatzen dugu euskal kazetaritzak puntan egon behar duela, eta guk puntan egon nahi dugu.

Gerora, gainera, ikusi da erabakia zuzena izan zela, gaiak oihartzun informatibo handia izan baitu, eta egun horietan milaka bisita izan genituen webgunean. Ordutik asko dira gure proiektura hurbildu diren herritarrak eta hori bisitetan nabari da. Uste dut lan profesionala egin genuela, eta jende askok zoriondu gaitu, beraz, ARGIAn pozik gaude.

Egunak aurrera

Nire lana ARGIAko blogean orduz ordu gertatzen ari zena kontatzea zen. Nire lana publikoa da, 24 orduko jarraipena zen. Egunez egun Boulevardean gertatzen ari zena dimentsio handia hartzen ari zen. Lehen gauean 200 batek egin zuten bertan lo, bigarrenean 400ek, eta azken arratsean, lotara joan aurretik 2.000 pertsonatik gora zegoen bertan, gazteei babesa adierazten. Inork ez zekien zer gertatuko zen. Oso momentu intentsoak ziren eta ni bideoetan hori dokumentatuta uzten saiatu nintzen.

Azkenean iritsi zen gaua

Apirilak 19an goizeko 6:00etan esnatu ginen. Bertan zeuden 800dik gora pertsona. Hainbeste egun bertan pasa ostean, momentu informatibo gorena iritsi zen, eta bertan nengoen.

Ertzaintzako 300 bat agente etorri ziren Boulevardera. Inork ez zekien zein jarrerarekin etorriko zen Ertzaintza. Megafonoarekin etorri zen ertzain bat aginduak ematen, euskaraz eta erderaz. Gauzak beste modu batera egiteko agindua emana zutela agerikoa zen.

Nik harresia nola antolatu zen grabatu nuen, ondoren megafonoko ertzainaren mezua, eta desalojoa hasi zenean, hori grabatzera joan nintzen lehen lerrora. Niri inork ez zidan ezer ere esan hor ezin nuela egon, areago, Ertzain batek esan zidan “de aquí no pases” eta bertan hartu nuen nire posizioa, badaezpada ere txartela eskuan nuela, ikus zezaten kazetaria nintzela eta lanean ari nintzela. Bertan egin nuen ez dakit zenbat denbora, 10 bat minutu, 15, eta momentuan bertan bideoak grabatu eta YouTubera igotzen ari nintzen. Grabatu, igo eta Twitterretik zabaldu.

"Kazetaria naiz". "Que se muera"

Lanean ari nintzela, halako batean, Ertzain bat zuzenean ni seinalatzen ikusi nuen, niregana zetorrela. Pauso batzuk eman nituen atzera, eta konturatu nintzenerako gainean nuen. Lehenik esku kolpea eman zion nire mugikorrari eta airean bota zidan. Inongo dudarik gabe adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izan zen hau, kazetari txartela agerian nuela ni erditik kentzera etorri baitziren.

Ezin nuen sinetsi gertatzen ari zena. Nik momentuan erreakzionatu nuen mobila hartzera joateko, baina berehala lurrera bota ninduten. Lauren artean eusten ninduten lurrean, lepotik batek. Nik ez nuen onartzen gertatzen ari zena, eta nire indar guztiekin erresistitu nintzen. Bideoan ikusten da “deja que se canse” nola esaten duten.

Hala, zutik jarri nindutenean, gertatzen ari zenarekin kezkatuta (zeren gogoratu, nire laneko tresna funtsezkoa mobila zen), nire aurrean ertzain bat nire mobila zapaltzen ari zela ikusi nuen eta nire indar guztiekin lurrera bota nintzen. Bere bota azpitik mobila hartzea lortu nuen, eskuan zauri on bat egin nuen, eta hor, nire zorionerako eta nik jakin gabe, grabatzen hasi zen mobila.

 AskeGuneako komunikazioko kideek bideoa egin zuten, eta nire mobilaren audioarekin sinkronizatu zuten, etxeetatik grabatu zuten momentuan zer esaten ari ziren argi erakutsiz. Benetan tristea iruditzen zait segurtasun indarretako kide batek herritar batengatik “que se muera” esatea gorrotoz beterik ezer egin ez dion pertsona batekiko, hain gratuitoki. Ezin dut ulertu nola gerta daitezkeen gauza hauek. Egiatan. Agente horiek ez dakit zer duten buruan halakoak egitean. Ziur nago segurtasun sailburua bera ere lotsatzen dela agente honen jarreraz.

Behin ulertuta ere kazetaria nintzela, astintzen jarraitu ninduten eta lepoan marka handiekin amaitu nuen. Benetan haserretu nintzen eta ezin nuen sinistu kioskora sartuko gintuztela kazetari guztiak.

Kazetariak kioskoan kaiolan bezala

Ni kioskoan egon nintzen gainontzeko kazetariekin batera. Bertan ordu ta piko edo egon nintzen, eta neure begiekin ikusi nuen Donostiako AskeGunearen desalojoa. Hasieran Ertzaintza gauzak ezberdin egiteko ageriko asmoz etorri zela agerikoa bazen, nik esango nuke nekeagatik eta jendearen erresistentziagatik, pixkana pazientzia galtzen joan zirela agenteak, eta horietako batzuk kolpe bajuak eta nahita min egitera nola joaten ziren ikusten nuen nire begiekin. Zenbat eta denbora gehiago pasa, nekea geroz eta handiagoa zen Ertzainen artean. Zenbat eta nukleorago, jendea orduan eta indartsuago heltzen zen elkarri. Total, Ertzaintzako kide dexente momentu batetik aurrera lurrean eserita zeudenen aurka era oso ageriko batean kolpeka hasi zen. Nik kioskotik jaitsi nahi nuen, ezin nuelako grafikoki ongi dokumentatu, eta eskaileretan zeuden bi agenteei esan nien jaitsi nahi nuela eta ezetz esan zidaten. Ni erabat deskolokatuta nengoen astinduen ostean eta Ertzaintzaren arrazonamendu falta horren aurrean. Argi eta garbi herritarren informazio eskubidea urratzen ari ziren. Gerora Euskal Kazetarien Elkarteko kideek esan duten bezala, “horrelako neurriak bakarrik justifika daitezke kazetariek poliziaren lana larriki oztopatzen badute, edo beren bizitza arriskuan jartzen badute”. Eta Euskal Kazetarien Elkarteak gogoratzen duenez, “horrelako egoerak gertatzea ia ezinezkoa da kontzentrazio baketsu batean”.

Hala, bideoak grabatzen egon nintzen ordubetez, baina geroz eta haserreago, ez nintzelako ongi egiten ari nire lana.

Hala, deskribatzea zail den sentimenduarekin, kioskotik atera behar nuela erabaki nuen. Nire aurrean 300 ertzaineko lerroa zegoen, guri bizkarra ematen eta harresira begira. Halako batean, neure aurre-aurrean zegoena, bat-batean furgonetara joan zen eta zuloa geratu zen biren artean. Pentsatu nuen neure lana libre egiten utziko zidaten leku bakarra harresiaren barrua zela, eta gainera, nik bertatik bertara erakutsi nahi nuela gertatzen ari zena. Ematen ari ziren kolpeak benetan dokumentatu behar genituela sentitzen nuen eta denbora aurrera zihoala. Harresian jarri zen eta kolpeak jasotzen ari zen jende horrek gugandik espero zuela hori ongi dokumentatuko genuela gerora salatzeko.

Hala, kioskotik jaitsi nintzen salto batean, ahal nuen azkarren korrika joan, agenteen artetik pasa eta jendearen gainera bota nintzen. Ertzainek ez zuten erreakzionatu beren ondotik pasatzean eta barruan erori nintzen, bosgarren lerroan edo esan didatenez, jendearen gainera. Nik ez ditut oso ongi gogoratzen une hauek, eta gainera, momentu horretan sorbalda atera zitzaidan. Hau esaten dut, baita ere, egiari zor, gerora Berrian egin zidaten elkarrizketa digitalean ospitalean besoan jarri zidaten kabestrilloarekin atera nintzelako, eta jende askok pentsatu duelako hori Ertzaintzak egin zidala. Ez, erori nintzen momentuan sorbalda atera zitzaidan. Nire obsesioa momentu horretan barnetik grabatzea zen, bertatik bertara erakustea eta youtubera igotzea etxetik jarraitzen ari ziren horiei zer ari zen gertatzen. Eta hala, ondoan seko harrituta zegoen Gernikako mutil batek lagunduta, pare bat bideo igo genituen. 10 bat minutu ostean, sorbalda sartu nuen bertako batzuen laguntzaz, jada zutik jarri nintzen erakusteko kazetaria nintzela, ez manifestaria, eta bertatik grabatu nituen azken 20 minutuak.

Ertzain gehienak, amaierarako erabat deskontrolatuta zeuden. Nire begiekin ikusi nuen. Jendeari begietatik, belarrietatik behatzak sartzen zizkioten. Kolpeak ere ematen zituzten, mina egitera joaten ari ziren asko. Nik ez nuen momentuan entzun, baina neskari dexentek komentario matxistak egin zizkieten. Eta jendeak, momentu tentso-tentso horietan, lurrean eutsi zion inongo golperik itzuli gabe. 800 pertsona horiek desobedientzia zibila era masibo batean praktikara eramaten asmatu zuten eta Ertzaintzaren jarrera ez zen eredugarria izan.

Hurrengo egunean hainbat politikarik esan zuten, segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak adibidez, Ertzaintzaren jarrera eredugarria izan zela, ni manifestaria nintzela eta ni beste guztiak bezala atera nindutela.

Grabatzea nahi ez zuten bideo horietan argi geratzen da ezetz, lurrean eserita zegoen jendearen aurka biolentzia erabili zutela. Testigu izan nintzelako esan dezaket Ertzaintzaren jarrera ez zela izan eredugarria. Bideoa erakutsi du eta azpimarratu "gogoratu jende hau dena [Ertzaintzak indarkeriaz daramana] lurrean eserita zegoela, elkarri eutsita".

Ni ez nintzen manifestaria, kazetari txartela erakusten ari nintzen eta hasiera-hasieratik hala identifikatua nengoen. Nire lana publikoa da eta ikus daiteke lanean ari nintzela. Eta eraso nindutenean ere denbora guztian kazetaria nintzela esaten nuen barru-barrutik. Eta denak bezala atera nindutela? Jo dezagun ez zekitela ni kazetaria nintzela, ez zirela joan niri kamera kentzera... eta beste guztiak bezala tratatu nindutela manifestaria nintzela uste zutelako. Horri erantzun nahi diot, Ertzaintzak ez duela inongo herritarrik horrela tratatzeko eskubiderik. Ez kazetaria izan ez manifestaria".

Julen Arzuaga (EHBildu)

Ez da nahiko epaitegien erabakiak errespetatu behar direla esatea, zerbait gehiago egin behar da. Ez dut eztabaida zabalduko Jaurlaritzak ez ote duen intsumisioa egin behar, baina kontraesana dago muinean. Koherentea da giza eskubide zibil eta politikoen alde protesta egitea. Hemen ikusi ahal izan dugunez, 6 pertsonen bizitza hondoratzen da erabaki injustuaren ondorioz, eta horren aurrean protestan ari direnen integritate fisikoa kaltetua da. Irudietan Urko Aierza senataria ikusi dut poliziarekin bitartekaritza lana egin nahian, guztien jarrera patxadazkoa izan dadin. Hori da ordezkari politiko baten lana. Eskertu nahi dut Lander Arbelaitzen agerraldia.

Nerea Llanos (PP)

Galdetu nahi nizuke ea uste duzun komunikabiderik aurrean ez denean Ertzaintzaren jarrera beti indarkeriazkoa ote den. Baita ere uste duzun Ertzaintzak ez duela erabaki behar kazetariek non egon behar duten. Esan duzu kioskotik ikusten zenuela baina ezin zenuela iruditan dokumentatu, hau azaltzea eskatuko nizuke.

Mikel Unzalu (PSE)

Galdetu nahi dizut ea uste duzun Ertzaintzak ez zuela auzitegiaren erabakia betearazi behar, eta ea ikusten duzun beste modurik ba ote zuen hori egiteko. Nik uste dut auzitegiaren epaiak betearazi egin behar direla, zuzenbide estatu hau bera delako zuri aukera ematen dizuna zure gertaera defendatzeko.

Iñigo Iturrarte (EAJ)

Guk errespetatzen dugu kazetariek duzuen eskubidea berri emateko. Emozioa transmititu didazu, baina espekulazioz eta balorazioz betetako kontakizuna egin duzu, ez da objektiboa izan. Ertzaintzak hiru aldiz jakinarazi zuen AskeGunean jarraitzeak erantzukizun penal edo administratiboak ekarriko lituzkeela. Nire informazioen arabera, kazetari batzuek kioskora igotzeko eskatu zioten Ertzaintzari, handik lana hobeto egin zezaketelakoan. Badira kamera eta argazkilariak kioskora igo eta jaisten direnak Ertzaintzarekin inolako arazorik izan gabe. Ez da lehen aldia hainbat ekintzetan antolakuntzak kazetarientzat leku bat jartzen duena bere lana egiteko.

[Bideoa jarri du Lander Arbelaitz Herri Harresira jauzi egiten ageri dena. Lander Arbelaitzek poz aurpegia jarri du "ez neukan ikusita!" esan dio. Iturrartek jarraitu du:]

Kazetari batek helarazi dit bideo hau eta editatu gabe dago, zuk aurkeztutako bideoak, aldiz, editatuta, eta "que se muera" omen dioen ahotsa distortsionatuta ageri da, nik ez dakit "que se mueva" edo "que se muera" zer esaten duen. Zuk diozu Ertzaintzaren jarrera ez zela eredugarria izan. Nik ikusi dudana izan da banan bana atera zituztela pertsonak, ez dut ikusi porrarik ateratzen. Antzerako kasuetan hainbat poliziaren jarrerak ezagututa, nik uste dut eredugarria izan zela. Zu kioskora eraman zintuzten, kazetarien gunera, ez zintuzten atxilotu edo gainerako jendea eraman zuten lekura eraman. Ulertzen dut tentsioz bizi izan zenuela, baina ez dut ikusten eredugarria izan ez zen ekintzarik. Batez ere ikusita une batetik aurrera erabaki zenuela kazetari izateari utzi eta AskeGunearen parte izatea. Kode deontologikoak baimentzen du zure integritate fisikoa eta besteena arriskuan jartzea? Gainera lehen pertsonan idatzi duzu AskeGuneaz [Lander Arbelaitzen Berriako elkarrizketa digitalaren zati bat irakurri du]. Horretarako eskubide osoa duzu, eta AskeGunean kazetariak bazeuden, baina kazetarien gunetik salto egiten duzun momentutik aurrera, erabaki horrek ekarritako ondorioak kazetari txartelaren atzean zuritu nahia ez da bidezkoa.

Lander Arbelaitz, denei erantzunaz

Iturrarte jauna, ez dakizu nola poztu naizen erakutsi duzun bideoagatik, orain arte ez neukan ikusia, eta egun horretatik gehien harrotzen nauen gertakizuna izan zen Herri Harresira jauzi egiteko hartu nuen erabakia. Galdetzen didazu hori kode deontologikoan sartzen den? Noski baietz, kazetaritza da inor ezkutatzen saiatzen dena erakustea, areago boterea tartean dagoenean, areago jendearen eskubideak urratzen ari direnean. Gaizki iruditzen zaidana ez da kioskora sartzea kazetarien segurtasuna babesteko, baizik handik ateratzen ez uztea, gure mugikortasuna eragotziz. Nire bideoa editatua dela? kamera desberdinekin grabatua da eta beraz noski, editatua. Ahotsa nire mugikorrak grabatua da eta ez dago distortsionatua, hementxe daukat eta jarri dezaket. AskeGuneakoek egin zuten bideoa, audioa ralentizatu egin zuten ("que se muera" hori), eta ehun aldiz entzun dut eta hori esan zutela ondorioztatu dut. Iradoki duzu badakizuela zein ziren tratu hori eman zidaten ertzainak? Nik oraindik ez dakit eta jakin nahi nuke.

Unzalu jauna, iritzi pertsonala galdetu didazu, ea betearazi behar den auzitegiaren erabakia. Nire iritzia da XXI. mendeko demokrazia batean ez dela onargarria lan politikoagatik bakarrik jendea kartzelaratzea. Hego Afrikan eta Ipar Irlandan egon naiz non gerra egoeratik bakera igaro diren, eta lehen gauza horrelako atxiloketak geratzea da. Nahi baduzu ejekutatu, baina zu herritar horien polizia zara. AskeGunean sendagileek eta erizainek osatutako gune bat jarri zen, eta ikusi behar zenituzten nola atera zituzten jendeak eskuak, bihurrituta. Beste modurik ba ote zegoen? Modu baketsuan, hasieran egin zuten bezala. Kosta egiten dela eta nukleora iritsi ahala jendea gogorrako dagoela helduta? Ados, hori dauka desobedientzia zibilak. Oso gustura nago jaso dudan babesarekin, euskal hedabide ia denena, Euskal Kazetarien eta Espainiako Kazetarien Elkartearena...

Llanos anderea, horrelaxe da, kioskotik dena ikusten zen baina ezin nuen dokumentatu, begia askoz perfektuagoa delako mugikorraren 8 megapixeleko kamera baino. Gainera goizaldea zen, argi gutxiago zegoen beraz. Salaketarik jarriko dudan? Ez. Ez nuen protagonismorik hartu nahi, baina nirekiko gezurrak esan zituzten arduradun politikoek eta argitu nahi izan ditut.

Julen Arzuaga (EHBildu)

Galdetu nahi nioke ea erabaki zehatzik eskatzen duen.

Iñigo Iturrarte (EAJ)

Ez diot kazetari bati objektibitaterik eskatzen, ez baita halakorik existitzen. Medio bakoitzak bere ikuspegi politiko eta sozialetik informatzen du, interes ekonomiko eta politikoak ditu medio bakoitzak. Mahai gainean jarri nahi izan dut norberak bere ikuspegitik egiten duela kazetaritza, eta argi jarritako neurriak pasatzen diren unetik, norberarengan geratzen direla ondorioak. Nire ustez eredugarria izan zen Ertzaintzaren jarrera, horrek ez du esan nahi gertatu ziren gauza guztiak eredugarriak izan zirenik edo hobetu ezin direnik. Eskerrak eman nahi dizkiot Lander Arbelaitzi berriro bere agerraldiagatik.

14:00 Lander Arbelaitz

Iturrarte jauna, benetan estimatzen dizut kazetarion lana errespetatzea alderdi gisa. Bat nator zurekin objektibotasunaren ikuspegian, ez dut uste existitzen denik. ARGIAn daukagun printzipio nagusia profesionaltasuna da. Medio erabat independentea da, langileak gara bazkideak, ez dugu kanpoko indarrik presiorik egiten duenik. Gure idealak eta ikuspegia dugu, eta beti esan dugu bestelako Euskal Herri baten alde lan egiten dugula kazetaritzatik. 93 urteko esperientzian oso garbi dago guk erabakitzen dugula zer eta nola esaten dugun.

Agerikoa da Ertzaintza beste jarrera batekin etorri zela (megafoniarekin etorriz, peloterorik gabe, banaka atereaz), baina ordu eta erdiren ondoren ertzain batzuk deskontrolatuta zebiltzala, nire begiekin ikusitako gertakariek erakutsi zutenez. Baina hemen arazo handi bat daukagu Ertzaintzako kideek duten zigorgabetasun edo inpunitatearekin.

Ni erasotu nindutenak nor dira? Zer egin dezaket nik?

Halere, iruditzen zait aurrera egin behar dugula, eta herri hau aurrera egiteko gogoz dagoela. Euskal Herrian garai politiko berriak bizi ditugula ukaezina da, horregatik Ertzaintzak ere indar polizial bezala, aurrera egin behar duela sinisten dugu askok.

Ziur nago, ertzainek beraiek lotsaz ikusten dituztela denen izena zikintzen duten agenteak. Seguru nago. Ni kazetaritza modu manipulatuan lotsarik gabe erabiltzen duten kazetariekin lotsatzen naizen bezala. Hau konpontzeko, barnera begira lan egin beharko da, gorrototik lan egiten duten agente horiek identifikatu eta zuzentzeko, edo bestela kaleratzeko. Ez dadila berriz sekula gertatu inpunitatez astakeriak egiterik. Esan bezala, pentsatzen dut Ertzaintzan ere jende askok eskertuko duela barnera begira neurri batzuk hartzea.

Horretarako gauza asko egin litezke eta munduko herrialde askotan adibide onak aurki daitezke. Halere abiapuntu gisara, neurri zehatz bat exigitu nahi diot Eusko Jaurlaritza honi. Ertzainak identifikatuta joan daitezela argi eta garbi. Denok ikusteko moduan zenbaki edo kode bat eraman dezatela sorbaldan, bizkarrean edo kaskoan.

Hainbat herritan aplikatzen da eta inkluso Espainiako 13/2007 instrukzioak dio poliziak identifikatuta joan behar direla. Hemen adibide batzuk ditut [argazkiak erakutsi ditu]. Estonian nire begiekin ikusi nuen kaskoetan zenbakiak zeramatzatela eta paparrean izen abizenak, gero saretik atera ditut Danimarka, Norvegia eta Suediako polizien argazki hauek.

Lehen neurri horrekin Jaurlaritza honek pauso handi bat emango luke. Garai berrietan bizi gara eta aurrera egin nahi dugu. Ez dadin berriro gertatu indarkeria inpunitatez erabiltzea indarkeriarik erabiltzen ez duen jendearen kontra.

15 legebiltzarkidek osatzen dute Batzordea:

EAJtik bost: Juan Antonio Arieta-Araunabeña Batzordeko lehendakaria, Norberto Aldaiturriaga, Iñigo Iturrarte, Kerman Orbegozo eta Ana Otadui.

EH Bildutik lau: Dani Maeztu Batzordeko idazkaria, Julen Arzuaga, Laura Mintegi eta Oskar Matute.

PSEtik hiru: Miren Gallastegui Batzordeko Lehendakari, Idoia Mendia eta Mikel Unzalu.

PPtik bi: Nerea Llanos eta Borja Semper.

UPyDtik bat: Gorka Maneiro.

Jarraipena zuzenean

Saioa 9:30ean hasiko da eta gai-ordeneko laugarren puntua izango da. ARGIAn jarraipena egingo diogu gaiari webgunean zuzenean.

Informazio eskubideari erasoa Ertzaintzak

Arbelaitzi eraso egin zioten Ertzaintzako hainbat agentek Donostiako AskeGunearen desalojoan kazetari lanak egiten ari zela. Goizean bertan idatzitako AskeGuneko gauaren kronika harresiaren bihotzetik idatzian salatu zuen Ertzaintzak eraso egin ziola. Bideo bat ere sareratu zuen: Ertzainek nola eraso egiten dioten ikus daiteke, kazetari-akreditazioa agerian zuenean. Hurrengo egunean, ordea, sarean zintzilikatutako bideo batek hautsak harrotu zituen. 74.000 aldiz ikusi da aipatu bideoa:

Gertatuaren harira Arbelaitzi babesa adierazi diote Argia, Berria, Gara, Hekimen osatzen duten hedabideek, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak, besteak beste. Ertzaintzak Arbelaitzi eraso fisikoa egin izanaz gain, kazetariak Boulevardeko kioskoan sartu izana salatu zuten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AskeGunea Donostia
2017-07-07 | Xalba Ramirez
Donostiako Aske Guneko gazteek zigorra osorik bete beharko dute

Donostiako Herri Harresian atxilotutako gazteen abokatuek Espainiako Zigor Kode berriaren arabera gradua jaisteko eskatu zuten, baina Auzitegi Gorenak ukatu egin du eta beraz, sei urteko kondena osotasunean bete beharko dute, espetxean jarraitzen duten bost gazteek.


Aske Guneko gazteen askatasuna eta Mozal Legea indargabetzea aldarrikatuko dituzte IV Libre Topaketan

IV Libre Topaketak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean, Donostian, Eleak-Libre mugimenduak antolatuta, Mozal Legea salatu eta Aske Gunean atxilotutako gazteen askatasuna aldarrikatzeko.


2017-04-26 | ARGIA
Oier Lorente preso donostiarra askatu dute

Donostiako Askegunean atxilotu zuten Oier Lorente eta lau urteren ostean atera da kartzelatik; Segiko kide izateagatik 6 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak.


Ongietorri beroa Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola preso ohiari

Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola eta lau urteren ostean atera da kartzelatik, orotara sei urteko espetxe zigorrarekin ordainduta Segiko kide izatea egotzi izana. Ehunka lagun izan ditu zain Donostiako Alde Zaharrean, ongietorria emateko.


Eguneraketa berriak daude