200 lagunek baino gehiagok eman dute izena Otaegiren kartzela zigorra txandaka betetzeko

  • Bi egunetan Nahikari Otaegiren kondena txandaka kartzelan betetzeko prest agertu dira 200 pertsona baino gehiago, ARGIAri Nahikari Aske ekimeneko iturriek baieztatu diotenez. Aranjuezko espetxean preso dago Otaegi, zortzi hilabeteko semearekin. Segiko kide izatea egotzita sei urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Bere babesean sortutako plataformatik egoera salatzea eta kartzela egoera hobetzea dute helburu.


2013ko ekainaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Nahikari Otaegi bere bi seme-alabekin.

Webgunean adierazi dute ekimenaren funtsa: “Nahikariren kartzela zigorra manifestuaren sinatzaileen artean banatuko litzateke, bakea eta giza eskubideen aldeko ekimen gisa. Nahikariren kartzela zigorrari dagozkion egunak beteko genituzke txandaka Nahikari gatibu dagoen amen moduluan, berak bere amatasuna espetxetik kanpo bizi dezan, seme-alaben ondoan”.

Ondorengoa onartu behar du atxikimendua ematen duenak, webgunean irakur daitekeenez: "Nahikariren kartzela zigorrari dagozkion egunak txandaka Nahikari gatibu dagoen Amen moduluan betzeko prest nago, berak bere amatasuna espetxetik kanpo bizi dezan, seme-alaben ondoan".

Ekimenetik jakinarazi dutenez, Euskal Herri osoko jendea ari da atxikimendua sinatuz bere burua eskaintzen, "gehien bat Bizkaia, Lapurdi eta Gipuzkoako jendea". Asteazkenean 16:00etan 221 ziren zerrendan izen emandakoak. Datozen egunetan zerrenda publiko egingo dutela jakinarazi dute eta atxikimenduak jasotzen jarraitzeko asmoa dute.

Nahikari Otaegiri sei urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak 2011an, Segiko kide izatea egotzita. 2013ko apirilaren 26an zazpi hilabeteko bere alabarekin aurkeztu zen Aranjuezko espetxean, gelditzen zitzaion lau urte eta sei hilabeteko zigorra betetzeko. Hiru urteko semea du kartzelatik kanpo.

Twitter kontua ere sortu dute:

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AskeGunea Donostia
2017-07-07 | Xalba Ramirez
Donostiako Aske Guneko gazteek zigorra osorik bete beharko dute

Donostiako Herri Harresian atxilotutako gazteen abokatuek Espainiako Zigor Kode berriaren arabera gradua jaisteko eskatu zuten, baina Auzitegi Gorenak ukatu egin du eta beraz, sei urteko kondena osotasunean bete beharko dute, espetxean jarraitzen duten bost gazteek.


Aske Guneko gazteen askatasuna eta Mozal Legea indargabetzea aldarrikatuko dituzte IV Libre Topaketan

IV Libre Topaketak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean, Donostian, Eleak-Libre mugimenduak antolatuta, Mozal Legea salatu eta Aske Gunean atxilotutako gazteen askatasuna aldarrikatzeko.


2017-04-26 | ARGIA
Oier Lorente preso donostiarra askatu dute

Donostiako Askegunean atxilotu zuten Oier Lorente eta lau urteren ostean atera da kartzelatik; Segiko kide izateagatik 6 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak.


Ongietorri beroa Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola preso ohiari

Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola eta lau urteren ostean atera da kartzelatik, orotara sei urteko espetxe zigorrarekin ordainduta Segiko kide izatea egotzi izana. Ehunka lagun izan ditu zain Donostiako Alde Zaharrean, ongietorria emateko.


Eguneraketa berriak daude