Gonzalo Sanchez Donostiako Dieciseis arte galeriako arduraduna izan zenaren omenezko Ikuspegiaren arrastoa erakusketa zabaldu dute Koldo Mitxelenako Ganbaran. Dieciseis Galerian izandako artisten lanak, hogeita sei margolan eta lau eskultura, jarri dituzte ikusgai erakusketa horretan.
Santi Leone (Iruñea, 1972) historian doktoreak Euskal Herri imajinario baten alde (Elkar) saiakera kaleratu du. Euskal Herria nazio asmatua dela dio bertan, euskal jendea bere burua interpretatzeko eta bere buruari nortasuna emateko ahaleginean aritu delako etengabe. Lan horretan nazioaren inguruko teoriak aztertu ditu Leonek eta bereziki hiru joera kritikatu ditu: Espainiako Historia Akademiarena, nabarrismo ofizialarena eta Nabarralderen ingurukoena.
Xabier de Landaburu politikari arabarrari (1907-1963) eskainitako Bizitza osoa Euskal Herriaren kausarentzat erakusketa paratu dute Gasteizko Amarica aretoan. Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak antolatu du eta martxoaren 9a arte izango da ikusgai.
Carlos Marcote eta Iñaki Cerrajeria margolarien eta Patxi Cobo argazkilariaren lanak erakutsiko ditu Bosteko arte garaikidearen XI. edizioak. Aurten lehenengo aldiz argazkiak ere bildu dituzte erakusketa ibiltarian. Arrigorriagan, Ondarroan, Leioan, Zornotzan, Getxon eta Basaurin izango da ikusgai.
Euskaltzaindiak Bergarako Olaso Dorrea Sorrerakundearen ondare bibliografikoa katalogatu eta Azkue Bibliotekan gordeko du. George Lacomberen bildumakoak dira lan guztiak. Tartean daude, besteak beste, Leizarragaren Testamentu Berriaren bi ale, Joanes Haranbururen Debocino escuarra, mirailla eta oracionoteguia, Axularren Guero, Xahoren Voyage en Navarre eta Pierre d l'Ancreren Tableu de l'inconstance des mauvais anges et démons.
The death is called Eduardo
-------------------------------------------------------------
The play takes place in a bunker... [+]